Mugaz handiko egunsentiak
I
Leunkiro oraindik galtzen ari dira antzinako kantuen ahotsa, antzinako bakardadea. Agian, ez dugu oraindik izanen goizalderantz begiak bete-betean zabaltzeko unea!
Hegan egin dezagun ehiztariak zelatatu baino lehenago, herio ez dezagun aurki egunen putzuan.
II
Laztan mutuak sortuko ditu egunero zure abegiaren soslai isilak: ez zahar, alai!
Orain, baina harizko oihalek arrats-beherako argi hilkorra eta kaio zurien zeru garrasiduna sortzen.
III
Joana, argia bezala zure abegitik ahaztua dut irudi urruna. Baina oraindik ukitzen zure gorputzaren hotzikara eta iluntzeko eguzkiak susmatzen zure ezpainen bero mugaezina.
Nola erretzen duen nire grinak! Eta nola su hartzen duen gauak isiltasunaren herri-haizeaz!
IV
Oraindik gesala ezpainetan dut, uhin heineko itsas-gesala. Jeloskor gordeko dut hitzaren elausa ahazmenak ere garaitu ezin duena. Ilargia zure begietan geratzen da, eta oraindik han da, maitemindua.
Oroimenak gatibu ditut oroimenaren miskelan, eta itsas-belar bakoitzean txoriak alaitasun-kantua aurkitzen du.
V
Zein gozo handia maitasuna izadi heinean!
Zu, zeu bakarrik, poema honen muina zarenean, sua eta lurra baino areago, tira-biratuko du hitzen ontziak. Zugandik galdua bakardadea itsasoan murgilduko dut gorputza.
Zein gozo handia maitasuna izadi heinean!
VI
Haize harro batek bete dezala nire ontziaren oihala. Itsas barneratuko naiz itsas biluziaren sekretu artean, hitzen haitz txit antzinakoetatik urrun.
Haize barro batek bete dezala nire ontziaren oihala.
VII
Iluntzea, geratu zait azal heinean, uneak garaituko balu bezala aldaketan borroka.
Ez dago ezilkortasunik zure gorputzean baino, isiltasunaren inguru sakonean: zure irudiak distira ezinean bezala denboraren ispiluan.
VIII
Ontzitegietatik urrun itsasoratuko da ontzia, mugaz harantz, ilargia pizten duten suzko izaro artean. Geroxeago, agorrezina, poztasunaren lorea berriro txirikilotuko zaio goizaldeko ailleari.
Ez gara berriz itzulbide gabeko bidaia honetatik itzuliko.
IX
Zador barna dena hasten da berriz, laztana.
Uhain etengabea ez da jada geratzen eta suzko zeruak habia dagi zure begietan. Ura eta Eromena.
Mugagabeko itsas ezezaguna eta ozertz berria hitzen haragoan.
Dena hasten da berriz, laztana, ezpain lotuetan.
X
Birrindu ditugu oroimenaren alorrak. Argibelar-metak surtan dira eta orduen azken zirtaka oso urrun.
Porturatu da jada ontzia eta isiltasunaren zuhaitzean, ez du inork udagoieneko hotzetatik bururik estaltzen. Bestela eta bidaia luzea itxaronez, zure barnean dagit habia, non hitz bakoitza ugaritzen baita eta ez da bakarra ere hiltzen.
XI
Hain dago segretutan zure begietan hainbat zador, ametsak ere fikzioaren txorroa dario. Isiltasuna zergatik hilten da gizonak artaditik bide egiten jakinik, eta hitzen mortua baino harago bizirik, badakit nik zu gabe ez dela olerkirik. Hain dago berritan zure begietan!
XII
Zenbatetan kriseilua bizturik, islatu dugu zadorra agertzen duen argiaren argitasun xinglea! Baina ez naiz zurekin mintza barnekoi hartaz: kinu eta ametsen aurrean elurrak zapi txit zuria atertzen duenekoz. Jainko eta errautsak baino harago aurkitu zaitudala badut itxaropen ezohia. Baina ez naiz zurekin mintza zer barnekoi hartaz.
XIII
Nola iruntsiten zuen denbora zeru aseezinak, ilargiaren ganekada!
Mahler-ek ereiten zure begiak otalore inarra, oroimenek, ixiltasunaren iturriak irekiten zuten artean.
Nola iruntsiten zuen denbora nire grinak bizitzaz bat eginez!
XIV
Gogoratzen duzu adu eta ametsen ingurua margotzen zigun goizaldi laburra? Itsasoak abarrak egin zuen eguzki jaioberriaz: zati bakoitza, zilarrezko txotxa.
Kinu jainkotiarra bezala, uhinek diote, aldika, zure abegiaren soslai mugaezina
XV
Begirada, orain zabaltzen den zerua baino areago bidaltzen duzu, hizkuntza ongi maitatuaren antzinako hitzak ahoskatzen dituzun artean.
Katulo gogoratu dugu: "Xori, nire maitearen goxoak, zuekin jolas eta bere paparrean gorde"
Zein gozotasuna iluntzean, txorien hegakada urduri!
XVI
Sartzen den sua itsas-haizeak jasangarri egiten dueneko udako arrats-behera bezala. Txoriak oraindik orbeldian jolas: sehaska urduria, egunsenti orlegiaren ispilu.
Zure ezpainetan ez dut gehiago jakin bakardadearen kilkerrez.
XVII
Hainbeste sehaskatu unea eta denbora lokartu egin zaigu egunean lo-gelan.
XVIII
Tristezia dago oraindik begietan antzinako udagoienetan eskegitako oroimenez.
Utz dezagun pendulea, geldirik, hainbat maitatzen den egungoaren kanpo-ikurra izaten jarrai dezala.
Geroxeago denboraren muino biribilen gainetik, zain dugun etorkizuna nabarituko dugu: aduzko etorkizun bat, barnekoi eta beharrezko.
XIX
Akaziaren itzal pitzatua bezala, gure maitasunaren segretua ere heroe eta ziurtasunaren itsas heinean. Eta era berean, orbeldiaren muga mugikorrei eta estimaren sustrai indartsuei fidel.
Bidea egin beharko dugu, zidor ezezagunetatik eta mugaz handiko egunsentietatik.
Mugaz handiko egunsentiak |