ETA JAINKOA EMAKUMEA BALITZ?
Mario Benedetti

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz-59, 2016
armiarma.eus, 2016

 

Eta Jainkoa emakumea balitz?

galdetzen du juanek zirkin egin barik

tira tira jainkoa emakumea balitz

baliteke agnostiko eta ateook

buruarekin ezetzik ez esatea

eta erraiekin baietz esatea

agian haren jainkozko biluztasunera

hurbilduko ginateke muinkatzeko

haren oin ez brontzezkoak

haren pubis ez harrizkoa

haren bular ez marmolezkoak

haren ezpain ez igeltsuzkoak

jainkoa emakumea balitz besarkatu egingo genuke

haren urruntasunetik erauzteko

eta ez litzateke zin egin behar

heriotzak banatu arte

ze hilezkorra izango litzateke noski

eta ihesa edo izua igorri beharrean

bere hilezkortasuna erantsiko liguke

jainkoa emakumea balitz ez litzateke lekutuko

urrun zeruetako erreinuan

infernuaren atarian itxarongo liguke ordea

bere beso ez itxiak

bere arrosa ez plastikozkoa

bere maitasun ez aingeruzkoa

eskainiz

 

ai ene jainkoa ene jainkoa

betidanik eta betiko

emakumea bazina

zer eskandalu ederra

zer birao zoriontsu guztiz eder

ezin eta mirarizkoa

 

ETA JAINKOA EMAKUMEA BALITZ?
Mario Benedetti

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz-59, 2016
armiarma.eus, 2016