GERLAN HILDAKOEN ERESIA
Yehuda Amichai

1955
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

I

 

Yafoko atetik iragan da nire ondoan

Beringer jauna,

semea galdu zuena

zamaontziek basamortua zeharkatzeko

atzerritarrek ebaki zuten Kanalean.

 

Argaldua dago: semearen

zama galdu du.

Horregatik dabil urazaleko arin karriketan

neure bihotzari atxikia

metaturiko adar meheak iduri.

 

II

 

Haur batek bezala

birrintzen zizkion lur-sagarrak

urrezko pure baterako.

Gero hilik.

 

Bizirik den haurra

garbitu egin behar da jolastetik etorritakoan.

Baina hilik den gizonari

ur gardena zaizkio lurra eta hondarra

gorputza betirako garbitu eta purifikatzearren.

 

III

 

Soldadu ezezagunaren monumentua

beste aldean dago. Etsaiaren lerroan.

Seinale on bat

biharko kanoilariarentzat.

 

Edo Londresko gerlaren monumentua,

Hyde Park izkinan, pastis goxo eta zoragarriaren

antzera apaindua: beste soldadu bat burua gorarik

 

eta beste fusil bat, beste kanoi bat, beste arrano bat, beste

harrizko aingeru bat.

Eta marmolezko bandera handiaren krema

artistaren eskuak

goitik isuria.

 

Gereziak sobera gozo

eta gorri

irentsi ditu bihotzjaleak. Hala biz.

 

IV

 

Animaliei buruzko liburu zahar bat aurkitu nuen.

Brehm, bigarren alea, Txoriak:

hizkera delikatuan adierazten du

arabazozo, birigarro eta enaren bizia. Oker ugari

antzinako hizki gotikoetan, baina maitasun handia. «Gure lagun

hegaldunak», «Lurralde epeletara alde egingo du».

Habia, arrautza pintarratua, luma arina, urretxindorra,

amiamokoa, «Udaberriaren oihulariak»,

papogorria.

 

Argitaratze urtea, 1913, Alemania,

neure gerlen bezpera izan zen gerlaren bezpera:

 

nire lagun zintzoa, besootan hila odola

Ashdod-eko hondarrean. 1948, ekaina.

 

O, lagun neurea,

papogorria.

 

V

 

Yad Mordechaiko ur depositua bezala

zauritu zuten Dicky.

Zauritu zuten. Zulo bat sabelean. Dena

isurian barrutik.

 

Baina zutik iraun zuen

nire oroimenaren paisaian,

Yad Mordechaiko deposituak bezala.

 

Ez zen handik urrun jausi,

apur bat ipar aldera, Huleiqat-etik hurre.

 

VI

 

Oinazea ote da hau dena? Ez dakit.

Hilerrian jarraitu nuen

bizirik dagoenaren kamuflajeko arropa soinean,

galtza marroiak eta eguzkiaren horiko alkandora.

 

Hilerriak merke ateratzen dira, aski zaie pixka bat.

Zaborrontziak berak ere txikitxo

erositako loreak estaltzen zituen paper mehea hartzeko.

Begiramenezko eta diziplinazko zer edo zer ditugu hilerriak.

«Ez zaitut inoiz ahaztuko», dio

buztinezko lauza txiki baten gainean, frantsesez.

Ez dakit nor den ahaztuko ez duena

hila baino ezezaguna baita.

 

Oinazea ote da hau dena? Hala

uste dut. Lurra eraikitzen kontsolatuko zarete.

Zenbateko aldian

eraiki liteke lurra

kontsolamenduaren, eraikuntzaren eta heriotzaren

hirukiko eta beldurgarrizko lehiaketa irabaztekotan?

Bai, hau dena oinazea da. Baina

beti utzi behar da maitasun apur bat pizturik,

bonbila txiki bat uzten den gisan lo hartutako haurraren gelan,

argia zer den eta nondik datorren

ez badaki ere ematen diolako

segurtasun eta maitasun isil poxi bat.

 

VII

 

Gerlan hildakoen oroimenezko eguna: haren

galeraren dolua zeure galeraren doluaren gainean,

baita alde egin zuen maitearena ere, oinazea

oinazearekin nahastea, historia aurreztuzaleak

oroimena, sakrifizioa eta oinazea

jaiegun bakarrean eta akordu errazean kokatzen dituen bezala.

 

O mundu eztia, esne gozotan zopatutako ogia bezalakoa

haginik ez daukan jainko izugarri batentzat,

«Zoriontasun handi bat ezkutatzen da hau denaren ostean».

Zertarako balioko dizu barnetik negar eta kanpotik oihu egitea?

Zoriontasun handi bat ezkutatzen da beharbada hau denaren ostean.

 

Oroimenezko eguna. Gatz garratza

neskato loredun gisan jantzia.

Soka tinkoak bidearen luzean

hilik eta bizirik gaudenon prozesio baturako.

Leiar zatitan bezala oinez neska-mutikoak dolu arrotzean.

 

Egun luzez geratuko da horrela txirulariaren ahoa.

Soldadu hil bat dator igeri buru txikien artean

hildakoek duten igeri egiteko moduan, hildakoek

dauzkaten hutsegin zaharrekin,

ur bizia dagoen lekuaren gainean.

 

Hegan doa bandera bat errealitatearekiko lotura galduta.

Emakumezko jantzi zuri-urdin politekin

dekoratu duten erakustegia. Eta dena

hiru hizkuntzatan: hebreera, arabiera eta heriotza.

 

Abere handi eta garai bat hil ezinik gau osoan

jasminaren azpian behakoa munduari tinko.

Gizonezko bat, semea gerlan hila, uteroan

umeki hila daraman emakumezkoa iduri karrikan barrena.

«Zoriontasun handi bat ezkutatzen da hau denaren ostean».

 

GERLAN HILDAKOEN ERESIA
Yehuda Amichai

1955
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015