ZAURIA
Adonis

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016

 

I

 

Hostoa haizebean lo,

baporea da zaurientzat.

Denbora galkorra zauriaren distira da,

eta gure bekainetan gora doan zuhaitza

zauriarentzako aintzira.

 

Hilobia luzatzen delarik

zubietan da zauria,

egonarria luzatzen delarik

gure maitasun-heriotzen hegietan.

 

Zauria sinua da.

Ibilaldietan dago.

 

 

II

 

Itotako txirrinen mintzoari

ematen diot zauriaren ahotsa.

Urrunetik datorren harriari,

mundu lehorrari, elkortasunari,

zauriaren sua pizten diot

izotzezko andan daramaten denborari.

Eta historiak nire arropetan su hartzen duenean

eta atzazkal urdinak hazten direnean nire liburuan,

egunari deiadar egiten diodanean:

nor zara zu?,

nork egotzi zaitu nire kaieretan

eta nire lur zapaldugabean?

Orduan igarriko dut orriotan

hautsezko begi batzuen dirdira.

Norbaiti entzungo diot esaten:

ni naiz zauria

zure historia txikian hazten hasi dena.

 

 

III

 

Hodei deitu dizut,

oi, agurraren zauri eta uso!

Luma deituko dizut, eta liburu.

Eta orain hasi naiz hizketan

uharte bidaietan zulkatua mintzoa,

eroriko zaharraren artxipelagoan.

Orain hasi solasean erakusten

haizeari eta palmerei,

oi, agurraren zauri eta uso!

 

 

IV

 

Baldin eta soilik ispiluen eta ametsen

herrian banu porturik,

baporea soilik banu eta herri baten hondarrak.

Hiri bat banu soilik haurren herrian,

negarrarenean.

Orduan egingo nuke

zauriarentzako kantu garbi bat.

Arbolak, harriak eta zeruak

zulatuko lituzkeen gezia bezain zorrotza.

Ura bezain samurra kantua.

Axutari, zalantzati,

inbasioa bezalakoxea.

 

 

V

 

Euria gure basamortuen gainean,

oi, ametsez eta nostalgiaz apainduriko mundua!

Euria, astindu gaitzazu.

Zauri palmondo gara

eta hautsi bi adar

gauean barrena

    zauriaren isiltasunean gatibu garela

bekainen arkupean, tentuz antxumaturiko besoetan

zauria zaintzen duen arbolatik.

 

Oi, ametsez eta nostalgiaz apainduriko mundua!

Oi, bekoki gainera datorkidan mundua!

zauri itxuran marraztua.

Ez zakizkit gertura,

zu baino hurbilago dago zauria.

Ez nazazu limurtu,

    zu baino ederragoa da zauria.

    Eta zure begietako magia hori

    azken erresumen gainean jalgia,

    atzean geratu da zauriak utzia.

     Atzean

     bela limurtzailerik,

     uharte bat ere utzi gaberik.    

 

ZAURIA
Adonis

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2016