KUTXA BELTZA
Amos Oz

(nobelaren lehen pasarteak)
1986
euskaratzailea: Miel A. Elustondo
armiarma.eus, 2013

 

                               Baina zuk, zuk bazenekien gaua geldoa eta isila dela,

                               Eta nik bakarrik irauten dut adi eta gogoetatsu.

                               Zure negarraren biktima bakarra naiz:

                               Piztiak nigan josi du begia jaki bakar izan nakion.


                               Batzuetan ikara eta dardara izaten ditut bat-batean

                               Noragabe nabil, galdurik, eta izuak erotzen nau:

                               Entzuten zaitut norabide guztietatik niri deika

                               Gizon itsuaren gisan sentitzen naiz, haur batek tormentatua.


                               Baina zuk, zuk aurpegia ezkutatu zenuen. Ez ninduzun geldiarazi,

                               Uso-odola eta iluntasuna zenituen malkoetan,

                               Ilunpetan ezkutatuta, negarrez urruti,

                               Memoria edo zentzua edo ulermena desagertzen diren lekuan.

 

                                                                                      “Negarra”, Natan Alterman

 

 

 

Alexander A. Gideon doktorea

Zientzia Politikoetako Saila

Midwest Unibertsitatea

Chicago, Illinois, AEB

                                                                                                     Jerusalem

                                                                                                     1976.02.05

            Alec maitea,

            Gutun-azalean nire idazkerari antzeman izanagatik eskutitz hau txikitu ez izanak argi uzten du jakin-mina gorrotoa baino indartsuagoa dela. Edo, bestela, esan nahi du zure gorrotoak erregai berria behar duela.

            Zurbiltzen ari zara, eta zure otso-matrailak estutzen, ezpainak desagertzeraino zeurea duzun modu berezi horretan, eta tximistak bezala oldartu zara lerro hauetara, zugandik zer nahi ote dudan asmatu nahirik, zer eskatzeko ausardia ote dudan, gure artean zazpi urtez erabateko isiltasuna izan ondoren.

            Nahi dut jakin dezazun Boaz gaizki dabilela. Eta lehenbailehen lagundu beharko zeniokeela. Ez nire senarrak ez nik ezin dezakegu ezer egin, Boazek gurekiko lotura guztiak hautsi dituelako. Zuk egin zenuen moduan.

            Orain irakurtzeari utz diezaiokezu eta eskutitz hau zuzenean surtara bota. (Arrazoiren batengatik, liburuz jositako gela luze batean irudikatzen zaitut beti, idazmahai beltz baten aurrean jarrita, bakarrik, isilik, aurreko leihoaren beste aldean elurrak estalitako lautadak ageri dituzula, urrutiraino. Mendixkarik edo zuhaitzik gabeko lautadak, elur idor itsugarria. Eta zure ezkerretara sua txinpartaka beheko suan, eta edalontzi bat hutsik, eta botila bat, hutsik, zure aurreko idazmahaian, eta hutsik idazmahaia bera ere. Dena zuri-beltzean. Baita zeu ere: monje iduri, aszeta, harro, goitik beheraino zuri-beltzean).

            Orain eskutitza bihurritu duzu, britainiar baten gisan marmarka, eta surtara bota duzu zuzen: zer ardura dizu zuri Boaz-ek? Eta, nolanahi ere, ez duzu sinesten esaten ari naizen hitz bat bera ere. Une horretan su dantzarian josi dituzu zure begi gris kolorekoak eta zeure buruari esaten diozu: “Ziria sartu nahi zidak beste behin. Atsoak ez dik behin ere etsiko, inoiz ere ez ziok urari bere bidea egiten utziko”.

            Hortaz, zergatik ari natzaizu idazten?

            Etsi dudalako, Alec. Jakina, etsipenaren arloan, nazioarteko goi-mailako aditua zaitugu. (Bai, noski, irakurri dut, gainerako guztiek bezala, zure liburua, Indarkeria desesperatua: Fanatismoaren azterketa alderatua). Baina orain ez naiz zure liburuaz ari, zure arima eginik dagoen materiaz baizik: etsipen izoztuaz. Artikoko etsipenaz.

            Oraindik irakurtzen? Diguzun gorrotoa elikatzen? Schadenfreude dastatzen, whiski garestia balitz bezala, zurrut txipitan? Horrela bada, hobeko dut zu zirikatzeari utzi eta Boazengan arreta osoa jartzea.

            Kontua da zenbat dakizun ideiarik ere ez dudala. Ez nintzateke batere harrituko zu xehetasun guzti-guztien jakinaren gainean bazeunde, zuk zeure abokatu Zakheim-i gure bizitzei buruzko txostenak hilero bidaltzeko agindu bazenio eta gu zure radar pantailan eduki bagintuzu joan diren urte hauetan guztietan. Ber gisan, ez nindukeen batere harrituko zuk ezer ere ez jakiteak: ez Michael (Michel-Henri) Sommo izeneko gizon batekin ezkondu nintzela, ez alaba bat izan nuela, ez Boazi gertatu zaiona. Keinu zakarra egin, guri bizkarra eman eta gu behin eta betiko zure bizitza berritik erauztea bezala izango litzateke.

            Etxetik kanpora bota gintuzunetik Boaz eta biok nire ahizparekin eta beraren senarrarekin bizitzera joan ginen haien kibbutzera. (Ez genuen nora joan, eta dirurik ere ez genuen). Bertan bizi izan nintzen, sei hilabetez, eta gero, Jerusalemera itzuli nintzen. Liburudenda batean lan egin nuen. Bitartean, Boaz kibbutzen bizi izan zen beste bost urtez, hamahiru urte bete zituen arte. Hiru asterik behin joan ohi nintzen bera ikustera. Horrelaxe izan zen Michelekin ezkondu nintzen arte, eta harrezkero mutilak “puta” esaten dit. Zuk bezala, alegia. Behin ere ez da etorri gu ikustera Jerusalemera. Alaba (Madeleine Yifat) jaioa zitzaigula esan genionean, bertan danba! eskegi zuen telefonoa.

            Duela bi urte, neguko gau batez, goizeko ordu batean azaldu zen bat-batean, esanez kibbutzera ez zela gehiago joango eta hobe nuela bera nekazaritza-eskolara bidali, bestela, “kalean bizitzen” jarriko zela, eta ez nuela beraren berririk berriro izango.

            Senarra esnatu zelarik, arropa bustiak eranzteko esan zion, jan zezala zer edo zer, garbitzeko, ohera sartzeko, hitz egingo genuela biharamunean. Eta, mutilak (hamahiru urte eta erdiko izanagatik ere, Michel baino askoz garaiago eta mardulagoa zen) intsektu bat hankapean birrintzen ariko balitz bezala erantzun zion: “Eta zein haiz hi, jakin baliteke? Zeinek galdetu dik hiri ezer?”. Michelek irribarre murritza eginez erantzun zion: “Aixkiria, hobe duk etxetik irten, lasaitu, diskoa aldatu, atea jo, eta hasieratik hasi berriro, eta oraingoan saia hadi pertsona bezala jokatzen, eta ez gorila baten moduan”.

            Boazek ate aldera egin zuen. Baina ni beraren eta atearen artean jarri nintzen. Banekien ez nindukeela ukituko. Haurra esnatu egin zen, negarrez, eta Michel sukaldera joan zen umea aldatu eta hari esne pixka bat berotzera. Orduan, esan nion: “Ongi da, Boaz. Joan zaitezke nekazaritza-eskolara, horixe nahi baldin baduzu”. Michelek, azpiko jantzietan zutik eta haurra —ordurako lasai—, besoetan zuela, erantsi zuen: “Baldintza batekin: hire amari ‘Barkatu’ esan, gogo onez eskatu, eta gero, ‘Eskerrik asko’ esan. Zer haiz hi, dena dela, zaldia?”. Eta Boazek, zugandik jasotako gorroto desesperatu eta mespretxu horiek aurpegia desitxuratua ziotela, ahapeka esan zidan: “Eta zera horri zuri txorta jotzen uzten diozu gauero?”, eta, horixe esatearekin batera, eskua luzatu eta ilea ukitu zidan, ahotsa aldatuz honela zioela (ahots hori gogora datorkidanean, bihotza bihurritu egiten zait): “Oso haur politta duzu”.

            Hurrena, Michelen anaiaren influentziari esker, Boaz Telamim Nekazaritza Eskolan sartzea lortu genuen. Duela bi urteko kontuak dira, 1974. urtearen hasierakoak, ez gerra baino askoz ere geroagokoak. Gerra hartan, esan zidatenez, Sinain tanke batailoiko komandante karguan esku hartzeko etorri zinen, Amerikatik, berriz korrika eta presaka alde egin bazenuen ere. Bisitan ez joateko esan zigun Boazek, eta hori ere onartu genion. Fakturak ordaindu eta isilik egon ginen. Alegia, Michelek ordaindu zituen. Tira, garbi esateko, Michelek ere ez zituen ordaintzen.

            Bi urtean ez genuen postal bat baino askoz gehiago jaso Boazen eskutik. Ikasketa-buruaren alarma-deiak besterik ez. “Mutila bortitza da. Mutila borroka batean nahastu da eta burua ireki dio gaueko zaindariari. Mutila desagertu egiten da gauez. Mutilak polizia-fitxa du. Mutilak baldintzapeko askatasuna du. Mutilak eskola utzi beharko du. Mutila munstro bat da”.

            Eta zer oroitzapen duzu zuk, Alec? Azkena ikusi zenuenean zortzi urteko mutikoa zen, luzea, iharra, ilehoria, arto-zurtoinaren modukoa, orduak eta orduak aulki baten gainean jarririk isil-isilik egon ohi zena, zure idazmahaiaren kontra bermaturik, kontzentraturik, ekarri ohi zenizkion zeuk-egin-ezazu liburuxkak hartu eta baltsazko aireplano modeloak egiten zizkizuna... Haur arduratsua eta diziplinatua zen, lotsatia ia, nahiz eta ordurako ere umilazioak isilik eta kontrolaturiko erabakimenez gainditzeko gauza izan, zortzi urte izanagatik ere. Eta, bitartean, erloju-bonba genetikoa balitz bezala, Boaz hamasei urteko mutila egin da, sei oin luze da eta hazten ari da oraindik, mutil garraztua eta basa da, eta gorrotoak eta bakardadeak harrigarrizko indar fisikoa eman diote. Eta, gaur goizean, luzaro zain egon naizen gauza gertatu da azkenean: telefono-dei larri bat. Barnetegitik kanporatzea erabaki dute, emakumezko irakasle bati eraso diolako. Ez didate xehetasunik eman nahi izan.

            Berehalaxe joan naiz, baina Boazek ez nau ikusi nahi izan. Helarazi didaten mezuaren arabera, berak “ez du puta horrekin ezer ikustekorik” nahi. Irakasleari buruz ari zen? Edo nitaz ari zen? Ez dakit. Kontua da ez diola berez inori “eraso”: gustu txarreko txantxa bat egin zuen, irakasleak belarrondokoa eman zion, eta Boazek bi itzuli zizkion, ordainetan. Nik erreguka eskatu diet eskola-kanporatzea atzeratu dezaten, beste zer edo zer aurkitu arte. Errukitu zaizkit eta hamabost eguneko epea eman didate.

            Michelek dio, nahi baldin badut, Boaz gurekin bizi litekeela (nahiz eta gu biok eta haurra gela bat eta erdian bizi garen, eta hipoteka ordaintzen ari garen oraindik). Baina nik bezain ongi dakizu Boazek ez duela halakorik onartuko. Mutil horrek nazka ematen dit. Eta zuri ere bai. Beraz, azkenean, zu eta biok zerbaitetan bat gatoz. Sentitzen dut.

            Ez dago modurik beste eskola espezializatu batean har dezaten, halako polizia-fitxa eta baldintzapeko askatasunaren arduraduna aldean dituela. Zer egin ez dakidalako ari natzaizu idazten. Idazten ari natzaizu, irakurtzen ez baduzu ere, eta irakurtzen baduzu, erantzungo ez duzula jakin arren. Onen-onenean ere, zure abokatu Zakheim-i aginduko diozu eskutitz formal bat bidal diezadan, oroitaraziz bere bezeroak aitatasuna ukatzen duela oraindik, odol-testaren emaitza ez dela anbiguoa izaten, eta neu izan nintzela, zegokion garaian, zuntz testaren kontra egoskor egin zuena. Xake-mate.

            Bai, eta dibortzioak Boazekiko ezein ardura eta nirekiko ezein obligazio kendu zizkizun. Buruz dakit hori guztia, Alec. Ez dut itxaropen izpirik. Idazten ari natzaizu, bai, baina leiho aurrean jarri eta mendiei hizketan ariko banintz bezala. Edo izarren arteko iluntasunari. Etsipena da zure eremua. Nahi baduzu, eredutzat har nazakezu.

            Mendeku gose zara oraindik? Horrela bada, hemen naiz, beste masaila jarririk. Nirea, eta Boazena ere bai. Aurrera, jo ezazu ahal duzun bezain gogor.

            Bai, eskutitz hau bidaliko dizut, nahiz eta, oraintxe, boligrafoa bertan utzi eta gehiago ez saiatzera behartzen ari naizen neure burua; azken finean, ez dut zer galdurik. Aurrean nituzkeen bide guztiak hertsirik daude. Honetaz jabetu behar duzu: nahiz eta baldintzapeko askatasunaren arduradunak edo gizarte-langileak Boaz konbentzitu tratamendu suerteren bat, errehabilitazioa edo laguntza har dezan, edo beste eskolaren batera jo dezan (eta ez dut uste batere arrakastarik izango luketenik), ez nuke ordaintzeko dirurik.

            Aldiz, zuk nahi beste duzu, Alec.

            Kontakturik ere ez dut, eta, zuk, berriz, aski duzu telefono-dei pare bat egitea zernahi konpontzeko. Indartsua eta argia zara. Edo zinen, duela zazpi urte. (Jendeak esan dit bi ebakuntza izan dituzula. Nolakoak, ez zuten esaten asmatu). Ongi izango zarela espero dut. Ez dut gehiago esango, ez nazazun hipokresiaz akusatu. Zurikeriaz. Lausengukeriaz. Ez dizut ukatuko, Alec: gibelean pot egiteko prest naukazu, zuk nahi beste. Eskatzen didazun zernahi egingo dut. Zernahi. Zure semea erreskatatzekotan.

            Batere zentzurik banu, “zure semea” ezabatu eta “Boaz” idatziko nukeen, zu haserretu ez zaitezen. Baina nola ezabatu behar dut egia hutsa? Beraren aita zara. Eta, nire zentzua dela eta ez dela, ez al zenion aspaldi zeure buruari esan zeharo ergela naizela?

            Eskaintza bat egingo dizut. Prest naiz idatziz onartzeko, notario aurrean, nahi baduzu, zuk esanarazten didazun harexen semea dela Boaz. Aspaldi hil zidaten autoestimua. Zure abokatuak aurrean jarriko didan zeinahi paper zati sinatuko dut, zuk, ordainetan, Boazi lehen laguntzak ematea onartzen baduzu. Laguntza humanitarioa dei diezaiogun. Guztiz arrotza zaigun haur batekiko maitasun-ekintza dei diezaiogun.

            Egia da; idazteari utzi eta bere irudia konjuratzen dudanean, hitz hauetan geratzen naiz iltzatuta: Boaz haur arraroa da. Ez, ezta haurra ere. Gizon arraroa. Niri puta esaten dit. Zuri, txakurra. Micheli, putazaina. Bere buruari nire ezkontaurreko deitura jarri ohi dio (baita agiri ofizialetan ere!), Boaz Brandstetter. Eta berak halaxe eskatuta, eta hamaika hari mugitu eta gero onar zezaten lortu genuen eskolari, Deabruaren Uhartea.

            Nire kontra erabil dezakezun zerbait kontatuko dizut. Parisen ditudan aita-amaginarrebek diru pixka bat bidaltzen digute hilero, mutilak barnetegi horretan iraun dezan, nahiz eta Boaz inoiz ikusi ez duten, eta nahiz eta gure mutilak ere ez duen askotan aditu senide horiek badirena. Bestalde, aita-amaginarrebak ez dira aberats-aberatsak ere (Aljeriar immigranteak dira), eta, gainera, Michel ez ezik, beste bost ume eta zortzi loba ere badituzte, Frantzian eta Israelen sakabanatuak.

            Entzun, Alec: ez noa iraganean gertaturikoari buruz hitzik idaztera. Kontu bat izan ezik, inoiz ahantziko ez dudan zerbait, nahiz eta zuk nola deabru dakidan jakin nahiko zenukeen. Gure dibortzioa baino bi hilabete lehenago, Shaarei Zedek Ospitalera eraman zuten Boaz, giltzurrunetako infekzio bat zela kausa. Eta konplikazioak gertatu ziren. Nik jakin gabe Blumenthal doktoreari galdezka joan zintzaizkion, eta, giltzurruna behar izatekotan, heldu batek zortzi urteko haur bati eman ziezaiokeen. Zure giltzurrunetako bat mutilari ematea zenuen asmoa. Eta sendagilea ohartarazi zenuen esanez baldintza bat besterik ez zenuela jarriko horretarako: ez genuela inoiz jakin behar, ez nik, ez haurrak. Eta ez nuen jakin Blumenthalen laguntzaile Adorno sendagilea lagun egin nuen arte, alegia Boazen tratamendua zela-eta negligentzia kriminalagatik salatzeko asmoa izan zenuen mediku gaztea.

            Oraindik irakurtzen ari bazara, litekeena da zure zurbiltasuna areagotzea orain, bortxakeria kontenituzko mugimendu zakar batekin supiztekoa eskuan estututa daukazula eta garra zure ezpainetara zuzenduz (ahoan piparik ez baituzu) eta behin eta berriz zeure buruari esanez: “Jakina. Adorno sendagilea. Nor bestela?”. Eta eskutitza oraindik txikitu ez baduzu, oraintxe txikituko duzu. Eta ni eta Boaz ere bai.

            Baina orduan Boazek hobera egin zuen eta zuk ostikoz jo eta bota gintuzun zeure etxetik, zeure izenetik eta zeure bizitzatik. Behin ere ez zenuen giltzurrunik eman. Baina benetan saiatu zinela sinesten dut. Zurekin, dena benetan delako beti. Hori behintzat onartuko dizut: zu benetan aritzen zara beti.

            Zuri koipe ematen berriz? Nahi baduzu, errudun aitortuko dut neure burua. Lausengukerian. Koipekerian. Zure aurrean belaunikatu eta nire bekokia zoruaren kontra joka? Garai batean bezala.

            Galtzekorik ez dudalako, ez zaidalako erregutzea axola. Agintzen didazun zernahi egingo dut. Baina ez zaitez berandu ibili, hamabost egun barru kale gorrian jarriko dutelako. Eta kalea ere hortxe du, zain.

            Azken finean, munduan ez da gaindituko ez duzunik. Utzi ezazu zure munstro hori, zure abokatua. Beharbada, zenbait gomendioren laguntzaz itsas-eskolan hartuko dute. (Boazek halako erakarpen arraroa du itsasoarekiko; beti izan du, haur txipia zenetik. Gogoan duzu, Alec, Ashkelon-en, Sei Eguneko Gerrako uda? Zurrunbiloa? Arrantzale haiek? Almadia?).

            Eta azken kontu bat, eskutitza zigiluz itxi dezadan baino lehen: oheratu ere egingo naiz zurekin, nahi baduzu. Nahi duzunean. Nahi duzun moduan. (Senarrak badu eskutitz honen berri, eta ados zegoen idatzi behar nizula, azkeneko esaldia izan ezik. Beraz, ni hausteko aldartean bazara, eskutitz hau fotokopiatu besterik ez duzu, zure lapitz gorria hartu, azkeneko esaldia azpimarratu, eta nire senarrari bidali. Lan zoragarria egingo du. Onartzen dut: gezurretan ari nintzen arestian, galtzekorik ez dudala idatzi dudanean).

            Hortaz, Alec, zeure eskuetan gauzkazu, erabat. Baita nire alaba txipia ere. Nahi duzuna egin dezakezu gurekin.

                                                                                               Ilana (Sommo)

 

***

 

Mrs. Halina Brandstetter-Sommo

Tarnaz kalea 7

Jerusalem, Israel

                                                                                                  Londres

                                                                                                  1976.02.18

            URGENTEA

            Andere maitea,

            Zuk hilaren 5ean idatzitako eskutitza ez nuen atzo arte jaso, Estatu Batuetatik barrena. Bertan erabiltzen dituzun gaietarik bakan batzuk baino ez ditut hemen jorratuko.

            Gaur goizean, Israelen dudan ezagun batekin mintzatu naiz telefonoz. Elkarrizketaren ondorioz, zure semearen eskolako irakasle tutoreak telefonoz deitu dit, zure semeak berak hala nahi izan duelako. Bion artean adostu dugunez, baliogabetu egingo dute Boaz kanporatzeko erabakia eta haren ikasketa-espedientean ez da ageriko ohartarazpen bat besterik. Baina, guztiarekin ere, zure semeak nahiago badu —zure eskutitzean zeharka aipatzen denez—, armadaren eskola batera jo, badut aski oinarri esateko hori ere konpon litekeela (nire abokatu Zakheim jaunaren bidez). Bestalde, bi mila dolarren balioa duen txekea helaraziko dizu Zakheim jaunak (Israelgo liberetan eta zure senarraren izenean). Zure senarrari diru hori jaso izanaren agiria eskatuko zaio, larrialdien ordain eta opari gisa, baina inola ere ez aurrekari moduan edo gure aldetik izan dezakegun inolako obligazioren onarpen gisa ere. Zure senarrari eskatuko zaio, halaber, ziurta dezan etorkizunean ez diguzula eskari gehiagorik egingo (espero dut Parisen duen familia handi behartsuak zure urratsei segitzeko asmorik ez izatea, eta niri diru-laguntzarik ez eskatzea). Zure eskutitzaren gainerako edukiei buruz —gezur gordinak, kontraesan gordinak eta arrunkeria gordin zakar guztiak barne— ez dut ezertxo ere esango.

                                                                                    [Sinatua] A. A. Gideon

 

P.S.: Gordea dut zure eskutitza.

 

***

 

Alexander A. Gideon doktorea

Londresko Ekonomia Eskola

Londres, Ingalaterra

                                                                                                   Jerusalem

                                                                                                   1976.02.27

            Alec maitea,

            Dakizunez, iragan astean puntudun lerroan sinatu eta zure abokatuak bidalitako dirua jaso genuen. Baina orain Boazek eskola utzia du eta zenbait egunez Tel Aviveko merkatu nagusian jardun du lanean, Michelen lehengusinetariko batekin ezkondua den handizkako barazki-saltzaile batentzat. Michelek inguratu zion lana, Boazen eskariz.

            Honelaxe gertatu ziren gauzak: eskolako zuzendariak Boazi berriak kontatu zizkionean —ez zutela kanporatuko, ohartarazi besterik ez zutela egingo—, kirol-poltsa hartu eta desagertu egin zen mutikoa. Michelek Poliziari hots egin zion (kontaktuak ditu bertan), eta haiek jakinarazi ziguten umea zaintzapean zutela Abu Kafir-en, lapurtutako gauzak edukitzeagatik. Michelen anaiaren lagun batek, Tel Aviveko poliziako goi-kargudun denak, Boazen baldintzapekoaren arduradunarekin hitz egin zuen gure izenean. Azkenean, zenbait gorabehera eta gero, fidantzapean atera genuen mutila.

            Horretan erabili genuen zure diruaren zati bat. Badakit zure asmoa ez zela hori dirua eman zenigunean, baina guk ez dugu beste dirurik: Michel ez da eskola publiko erlijioso bateko frantses-irakasle titulurik gabea besterik, eta haren soldatari hipoteka ordainketa kenduz gero, nekez heltzen zaigu jateko ere. Eta hor dugu gure neskatiko txipia ere, Madelein Yifat, laster hiru urte.

            Esan behar dizut Boazek ez duela arrastorik ere nondik heldu zen beraren fidantza ordaintzeko dirua. Esan izan bagenio, uste dut ttu egingo ziola diruari, baldintzapekoaren arduradunari, eta Micheli. Orduan ere, hasieran behintzat, gogor egin zion uko libre ateratzeari, “bakean uzteko” eskatzen zuen.

            Michel ni gabe joan zen Abu Kabir-era. Beraren anaiaren lagun poliziak lortu zuen Boaz eta bera bakarrik egotea polizia-etxeko bulego batean, pribatuan hitz egin ahal izan zezaten. Michelek esan zion Boazi: “Begira, beharbada ahantzi duzu nor naizen. Michael Sommo naiz, eta esan didatenez, nire ezkutuan esaten duzu zure amaren putazaina naizela. Aurpegira zuzenean esan diezadakezu, horrek lasaitasuna badakarkizu. Nik erantzun diezazuket haize gaiztoak dabiltzala zure buru harroan. Eta hemen egon gintezke egun osoan bata besteari laidoka, eta ez zenuke irabaziko, nik zu frantsesez eta arabieraz irain zaitzakedalako, eta zu nekez moldatzen zarelako hebreeraz. Eta biraoak amaitzen zaizkizunean, zer? Hobe zenuke arnasa sakon hartu, lasaitu, eta niri zerrenda bat egin, esanez zer nahi duzun, zehatz, bizitza honetan. Eta orduan esango dizut zer eman diezazukegun zure amak eta biok. Eta orduan ikusiko da; beharbada akordio bat egin dezakegu”.

            Boazek erantzun zion ez zuela ezer nahi bizitzan, eta, are gutxiago, bizitzan zer nahi zuen galdezka ibiliko zitzaion jendea inguruan izatea.

            Puntu horretara iritsita, Michelek —nahiko bizimodu zaila izan baitu berak ere—, egin behar zena egin zuen. Alde egiteko asmotan jaiki zen, Boazi esanez: “Ongi da. Horrela izan behar baldin badu, zorte on, aixkiria. Niri dagokidanez, berdin zait buruz atzeratuentzako edo adimen urriko jendearentzako egoitzaren batean sartzen bazaituzte. Kito. Banoa”.

            Boaz artean eztabaidatzen saiatu zen. Esan zion Micheli: “Eta zer! Baten bat hil eta ihes egingo dut”. Atean bertan zegoenean itzuli zen Michel, poliki-poliki erantzunez: “Hara, laztana, ez naiz zure ama, ez naiz zure aita, ez naiz zure ezer, eta, beraz, ikuskizun gehiagorik ez eman, bost axola baitzait zure bizitza. Hartu hurrengo hirurogei segundoak pentsatzeko, eta erabaki hemendik fidantzapean irten nahi duzun, bai ala ez. Niri dagokidanez, nahi duzuna akaba dezakezu. Gauza bat bakarrik, ahal baduzu, saiatu huts egiten. Agur!”.

            Eta Boazek esan zuenean “Zaude hor”, Michelek antzeman zion mutikoak berak baino lehenago etsi zuela. Michelek gure arteko inork baino hobeto ezagutzen du joko hau, gehienetan berak ere behetik ikusi duelako bizitza, eta sufrimenduak giza diamante bihurtu du, gogorra eta liluragarria (bai, ohean ere bai, jakin nahi baduzu). Boazek esan zion: “Benetan bost axola bazaizu nire bizitza, zergatik egin duzu Jerusalemetik honainoko bide osoa nire fidantza ordaintzeko?”. Eta Michelek barre egin zion atetik, esanez: “Ongi da, hamar puxtarri zuretzat. Kontua da bertatik bertara ikusi nahi nuela nolako mutil argia zuen zure amak; beharbada, nirekin izan duen alabak ere badu horrelako argitasunik. Bazatoz ala ez?”.

            Eta, horrela, Michelek Boaz libre atera zuen, zure diruarekin, eta Tel Aviven ireki berri duten kosher txinatar jatetxe batera gonbidatu zuen, eta film bat ikustera joan ziren biak elkarrekin (haien atzean baten bat eserita egonez gero, pentsatuko zukeen Boaz zela aita, eta Michel, berriz, semea). Iluntze hartan Jerusalemera itzuli eta istorio osoa kontatu zidan Michelek, eta, bitartean Boaz ados jarri zen Carlebach karrikako merkatuko handizkako barazki-saltzailearekin, Michelen lehengusinarekin ezkondua den harekin. Izan ere, horixe nahi zuela esan zion Boazek: lan egin eta dirua irabazi, inoren mende bizi izan gabe. Horrela, Michelek unean bertan erantzun zion, niri galdetu ere gabe: “Bai, gustatzen zait hori, eta gau honetan eta hementxe bertan Tel Aviven konponduko dut auzi hori”. Esan eta egin.

            Orain Ramat Aviveko Planetariumean bizi da Boaz: arduradunetarik bat 50eko hamarkadan Michelekin Parisen ikasi zuen neska batekin ezkondua da. Eta Boaz ikaragarri erakartzen du Planetarium horrek. Ez, ez dute izarrek erakartzen, teleskopioek eta lente optikoek baizik.

            Michelen onespenez ari natzaizu Boazi buruzko hau guztia xehetasun osoz idazten. Berak dio, dirua jarri duzunez, hartaz nola baliatu garen esatea zor dizugula. Uste dut behin eta berriz eta askotan irakurriko duzula eskutitz hau. Halaber, uste dut behin baino gehiagotan irakurri zenuela nire lehenengo eskutitza ere. Izugarri gozatzen dut pentsatuta nolako sumina eragin dizudan bi eskutitz hauekin. Suminduta egoteak maskulino eta erakargarri egiten zaitu, baina umetu eta hunkigarri ere egiten zaitu aldi berean: objektu hauskorretan ahalegin fisiko ikaragarria alferrik egiten hasten zara, esaterako, arkatz, pipa, betaurreko eta gisakoetan. Ez zara haiek txikitzen hasten, ezpada zeure burua kontrolatzen eta objektu haiek mugitzen; batean, bi hazbete eskuinera; bestean, hazbete bat ezkerrera. Altxorra zait zure alferlan hori, eta gozatzen naiz oraintxe gertatzen ari dela pentsatzen dudanean, nire eskutitza irakurri ahala, hortxe, zuri-beltzezko gela horretan, suaren eta elurraren artean. Zurekin oheratzen den emakumerik baldin baduzu, onartzen dut une honetan haren zeloak ditudala. Zeloak, baita ere, pipari, arkatzari, betaurrekoei, nire orrialdeei zure hatz indartsuen artean egiten diezunaz.

            Boazen kontura itzulita, idazten ari natzaizu, hala egin niolako promes Micheli. Fidantza-dirua itzultzen digutenean, eman zenigun kopurua banku-kontu batera joango da, zure semearen izenean. Ikasi nahi duela erabakitzen badu, diru horrekin ordainduko ditugu haren ikasketak. Tel Aviven edo hemen, Jerusalemen, logela bat errentan hartu nahi badu —horretarako gazteegia den arren—, geuk hartuko diogu errentan, zure diruaz. Zuk emandakotik ezer ez dugu hartuko guretzat.

            Esandako guztiarekin ados baldin bazaude, ez duzu erantzun beharrik ere. Bestela bada, esaguzu ahal bezain sarri, guk dirua erabili baino lehen. Kasu horretan, zure abokatuari itzuliko diogu eta ahal den moduan konponduko gara (nahiz eta gure diru-egoera nahiko txarra den).

            Beste eskaera bat: txikitu eskutitz hau, eta aurrekoa, edo —horietaz baliatzea erabaki baduzu— balia itzazu orain, oraintxe bertan, ez utzi geroko. Igarotzen den egun bakoitza, gau bakoitza, heriok kentzen digun aldapa bat gehiago da, haran bat gehiago. Denbora badoa, Alec, eta biok ere itzaltzen ari gara.

            Eta beste gauza bat: idatzi zenidan esanez nire eskutitzeko gezur eta kontraesanei mespretxuz eta isiltasunez erantzun zeniela. Zure isiltasunak, Alec, eta zure mespretxuak, izutu egin naute bat-batean. Ez duzu, benetan, joandako urte hauetan guztietan, zure bidaia guztietan, samurtasun izpirik eskainiko zizun inor aurkitu? Erruki zaitut, Alec. Ikaragarria da: neuk egin nuen huts, eta zu eta zeure semea ari zarete zigorra osorik ordaintzen. Nahi baduzu, ken ezazu “zeure semea” eta jarri “Boaz”. Nahi baduzu, ken ezazu dena. Niri dagokidanez, ez izan zalantzarik, aurrera, egin ezazu sufrimendua arinduko dizun huraxe. Zernahi.

                                                                                                       Ilana

 

KUTXA BELTZA
Amos Oz

(nobelaren lehen pasarteak)
1986
euskaratzailea: Miel A. Elustondo
armiarma.eus, 2013