GIZAKIAREN ESPEZIEA
Robert Antelme

L’espèce humaine, 1946
[zatia]
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017

 

      Gaston Riby hogeita hamarraldia gertu zeukan gizona genuen. Irakaslea zen. Itxura gotorra zeukan masailezur zabalekin. Bera ere zaun-kommandotik iragana zen, gero lantegitik.

      Garai hartan, meatzea esaten zioten batean aritzen zen beste zenbait lagunekin. Beren barraka muinoaren orpoan zeukaten SSkoek zularazten zieten tunel-aterpe bat zen. Meatzeko gizonak lurrez estaliak eta leher eginak azaltzen ziren arratsero. Guk, transport-kolonnean hartzen ahal genituen kolpeak arren, ez geneukan haien antzik. Gu saia gintezkeen kolpeak ekiditen, lantegian bertan geldialdiren bat hartzen ordu betez edo biz. Haiek tunelean zeuden eta lurra atera behar zuten goizetik gau, sabelean goizeko ogi koskorra besterik ez zutela.

      Gaston itzultzen zelarik blockera, ozta izaten zuen indarrik bere salda hartzeko, eta berehala urruntzen zen kamainan etzatera, itxi egiten zitzaizkion begiak. Hala ere, uztarriko abere bihurtua zuten hari ezin izan zioten eragotzi pentsatzea muinoan aitzurka ari zelarik, ezta belarrietan luzaz geratzen zitzaizkigun hitzekin astun mintzatzea ere.

      Ez zen bakarra tunelean, baziren haren ondoan aitzurrean aritzen ziren beste batzuk ere eta lurra garraiatzen zutenak, eta hark bezala, goizean apur bat indartsuago jaikitzen zirenak arratsean baino. Kontramaisu zibilak paseatzen ahal zuen bere Volksturm usteko kapota eta bere bibotetxo beltza, eta oihu egiten ahal zuen, eta lana areagotu, baina ezin zuen eragotzi gizonek hitzak pasatzea batak besteari.

      Hitz gutxi, bestalde; ez zen solasaldia gizon haiek burutzen zutena, meatzeko lana ez baitzen talde jakinetan egiten, eta inork ezin zuen lagun beraren ondoan egon zenbait orduz jarraian. Esaldiak aitzurketa lanak mozten zituen, eskorgaren joan-etorriak. Eta sobera nekagarria zen zinezko hizketaldi bat egitea. Esatekoa hitz gutxitan esan beharra zegoen.

      Hauxe izan zen Gastonen esatekoa:

      — Igandean zer edo zer egin beharko da, ezin dugu horrela geratu. Irten egin behar dugu gosetik. Hitz egin behar diogu jendeari. Batzuk amildegian behera doaz, burua galtzen dute, etsiak hartuak daude. Badauzkagu ahaztu egin dutenak ere zergatik dauden hemen. Hitz egin beharra dago.

      Tunelean haren jarduna, eta horrelaxe uztarriko abere batik beste uztarriko abere batera. Horrenbestez, hizketa bat ehotzen zen, eta ez zen iraina edo sabeleko pokerra, ezta zakurren zaunka jan kondarren askaren inguruan ere. Hizketa hark aldea egiten zuen gizakiaren eta lur lohi horiaren artean, desberdindu egiten zuen, ez lurrean urtua baizik lurraren jabe, baita bere sabel hutsaren zakutik urruntzeko jabe ere. Meatzearen bihotzean, gorputza makur, burua itsustua, zabaldu egiten zuen mundua.

      Gero eta ilunagoa zen blocka. Baten batzuk egur labearen inguruan berotzen. Gainerakoak beren kamainetan etzanik. Bazekiten arratsalde hartan “zer edo zer” gertatuko zela, eta esperoan ziren. Gaston lagun batekin abiatua zen burdinbideko ezpondatik ekarria genuen panelaren bila. Itzuli zirenean, bi literaren lehen solairuaren gainean ipini zuten panel lokaztua, stube-ko atearen ondoan. Horixe zen taulada. 

      Oso ilun zegoenez, Gastonek makina-olioz betea zen metalezko lata bat, metxatxo bat trenpatuz, ipini zuen literen zutoin baten gainean, eta kriseilu gisa piztu. Horrela argitan edukiko zuten panelaren gainean izango zen laguna.

      Isilik ziharduen Gastonek. Besteek, beren kamainetatik, burua jaso eta begiz hartzen zituzten Gastonen eginak. Egur labearen inguruan zeudenek, egosten ari ziren jan hondarrei kontu egiteari utzi gabe, begiratu bana ematen zieten tarteka tauladari eta olio kriseiluari. Francisek ere hartu behar zuen parte. Poemak esan behar zituen. Tauladatik gertuen zegoen kamainan zen jesarria eta, burua esku artean, esan behar zuen poema murmurikatzen ari zen.

      Ezagutzen zituzten poemak gogora ekartzen saiatzeko, eta saiatzeko transkribatzen ere eskatua zien lagunei, lehenago, Gastonek. Haietako bakoitza, arratsean, kamainan luze, saiatu egiten zen gogoratzen eta, lortzen ez zuenean, lagunen batengana jotzen zuen. Horrela, poemak osorik berrosatu ahal izan zituzten indar batuketa ere bazen oroitzapen batuketaz.

      Lancelot-ek —batzar honen aurretxoan hila zen marinel batek— lantegiko biltegian  aurkitu zituen kartoi pusketan transkribatu zituen poemak.

      Tauladara igo zen Gaston. Ozta argitzen zuen haren figura olio kriseiluaren gar txikiak. Txanoa kendua zuen eta bere burua karratu baten antzeko ageri zitzaion, hezurtsu, masailik gabeko aurpegia lehertuz. Bere uniforme marraduna zikina zegoen, zapatak lohitan. Gaston are astunagoa zirudien plantxa hartan zutik. Ez zekien zer egin gorputzean behera luze uzten edo bata bestean igurzten zituen eskuekin. Lagunek solasean jarraitzen zuten ahapetik, baina orain, Gastoni begira zeuden.

      Hauxe esan zuen Gastonek gutxi gorabehera:

      — Kamaradok, pentsatu dugu beharrezkoa zela baliatzea honelako eguerdi bat elkarrekin apur bat egoteko. Ez dugu elkar ezagutzen, haserretu egiten gara, goseak gaude. Irten egin behar dugu horretatik. Aberetu egin nahi gaituzte inork, inork diot, suma ez ditzakeen baldintzetan biziaraziz. Baina ez dute lortuko. Badakigulako non gauden, badakigulako zergatik gauden hemen. Frantzia libre da baina gerrak jarraitu egiten du, hemen ere jarraitzen du. Batzuetan gertatzen baldin bazaigu geure burua ez ezagutzea, horixe da gerra honen prezioa, eta eutsi egin behar diogu. Baina eusteko, gutako bakoitzak bere barnetik irten behar du, guztion ardura izan behar du norberak. Geneukan guztia kendu digute, baina ez gu garena. Bizirik gaude oraindik. Eta orain badator azkena, hurbil da, baina azkeneraino eusteko, horiei aurre egiteko eta mehatxuka daukagun utzikeria honi aurre egiteko, eutsi egin behar diogu eta elkarrenagana egon behar dugu denok.

      Gastonek hats batez esan zuen hori, hitz egin arau zorrotzagotu egin zen ahotsean. Dena gorri zegoen eta tinko behatzen zuten bere begiek. Lagunak ere tinko zeuden, eta txalo jo zuten. Lege arruntekoek harrituak ziruditen, eta ez zuten ezer esan. Hitz haiek astun jotzen zuten blockean. Urrundik baletoz bezala. Ahaztu egin genuen salda, ez genuen hartaz pentsatzen. Eta nork bere buruari bakarrik esaten ahal zion hark indar berezi bat hartu zuen, ozen esan zelako, guztiontzat.

      Gaston tauladatik jaitsi eta berriro igo zen lagunek poemak kantatu eta errezitatuko zituztela jakinaraztearren. Francis anuntziatu zuen aurrena. Plantxaren gainera igo zen Francis. Txikia zen, argala zen Gastonen aldean. Berak ere kendua zuen txanoa. Burezurra Gastonek baino zuriagoa zeukan eta itxura are meheagoa. Txanoa eskuan zeukan eta ahalke zela zirudien. Horrela geratu zen une batez, isiltasunaren zain, baina solasek jarraitu egiten zuten blockearen hondoan. Hasi egin zen haatik.

      — Zorionekoa, Ulisesek bezala bidaia eder bat egin duen hura...

      Oso poliki esana, ahots monokorde eta ahulean.

      — Gorago! —egin zuten oihu stubearen hondokoek.

      — Eta gero zuhurtziaz eta esperientziaz beterik zen itzuli...

      Francis saiatzen zen gorago esaten, baina ez zen iristen. Zirkinik ez, itun, begiak finko. Zaun-kommandoaren neguak trenpatua zen; baita bere ahotsa ere, ezindua. Arreta osoa hitzak ondo ebakitzen eta esanari erritmo bera ematen jarria zeukan.

      Azkeneraino iraun zuen zurrun, larri, gauzarik bitxienak, sekretuenak esan behar balitu bezala; bazirudien beldur zela poema, bat-batean, ahoan hautsiko ote zitzaion. Bukatu zuenean txaloak jo zizkioten hari ere, urrunegi ez zeudenek.

      Francisen ondoren, kantu bat kantatu zuen Jok.

      — Gotorlekutan, lekutan...

      Jok, ordea, ahots sendoz kantatzen zuen, apur bat lodi eta sudurkari aldi berean. Arrakasta handia izan zuen Jok eta horrek berotu egin zituen besteak ere kantatzera etortzeko. Pelava, gu baino askoz zaharragoa eta hanka bietan edema zeukana, kamainatik nola edo hala jaitsi eta La Toulousaine kantatzera etorri zen. Bonnet, hura ere gu baino zaharragoa, Le Temps des Cerises kantatzera etorri zen.

      Bata bestearen atzetik panelaren gainera. Blocka argitan zen. Halako batez, egur labea hantxe geratu zen bakarrik. Ez zeukan jan kondarrik gainean. Lagunak bilduak ziren tauladaren ingurura. Hasieran kamainetan etzanda geratu zirenak jaiki egin ziren. Orduan inor sartu izan balitz blockean, ikuskizun bitxia edukiko zuen. Barrez ari ginen denak.  

 

GIZAKIAREN ESPEZIEA
Robert Antelme

L’espèce humaine, 1946
[zatia]
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017