Ardantzila (Vendémiaire)
Guillaume Apollinaire

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

Oroit nitaz etorkizuneko gizonok

Erregeak amaitu ziren garaian bizi izan nintzen

Tristerik eta isilik hiltzen ziren banan-banan

Eta hiru aldiz kementsu Trimegisto bana

Bilakatzen ziren garaian bizi izan nintzen ni

 

Ederra zela Paris irailaren azkenean

Gauak oro mahasti bilakatzen ziren

Non hostoek hirian barna hedatzen zuten beren argitasuna

Eta goian hegazti hordiek mokokatu izar umotuek

Goizalbako ardantza espero zuten nire loriatik

 

Arrats batez kai mortu eta ilunetan

Auteuiletik etxera nentorrela ahots bat entzun nuen

Kantari isildu egiten zena tarteka

Senaren bazterretara ere hel zedin

Beste ahots garden eta urrunen auhena

 

Eta gauean luzaz egon nintzen adi Parisen kantuak

Iratzartzen zituen kantu eta oihu haiei denei

 

Egarri naiz Frantziako Europako eta munduko hiriez

Zatozte denak neure eztarri sakonean isurtzera

 

Orduan ikusi nituen Parisek mahastian hordi

Lurreko mahatsik gozoenak trillan kantari zeuden

Bihi miragarri horiek biltzen zituela

 

Eta Rennesen erantzuna Quimperrekin eta Vannesekin

O Paris hemen gauzkazu Gure etxeek gure biztanleek

Eguzkiak erditu zentzumenon mahatsek

Beren burua ematen dizute zu asetzearren mirestasun asegaitz

Garun hilerri harresi guztiak dakarzkizugu

Ez entzuna eginen diezun garrasiz bete sehaska horiek

Eta iturburutik arroara gure gogoetak o ibaiok

Ikasleen belarriak eta gure esku batuak

Eri luzeko eskuak kanpandorreak

Eta galanteriaren misterio adeitsu honek

Beste bizi baten misterio fatal fatal honek

Ateak etxea bezala misterioak ixten duen

Arrazoi zalu hau ere badakarkizugu

Edertasunaz haratago dagoen biko misterioa

Eta ez Greziak ez Ekialdeak ezagutu dutena

Itsasoak kontinente zaharra uhinez uhin

apurka irentzen duen Bretainiaren biko arrazoia

 

Eta iparraldeko hiriek alegeraki arrapostu

 

Paris hemen gauzkazu zeure edari bizidunok

Gure atelier santuen metalezko santuek

Txio eta txirula egiten duten hiri bulartsuak

Behiala Ixion mekanikoak egin zuen bezala

Agerian ernaritzen dituzte hodeiak gure kebideek

Eta zenbatu ezinezko gure eskuok

Atelierrok manufakturok lantegiok eskuok

Non gure hatzen antza daukaten langile biluziek

Orduko hainbestean fabrikatzen duten erreala

Hori dena dizugu emanen

 

Eta honela erantzun zuen Lyonek otoitzen zetaz

Zeru berri bat ehuntzen zutela Fourvièreseko aingeruek

 

Ase hadi Paris Rhône eta Saône ezpain neureok

Marmarikatzen dituzten jainkozko hitzokin

Beren pizteko hiltzearen kultu berdina beti

Sakabana itzazu santuak hemen eta egizu odoleuri

Zorioneko euri o tanta epel o mintasun

Haur bat dago beha zabaltzen diren leihoei

Eta hegazti hordietara eskaintzen diren buru mulkoei

 

Midiko hiriek arrapostu orduan

 

Paris noblea oraino bizi zaren arrazoi bakarra

Gure umorea erabakitzen duzuna zeure patuaren arabera

Eta erretiran zaren zu Mediterraneo

Egin itzazue erdibana gure gorputzok hostiak hausten diren gisan

Amodio ezin goragoko hauek eta beren dantza umezurtza

Zuk maite duzun o Paris ardo garbia dira bilakatuko

 

Eta Siziliatik zetorren dardara mugabako batek

Hitz hauek egin zituen hegoak inarrosiz

 

Bilduak ditugu gure mahastietako mahatsak

Eta odolaren lurraren eta gatzaren dasta daukaten

Bihi luzexkako hildakoen mulko hauek

Zure egarrirako dira o Paris

Ixion sortzaile zeharrak laztantzen dituen

Hodei gose hamikatuek ilundu zerupekoa

Eta Afrikako bele guztiak itsaso gainean jaioko direna

O mahatsok Eta begi leun eta senideartekook

Etorkizuna eta bizia aspertu egiten dira trillotan

 

Baina non da itsaslaminen behako argitsua

Hegazti horiek maite zituzten marinelak tronpatu zituen

Ez da berriz itzuliko hiru ahots leun eta jabal

Abesten zuten Eszilako uharrira

 

Estugunea itxuraz aldatua zen tanpez

Haragiaren uhinaren irudika litekeen

Ororen aurpegiak zuek ez zarete

Mozorrotu begitarteen gaineko mozorrotu aurpegiak baizik

 

Irri egiten zuen igerilari gazte bazterren artean

Eta itotakoak uhin berriaren azalean

Egiten zuten ihes haren gibeletik auhenezko kantariek

Adio esan zieten zurrunbiloari eta uharriari

Terrazetan etzanik zeuden beren senar zurbilei

Gero eguzki erregarrirantz hegan altxaturik

Haien ondotik joan ziren izarrak hondoratzen diren uhinean

 

Begi zabalduz estali zerua itzuli zelarik alderrai

Herensugeak neguan histu egin zuen alderdira

Eta nik ustekabean zure ahots larderiatsua entzun nuelarik

O Erroma

Nire antzinako pentsamenduak oro

Eta patuek amodioa gidari duten zerua aldi berean madarikatzen

Gurutzearen zuhaitzean berrernatu hostotxoek

Baita Vatikanoan hiltzen ari den lis loreak ere

Eskaintzen dizudan ardoan beratzen dira

Zuk ez badakizu ere bertuterik gorena den

Beste askatasun begetal bat ezagutzen duenaren

Odol garbiaren dasta daukana

 

Hiruerreinuko koroa jausi da lauzen gainean

Hierarkek sandaliapean dute zanpatzen

O zurbiltzen ari den distira demokratikoa

Badator abereak hilen dituzten errege gaua

Otsemea axuriarekin arranoa usoarekin

Errege etsai eta anker aldra bat

Zu bezala egarri mahasti eternalean

Azalduko dira lurretik eta airez aire helduko dira

Bitan mila urtekoa den ene ardoa edatera

 

Isilean batzen dira Mosela eta Rhin

Europa da gau eta egun otoitzean Koblentzan

Eta ni Auteuileko geltokian berant arte zain

Sasoia heldutakoan mahatsondoaren hostoak bezala

Jausten ziren orenak aldizka entzun nuen

Ibai haien gardentasuna batzen zuen otoitza

 

O Paris gure bazterretan sortzen dena baino

Hobea da zure herrialdeko ardoa baina iparraldeko mahastietan

Bihiak oro umotuak dira egarri erregarri honetarako

Odoletan dira dolarean gizonezko sendo mulkoak

Zangada luzetan edanen duzu Europaren odola

Ederra zarelako eta zeu zarelako nobela bakarra

Zugan besterik ez litekeelako Jainkoa gerta

Eta nire mahastizainak oro gure urbietan

Beren argiak islatzen dituzten etxe eder hauetan

Etxe eder biziro zuri-beltzetan

Zure loria daude kantari jakin gabe zeu zarela errealitatea

Baina gure esku likidoak baturik otoitzerako

Gatzagara daramatzagu ur menturazaleak

Eta hiriak gure erdian aiztur erdian iduri

Ez du lo delarik ezein argirik islatzen bere urbietan

Non histu urrunen bat sortzen den aldiz

Koblentzako neskatila eztien atsedena hautsiz

 

Ehunka eman zuten hiriek arrapostu orain

Nik ez nituen bereizten ahal ele urrunak

Eta Treveris hiri zaharrak

Bat egin zuen berea haien ahotsarekin

Ludi osoa ardo honetan kontzentraturik

Itsasoak abereak landareak

Hiriak asturuak eta kantari ziren izarrak

Gizonak belauniko zeruaren ertzean

Eta burdina otzana gure lagun prestua

Geure burua maite dugun bestean maite behar den sua

Nire bekokiaren azpian oro bat diren hildako fierrak

Sortzen ari den gogoetak bezala argitzen duen oinaztura

Izen guztiak seinaka izen guztiak banaka

Garrak lez bihurritu kiloka paper

Eta gure hezurdurak zuritzen jakinen duten haiek

Pazientziaz aspertzen diren zizare zintzo hilezkorrak

Batailarako lerrotu armadak

Gurutze basoak eta nire aintziretako egoitzak

Hainbeste maite dudan horren begien kantailean

 

Ahorik gabe oihu dagiten liliak

Eta esaten ez dakidan oro

Inoiz ezagutuko ez dudan oro

Paris egarri zen

Hau dena hau dena

Azaldu zitzaidan orduan ardo garbi bilakatua

 

Eginak egun ederrak logura izugarriak

Berdura Gurutzamenak musika eternalak

Higidurak Gurpenak jainkozko oinazea

Elkarren antza duzuen eta gure antzekoak zareten munduok

Edan zaituztet eta ez ninduzuen ase

 

Baina geroztik badakit nolako dasta daukan ludiak

 

Hordirik naiz ludi osoa edanda

Uhina isurian eta bailandrak lo ikusten nituen kai haren gainean

 

Entzun iezadazue Parisen eztarria naiz

Eta nahi izanez gero berriz edanen dut ludia

 

Entzun itzazue nire luditar hordikeriazko kantuok

 

Eta iraileko gaua bazihoan astiro

Senaren zubietako argi gorriak itzaltzen

Izarrak hiltzen ari ziren eguna doirik sortzen

 

Ardantzila (Vendémiaire)
Guillaume Apollinaire

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013