1
Ausias March

euskaratzailea: Ibon Sarasola
Hegats, 30, 2002

 

Loan atsegin hartzen    duen hura bezala

atsegina pentsatze    zorotik hartzen baitu,

hala nago ni, hartu    baitit aldi joanak

asmamena, han beste    onik ez dagoela,

sentitzen dudalarik    oinazea zelatan,

jakinik haren mende    ehortziko nautela.

Etorkizunak ez dit    onik eskuratuko

iragan hura baitut    niretzat hoberena.

 

Hortaz, ez naiz egungo    aldiaren maitale,

baizik iraganaren,    joan-ezdeusa baita;

pentsu horretan ene    atsegina hartzen dut,

baina hura galtzean,    bizkortzen d(a) oinazea,

heriora aspaldi    epaitua bezala

hura jakinak etsi    ona eman baitio

eta, barkamenean    betan sinetsaraziz

hilarazten baitute    ezein oroipen gabe.

 

Jainkoak ailiotsa    ene pentsua hilda

bizia lo zorroan    guztiz joan litzaidan!

Arras gaizki bizi da    duenak pentsatzea

etsaitzat, bere mina    gogoratzen diola;

eta atseginen bat    eman nahi badio,

badaragoio ama    semedunak lez, zeinak,

haurrak lantuz badio    galdegiten pozoia,

hur(a) ukatzeko aski    zentzu onik ez baitu.

 

Hobeko litzaidake    min osoa pairatu

hartan plazer apur bat    nahastekatu baino,

iragan plazeretik    ilki behar dudala

ikustea trabatzen    didaten gaitz artean.

 

Oi, nire atsegina    oinaze bihurtzen da

eta da pena hantzen    paus(u) apur batez gero,

ahamen on baten truk    bere jate guztia

oinaze bilakatzen    zaion eria legez.

 

Hala nola padarra,    lur honetan zituen

adiskideei mira    egiten ez diena,

eta denbora luze    mortuan eramanik

patuak haietako    bat erakusten dio,

eta, plazer joanak    gogora ekartzean,

orainaldi min dio    bihurtzen iragana;

baina hura joanda,    larriminean datza;

badoan ongiak du    oihuka deitzen gaitza.

 

Andre zentzuz betea,    maitasuna denean

zahar, absentzia da    hozkatzen duen harra,

ez badio egiten    aurre irmotasunak

et(a) egiten entzungor,    bekaitzaren bozari.

 

1
Ausias March

euskaratzailea: Ibon Sarasola
Hegats, 30, 2002