BIHOTZAK BADITIK HORRELAKO GAUZAK
Akram Aylisli

euskaratzailea: Josu Zabaleta
armiarma.eus, 2016

 

2

 

       Eta hara nondik orain aurrez aurre zeuden Bakuko merkatuaren atean. Axdar sinistu ere ezinezko moduan gizenduta zegoen, bigarren kokospea hazita zeukan, sabela irtena. Nekez hartzen zuen arnasa, zurrunga eginez, eta haserre begiratzen zion Sarvarri, baina Sarvarrek ez zuen ulertzen zergatik jartzen zion bekozko ilun hura.

       — Zertara etorri haiz? —izan ziren Axdarren lehenengo hitzak.

       — Salgaiekin etorri naiz. Zerbait ekarri dut… Saldu eta Leningradera joan nahi dut…

       Axdar luzaro egon zitzaien begira haren galtza zehazki lixatuei, jakaren azpitik ikusten zitzaion eta mundu honetan Ailiseko amona batek baizik egin ezin dezakeen marrazki gorriekiko jertse elurra bezain zuriari; luzaro egon zen begira, zerbaitetan pentsatzen.

       — Eta itxura horrekin eseri nahi duk azokan? —Axdarrek zimiko bat belar lehor atera zuen patrikatik. Usnatu zuen, eztula egin zuen, luzaro aritu zen eztulka, eta ondoren ahots erlastuz galdetu zion:

       — Zer ekarri duk?

       — Almendrak, eta intxaurrak ere bai. Ehun eta hamabost kilo guztira.

       — Eta non utzi dituk?

       — Teymur-enean, azoka horretan.

       Axdar pentsakor egon zen denbora pixka batez bideari begira. Gero, aurrera jarraitu zuen eta igarotzen ari zen taxi bat gelditu zuen.

       — Sartu. Joan hara eta ekarri denak hona.

       Handik pixka batera auto hartatik bertatik bi zaku handi-handi deskargatu zituzten bien artean; Sarvarrek ezagutzen ez zuen batenean utzi zituzten merkatuan, eta kalera atera ziren beste ate batetik. Elur bustia ari zuen, erori eta urtu egiten zen, lurruna altxatzen zen lurretik, hezetasuna zegoen. Axdar isilik, burumakur, hezetasunaren eta gauza ustelen artetik abiatu zen, Sarvar norabait eraman zuen. Sarvarrek gustura galdetuko ziokeen nora zihoazen, baina ez zen ausartu. Gustura gogoratuko zizkiokeen Axdarri oiloak, ilargia, mendiko etxola, trikua, bertsoak irakurri ere bai; bazitekeen irribarre egitea, aldarte onean jartzea… Baina Sarvarrek ez zuen ezer esan, eta poztu zen ezer esan ez zuelako; ez zuela ulertuko eta, aldi berean, ordainaren bila zetorrela irudituko zitzaiola uste zuen: nik lagundu egin nizun orduan, orain zuk lagundu behar didazu… Hala zihoazen tranbiaren linean aurrera, eta, ia lekuraino iritsi zirenean, Sarvarrek ezin izan zion gehiago eutsi eta hitz egiten hasi zen:

       — Entzun, Axdar, ez naiz etorri zure zereginetatik ateratzera. Moldatuko naiz neure kabu; ez da hirian nagoen lehenengo aldia: hiru urte egin nituen soldaduskan Leningraden.

       — Hobeto. —Eta Axdarrek ez zuen beste ezer esan.

       Kale-kantoian biratu eta patio moduko batera sartu ziren. Han bazen solairu bakarreko etxetxo zahar bat, beirazko galeria zuena; barandan emakume ile-zuri bat zegoen, arropa lixatzen.

       Sarvar behean utzirik, Axdar etxera igo zen; andre xaharrarekin zertxobait hitz egin eta Sarvarri deitu zion:

       — Begira, hemen geratuko haiz. —Axdarrek galeriara igotzeko bi ateetako bat zabaldu zuen—. Hau duk hire gela, hire ohea… Hartu te bat eta etzan atsedeteko. Nahi izanez gero, paseatu, joan zinemara… Hau Margo da. Georgiarra da, bakarrik bizi da… Dirua behar baduk, eskatu berari. Merkatuan zer eginik ez duk. Nik salduko diat dena.

       Solas hori ez zen Sarvarren gustukoa izan, jakina: zergatik ez zion uzten merkatura joaten? Umea iruditzen zitzaion, ala?… Zertan zen bera Teymur baino txarragoa?… Baina, zergatik edo hargatik, Sarvar ez zen ausartzen Axdarri ez obeditzera, eta kontra egitera ere ez.

       Egun osoan hirian hara eta hona ibili zen, gauerako itzuli eta Axdarren zain geratu zen. Seguru zegoen gauerako hara etorriko zela, inondik ere. Baina Axdar ez zen etorri gauerako, goizerako ere ez zen azaldu. Sarvarrek eguerdia arte itxaron zuen, eta lasterka joan zen merkatura, baina han ez zuen Axdarrik aurkitu. Zakuak ere ez zituen aurkitu, merkatu osoa miatu arren; bezperan salgaiak utzi zizkiona ere ez zen ageri. Sarvar Margorengana itzuli zen berriro, hari Axdarren helbidea ateratzeko asmoz, eta garunak urtzen zituen horrek zer esan nahi ote zuen asmatu ezinda. Baina atsoak ez zion helbidea esan, bazekiela inolako zalantzarik ez zegoen arren. Gauza bat bakarra geratzen zitzaion: Teymurrengana jo. Arratsean, merkatua ixtera zihoazen unean berean, ustekabean harrapatu zuen Sarvarrek.

       — Aizak, Axdar ikusi al duk?

       — Bai. Gaur goizean Tbilisira joan duk.

       — Tbilisira joan dela?!

       — Horixe. Joan egin duk, hori.

       — Eta niri buruz ez dik ezer esan? —Sarvarri gutxi behar zuen orduantxe negarrez hasteko.

       — Bai, esan zidak. Ibiliz aspertzen hintzenean, herrira itzultzeko agindu dit. Dendari izateko ez duala balio, esan dik.

       — Eta dirua! —egin zuen oihu Sarvarrek—. Eta nire zakuak?!

       — Diruaz nik ez zakiat ezer —Teymurrek ez zuen ikararik ere egin—. Hori zuek konpondu. Hark esana esan diat nik… Eta esan dit egun bakoitian joateko. Egun bakoitietan zazpigarren bagoiko kontrolatzailea ezaguna duela. Ez erosteko billeterik, kontrolatzaileak eraman egingo hauela hala ere. Goizeko ordu bateko trena. Esan Axdarrek bidali hauela… Zazpigarren bagoia, ez ahaztu…

       Hamar urtez eskola berean ikasi izan ez balute, horretan bukatuko zen solasa. Baina solasa ez zen horretan bukatu, hamar urtez ikasi zutelako eskola berean. Solasaren bukaeran bertan, azkeneko hitza esatean, hutsegite txiki-txiki bat egin zuen Teymurrek, bere begietatik tximistaren abiadan igaro zen irribarretxo moduko bat, eta Teymur maltzur hutsa zela ohartu zen Sarvar.

       — Berriketa gutxi —esan zion Teymurri—. Axdar ez duk Tbilisira joan. Eta hik badakik non dagoen!

       — Bai, zera! —nabarmena zen Teymur larrituta zegoela—. Hori inork ez zakik. Hamar urtez bizi izan duk erroldan sartu gabe.

       — Eta zergatik asmatu duk Tbilisiko hori?! Begietan ikusten diat; gezurtero bat haiz! Kontzientziarik ez duk?

       Teymur isilik zegoen. Sarvar ohartu zen zalantzatan zegoela.

       — Gizona zela uste nian… —esan zion Sarvarrek leunkiago—. Jakin izan banu honela xixkatu behar zidala! Bi zaku; ehun kilotik gora! Hartu eta ospa!

       — Heuk egon behar huen hemen! —esan zion Teymurrek.

       — Baina utzi zidan hemen egoten?! Hartu zian, eta kito. Nik ideiarik ere ez nian iruzurgilea zela. Halako jendaila!…

       Teymur isilik zegoen. Isilik jaso zituzten salgaiak erakusmahaitik. Zakuak lotu zituzten, zaintzaileari utzi zizkioten gordetzeko. Merkatutik atera ziren.

       — Ikusten dut nolako eguraldia egiten duen? —galdetu zion Teymurrek.

       — Hotza.

       — Ikusten duk zein argi dagoen? Ailisen bezalaxe.

       — Ailisen elurra, beharbada —esan zion Sarvarrek—. Nik alde egitean, euria ari zian…

       — Honelako eguraldiarekin Axdarrek atakeak izaten ditik beti —esan zuen bat-batean Teymurrek.

       — Nolako atakeak?

       — Ez dakik? Oso gaixo zagok… Asma dik. Gaixotasun ergel bat; hotz egiten duen orduko, ezin dik arnasarik hartu. Horrelako eguraldia denean, ez bilatu hura merkatuan; jatetxe batean ezkutatzen duk. Soto bat, ez zagok itsasotik urruti…

       — Han egongo dela iruditzen zaik?!

       — Litekeena… Nork jakin… Begiratu; eta ez aipatu ni, gero!

       Sarvarrek ez zuen besterik galdetu. Teymur utzi eta zuzen-zuzen jo zuen soto hartara; han aurkitu zuen Axdar, txoko ilun batean.

       — Hara! Tbilisira joana ez hintzen?! Iruzurgilea! Doilorra!

       — Eseri, Katu-Sarjentuaren semea! Ez hadi berotu!

       — Hirekin behintzat… ez nauk eseriko! Goazemak hemendik! Itzuli nire zakuak!

       Axdarrek besotik tira egin zion Sarvarri.

       — Eseri!… Hire zakurik ez zagok. Saldu ditiat. Hago… —aurrean zuen botila erdi hustua erakutsi zion.

       — Ekarri dirua, lapur hori! —Sarvarrek ukabila jaso zuen Axdarri mehatxu eginez.

       Hark lasai-lasai eskutik heldu zion.

       — Borroka egin nahi duk? Geroago, irtendakoan!… Orain eseri, Katu-Sarjentuaren semea!

       — Aita ere sartu behar duk honetan?

       — Bai, jakin nahi baduk, ipurdia garbituko niokek Katu-Sarjentu horri, honelako semea hazi duelako.

       Sarvarri vodka atera zion. Zerbitzariari deitu eta jateko zerbait ekartzeko agindu zion. Baina Sarvarrek ez zuen edan; janaria ez zuen ukitu ere egin.

       — Tamalez ez hindudan salatu orduan —esan zion Axdarri—. Orain beharbada ez hintzateke horrelako gizatxarra izango!…

       Axdar ez zen batere gaitzitu. Barre egin zuen. Gero, bat-batean galdetu zion:

       — Eta zer dela-eta pentsatu huen Leningradera joatea? Neskaren bat ezagutzen duk han, ala salgaiengatik?

       — Hori ez duk hire kontua! Hik ekarri dirua!

       Axdar une batez isilik egon zen. Ondoren, patrika batetik eskutada bat almendra eta bestetik hiru intxaur ale atera zituen, mahai gainean jarri eta zeharka begiratu zion Sarvarri:

       — Ezagutzen dituk?

       — Bai. Eztarritik aterako dizkiat denak!

       — Oso ongi, gero aterako dizkidak! Orain edan!

       — Ez diat nahi!

       — Ederki, orduan jan —Axdarrek intxaur bat hartu zuen mahaitik—. Xokhbat izebaren zuhaitzekoak? —Sarvarrek baietz egin zuen—. Eta almendrak Giulgoz izebarenetik hartu hituen. Sahatsak bukatzen diren gure itxituraren atzeko arbolatik. Pikondo bat ere bahuen han. Eta aranondo bat ukuiluaren ondoan, hormaren kontra… Udazkenean ere loratu egiten huen… Han duk oraindik?

       — Bai, nora joan behar zian, bada!… Ez iezadak burua berotu, Axdar. Ekarri dirua!…

       — Eta sahatsa han zagok?

       — Bai, zer gertatzen zaiok hari?

       — Sahats horren azpian eman nioan musu Soniari…

       Axdar isildu egin zen, ondoren, bat batean, arnasa nekez hartzen hasi zen, sutegi bateko hauspoa bailitzan… Haren bularretik arnasestuak ateratzen ziren, eta arnasestu haien artean Sarvarrek ulertu zuen:

       — Esaiok sahats hari: Axdar hiltzen ari da!

       Eta bat-batean ohartu zen Axdarren begiak malkoz beterik zeudela, negarrez ari zela; malkoak bata bestearen ondoren zerizkion, jakaraino erortzen zitzaizkion… Sarvar pena hartzen hasi zen Axdarrengatik, kontsolatzeko gogoa zuen, gauza onen bat esan, gauza hoberen bat, baina ez zekien horrelakorik zer esan; aurrean zuen basotxoa hartu eta eztarritik barrura hustu zuen.

       — Zer egun dugu gaur? —galdetu zuen Axdarrek.

       — Hamahirua.

       — Hamahiru… Egun zoriontsua gaur niretzat.

       — Goazen —esan zion Sarvarrek—. Ixten ari dituk.

       Argiak itzali zituztenean altxatu ziren. Hotz egiten zuen, istilak izozten ari ziren; kalea, ilargiaren argitan, argi zegoen, hutsik.

       — Joan hadi gaur.

       — Zergatik?

       Axdarrek bulebarrerantz jo zuen, eta luzaro ibili zen itsasertzean zehar, begia itsasotik kendu gabe, eta gero esan zuen:

       — Ez duk tratularitarako balio.

       — Nik ez diat tratularia izan nahi!

       — Zertara etorri haiz hortaz hona?

       — Esan diat. Ibili bat egitera. Leningradera itzultzeko!

       — Ibili bat egitera… Ni ere ibili bat egitera etorri ninduan. Oraindik ere ibiltzen ari nauk.

       — Konpara ezak! Nik ez diat estatuaren dirurik lapurtu!

       Eta halako izua, halako beldur ikara atera zen Axdarren bularretik… Makurtu eta gorputz osoa bota zuen burdinazko eskubandaren gainera. Eztulka, zurrungaka, itotzen ari zen, eta Sarvar ondoan, esandakoaren damuz. Axdar neke handiz tentetu zen. Ez zegoen hitz egiteko moduan. Hantxe geratu ziren, itsasora begira… Ilargi beteko gaua zen, ilargia zeruaren erdi-erdian zegoen, eta bere argi distiratsuaz su hotz batez pizten zuen itsasoa.

       — Mindu egin haut? —galdetu zion Sarvarrek tristuraz.

       — Ez —erantzun zion Axdarrek—, ez nauk mindu —eta berriro hasi zen eztulka—. Diru horrek guztiak ito egiten nauk —esan zuen eztul artean—. Hiru mila sos madarikatu. Hementxe zeudek, eztarrian! Ito egiten naitek, bizitza kentzen zidatek. Ez nuela itzuli nahi, iruditzen zaik? Eta dirua eskuetan neukaan. Hasieran ez ninduan ausartu, lotsaz-edo, eta, ausartu nintzenerako, berandu. Azkeneko bost urte hauetan ez diat izan horretarako dirurik. Erraz izan nezakean. Ez diat nahi. Ez diat inolako gogorik, bihotzak ez zidak uzten. Eta bihotzak baditik horrelako gauzak…

       Ondoren solasa lasaiagoa bihurtu zen:

       — Eta zergatik ospa egin huen diru horrekin?

       — Ez nian diruarekin alde egin.

       — Zer? Lapurtu egin zizkiaten?

       — Ez, ez zizkidatean lapurtu.

       — Zer, orduan?

       — Ali-oglurengatik izan huen dena… Dendan aritzen duk, dirua faltatu huen, hiru mila. Eta nik haren alaba maite nian, Sonia; oso maite nian, eta oraindik ere maite diat, ia gauero amets egiten diat harekin… Malkotan etorri zitzaidaan; aita eraman ziotelako! Ezin izan nian eutsi; nire esku nuen dirua berari eman nioan… Harrezkero, gauza hil dela ikusten dut. Ez nian beldurrik harrapatuko nindutenik. Eta zergatik ihes egin nian? Pentsatu nuelako: hemen geratuz gero, dena jakingo duk. Eta, gainera… Gero jakin nian gizatxar horrek beste batekin ezkontzeko agindua zuela. Barru dena urratu zitzaidaan. Orduan herrian egon izan banintz, akabatuko nikek. Joan banintz, baina ez ninduan herrira joan, laidoa handia zelako bihotzean. Eta bihotzak, baditik horrelako gauzak…

       Axdar isildu egin zen. Sarvarrek herria ikusten zuen begien aurrean… Ali-ogluren etxea, salerosketan aritzen zen saltokia, eta mutiko potolo musu-gorriak: Sonia, haren alaba zaharrenaren haurtxoak.

       — Goazen —esan zion Axdarri. Ez baitzegoen esateko gehiagorik.

       — Nora joango gaituk?

       — Nahi duan lekura.

       — Tren geltokira, orduan.

       Luzaro ibili ziren izotzak trinkotutako elur kraskatsuaren gainetik; gero Axdar eserleku batean eseri zen.

       — Zer ordu duk?

       — Hamabiak eta erdi.

       — Gutxi geratzen duk, hortaz?

       — Zertarako?

       — Trena abiatzeko.

       — Zergatik nahi duk nik alde egitea?… Dirua gastatu dualako, horregatik?

       — Ez. Hemen errotuta gera haitekeela ikusten dudalako baizik… Eta saltsatan sartu haitekeelako.

       — Teymur ez duk saltsatan sartu!

       — Teymur inoiz ez dut saltsatan sartzen.

       — Eta ni zergatik bai?

       — Hi ez haizelako lotsagabe bat!…

       Horretan bukatu zen solasa. Berriro luzaro egon ziren isilik. Sarvarrek bat-batean ordua begiratu zuen.

       — Goazen! —esan zuen.

       — Bahoa? Benetan?

       — Noiz esan diat gezurrik?

       Axdar aulkitik zutitu zen.

       — Hire diruak kontrolatzaileak zauzkak. Zazpigarren bagoia, Teymurrek esan bezala. Bostehun errublo, iritsi bezain laster emango dizkik. Tren-geltokira joateko, kale honetatik zuzen, inora okertu gabe. Joan hadi… Ni… ez nauk joango hara. Ni hemen… —eta, isilune baten ondoren, jarraitu zuen—: —Badakik… behin estropezu egin, eta begira nola nagoen orain…

       Hamarreko pila bat zegoen, koaderno batetik kendutako orri batean bilduta, eta orri haren erdian, letra txiki arruntez arkatzez idatzita:

       Ez niake nahi hi tratulari bihurtzea,

       ni bezalakoa izateko.

       Nire hilobira etorriko haiz,

       bertan eskerrak emateko.

       Sarvarrek kontrolatzailearengandik dirua hartu zuen, patrikan sartu zuen, hantxe, haren ondoan, idatzia irakurri zuen, tolestu zuen eta patrikan gorde zuen hura ere.

       … Eta Sarvar ez zen batere harritu hitz haiek bertsotan idatzita zeudelako; oraindik eskolan ikasle zirenean, gutun bat bertsotan idatzi zion neska bati, eta orduan jakin zuen munduan badirela bertsotan baizik ezin esan daitezkeen gauzak…

 

BIHOTZAK BADITIK HORRELAKO GAUZAK
Akram Aylisli

euskaratzailea: Josu Zabaleta
armiarma.eus, 2016