ODOL GAZTEA
Assata Shakur

euskaratzailea: Hedoi Etxarte
andreasetagudrun, 2013
armiarma.eus, 2017

 

Rema Olugbalari

 

Uste dute hil zaituztela.

Baina atzo ikusi zintudan,

zutik eskuak poltsikoetan

egiaren ordua heltzeko zain.

Ikusi zintudan zeure «doazela pikutara» irribarrearekin, begi gorrituak,

zeure bihotza askatasuna ponpatzen

odol gaztea!

Uste dute hil zaituztela.

Baina joko-zelaian

ikusi zintudan atzo.

Azal beltza, izerditsua, distiratsua,

uztaira zeure bonba baloia jaurti duzu

zuzenean jomugara.

Hurrengoan ez da partidarik egongo

ez zarelako jokatzen arituko.

Uste dute hil zaituztela.

Baina atzo ikusi zintudan

bizkarra horman jarrita,

giharrak kateen aurka tenkatuz,

begiak egiaz xurgatuta.

Zeure ezpainek ahoskatzen dute.

Bihotza nola maitatu ikasten.

Burua nor gorrotatu ikasten.

Odola askatasunerantz

isurtzeko prest.

Odol gaztea!

Odol gaztea ezin da alferrik galdu

xiringetan, ezta tabernetako lurretan,

ezta atzerriko lurretan

beste odol gazteen askatasuna atzeratzen.

Ez dugu odol nekaturik behar.

Ezta odol anemikorik ere. Ez dugu

odolbildurik behar geure gorputz berrian.

Uste dute hil zaituztela.

Baina atzo ikusi zintudan.

Odol gazte horiek guztiekin

transfusio bat egin dizute.

Odol gogor horiekin guztiekin.

Odol aberats horiekin guztiekin.

Odol haserre horiek guztiak zeure zainetan

isurtzen biharrerantz.

 

ODOL GAZTEA
Assata Shakur

euskaratzailea: Hedoi Etxarte
andreasetagudrun, 2013
armiarma.eus, 2017