BEILA
Dr. Atl

El velorio
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017

 

      Herri berdea —pitaioen herria, zapote dirdiratsuena eta guaiabo usaintsuena— ilargi argitan bildua zetzan lo, sakana baten ertzean. Txabolak doi nabarmentzen ziren baratze-sarrien artetik. 

      Jendeak egiten duen bezala egiten zuen lo herriak ere: begiak itxirik baina bihotza taupaka. Taupaka ari zen bihotza hildako bat zen —haren hilikien bueltan bildutako senideen sentimenduak inarrosten zituen hildakoa—. Benetako beila inondik ere.

      Mantazko galtza eta atorraz jantzitako gizonak eta buruko zapi urdin luzeen azpian gordetako emakumeak zeuden beilan txabola barnean. Gizon gazte bat zetzan gela txikiaren erdian. Gaixotasun luze baten sufrikarioak hondatutako aurpegia zuen.

      Hildakoak soka batez amarraturik zituen oinak, eta lepoko zapi gorri batez eskuak, estu-estu, ez zekion ihesi joan hilobira lagundu behar zion kobrezko Kristo txikia.

      Emakumeen fedeak onik onenean atondutako aldaretxoan lau ezko horixka eta kandelatxo batzuk zeuden piztuta, otoitz amaigabeen marmar monotonoan.   

      Benetako erlijio sentimendu erdiragarria zen maitatuari azken agurra emateko bildutako haien artean zegoena.

      Bat-batean, zakur zaunka kanpoan.

      Emakumetako batek, burustu eta, betartean izua zuela hitz egin zuen:

      — Hor datoz, hor datoz!

      Eta ezin izan zuen gehiagorik esan.

      Tiroak entzun ziren kalean, gero beste batzuk gertuago. Balek lastozko horma herbalak zulatzen zituzten.

      Halako ezustekoetara ohituta, emakumeak ate aldera bultzatu eta lasterka batean jo zuten gizonezkoek baratze hondoan zeuden txaboletarantz. Han hartu zituzten armak, tiroka zetozenak heriotzak santifikaturiko aretoan sartzen ari zirela.

      Evaristo Orozcoren erasoetako bat zen, familiaren etsai ezinelkartuzkoa. Bere lagunekin zetorren. Zelatan egon zen noiz izango zituzten debozioak eta minak senideak hildakoaren inguruan iltzatuta.

      Erasotzaileak txabolan sartu ziren, altzariak apurtu eta amorrua nola baretu ezin asmatuta, kulata ukaldiz hautsi zioten hilari burua.

      — Fusila ezazue!

      Hilotza hartu, txokote baten kontra zutik jarri eta fusilatu egin zuten.

      Senideek, andre eta gizon, txabolara itzuli eta erasotzaileak inguratu zituzten.

      Hildakoaren senideei laguntzera, herriko guztiko jendea hurreratu zen korrika batean.

      Borroka latza izan zen, baina barnean zirenak, toki bakar batean bilduak, berehala ehizatu zituzten, ezta piztia kaiolatuak balira ere.

      Bizilagunetako bat trosta bizian atera zen zaldi gainean, Martin Solis teniente koronelari jakinarazteko zer gertatzen ari zen.

      Teniente koronela bere jendearekin heldu zenerako, borrokaldia amaitua zen. Irabazleak dena biltzen ari ziren, eta ez zedin ezer erdipurdian geratu, zaurituak hil zituzten.

      Teniente koronelak bere gizonak eta irabazleak hogeita hamahiru hildakoak txabolaren aurrean etzanarazi zituen —hori izan zen borrokaldiaren emaitza—, eta hala esan zuen, kanpaina agindu bat balitz bezala:

      — Segi dezala beilak! Ea, on Macario —on Macario aurreneko hildakoaren aita zen—, ekar dezatela meskala lepo eta egin dezatela nahiko kafe geratu direnentzat.

      On Macariok meskala ekarrarazi zuen. Bitartean, emakume batzuk lapiko handi bat jarri zuten tlecuilean kafea prestatzeko.

      Gizonetako batzuek fusilatua ohe gainean jarri, sarape batez estali eta kandelak atondu zituzten; emakumeak otoitzean hasi ziren berriro.

      Kanpoan on Macario eta teniente koronela ahapeka mintzo ziren euren aurrean burua tiroz txikitua zuen Evaristo Orozcoz.

      — Begira, on Macario —esan zuen teniente koronelak—, egia esan, oso polita izan da dena, baina zertarako ibiliko gara bereizketatan: hildako guztiak berdinak dira. Atera ezazue zuen hildakoa hona, besteekin egon dadin, eta hementxe bertan egingo dugu denen beila.

      Eta senideek hidalkoa atera eta kanpoan jarri zuten, besteen aurrez aurre. Eta ilargi argitan auzo arteko burrukaldi hartan irabazle atera zirenek, otoitz, lotsagabekeria eta meskal zurrut artean eskatu zioten gauza guztien Egileari bere baitan har zitzan pulmoniak edo halabeharra berarekin daraman errifle balak berdintzen dituen guztien arimaren alde. 

 

BEILA
Dr. Atl

El velorio
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2017