ZUHAITZETIK ZUHAITZERA
Mario Benedetti

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz-59, 2016
armiarma.eus, 2016

 

Zuhaitzak solidarioak

ote dira?

 

demagun campos eliseoseko gaztainondoa

entre rioseko  quebrachoarekin

edo jaengo olibondoak

tacuaremboko sahatsekin?

 

westfaliako arteak  gaztigatuko ote dio

tiroleko alertze argalari

bere tremendina egokiago erabil dezala?

 

eta parako kautxoak

edo kwanza ibaiertzeko baobabak

eragina ote dute friskon, kalifornian,

kulunkatzen den mission doloreseko

nekosta haren larrimin berdean?

 

bere ihintzezko panpan sentituko ote da onbua

antilletako ceibaren anaiatzakoa ia?

 

parke honetakoek edo zuhaizti hartakoek

azalduko ote diote elkarri adaburuz adaburu

behinola galiarrentzat sakratua zen mihura

orain parasito bat baino ez dela

geruza hurrupari hutsa?

 

ba ote dakite libanoko zedroek

eta korintoko kaobek

euren arerio errukigabeak

ez direla camagueyko palmondoa

ez tasmaniako eukaliptoa

baizik eta  egurgile nekaezinaren aizkora

zur enpresa handien zerra

oinaztarria gauean zartailua irudi?

 

ZUHAITZETIK ZUHAITZERA
Mario Benedetti

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz-59, 2016
armiarma.eus, 2016