Medusaren azpijokoa
Erik Satie

euskaratzailea: Unai Elorriaga
Zubizabal, 3, 2000

 

 

Erik Satieren komedia lirikoa (ekitaldi bakarra).

Satiek berak konposatu du dantzarako musika.

 

 

Pertsonaiak

 

MEDUSA BAROIA: Ugazaba aberats-aberatsa

POLICARPO: Morroia

ASTOLFO: Frisette-ren senargaia

FRISETTE: Medusaren alaba

 

 

       Gaur egun. Medusaren etxeko lantokian. Altzari egokiak. Atzean, tximino handi eta ederra, maisu-esku batek disekatuta. Hiru ate: atzekoa, patiokoa, lorategikoa.

       Baroiak bere gozamenerako eraikiarazi zuen jostailu mekaniko zoragarria da aipatutako tximinoa.

 

 

 

1. ESZENA

 

MEDUSA ETA POLICARPO gero

 

MEDUSA: Bakarrik al nago?... Bakar-bakarrik?... Altzari guztien  azpitik miatu eta idazmahaian eseriko da. Bakardadea maite dut, lasaitasuna. Edozerk aztoratzen nau. Hanketako kili-kiliak erabat asaldatzen nau; zotinak enbarazu nahiko egiten dit; etxeko zapatilak estu edukiz gero, berehala trabatzen zait garuna eta ahots barik geratu ohi naiz... ahots moralik gabe, jakina.

            Zer daukat sudurraren gainean?... Ni bai leloa: betaurrekoak, gizona!...urrezko betaurrekoak...

            Liburu lodi-lodia konpultsatuko du. Nondik nabil?... Ea...  Bost eta hiru: hamaika... Lau gehiago eta aurreko sei... Bi eta zazpi: hamazortzi...

            Ez al da kuriosoa?... Hausnartuz: Arraioa!... Hirurogei mila libera galdu ditut! Ez dut ulertzen. Ahapeka zenbatzen hasiko da.

            Jakina!... Irabazi egin dut!... Bi mila milioi irabazi ditut!... Idazmahaiari kolpea emanda: Akatsen bat egon behar da... akats txikerren bat.

            Berriro hasiko naiz... Ahapeka zenbatu berriz ere.

            Hilabete bi daramatzat dagoeneko kontu honekin... eta ez aurrera ez atzera nabil... Zergatik? Serio-serio galdetzen diot neure buruari... Ideia aldatuta: Administratzaileak amaituko du lana: begiak nekatu egiten zaizkit... Ikusmena galtzen ari naiz.

 

POLICARPOren sarrera librea liluragarria jantzita duela.

 

POLICARPO: Jaun baroiak deitu al dit?

MEDUSA: Ez, lagun maitea... Ez diat uste... Ez nauk gogoratzen:... ikusmena galtzen ari nauk. Lelo-aurpegia jarrita.

 

POLICARPO baroiarengana hurbilduko da, misterio handiz.

 

POLICARPO: Badakik?... Gauean irten egin behar diat, ezinbestean.

            Ezinbestekoa duk, behar-beharrezkoa. Agindu-ahotsez: Aditu al duk?

MEDUSA, uzkur: Gaur gauean?

POLICARPO: Bai, gaur gauean... Ahots sakonaz: Ezinbestekoa duk, behar-beharrezkoa.

MEDUSA, amorruz: Gaur gauean?... Ezinezkoa: jenerala zetorrek afaltzera... Nora joateko asmoa duk?

POLICARPO: Billarrean aritzera joango nauk... A zelako partida! Napoleon ere han egongo duk... Billarrean aritzen dena, jakina..., benetakoa.

MEDUSA, konponbidea aurkitu duelakoan: Bihar arte itxaron zezakek partidak.

POLICARPO, mespretxua gainezka: Zoratu egin al haiz... Billar-partida bat atzeratzea! Pentsatzea ere!... Besoak altxatu eta badoa: Napoleonek entzunez gero! Irteera.

MEDUSA, bere baitan bilduta: Jeneralari esan behar diot... Telefono-dei txiki bat nahikoa izango da. Telefonoan: Esan!... Esan!... Esanesan!... Esanesanesan!... Zeu al zara, jeneral jauna?... Ez, andereño. Ez moztu, ez moztu jeneralari... A! Bai! Horixe: zenbakia? Armadako laurogeita hamaikagarren atala... Jeneral!... Jeneral!... Ezezagun egiten zait zure ahotsa! Ahotsa aldatu al duzu?... Lehor-lehor: Ez, andrea, han ez da tabako-denda...

            Zaldikia saltzen ote dugun harategi honetan?, baina zer?... Ohe azpian zaldi bat sartu zaizula?... Ipurdian ostikoak ematea baino erremedio hoberik ez dago... Errazagorik.

            Hara! Arraioa!... Berriro moztu da!... Zaldia moztu duzula!... Ezezagun egiten zait zaldiaren ahotsa!

            Haserre: Ez!...

            Etsipenak jota: Amore ematen dut!

 

POLICARPO sartuko da, azpil erraldoi batean txartel bat dakarrela.

 

POLICARPO: Joateko esan, atzeratu egingo nauk bestela... puntu-puntuan hasi ohi dituk han... A zelako partida! Etor hadi nirekin. Baina harroegia haiz nirekin inora joateko, norekin eta langile apal batekin..., sindiko batekin!

MEDUSA, txartela alde guztietatik arakatu eta gero: Harrera egin beste erremediorik ez zeukaat... Sar dadila; baina behatz-puntetan ibil dadila, ni esnatu gabe, gero!

 

 

 

2. ESZENA

 

MEDUSA, ASTOLFO

 

       ASTOLFO sartuko da. Zeremonia handiz agurtuko dute elkar. Baroiak bisitariari eserlekua eskaini eta idazmahaiaren atzean jesarriko da. Astolfok, zeharo kikilduta, zeharka begiratuko dio tximinoari, begiluzeegia izateko beldurrez.

       Isiltasun handia bien artean. Elkar aztertuko dute. Medusak lupa izugarria darabil Astolfo arakatzeko.

       Tximinoa bat-batean gelditu da, zirkinik egin gabe.

 

 

 

MEDUSA: Hara!... Hara!... Nonbaiten ikusi zaitudala esango nuke, leku ezagunen batean... zalantzarik gabe.

ASTOLFO: Non baina, jauna?

MEDUSA: Kafearen hondarretan... Sarritan kontsultatzen dut... dibertitzeko. Itzel gustatzen zait kafea, ona bada batez ere. Mihia klaskatuko du. Nork bidali zaitu?

ASTOLFO: Hilotz jeneralak, jauna.

MEDUSA: Telefonoz deitu diot oraintxe. Bai gizon ona! Eskuzabaltasunaren irudia bera da eta eskura duen guztia eman egiten du. Behin, tropak ikuskatzean, artean zigorrik hartu gabeko gizon bat aurkeztu omen zion koronelak. Ontasun handiz, jeneralak galdetu zion soldaduari:

            — Ez al duzu sekula zigorrik jaso, lagun maitea?

            — Hala da, jenerala.

            — Bat emango dizut: hogeita hamar eguneko atxiloketa zuretzat.

            Horixe da benetako militarra!... Zerbait esan al duzu?

ASTOLFO: …?...

MEDUSA: En fin, ene Frisette txikia nahi duzu emaztetzat?...  Ikaragarri maite dut Frisette... Horra hor nire bihotz handiaren froga.

ASTOLFO: Ez al da zure alaba?

MEDUSA: Frisette nire esne-alaba da. A! Istorio luze-luzea da. Ez dizut kontatuko: ez zenuke ezer ere ulertuko... Nik neuk ere ez. Ez duzu sorbaldan hotzik sentitzen?

 

ASTOLFOren sorpresa.

 

            Ez zaitez hor geratu.

            MEDUSA altxatu eta Astolforengana abiatuko da: Zoaz!... Arin ez bazoaz, haserretu egingo naiz...

 

ASTOLFOk irtetekoa egingo du.

 

            Ba al daukazu nire erretratua?

            Baroia idazmahairaino joan eta itzuli egingo da: Hona hemen.

ASTOLFO, objektua behatu ostean: Baina... hau besaulki bat da!

MEDUSA: Eta antz oso handia dauka... Zoaz! Bala baten modura atera zaitez... Hamar minutu barru itzuliko zara... eta dagoeneko ez naiz hemen egongo.

 

Badoa ASTOLFO, poz handirik hobe.

 

 

 

3. ESZENA

 

MEDUSA: Mutil arraroa gero.

 

FRISETTEren sarrera.

 

            Zure atzapartxoa eskatu berri zidaten, zure atzapartxo txikia.

FRISETTE: Mesedez, aita.

MEDUSA: Neskatotxoek kasu egin behar zioten aitari.

FRISETTE: Bai, aita.

MEDUSA: Hire senargaia Hilotz jeneralaren moduko gaztea dun...  Nahasten ari naun. Hilotz jeneralaren bitartez etorri dun. Ezagutzen al dun Hilotz jenerala?

FRISETTE: Bai, aita. Gizon ona da Hilotz jenerala. Eskuzabaltasunaren irudia bera da eta eskura duen guztia eman egiten du. Behin, tropak ikuskatzean, artean zigorrik hartu gabeko gizon bat aurkeztu...

MEDUSA: Bazekinat pasadizo hori.

FRISETTE: Neuk ere bai. Barreari ekingo dio.

MEDUSA, zorrotz: Ondo hezitako neskek ez diten sekula barrerik egiten aitaren aurrean... Orduan, ezkondu nahi al dun? Ez dun nahiago neskazahar geratzea? Ez al din min ematen hire aita uzteak?

FRISETTE: Alderantziz.

MEDUSA: Maite al dun aitatxo?

FRISETTE: Bai, aita.

MEDUSA: Oso azkarra haiz: neskato ona haiz.

FRISETTE: Eta nire eztei-saskitxoa, aita?

MEDUSA: Bidai poltsa bat erosiko dinat... edo maleta bat:... ezin haiz saskitxo batekin Italiaraino joan... praktikoagoa dun maleta... Hoa, arkume, arlekin txikia, kia-kia-kia.

 

Neskak kanpora egingo du, saminak jota.

 

 

4. ESZENA

 

MEDUSA, ASTOLFO

 

       MEDUSA, buruan ezer ere ez duenaren aurpegieraz, idazmahaira hurbilduko da: Lan apur bat egingo banu...

 

ASTOLFOren sarrera. Berarengana abiatuko da MEDUSA.

 

 

 

            Zeu zarela uste dut.

            Lehengo kontutxoa dela-eta, badaukazu nire baimena... Bai?

ASTOLFO: Hau da poza!

MEDUSA: Ez ezazu saltorik egin: nire oinak zapaltzeko arriskua daukazu-eta... Maskurrak ditut... maskur erraldoiak... Ez duzu kentzeko botikarik izango, ezta?... Edo lekuz aldatzeko behintzat? Sorbaldan banitu sikiera, bost axola. Zoaz!... Ezagutzen al duzu Napoleon?... Billarrean aritzen dena, noski... Ez? Zoaz!... Itzul zaitez bost minutu barru... Eta dagoeneko hemendik urrun egongo naiz ni.

 

Sakonki lelotuta aterako da ASTOLFO.

 

 

 

5. ESZENA

 

MEDUSA, POLICARPO

 

Baroia idazmahaira itzuliko da. Idatzi eta gogoetan hasiko da.

 

MEDUSA: Maite nau?... Ahots gora galdetzen diot neure buruari... jakin egin behar dut. Bestela ezingo nau loak lasai hartu..., ezin izango dut nahi beste edan... Nintzenaren erdia izango naiz. Azpijokoa prestatuko diot... Azpijoko baldarra... Azpijoko baldarrak... onenak dira. Komeni zaidan suhia izan nahiko nuke; nire ahoaz ikusten duena; nire hitzez asebetetzen dena; nire irudikoa oso-osorik. Ez dut suhi berekoirik nahi:... lar desatsegina da.

 

Kanpaitzar bat joko du.

POLIKARPO sartuko da.

 

 

            Gutun hau erabat urgentea duk, berehala eraman.

POLICARPO, zakar: Ezin diat buzoira bota? Ez nauk nire zitara ordurako helduko... Billarraren azpian lekuren bat topatuta ere, pozik... Nolako burutazioa! Horrek ez dik zorte onik ekarriko!...

 

Haserre baina duintasunez aterako da.

 

 

6. ESZENA

 

MEDUSA, ASTOLFO

 

       MEDUSA, braustakoan altxatuko da; atzeko ateraino joan, zabaldu eta oihuka hasiko da: Policarpo!... Policarpo!... Joan egin da... Ileak atera eta zapaldu egingo ditu. Zergatik joan da hain arin?

 

Astolfo agertuko da, lotsati.

 

MEDUSA beragana abiatuko da, zoro-zoro, begiak sutan. Koldar hutsa naiz!... Hilotz jeneralari gutun anonimoa idatzi diot!

ASTOLFO: Zer diozu?

MEDUSA: Horixe! Gutuna sinatzea ahaztu zait!... Min emango dio... Dueloa egin nahi izango du... Nik ez dakit duelorik egiten.

            Zoaz!... Zoaz! Berriro deituko dio, baina tonua aldatuta. Hala ere, seme, zein da zure ogibidea?

ASTOLFO: «Dibortzio» eta «lan-istripu»etako enplegatua naiz, jauna.

MEDUSA: Ez duzu sekula akatsik egin lan horietan?...

ASTOLFO: Behin baino gehiagotan, jauna: dibortziatutako batzuek pentsio ederrak hartu zituzten, istripua izandako beste langile koitadu batzuen ezkontzak baliogabetu ziren bitartean. Sentitzen dut.

MEDUSA: Ez dio ardurarik;... barkatuta zaude. Zoaz!... Ostera bat egin beharko zenuke... ostera luzea... oso luzea... auzotik... on egingo dizu, on handia... Policarpo topatuz gero, hona bidali.

 

Desengainatuta aterako da ASTOLFO. Aitaginarreba izango dena harrituta geratuko da, zeharo. Ez dator berarekin bat.

 

 

 

7. ESZENA

 

MEDUSA, POLICARPO, ASTOLFO gero

 

MEDUSA: Nire kontuei ekingo diet atzera...

 

Idazmahaira abiatuko da.

POLICARPOren sarrera. Otso-aurpegia dakar.

 

 

POLICARPO: Hau duk bizimodua hau! Zaldien pazientzia behar duk hirekin bizitzeko!

            Ironiaz: Berorrek nire partidara joateko baimena emango al dit agian? Hirea azala! Mespretxuz: Barbaro hutsa baino ez haiz; ez daukak idealik... hire zenbakien artetik atera eta ez haiz ezertarako ere.

            Probetxuzko gizon bihurtu nahi izan haut; baina amore emango diat, hire bazter ilunean utziko haut. Gainera, ezkontzeko nagok.

 

ASTOLFO sartuko da; POLICARPOren hitz jarioa entzunda aztoratuta dagoela dirudi.

 

            Bakarrik geratuko haiz. Hi banintz lotsatuta egongo nindukek eta neure buruaz beste egingo nikek, bastoiaz hanketan jota.

 

POLICARPOren amorruak goia joko du.

 

MEDUSA, ASTOLFOren sarreraren berri izanik: O! Jainkoarren! Policarpori: Joan zaitezke, lagun maitea... Eskertzen dizut zure aholkua... zure aitormena.

 

POLICARPO irten egin da, bere buruaz harro.

 

            Baroiak ASTOLFOri: Oso izaki bihozbera da... Nire gain-gainean dago beti... Nekez aurkitzen dira gaur egun horrelako morroiak. Jaiotzen ikusi nuen... ordurako hogeita bost urte bazituen ere.

ASTOLFO: Zergatik egiten dizu hika?

MEDUSA: Mania bat baino ez da... Ez inori esan... Policarpok sindikatu garrantzitsua sortu zuen orain dela hamalau urte... Haluzinazioak nituen egun batean —non sartu ez jakiteraino sufritzen ari nintzen—, Policarpok bere sindikatuan sartzeko eskaintza egin zidan: on handia egingo zidala esaten zuen ziurtasunez... Hilabetegarrenean, osasuntsu nengoen... eta burusoil ere bai.

            Eskerronez, sindikatu sekretuaren estatutuei kasu eginez, nolabaiteko askatasuna, nolabaiteko bide zabala utzi behar izan nion lanean Policarpo anaiari. Nire anaia da Policarpo ordutik... Nahiko kuriosoa, ezta? Nik susmorik hartu gabe ere, haluzinazioek sozialista bihurtu ninduten Policarporen bitartez.

            Izaki ahul guztiek bezala, gehiegikeriak egin ohi ditu.

            Ixo!... Ixo!... Nire alabari esaten badiozu, buruko mina izango du... min handia...

            Medikuak ez du nahi buruko mina izan dezan... Ez du nahi!  Oilotartalo doktorea gizon beldurgarria da... Beldurgarria!

            MEDUSAk besoak zabaldu eta ozenago hitz egingo du: Tripa lodi-lodia dauka!... Honelakoa! Ikaragarria!... Ulertzen al duzu?

 

ASTOLFO erabat kirtenduta.

 

            Gauzak horrela, seme, zein armadatan ibili zara zu?

ASTOLFO: Itsas armadan, jauna: irten berria naiz.

MEDUSA: Orduan, lau urte dituen nire loba bezala ibiliko zinen jantzita? Zure adinean marinel-jantzita oraindik?

            Zoaz!

            Bultzada emango dio Astolfori. Deitu egin dutela uste dut... Zure zergak direla-eta izan liteke... Zoaz!

 

ASTOLFO kanpora aterako da. MEDUSAk deabru-begiz jarraituko dio.

 

 

 

8. ESZENA

 

MEDUSA, POLICARPO

 

MEDUSA: Ikaratuta nago... Zer pentsatuko ote du mutil horrek? Eta besteak hika egiten dit beti! Hilotz jeneralaren aurrean ere hika hitz egingo dit! Nahikoa da.

            Deika hasiko da: Policarpo!... Policarpo!

 

POLICARPOk sekulako sarrera dotorea egingo du.

 

POLICARPO: Kanpaitxoa jo al duk berriz?

MEDUSA: Bai, jauna... Kanpaitxoa jo dut... Ahots mehez. Momentu bat. Sindikatua utzi nahiko nuke.

POLICARPO, aginte kutsuz: Ez daukak eskubiderik.

MEDUSA: Hotz-hotzean hartuko dut eskubidea orduan. Gure hitzarmena apurtuta dago; eta atsegin handiz esango dizut nirekin behar den moduan ez baduzu jokatzen botako..., fusilatzera bidaliko zaitudala.

POLICARPO, hipokresiaz gainezka: Jaun baroiaren aginduetara nago... Jaun baroiak guztia ahaztuko du, ezta? Jaun baroia ezkondu nahi duen bihar-etziko aita batez errukituko da.

MEDUSA: Brrr!... ezkuta zaitez sotoan!... Sotoko azken txokoan! Ezkondu nahi den gizona izateko, oso txarto zabiltza, Policarpo jauna. Gizon ezkonduek ez dute lausengutzat hartuko zu euren artean egotea. Ken zaitez begien bistatik... une batez.

 

POLICARPOren irteera. Ezezagun dago.

 

 

 

9. ESZENA

 

MEDUSA, ASTOLFO, FRISETTE, POLICARPO gero

 

MEDUSA: Menpean hartu dut.

            Termometroari begira baroia. Ikusmena galdu eta galdu nabil!... Gaur goizetik sei gradu galdu ditut!

 

ASTOLFOren sarrera..

 

            Erne! Azpijokoari ekiteko ordua heldu da.

            MEDUSAk ASTOLFO liluratuko du. Ustekabean: Izango zinateke kapaz begi baten gainean dantzatzeko?... Ezkerreko begiaren gainean?

 

ASTOLFO, txundituta.

 

MEDUSA, hipnotizatzaileen planta hartuta, gogor: Begi baten gainean dantzatzeko gauza zaren galdetu dizut... ezkerreko begiaren gainean. Hatz erakuslea eskuineko begian sartuta: Eta honen gainean?

ASTOLFO, bere izpirituaren harridurak estututako ahotsaz: Ez.

MEDUSA, bere baitarako ari bailitzan: Ondo: zintzoa da... Bere aurpegiak aztoramenik sakonena agertuko du: Zure erantzunak asko pozten nau: gizon leiala zara, txoko ezkuturik gabekoa, gizon lañoa.

ASTOLFO: Ez naizelako begi baten gainean dantzatzeko gai?

MEDUSA: Ez, gizona! Epaile ahotsaz: Gaurtik aurrera, konfiantza osoa izango dut zugan: ziurrenik, heriotzaraino helduko zinateke nigatik, eta sekula inori esan barik. Besarka nazazu... Indartsuago.

            Ontasun inozoz begiratuz: Voltaireren antza daukazu oraintxe, jainkoarren... hankak hark bezala dituzu: oker. Ni hilko banintz, zer egingo zenuke zuk?

ASTOLFO, ziurtasun handirik gabe: Beltzez jantzi eta zure hileta-elizkizunera joango nintzateke, jauna.

MEDUSA: Orduan, maite nauzu? Semea balitz legez estutuko du: Besarka nazazu... Indartsuago... Gehiago! Joango banintz, gogorra izango litzateke zuretzat, ezta? Nire zoriona al daukazu buruan, nire zoriona baino ez?

 

FRISETTE sartu da, apal-apal.


 

            Aurkezpena eginez: Nire alaba.

            ASTOLFOren aurkezpena gero: Nire suhia.

            Aurrera jarraituko du: Jakin ezazu odol garbiko etxe batean sartzen ari zarela. Gure familia azefaloen tipoko animalia ornogabe bati izena eman dion antzinako familia da... Goi-mailako klasea! Itsasoan bizi da animalia hori. Aurkeztu egingo dizuet... Maitatuko duzue?

ASTOLFO, erabat hunkituta: Bai, jauna.

MEDUSA ASTOLFOren eskuak bere eskuetan bilduta: Ona zara... oso ona... onegia...

            Zure erretratua neukan, Bonnat-ek margotuta. Kendu egin behar izan nuen: alaba ikaratzen zuen. Alabak errespetatu egiten zaitu. Ez dun hala, Frisette?

FRISETTE: Bai, aita.

MEDUSA: Seme-alabatxo maiteok! Poz-pozik legoke jenerala zuok elkarrekin ikusiz gero!

            Tximinoarengana abiatuz: Jonas ere poz-pozik egongo da. Gure arteko onena da oraindik ere. Guztiz lelotuta negarrez.

FRISETTE: Aita ona.

ASTOLFO: Jaun ona.

 

Tximinoa besarkatzen dute.

Neurriz gain puztuko du MEDUSAk bularra. Indarberrituta dago.

 

 

FRISETTE, tximinoa laztanduz: Jonas ona.

ASTOLFO, ezer askorik ulertu gabe: Jonas nire jaun ona.

MEDUSAk ASTOLFOri, FRISETTE seinalatuz: Maita ezazu ni maite nauzun bezala. Ez ezazu ahaztu nire alaba dela, niri esker daukazula.

            Benetan serio: Jarri ahuspez, gazte maiteok: nik neuk bedeinkatuko zaituztet, neure eskuez... Horrek berotu egingo nau: eskuak izoztuta dauzkat.

 

Ezkongaiek duda egiten dute, zer egin ezean. Lurrean etzateak nazka ematen die.

 

POLICARPO sartuko da, ahots bikainez ondokoa iragarriz: Hilotz Txantxa jenerala, Ipurtats koronela... Belaun jauna, administratzaile militarra!

MEDUSA, zoratuta bat-batean: Goazen!

 

Bazter bateko ateetako baterantz doa: Goazen!... Ni jipoitzera datoz!

FRISETTE eta ASTOLFO atzetik dituela egingo du baroiak ihes. Jeneralak, koronelak eta jaunak pasatzeko lekua izan dezaten alde batera egingo du POLICARPOk.

 

 

 

Medusaren azpijokoa
Erik Satie

euskaratzailea: Unai Elorriaga
Zubizabal, 3, 2000