Aurkezpena
Xabier Boveda

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz-59, 2016
armiarma.eus, 2016

 

    Mario Benedetti 1920ko irailaren 14an jaio zen Paso de los Torosen, Tacuaremboko departamenduan, Uruguain. Italiar tradizioari jarraituz bost izen jarri bazizkioten ere, Orlando, Hardy, Hamlet eta Breno ezabatu, eta berba bi baino ez zituen erabili sinadura guztietan: Mario Benedetti.

      Lau urte zituela, familia Montevideora joan zen. Hantxe hazi zen, eta hantxe itsatsi zitzaion betiko eta sakonki montevideoar izatearen sentimendua. Horregatik, ez da harritzekoa haren fikziozko lanen kokagune nagusia hura izatea, eta pertsonaia nagusiak ere Montevideoko biztanle arruntak.

     Hala ere, 1938 eta 1941 bitartean Buenos Airesen bizi izan zen, eta argitaletxe bateko takigrafo beharrean ibili zen. Bertan erabaki ei zuen idazle izatea, eta lehenengo poema liburua idazten hasi zen: La víspera indeleble (Bezpera suntsiezina, 1945). 1946an Luz López Alegrerekin ezkondu zen, eta 60 urtez, hil arte, bere betiko laguna izango zuen.

     Montevideora itzulita, kazetaritzan jardun zuen: 1948an Marginalia literatura aldizkaria zuzendu zuen, eta hurrengo urtean Número aldizkariaren erredakzio kontseiluan parte hartu zuen. Aldizkari hori funtsezkoa izan zen 45eko belaunaldiaren sorrera eta garapenean, zeinean, besteak beste, Benedettiz gainera, idazle hauek izan ziren: Carlos Martínez Moreno, Mario Arregui, Angel Rama, José Pedro Díaz, Armonía Somers, Idea Cilariño, Sarandy Cabrera, Ida Vitale, Carlos Maggi eta Emir Rodríguez Monegal.

     1949an ere, Benedettik bere lehenengo ipuin liburua argitaratu zuen, Esta mañana (Goiz honetan), eta urtebete geroago Solo mientras tanto (Bien bitartean bakarrik) poema liburua.  Benedettik, urte batzuk igarota, hauxe esan zuen bere ipuingintzaz: “Berrogeita bosteko garai hartan ez zegoen ia batere aukerarik eleberriak idazteko. Baina, ostera, ipuinak argitaratu ahal ziren aldizkarietan, edota egunkarietako literatura gehigarrietan”

     1953an uruguaiarraren lehenengo eleberria agertu zen, Quién de nosotros (Gutariko nor). 1954 eta 1960 bitartean hiru bider hartu zuen Marcha aldizkariko zuzendaritza literarioa. Aldizkari hori Uruguaiko kultura eta politika bizitzan eragin handikoena zen, eta Latinoamerikako garrantzitsuenetakoa.

     1956an argitara emandako Poemas de la oficina (Bulegoko poemak) liburuarekin Benedettik zirrara handia eragin zuen poesia uruguaiarrean, izan ere, gai “ez poetikoa” erabili zuen, prosaikoa, hizkera kolokiala aukeratu zuen, eta eguneroko bizitza berraurkitzen duen begirada berria jarri zuen gauza arruntetan.

     1957an Europara irten zen lehenengoz. 1959an Montevideanos ipuin liburuarekin haren narraziogintzaren hiritartasuna nabarmentzen da. Urte berean Estatu Batuetara joan zen, eta han inperialismoaren aurpegi gordina ikusteak barrua inarrosi zion. Gainera, Mario Benedetti bera ez ezik, Latinoamerikako intelektual guztiak markatu zituen gertakari bat izan zen orduan: Kubako Iraultza. Hori erabakigarria izan zen idazle uruguaiarraren bilakaera literario eta politikoan, eta begiak Europan jarri beharrean Latinoamerikan jarrarazi zizkion, bere herriarekin bat egiteko, bere Uruguaiko errealitatea era ezberdinean ikusteko. 1966an Kubara joan zen bisitan, eta 1968tik 1971ra bitartean Casa de las Américas Kubako kultur erakundean lan egin zuen.

     1959an El país de la cola de paja (Lastozko isatseko herria) saiakera liburuan Uruguai ofizialaren lehenengo gogoeta kritikoa egin zuen Benedettik. Hurrengo urtean La tregua (Menia) eleberria plazaratu zuen, eta zabalkunde handia izan zuen mundu osoan. Lan bi horietan kinka larrian zegoen gizartearen salaketa egin zuen.

     Ordutik aurrera Benedettiren aktibitatea handitu egin zen. Idazle eta kazetari lanez gain, ezkerreko militantzia politikoan gero eta parte hartze handiagoa izan zuen. 1971n martxoaren 26ko Independenteen Mugimenduaren sortzaileetariko bat izan zen, geroago Fronte Zabala osatuko zuena. Alternatiba berri hori, hala ere, indarkeriak zapuztuta geratu zen, izan ere, estatu kolpea heldu zen 1973an, eta horrekin  batera hamabi urteko diktadura gogorra.

     Orduan, arrazoi politikoengatik herritik ihes egin behar izan zuen, eta erbestaldia Argentinan, Perun, Kuban eta Espainian igaro zuen. Obra asko eta genero guztietan idatzi zuen erbestean zegoela; euren artean honako hauek gailentzen dira: Gracias por el fuego (Eskerrak suagatik, 1965) eleberria, El escritor latinoamericano y la revolución posible (Latinoamerikako idazlea eta iraultza posiblea, 1974) saiakera, Con y sin nostalgias (Nostalgiekin eta nostalgiarik gabe, 1977) ipuin bilduma, eta Viento del exilio (Erbestaldiko haizea, 1981) poesia liburua.   

     1985ean demokraziarekin batera itzuli zen Benedetti Uruguaira. Erbestetik itzultzeak sentimendu berezi bat ekarri zion, “desexilioa”, bere lan askotako gaia izan zena. Azken urteetan, jendearen onespena zuela, hainbat sari jaso zituen, haren lanak sakon sustraiturik baitzeuden herritarren artean. Emaztearen heriotza 2006an ukaldi gogorra izan zen, eta, tristuran murgilduta, ia erabat utzi zion idazteari. 2009an hil zen idazlea, Montevideon, eta dolu egun nazionala agindu zuen Uruguaiko gobernuak.

 

Aurkezpena
Xabier Boveda

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz-59, 2016
armiarma.eus, 2016