Piztiak
Roberto Arlt

1933
euskaratzailea: Iñigo Roque
armiarma.eus, 2013

 

Ez dizut inoiz kontatuko nola hondoratu nintzen, egunetik egunera, gero eta barnago gizon galduen, lapurren, eta hiltzaileen artean eta kare arrakalatua baino aurpegi latzagoa duten emakumeen artean. Batzuetan, buruan darabildanean zer latitudetara iritsi naizen, nire burmuinean itzalezko galtza handiak sumatzen ditut mugitzen, sonanbulu bezala ibiltzen naiz, eta iruditzen zait nire endekatze-prozesua inoiz gertatu ez zen amets baten arkitekturan txertaturik dagoela.

     Hala ere, aspalditik nago galdurik. Indarrak eskas ditut mekanika nagi horri ihes egiteko, eta gauero gero eta barnago hondoratzen nau prostituta-apartamentu batean, non ni bezala zeharo aspertutako beste alproja batzuek kartazko pantaila bati eutsi eta gogorik gabe fitxa beltz eta berdeak mugitzen baitituzte, denbora ur-tantak bezala erortzen den bitartean gure arimen putzu zikinean.

     Nire lagunei inoiz ez diet zure berri eman, eta zertarako?

     Tacuarari baino ez diot eman zure berri. Goizaldeko laurak pasatuta sartzen da gelara, sakelako billete sortari gogor helduz sakelan. Tacuararen ilea lisoa eta beltxa da; begiak arraildu eta indiarrak; aurpegia biribila eta ikatzez hautseztatua, iduriz, eta sudurra motza. Tacuarak badu akats bat, “Vida Social” irakurtzen duela, eta bertute bat, San Fernandoko ibaiertzeko gizonek eta laranja-zamaketariek hura gogoko dutela.

     Matea prestatzen du, nik, ohean luze-luze etzanda, zutaz pentsatzen dudan bitartean, betiko galdua zaitudala jakin arren.

     Zailena da zuri azaltzea nola hondoratu naizen egunetik egunera gero eta gehiago.

     Urtea joan urtea etorri, ohiturazko eta usadiozko harlauza handi bat erori da nire bizitzaren gainean. Jarrerarik makurrena eta egoerarik nardagarriena arrunt eta baleko zaizkit. Harridura eskas dut hainbeste aldiz lotegi izan ditudan ziegen hormez oroitzeko.

     Behekoekin nahasi naizen arren, inortxo ere ez da inoiz ni bezain isolaturik bizi izan piztia horien artean. Oraindik ezin izan dut haiekin bat egin, baina horrek ez dit galarazten barre egitea piztia horietako batek hura mantentzen duen andre dohakabe horietako bat kolpeka txikitzen duenean, edo astakeria debaldeko bat egiten duenean, halakorik egiteaz harrotzeko atsegin hutsagatik.

     Zure izena askotan etortzen zait ezpainetara. Gogoan dut Nueva Pompeya-ko elizan elkarrekin igarotako arratsaldea. Sakristauaren ehiza-txakurra ere gogoan dut. Muturra gorantz eta urratsa motel, tenpluko mosaikoa zeharkatzen zuen jarleku errenkaden artean... baina hainbeste ehunka egun joan dira ordutik, orain iruditzen zait hiri ezinago sakon batean bizi naizela, itsas mailaren azpitik ezin beherago. Ikatzezko behe-laino etengabe batek hartua du azpimunduaren sakosta hau; lantzean behin, pistola automatiko baten eztandak klask egiten du, eta laster denok lehengora itzultzen gara, ezer gertatu ez balitz bezala.

     Izena ere aldatu dut, eta, hartara, kalean denei nire galde eginik ere, inork ez luke jakingo erantzuten.

     Hala ere, hemen, hiri berean bizi gara, izar berberen azpian.

     Alde bakarra da, jakina, ni prostituta baten kontura bizi naizela, aurrekari penalak ditudala eta bizkarra bala-zuloz josirik hilko naizela, eta zu, berriz, bankuren bateko langile batekin edo erreserbako tenienteorde batekin ezkonduko zarela egunen batean.

     Eta zure oroitzapena geratzen zait, hain zuzen, inoiz eskura izango ez ditudan bizi-aukerak ordezkatzeko. Latza da, baina bizitzaren makalaldi jakinetan berretsia, ez da aukeratzen. Onartu egiten da.

     Zure oroitzapena lehertu zen, ziega baten zokoan sukarrarekin dardaraka nengoen gau batean. Ez nengoen zauriturik, baina astinaldi ederra emana zidaten borra zati batekin, eta sukarraren tenperaturak galbideko paisaiak pasarazten zituen nire begien aurrean.

     Grisaxka, film zati batean bezala agertzen zen probintzietako prostituzio-etxe batera Tacuararekin egin nuen lehenbiziko bidaia. Arratsaldeko ordu bata zen, eta auto korrokoil batek eramaten gintuen kalezulo ospel, hautsez bigundutako batetik. Eguzkiak diz-diz egiten zuen prostituzio-etxearen horma gorrian, eta adreiluzko murruan txertatutako xaflazko atearen aurrean baziren txiza-uharka bat eta zaldiak lotzeko taket bat. Haizeak petroliozko argi bati kirrinka eragiten zion bere euskarrian.

     Ez dut inoiz ahaztuko. Putazain judutarrak berrogeita hamar lata (1) aurreratu zizkidan andrearen asteko lanaren kontura, eta orduan buruzagi politikoarekin eta komisarioarekin hitz egitera joan nintzen... Halako huskeriak zetozkidan gogora ziegako porlanezko zoruan etzanda nengoen bitartean. Aldika, hil hurren nintzela uste nuen. Betazalak erdi irekirik, murruz inguraturiko beste harresi batzuk bereizten nituen beste zorupe batzuetan, eta minutu batean nire bizitzak mende bateko tartea zeharkatu zuen ziegaren sakonean. Beste gizon batzuek, nik bezala, borra-ukaldiz maspilduak zituzten birikak. Sufrimendu handiko ziri batek burmuina erdibitu zidan, eta gu guztion, zapaldu nahiz zapaltzaile, fiertasunetik harago, harri karratu grisen gogortasunetik harago, zure begitarte zurbila eta zure begien arbendol olibakara bereizi nituen.

     Mailukada bat izan zen sentiberatasunean. Esna ezin izan dut inoiz irudikatu zure begitartea hain argi, eldarnioaren zurrunbiloan zure erliebea nabarmentzen zen ordukoan nola; gero, zigorraren obsesioak galdeketaren ankerkerian murgilarazi ninduen. Ukaldika itauntzen zidaten emakume baten hilketaz, harekin zerikusirik ez nuen arren.

     Gero irten nintzen. Geroago berriro atxilotu ninduten. Gerizpean, zure oroitzapena nuen lagun, eta, bizitzan, txakur eme bat bezain leial, Tacuara mulata.

     Tacuara! Non ez nintzen, ba, izango Tacuararekin?

     Hari esker ezagutu nituen nik probintzietako maitetxeetako asperdura nardagarria, arroz-hautsen usainak larritua, ugazabandrea txankletatan salako zorua errautsez lohitzen zuen sutontzia zaintzen, hamar emagaldu pistatsuren eskuetatik batetik bestera astiro zebilen matea, leihoetako egurra astintzen zuen haizea, zeren kristalak hautsirik zeuden eta haien ordez tranpaduretako alanbreak paratu zituzten, eta, beraz, kanpotik gurpil erraldoiko gurdi baten zarata eragabea zetorren, arto-poltsazko piramide baten zamapean, eta zartailua klaska zebilen lur horizko lainoetan bilduriko zortzi zaldien belarrien ondoan.

     Tacuarari esker ezagutu nituen probintzietako putetxerik beldurgarrienak. Han, gelak, ohea barik, lastozko matalaz bat zeukan adreiluzko zoruan botata, eta emakumeek sifiliaren txankroz zulatuak zituzten ezpainak. Locroa (2) jan dut, eta agonia baino ilunagoak ziren tangoak dantzatu ditut, kaserna bateko ukuiluak baino handiagoak ziren saletan. Han, baziren marrusketatu gabeko jarleku luzeak eta, bazterretan, andre beltzak jaioberri bati beso batekin eusten bularra emateko, esku librearekin, denbora ez galtzeko, mozkor bero bati prakak askatzen zizkioten bitartean.

     Non ez nintzen, ba, izango Tacuararekin!

     Harekin korrituak ditut probintziako hegoalde osoa, Bahía Blanca, Marcos Juárez eta Azul; gero, Rosario de Santa Fe-n, Córdoba-n, Río Cuarto-n, Villa María-n eta Bell Ville-n ere izan ginen.

     Politikarien laguntzaz, batzuetan karta-jokalaria izan naiz, eta besteetan chinchulinak (3) eta erreki kreola saldu ditut jantoki badaezpadakoetan, ondoko establezimenduan nire maite bakarrak gizon guztiekin lan egin bitartean.

     Uretatik ere bidaiatu genuen.

     Izan nintzen Paraná-n, Corrientes-en, Misiones-en. Igaro nintzen Santa Ana do Livramento-ra, Río Grande do Sul-era, San Pablo-ra. San Pablon, karabineroek, hiritik egoztean, kargako bagoi batera bota ninduten, eta hiru saihets apurtu zizkidaten. Río de Janeiro-ra joan ginen, eta Tacuarak Laranyeiras-ko putetxe batean eman zuen izena. Harrizko etxeak Ama Birjina eta Haurraren mosaiko bat zuen frontisean, eta mosaikoaren azpian lanpara elektriko batek argiztatzen zuen horman zabalduriko garita bat, gerriaren pareraino burdinaga perpendikular txirikordatuak zituena. Hobi horretan, estatua bat bezain zurrun, zutik, bost orduko txandak egiten zituen Tacuarak. Burdinsaretik, gizonek, nahi izanez gero, haragiak uki ziezazkioketen, haien tinkotasuna egiaztatzeko. Mila prostitutako auzo hartan, zeina Pazkorako palmaz eta tortxaz apaintzen baitzen, jendarme talde batek zaintzen zuen ordena, karabinaz horniturik, beltzak eta marinelak labankadaka has ez zitezen.

     Buenos Airesa itzuli ginen.

     Nik Corrientes kalearen mina nuen, eta hark falta zituen bere laranja-usaineko logela San Fernandoko Barreran eta Deltako frutarako kutxagintzako zerren burrunba goxo eta beti-batekoa.

     Eta halaxe hondoratu nintzen egunetik egunera barnago, Ambos Mundos-ko bazter hau jo arte. Hemen elkartu ginen Cipriano, Guillermito Lapur, Urrezko Azkazal, Erlojugile eta Pibe Repoyo.

     Gauean, beirate ondoko mahaira iristen dira nagi, esertzen dira, disko-jogailuko neska agurtzen dute saiheska, kafe bat eskatu, eta orduak eta orduak ematen dituzte eserita jarrera berean, aurpegiera txirtxilatuarekin beiratik begira igarotzen den jendeari.

     Gizon izandako horien begien zolan, behe-laino gris bat desegiten da. Haietako bakoitzak misterio ezin argituzko bat du bere barruan, borondatearen mekanismoan puskatutako nerbio oraindik sailkaezin bat. Hari laxoko txotxongilo bihurtzen ditu horrek, eta laxotasun horren ordaina gure arteko isiltasuna da. Inor oraindik ez da ohartu, baina egun batzuetan lauren artean ia hogei hitz ere ez ditugu ahoskatzen.

     Era batera edo bestera lapurrak izan gara, batzuk baita hiltzaileak ere; denek, salbuespenik gabe, hondatu egiten diote bizitza emakume bati, eta isiltasuna ontzi komunikatu bat da gure asperdurazko eta hersturazko amesgaiztorako, arima batetik bestera marruskadura goibelez igaro dadin. Heriotza ilunaren sentipenak, oroitzapen doilorrak lagun dituen oharkabeko imintzioekin, itsustasun ziniko eta mingarriko maskara bat ezartzen digu aurpegian.

     Eta nolako hurkoak gureak! Nolako istorioak konta ditzaketen!

     Esaterako... Cipriano beltza:

     Mozkotea da, txokolatezko idolo bat bezala.

     Beste garai batzuetan, sukaldari aritu zen putetxe batean. Harro kontatzen duenez, zuriz jantzita itsas aingira maneatu bat zerbitzatzen zien zilarrezko azpil batean gaizkilez eta putazainez osaturiko bezeria hauta bati.

     Halakorik esan ez arren, hunkitu egiten da paisaia gorrituez oroitzean.

     Begiak hezetu egiten zaizkio eta odol-zaintxoz betetzen, eta ulertzekoa da: puten ugazabandrearen konfiantzazko gizona zeneko garai horien mina du. Ugazabandreak, titiak orrazmahaiko parpailen artean pausaturik, hamalau urtetik beherakoak prostituitzen zituen, epaile beldurgarrien eta agure dirudunen gosearen mende utziz neskatilak. Gero, Ciprianori aitortzen zion, isilean, zenbat diru egina zuten, eta beltza zoriontsua zen, etxeko konfiantzazko gizontzat baitzuen bere burua. Ez da zigorrik gabe iristen egoera horretara. Betazal txokolatezkoak txitxildurik eta matraila ukabiletan bermaturik, Ciprianok, zingirarekin amets egiten duen kaimanak bezala, begi horiz esesten die oroitzapen miragarriei, poloniar eta marseillar trafikatzaileen jaiei, gaizkile koipezto, bilgor-zakuak bezain, eta borrero gisa errukigabeei.

     Gizon haiek indioilarren kokotea baino gorriago zuten larruazala, eta urrezko xerloak ateratzen zitzaizkien sudur eta belarrietako zuloetatik.

     Higuin handia zieten dirubidea ematen zieten herrialdeei, maila apaleko poliziakideei tu egiten zieten aurpegira, eta buruzagi politikoak erosten zituzten, txekeak sinatuz begiak burlaizean kliskatu bitartean.

     Ciprianok asko daki, eta, hura estutuz gero, aitortzen du ez duela ezer gogokoagorik mutiko bat bortxatzea edo Martinikako marinel batekin oheratzea baino.

     Eta, hala ere, munstro alai baten xalotasunarekin egiten du barre.

     Hura ikusirik, inork ez luke pentsatuko hark, putetxeetako sukaldaria izateaz gainera, prostituta hezigaitzei ipurtaldean zigorrarekin marra ubelak tatuatzeko ardura zeukala. Zigortutako emakume haietaz oroitzen denean, barre murritz bat egiten du goxotasunez, zingirako kanaberadian hipopotamoek ahotik ura eta lokatza jaurtitzen dutenean bezala.

     Eta, gisa berean, goxotasun onbera hori gordetzen du haren irribarreak, gogora datozkionean berak bortxaturiko adingabeak, ziegetako istiluak, bost lapurrek esku-lotutako mutiko hura, zoruaren kontra sakaturik ahoa estaltzen ziotena, gero errai hautsiko oihu hura, voltaje handiko karranpa batek bezala gorputz gatibua astinarazten zuena... eta ilaran jarritako gizonak, prakei eskuarekin eutsirik txandaren zain zeudenak, mutikoaren gorputza, min izugarri batek zeharkaturik, konkortu eta gero indarge erortzen zen bitartean.

     Eta inork, trufaka, galdetuz gero zer nahiago duen, neskatila bat ala lapurtxo bat, orduan Ciprianok, zeina “gizandiak eraitsi” izanaz harrotzen baita, begiak txitxildu eta haginak lauskitzen ditu. Padurako krokodilo logaletu batek bezala, atsegin du zikinkeria, eta oso pozik dagoenean baino ez ditu esaten hitz batzuk Martinikako frantses leunean.

     Bestalde, oso katolikoa da, eta eliza baten aurretik igarotzen den bakoitzean kapela eranzten du begirunez.

     Batzuetan, Angelito Moxal litxarrero hetikoa esertzen da gure mahaian, txakur-eztulez.

     Hogeita hamar urte ditu, horietatik hamar gerizpean emana behin eta berriro inon ez den arau bera hausteagatik, “armak eramateagatik”.

     Lagun txarrek eraman zuten galbidera.

     Haserretzen denean, totelka hasten da. Txanoaren bisera begietaraino sarturik, xakeko problema korapilatsuetan murgiltzen da, eta dametan txapeldun izateaz harrotzen da, eta, hala izan daitekeen arren, prozedura zentzugabe samar bat erabiltzen du bere ideiak adierazteko. Esate batera, Japoniarraz, labur ilun eta fierra hura, aiztoa ateratzeko aitzakia egokiak beti aurkitzen dituena, zera dio:

     — Neskatila bat bezalakoa da.

     Bistan denez, zail da ulertzen zer den “neskatila” bat Angelito Moxalen ustean.

     Angelitok, osasunez ondo egon eta preso ez dagoenean, hiritik alde egiten du Japoniarrarekin aldi batez. Barnealdea korritzen dute, filomishoaren iruzurra (4) eta beste amarru batzuk, ezkutuagoak nahiz agerikoagoak, erabiliz, zeren Angelito Moxal ez da pikaro espezializatu horiek bezalakoa: hari berdin “erratza” edo “lanbasa”.

     Oraingoz Angelito oso makalik dago, eta ez du bidaiatzen.

     Orduak eta orduak ematen ditu lokia beiran bermaturik, kalera begira, eta ondotik igarotzen diren poliziakideek badakite gaixorik dagoela, ezin duela lapurretarik egin, eta ez dute atxilotzen. Batzuek agurtu ere egiten dute, eta Angelitok irribarre antzeko imintzio behartu bat egiten du. Dioenez, kontsolagarria da jakitea jende prestuaren begirunearekin hilko dela. Ez dizut inoiz kontatuko nola hondoratu nintzen, egunetik egunera, gero eta barnago!

     Orain, gutako bakoitzak oroitzapen izugarri bat darama, tristurazko zaborreria bat. Atzo... gaur... bihar...

     Egunetik egunera gero eta barnago.

     Nola azaldu fenomeno hau, adimenez gabetzen gaituena zikinkeriaz lerdatutako sentimenduek gero eta gehiago zapaltzen gaituzten bitartean argiaren ukazio betean. Horregatik, hitz gaiztoa imintzioka ari zaigu muturrean, eta emakume-aurpegi orok eskua altxarazten digu zaplaztekorako gertu, zergatik eta harako hark, ezin ederragoak, denbora joanaren lehenaldiko bidegurutze batean bizia hondatu zigulako. Zertarako hitz egin? Taberna horia gerizatzen duen itzalezko isiltasunak esaten baditu esan beharrekoak oro, han, lurreko esperantzarik engoitik ez duten buruak makurtzen diren lekuan. Piztia kaiolatuok, pentsamendu-hondakinen barroteen atzean gaude, eta horregatik askatzen da hain nekez irribarre maltzurra begitarte kolatutik txakur-asperdurazko uzkurtze batean.

     Egunak beltzak dira, gauak ziegak baino hertsiagoak.

     Batzuetan zure gomutak zeharkatzen du nire oroimena zazpi puntako izar baten tankeran, eta Tacuarak, nire bizitzan egin zenuen ibilbide zerutiarra igarriko balu bezala, berehalakoan aztertzen nau burutik behatzetaraino, eta berdinetik berdinera esaten dit:

     — Zer duk? Bihozmina?

     Eskuin begia txitxiltzen du, sama luzatzen, begi meheak zimurtzen ditu, eta, perlesiak itxuragabetu balu bezala erdi okerturik, galdetzen dit:

     — Izango duk gogoan hura?

     Ez dizut esango nola hondoratu nintzen gero eta barnago. Beharbada bekatu izugarriaren ondoren gertatu zen. Egia da, harrezkeroztik gero eta bakartuago geratu nintzen.

     Lehen bezala oinez ibiltzen nintzen kaleetatik, erakusleihoetako gauzakiei begira, eta batzuetan harriturik gelditzen nintzen industriaren asmakari batzuen aurrean, baina, egiaz, guztiz bakarrik nengoen.

     Lantzean behin, arima baten igurtzi hotza sumatzen nuen masailetan, hark pentsamendu urritu, kateatu batekin lurrean bilatzen ninduen bitartean. Orduan, hotzikara baten karranpak jotzen ninduen saihets bitarteetan.

     Gero, pentsamenduaren gaua erortzen zen nire gainean, eta denbora asko egin nuen lurretik kanpoko ilunabarrean, medikuntzak erabateko idiotatzat dituen horiek, antza, ondo dakitenez.

     Hala, pixkana-pixkana jaitsiz iritsi nintzen adiskidetasun isil honen urritasunera, non Urrezko Azkazal, Pibe Repoyo eta Erlojugile ezinbestekoak baitira.

     Erlojugilek ez du inoiz hitz egiten. Gehienez ere, malenkoniaz egiten du barre. Lantzean behin, jipoi beldurgarri bat ematen dio bere “andre”ari, eta, Guillermito Lapurrek zergatik jotzen duen galdetuz gero, sorbaldak uzkurtzen ditu Erlojugilek, minezko barre murritz bat egiten du, eta, galdera luzaro hausnartu ondoren, zera erantzuten du:

     — Nork jakin. Aspertuta egongo nauk-edo.

     Guillermitok bere itxura zaintzen du, urrezko eskumuturrekodun erlojuak erabiltzen ditu, aurpegirako kremak eman eta izpi ultramoreak hartzen ditu, baina bekokian zimur laster baten krokisa dauka, hain zuzen, errebolberra atereaz hil edo biziko kontu bat konpontzeko eskua gerrira botatzeko keinuaren aurreko sumindura. Inoiz ez du hirian lapurretarik egin, eta apustu-etxe bat muntatzea du hizpide beti. Haren ametsa da erreki kreoleko saltoki baten jabe izatea, ni behiala izan nintzen bezala, baina oraindik ez dauka beharrezko kapitala, eta haren aukera politikoak ezin dira burugabeagoak izan.

     Yrigoyenen eta demokraziaren aldeko da.

     Urrezko Azkazalek “zorangak” limurtzen ditu bere gabirai-soslaiarekin eta bere begi garden berdekarekin eta bere matrailen ankerkeria felinoarekin, zeinek belarri punta-zorrotzetara itzuritako lokien bulkadari jarraitzen baitiote. Nekaturik dagoenean, besoak paratzen ditu mahaian, burua makurtzen du, eta kafe-etxeko zalapartan lokartzen da, zurrunga basaz.

     Beharrezkoa al da gauza sinple, basati, primitibook deskribatzea?

     Isiltasunarekin komunikatzen gara. Monosilabo bati monosilabo batekin erantzuten dion ezpainen inflexio batean edo begirada batean husten den isiltasun batekin. Gutako bakoitza iragan ilun batean murgildurik dago, non begiak, hain adi begiratu dutenez, inmobilizaturik geratu baitira zokondo zikin bati zoro-zoro begira dauden ergelenak bezala.

     Nora begira gauden?

     Ezin niezazuke esan. Badakit noranahi joanda ere han zutaz oroitu naizela, eta sakonera ezin tristeagoetara iritsi naizela. Orain ere... begiak ixten ditut, Urrezko Azkazalek bezala bekokia ezartzen dut esku-ahurretan... baina ez dut lorik egiten. Nor hil ez jakitea tristea dela pentsatzen dut.

     Bat-batean, dadoen godaletaren talkak eztanda egiten du nire belarrietan, errebolber baten desarratzeak bezala, burua altxatzen dut, eta pozoizko listu bati eragiten diot. Bizia beti bezala aitzina doa, kanpoan nahiz barruan, eta isiltasuna egitate bat da, albiste txar baten igurikapenerako atseden-tarte bat, zeren, ezinbestez, horixe igurikatuko nuke beti, albiste txar bat igurikatuko nuke kafe-etxera inpentsan sartzen den ezezagunarengandik edo telefonoaren txirrinaren ikaratik.

     Kartetan edo dominoan aritzean, dadoak edo txanpon bat jaurtitzean, ahanzturaren itxurapean urduritasun etengabe batek dirau, “ernetasun” klase batek, oharkabeko zaintza batek, izu-ikara hautemanezin batek, zeina betazal eta betseinak mugi eta mugi ari baita begi-epeltze beldurgarri batean.

     Kafe-etxera sartzen den ezezagun orok du azterketa hori pasatu beharra, laurogeita hamar graduko haizemaile ikusezin baten gisan etzanda, karten zirkuluaren gainean edo dominoko fitxen geometria zuri-beltzaren gainean.

     Jokoan ari ez garenean, kokotsak esku-ahurretan txertaturik izaten ditugu. Zigarreta astiro iraungitzen da ezpainen ertzean, eta, orduan..., ustekabean, sufrimendu sorra agertzen da, zer nahi duten ez dakiten erraien nostalgia moduko batek ilunarazten ditu bekokiak, ai nola azaldu desesperazio hori!, kaleetara egiten dugu, apartamentuetara joaten gara, han ez baitira pailardak falta haiekin oheratzeko eta, amesgaizto batean lerdea darigula, jatorri eta xede ezezaguneko min hori arintzeko.

     Denok asperdura izugarri bat baitugu barruan, irain atxiki bat, ukaldi bat non jo ez dakiguna, eta Erlojugilek ostikoka txikitzen du bere andrea, bere gelako gau zikinean arimak min bat ontziratzen diolako, hagin ustel bateko nerbioaren egonezinaren tankerako min bat.

     Eta min horrek, zeina zer hitzekin izendatu ez baitakite, eztanda egiten duenean bihotzean, isilik zegoenak birao bat murduskatzen du, eta, erresonantziaz, besteek ere erantzuten dute, eta, berehala, ordura arte loti elkarte bat ematen zuen mahaia piztu egiten da birao izugarriz eta gorroto zentzugabez, eta, ez jakin nola, antzinako laidoak eta ofentsa ahaztuak azaleratzen dira. Eta, hala ere, ez dira inoiz mutur-joka hasten, beti artekari neurritsu bat egoten delako, garaiz esku hartzen duena eta ele-mele hanpatuz liskarraren ondorioak gogorarazten dituena.

     Ezezagunak eta lagun galduak mahaira iristea diruz ezin ordainduzko festa bat da. Barnealdetik etortzen dira. Probintzietan lapurretan aritu dira. Edo kartzelan egindakoak ordaintzen. Edo trenetan iruzur egiten. Hala ere, burua larru-arras nahiz zapatsu izan, berdin dio: haien kontakizun eta diruek ondo merezia dute egiten diegun harrera; eta orduan zerbitzaria minutu batez tira ahala ibiltzen da. Hainbeste edari eskatzen dituzte zintzurrek. Alaitasun ikaragarri batek eztanda egiten du piztia bakoitzaren barruan, eta, hanpuruskeria ezin azalduzko baten, harrokeria deabruzko baten bulkadari jarraituz, hitz egiten da... Hitz egiten da hiriaren bihotzeko emakume-ehizaz, nola jazartzen zaizkien harresiz kanpoko auzo klandestinoetan beren gordelekuetan; hitz egiten da emakumeak bahitu dituzten etsaien bandekin izaniko liskarrez, erasoez, segadez, lapurretez, eskaladez eta ate apurtuez. Hitz egiten da garraiobide nazionalez “lurralde”ra egindako bidaiez; hitz egiten da kartzelaz, “berlina”n eginiko gau amaigabeez (ziega triangeluar horretan, atxilotua ezin baita etzan edo eseri); hitz egiten da epaileen auzibideez, horiek erosiak dituzten politikariez, poliziakideez eta haien basakeriaz, galdeketez, aurrez aurrekoez, ikerketez eta gertaberritzeez; hitz egiten da zigorrez, minez, torturez, aurpegirako ukaldiez, urdailerako ukabilkadez, barrabilen hertsatzeez, tibietarako ostikoez, atzamar zanpatuez, esku bihurrituez, borren zartadez, errebolberraren ipurdiarekin jotako kolpeez...; hitz egiten da emakume hil, lapurtu, iheslari, inarrosiez...

     Beti hizpide berak: krimena, eroskeria, zigorra, traizioa, basakeria. Zigarroei kea darie astiro. Bekoki bakoitzak oroitzapen txar bat iluntzen du. Tarte batera. Gero, isiltasuna berritzen da. Ezezagunek alde egiten dute haiek aurkeztu zituen konpaia lagun.

     Orduan, begiradek ondoko mahaiak zeharkatzen dituzte, musika-jogailuaz arduratzen den neskarengan pausatzen dira, petardo baten moduko iruzkin labur eta anker batek eztanda egiten du, irribarre hotz batek okerrarazten du ezpainen bat, zeren jakinekoa da norekin elkartzekoa den neska dohakabea, atzetik dabilkionak badaki baita zenbat zafraldi emango dizkion ere, pospolo bat txinpartaka hasten da bi atzamarren artean piztean, eta ke urdinkara astiro goratzen da sabaiko argirantz.

     Ene, zenbat, zenbat gauza kontatzen diren hain hitz gutxitan gau beltz azkengabeotan. Batzuetan Guillermito da kontalaria, besteetan Urrezko Azkazal. Urrezko Azkazalek, esatera, kontatzen du nola zeharkatu zion behin esku-ahurra emakume bati labana txiki batekin.

     Emakumeak berarekin bizi nahi zuen, eta Azkazalek galdetu zion ea bere amodioaren probarik emateko prest zegoen, eta prostitutak galdetu zionean zertan zen amodio-proba hori, gizonak erantzun zion: eskua aizto batekin zeharkatzen uztea, eta emakumeak onartu egin zuen, eskua iltzatu zion mahaiko oholean.

     Maiz izaten dira halako kontakizunak, baina zertarako deitoratu basakeria debaldeko horiek. Denok jakitun gara gure bizitzan, goiz edo berandu, asperturik edo antsiaturik, deitoratzen ez dugun hori baino egitate milatan doilorragoak egin ahalko ditugula. Egia esanda, gure kontzientziek badute zama bat, sentimendu gupidagabe bat, beharbada mendi-basoetako piztia odolgiroak suminarazten dituen borondate basa bera.

     Gainera, kartek berek ere ezin desegin ditzaketen tristura asko ditugu, atorra hertsagarrien gisako asperdurek lotzen dizkigute instintuak, harik eta etsai baten aiztoak edo aspalditik ilunpeetan gure zain dagoen baten balak akabatzen gaituen arte. Zeren badago norbait gutako bakoitzaren zain.

     Honela bizi izan eta gero, ez da harritzekoa isiltasun hain zakar batez beterik egotea: piztiaren mututasuna da, biziak indar madarikatu bat eman baitio, arimaren hondakindegian bakarrik erabiltzekoa.

     Orain, kafe-etxeko mahaian, argi hori, zuri eta urdinen azpian, isiltasuna atsedenlekua da. Pausatu beharra daukagu, gure isileko zitalkeriak, gure krimen hutsalak egokitu daitezen.

     Musikak estali egiten du asperdura. Antzinako tango batek kartzelako une bat gogorarazten digu, beste batzuek emakume batekin topo egin genueneko gaua, beste batzuek txarraldietako une lazgarri bat.

     Tangoa gozakaizten bada, hotzikara batek estutzen digu arima. Orduan, emakume bati aurpegia ukabilka zanpatzearen plazer gorri eta izugarria berritzen da, edo, baita ere, milonga hiltzaile batean eme muker batekin lotu-loturik dantzatzearen gozamena, edo, baita ere, haragi-tratuan sarrarazi gintuen emakumeak eman zigun lehenbiziko dirua, hark ligetatik atera zuen hamar pesoko billetea, guk pozez dardaraka jaso genuena dirua beste batzuekin oheraturik lortua baitzuen.

     Bandoneoien negarrak, ilea nahasten dutenak oroitzapen goxoak ekarriz, gigoloaren bizitzako lehenbiziko emozio gazi-gozoak: emakumea gizon batekin kalean barrena; emakumea mahaian barreka beste hiru gizonekin, lizunkeria eta bristada nagusi; gauean kafe-etxetik apartamendurakoa begien aurrean igarotzen ziren bezeroekin egin duen emakumea, ahapeka xuxurlatutako hitz batzuek piztutako esperantza asetzen duen emozioa: “Itxaron apur batean, maitea, laster libratuko naiz eta”.

     Tangoak antigoaleko bozkarioen oroitzapenekin apaintzen digu arima: denen emakumea oilarturik bere diruaren hartzailea ondoan duela, jendea guri begira pasatzean, ergelak gure solasen pornografiarekin harriturik, bilerak neska lagunen geletan, ohiko aurkezpenak: “Hau nire senarra duzue”.

     Arratsalde euritsuak sakabanaturik mate-erronda luzeen artean, musika-jogailua bazterrean, opilen azpila zokoraturik gomina-potoen artean. Emakumeak kalea zaintzen badu, arauzko agurra lauretan, “gero arte, maitea” hori, “kontuz hedexuriekin, neskato” hura, eta emakumeak, agurtzean, aurpegiera xelebre bat du beti, ia minezkoa lanbidean hastean, baina, borondatearen ahaleginez, soraiotasunezko maskara batez estaltzen du aurpegia, eta ziztuan beste norbait bihurtu eta oinezkoekin nahasten da maribidetakoen urrats motelean. Berehala honelako kezkak datozkio norberari burura: “Seguru gaur harrapatzen dutela” edo “Ikusiko al dut berriro?”.

     Horregatik, kafe-etxeko mahaian isilik gaudelarik, telefonoaren txirrinak jotzen duenean, izu-ikarak mugiarazten dizkigu buruak, eta guretzat ez bada, argi zuri, gorrizta edo urdinen azpian, Urrezko Azkazalek aharrausi egiten du eta Guillermito Lapurrek irain bat murduskatzen du, eta halako goibeldura bat sartzen zaigu begietatik, kalerik goibelenek ere ez dutena beren lokatzezko sakoneretan, bitartean kalerako beirate lodiaz harago emakume zintzoak gizon zintzoen besoetatik helduta igarotzen direla.

 

 

(1) Lata: bezeroaren diruaren truke nagusiak prostitutari ematen zion metalezko fitxa.

(2) Locro: artoz edo gariz egindako gisatua, okelaz, patataz, espeziaz eta abarrez gozatua.

(3) Chinchulín: abelgorri edo ardien heste mehar txirikordatua, erreta jaten dena.

(4) Filomisho: iruzur egiteko makina, eskuz egina eta jendeari dirua ekoizten zuela sinetsarazteko erabilia.

 

Piztiak
Roberto Arlt

1933
euskaratzailea: Iñigo Roque
armiarma.eus, 2013