ERABATEKO KANTUA ASKATASUNARI
Marcos Ana

Canto absoluto a la libertad
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016

 

Jo ezazue tartean behin zaurian;

ez utzi zarratzen.

Isur dezala odol freskoa minak,

bizi dadila betirako negarra erroan.

Hegan hasten bada, ekin oihuka

eta gogora egiozue zer egin duen:

ez dezala ahantz!  

Botaizkiozue zokor ilunak muturrera,

eta hitzean berriro loreak sortzen bazaizkio,

zapal ezazue haren izerdi gorria,

zurbil hazi arte, hildakoaren eskuak bezain.

Ebaki ezazue: ez dakiola ager

zapaldutako musikaren bihotzik.

Hori baita zuen legea, hain arrotza zaidana:

ibai bat ilargiarekin mintzatzeko harrotzen bada,

jarriozue barradera ilun bat.

Urruntasuna ahaztuta izar bat mutiko baten

ezpain heltzakan sehaskatzen bada,

sala ezazue astroen aurrean. 

Orkatz batek askatasuna eta basoa edaten baditu

lotu txakur baten moduan.

Arrainen bat badago urik gabe bizitzen ikasi duena

ukaiozue urertza eta lehorra.

Goizalba argitasun higatuz zabaltzen bada,

jarri gauaren hosto berdeak haren begietan.

Haizearen bihotza duen gizonik bada,

bete egiozue harriz

eta hondoratu belauna bularraren erdian. 

 

ERABATEKO KANTUA ASKATASUNARI
Marcos Ana

Canto absoluto a la libertad
euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016