HILONDOKO AUSIKIA
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 56, 2014
armiarma.eus, 2017

 

Lo dagizunean, ene eder ilunbetsua,

haitzurdin beltzezko hilobi baten hondoan,

eta etzaleku eta bizileku huts

panteoi euritsu eta hobi zulatu bat duzunean;

 

harriak, zapaldurik zure bular beldurbera eta

sortasun xarmant batek leuntzen dizkizun saihetsak,

zure bihotzari taupatzea eta maitatzea galarazten dionean

eta zure oinei beren menturazko lasterketan abiatzea,

 

hilobiak, ene amets-irudi infinituaren isilmandatariak

(hilobiak beti ulertuko baitu poeta),

ametsa debekatuta dagoen gau luze horietan

 

esango dizu: zertarako egin diozu, gortesau akastun horrek,

hilen negarrari entzungor?

Eta harrak ausiki baten gisa zure azala marraskatuko du.

 

HILONDOKO AUSIKIA
Charles Baudelaire

euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz & Mintz, 56, 2014
armiarma.eus, 2017