Inguru (Zone)
Guillaume Apollinaire

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

Funtsean hastio duk antzinako mundu hau

 

O Eiffel dorrea, artzaina, goiz honetan marrakan ari zaizu zubietako artaldea

 

Hastio duk Erromako eta Greziako antzinatean bizitzea

 

Hemen beribilek ere antzinakoak dirudite

Erlijioak bakarrik dirau berri erlijioak

Port-Aviationeko hangarrak bezain sotil dirau

 

Europan zeu zara antzinako ez den bakarra, o Kristautasun

Europar modernoena zara zu Pio X aitasantua

Eta leihoek zelatatzen hauten horri ahalkeak eragozten dik

Elizaren batean sartu eta goiz honetan bertan aitortza egitea

Ozenki abesten duten prospektuak katalogoak afixak irakurtzen dituk

Horra hor poesia goiz honetan prosarako egunkariak zaudek

Polizia menturez beteriko 25 xentimoko folletinak

Gizon handien biografiak eta bestelako milaka titulu

 

Izena ahantzi zaidan karrika polit bat ikasia naiz goiz honetan:

Berria eta garbia eguzkiaren turutaria zen

Zuzendariak langileak eta esteno-daktilografo ederrak

Bertan ibiltzen dira astelehen goizetik larunbat arratsaldea arte

Goizez marru dagi sirenak bertan hiru aldiz

Ezkila amorratu batek zaunka dagi bertan eguerdiz

Iragarkietako eta hormetako idatziek

Gaztiguen plakek loroen gisa dagite garrasi

Maite dut Aumont-Thiéville eta Termes Etorbidearen artean

Parisen dagoen karrika industrial honen grazia

 

Horra karrika gaztea eta hi ez haiz haur txipi bat besterik oraino

Amak zuri-urdinez janzten hau beti

Hagitz elizkoia haiz eta hire adiskide mamienarekin René Dalize

Ez duzue deus maiteagorik Elizaren ponpezia baino

Bederatziak dituk gasa apaldu da oro urdin gordeka jalgi zarete logelatik

Otoitzean eman duzue gau osoa ikastegiko kaperan

Amatistazko sakontasun gurgarriak

Kristoren loria gartsua azkenik gabe itzulikatzen duen artean

Denok zaintzen dugun zitori ederra da

Haizeak amatatzen ez duen zuzi ilegorria da

Ama doloretakoaren seme zurbila da

Otoiz guztien zuhaitz beti hostotsua da

Ohorearen eta eternitatearen biko urkabea da

Sei adarreko izarra da

Ostiralean hil eta igandean pizten den jainkoa da

Zerura hegazkinlariek baino hobekiago igotzen den Kristo da

Munduko errekorra dauka goitasunean

 

Begi ni ni Kristo

Ederki moldatzen da mendeen hogeigarren nini

Eta hegazti bihurtutik mende hau Jesus gisa da igotzen airean

Osinetan deabruek burua jaso dute ikustearren

Judeako Simon Magoa halakotzen duela diote

Oihu egiten dute hegoduna baldin bada esan diezaiotela egolatra

Aingeruak itzulipurdika ari dira hegalari politaren itzulian

Ikaro Enok Elias Tianako Apoloni

Airean igeri lehen hegazkinaren itzulian

Aldizka aldendu egiten dira

Eukaristia santuak dakartzanak iragaten uzteko

Hostia goitituz eternalki goititzen diren apaiz horiek

Hegazkina pausatu egin da azkenik hegoak bildu gabe

Milaka ainaraz bete da orduan zerua

Hegaldi batean datoz beleak aztoreak hontzak

Afrikatik heldu dira ibisak flamenkoak marabuak

Kontalariek eta poetek famatu Rok hegaztia arakan da

Erpeetan Adanen kaskezurra daukala lehen burua

Arranoa hodeiertzetik dator garrasi handia eginik

Eta Ameriketatik kolibri txipia

Txinatik pihi luze-zaluak heldu dira

Hegobakarrak direnez bikoteka hegaldatuz

Gero hona hemen usoa espiritu orbanbakoa

Lira-hegaztiak eta pauma orbandunak eskoltatua

Fenixa bere burua sortzen duen sute hori

Oro estali du une batez bere errauts erregarriarekin

Estugune arriskutsuak gainditurik itsaslaminak

Dotore kantari heldu dira hirurak

Eta denak arranoa fenixa eta Txinako pihiak

Haurridetu egin dira makina hegalariarekin

 

Orain Parisen barna hoa inor gabe jendetzaren artean

Autobus artalde marrakariak zabiltzak hire saihetsetik

Amodioaren larritasunak zintzurra estutzen dik

Sekula gehiago maitatua izan behar ez bahu bezala

Antzina batean bizi bahintz lekaidetxe batean sartuko hintzateke

Zuek ahalke izaten zarete zeuen burua otoitz baten egiten harrapatzen duzuenean

Hik algara egiten diok heure buruari eta Infernuaren suak pindartzen dik irria

Hire irriaren pindarrek bizitzaren hondoa diate urreztatzen

Museo ainube batean eskegi koadroa duk

Eta hurbildik ikustera joaten haiz aldizka

 

Egun Parisen barna hoa emaztekiak odoleztaturik zoazak

Hala zuan eta nahiago nikek ez oroitu hala zuan edertasunaren iluntzean

 

Gar suharrek inguratua Andre Mariak so egin dik Chartresen

Zure Bihotz Donearen odolak ito egin nau Montmartren

Dohatsutasunen entzuteak gaixotu egiten nau

Nik nozitzen dudan maitasuna eritasun ahalkegarria da

Eta jabetzen zaian irudiak bizirik iraunarazten dik logalduan eta larriminean

Hire saihetsetik iragaten da beti irudia

 

Orain Mediterraneoaren bazterrean hago

Urte osoan loretan diren zitroinondoen gerizpean

Txalupan promenatzen haiz lagunekin

Bat Nizakoa duk beste bat Mentonekoa eta bi Turbiekoak

Ikaraz gaudek beha sakonduretako olagarroei

Eta gorbelen artean zabiltzak igeri Gaizkatzailearen irudi diren arrainak

 

Praga inguruko ostatu baten lorategian hago

Oro zorion haiz larrosa bat mahai gainean

Eta prosazko ipuin hori idatzi ordez

Larrosaren barnean lo den kakarraldoari hago beha

 

Izuturik ikusten duk heure burua San Viteko agatetan marrazki

Ezin gehiagoan hintzen aspertua ikusi hindudan egunean

Egunak ikaratu Lazaro iduri haiz

Juduen auzoko ordulariaren orratzak gibelka zoazak

Eta hik ere gibelera egiten duk poliki heure bizitzan

Ilunabarrean Hradschineko muinora igota

Tabernetan kantatzen dituzten Txekiako abestiak entzunez

 

Hona hi Marseillan angurrien erdian

 

Hona hi Koblentzan Erraldoiaren Ostatuan

 

Hona hi Erroman Japoniako mizpirondo baten gerizpean jesarria

 

Hona hi Amsterdamen heuk ederra ikusten duan eta zatarra den neskarekin

Leydeko ikasle batekin ezkondu behar dik

Gelak alokatzen ditiztek cibicula locanda latinez

Ongi diat akorduan hiru egun eman nitian bertan eta beste horrenbeste Goudan

 

Parisen hago instrukzio epailearenean

Kriminal baten gisan sartu haute morroilope

 

Bidaia mingarriak eta alegerak egin dituk

Gezurra eta adina atzeman aitzin

Maitasunak sufrikariotan eduki izan hau hogei eta hogeita hamar urteko

Zoro moduan bizi izan nauk eta denbora lardaskatu diat

Ez haiz ausartzen hire eskuei behatzen eta negar-zotinka hasi nahi nikek une oroz

Hiregatik maite dudanarengatik izutu egin hauen guztiarengatik

 

Etorkin dohakabe hauei beha hago begiak betean

Jainkoa sinesten ditek otoitz egiten ditek emaztekiek titia ematen zietek umeei

Saint Lazare geltokiko halla betetzen ditek beren usainarekin

Fedea ziotek beren izarrari errege magoek bezala

Argentinan dirua irabaztea espero ditek

Eta sorterrira itzultzea aberasturik

Familia batek lumatxa gorria darama zuk zeure bihotza eramanen zenukeen bezala

Hala berean ditiagu irrealak lumatxa hau eta gure ametsak

Bertan dituk gelditzen etorkin hauetarik batzuk

Eta Rue des Rosiers edo Rue des Écouffesen jartzen dituk bizitzen mandio zokoetan

Ardura ikusi izan ditiat gauez karrikan hartzen ditek arnasa

Eta noiztenka baizik ez dituk higitzen xakeko piezak iduri

Juduak dituk gehienak ile atxikorra zaramatek emazteek

Dendaoste zokoan geratzen dituk jesarririk odolge

 

Taberna narras baten zinkaren aitzinean hago zutik

Bi soseko kafea hartzen ari haiz dohakabeen artean

 

Jatetxe handi batean haiz gauean

 

Emazteki hauek ez dituk gaiztoak beren arrangurak ditiztek alabaina

Denek baita zatarrenak ere sufrikariotan eduki ditek amorantea

 

Jerseyko udaltzain baten alaba duk

 

Gogortuak eta arrailduak ditik ikusi gabeak nizkion eskuak

 

Ezin esan ahalako urrikia zieat bere sabeleko josturei

 

Irri lazgarriko neskatila gaixo bati umiliatzen zioat ene ahoa

 

Bakarrik hago badator eguna

Esneketariek txilintxa eragiten zietek marmitei karriketan

 

Gaua urruntzen ari duk neska mestizo eder baten antzera

Ferdine faltsua edo Lea adeitsua

 

Eta alkohola duk edaten hik erregarri nola heure bizia

Bizi-ura bezala edaten duan bizia

 

Auteuil aldera hartu duk oinez etxera nahi duk

Hire Ozeaniako eta Gineako fetitxeen artean lo egin

Beste molde bateko eta beste sineste bateko Kristoak dituk

Esperantza ilunen Kristo merkeak dituk

 

Adio Adio

 

Eguzki lepo lepatua

 

Inguru (Zone)
Guillaume Apollinaire

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013