Alcools (1913)
Guillaume Apollinaire

sarrera
armiarma.eus, 2013

 

     Elkarren sarraskia egiteko prestatzen ari ziren europarren artean, paradoxa da, artea eta literatura mugaz gaindi zebiltzan Parisetik Moskura, Erromatik Londresera edo Berlinera. Der Sturm aldizkari alemanak frantsesezko eta italierazko testuak argitaratzen zituen. Amsterdam, Praga, Budapest, Brusela erreferentzia lekuak ziren kubismoan eta banguardiako literaturan. Kosmopolitismo honen eredu behinena dugu Guillaume Apollinaire, bai biografiaz, bai obra egiteko hartzen duen material anitz eta ugariaz: Alcools (1913) norabide askotan egin litekeen bidaia handia da. Hogeigarren mendeko poesiari modernotasunaren atea zabaldu behar zion liburu hau hamabost urteko ibilbide poetikoaren bilduma dugu, sinbolismoaren amaieran hasi eta "espiritu berriaren" bilaketarainokoa. Aski zukeen hori, seguruenik, liburu enblematikoa izateko. Alabaina, Apollinairek bi poema berri eta luze erantsi zizkion, Inguru (Zone) hasieran eta Ardantzila (Vendémiaire) amaieran, funtsezkoak izanen zirenak bildumaren interpretatzeko ez ezik abiatua zen poemagintza berritzailea hedatzeko. Apollinaire ez zen bakarra izan espiritu aitzinatzaile hau kantatzen eta mamitzen, baina bai talentu handikoena bere garaiko poetetan.

     Kritikak aski hotz hartu zuen Alkoholak. Baina poeta gazteek, Cocteauk, Cendrarsek, Reverdyk, Aragonek, Soupaultek, Bretonek inspiratzailetzat jo zuten Apollinare, "magotzat".

 

 

INGURU

Zone

 

     Grezieraz "gerrikoa" dugu Zone: egunaren hasieraren eta biharamun goizaren arteko lotura, mundu berriaren eta antzinakoaren muga, hiriaren esparrua markatzen duen ertza... Euskaraz Inguru eman dugun hau hiriaren eta bizimodu berriaren apologia da: Sena gaineko zubietan dabiltzan auto taldeek Eiffel dorrea dute artzain... Hiriaren bizitza presatuak bestelako idazketa bat dakar noski: puntuaziorik ez, errimarik ez, estrofarik ez, gaiaren garapen jarraiturik ez... Aldi-lekuak, espazio-denbora ardatzak, era anarkikoan antolatzen dira Inguru poeman, jauzi handiak eginez, kubismoak oinarri duen aldiberekotasunean. Horrela, poemaren protagonista egilea bera izaki, bere buruarekin daukan solasa eskaintzen digu Apollinairek, batera delarik hartzaile (hitanotasuna) eta esale (nitasuna). Alternantzia hau argi-ilunarena ere bada, egun-gauarena, baikor-ezkortasunarena... Inguru aberatsa da forman, baina baita funtsean ere: gai asko biltzen ditu, irudiek argitasun berezia ematen diote esanari, eta sinboloen ugariak adieren aniztasuna dakar.

 

 

ARDANTZILA

Vendémiaire

 

     Irailaren 22tik urriaren 21era doan tartea da ardantzila, ardantza egiteko, mahatsa biltzeko hila, eta udazkenaren hasiera Iraultzaren egutegian. Inguru poema bezala, modernitatearen idazketa dugu Ardantzila: mundu berri baten etorrera ospatzea, eta aldi berean modernitate horri dagokion estetika lantzea. Egilearen nolabaiteko biografiak egituratzen baldin bazuen Inguru, Europako hiriek dute moldatzen Ardantzila, Parisera egiten duten erromesaldian. Parisi egindako himnoa ere bada, eta horretan laster odoletan lehertuko zen nazionalkeriaren zantzu literarioa izan liteke. Europako hirien polifonia Paris laudatzeko da, Paris baita hirietan hiriena, ederrena, erlijio berria. Bestalde, Alkoholak tituluaren argibide gisakoa zaigu poema: egarria bizitza irensteko gogoa, premia da, jakin eta dastatu beharraren sinonimoa. Edatea bizigarri da, betetasun baten bilaketa, eta, azken finean, inspirazio poetikoaren irudia.

 

Alcools (1913)
Guillaume Apollinaire

sarrera
armiarma.eus, 2013