Libra bat kobratu nahi dut
Sean O’Casey

euskaratzailea: ezezaguna
Zubizabal, 7/8, 2003

 

 

Pertsonaiak

 

Pimblico-ko Postetxeko NESKA ARDURADUNA

JERRY: langilea

SAMMY: beste langile bat

POLIZIA-AGENTEA

 

       ESZENA: Postetxe bat udazkeneko arratsalde bateko azken orduetan.

Postetxe bat. Eskuman salmahaia egongo da. Lau metro eta erdi aterako da kanpora, angelu zuzenak edukiko ditu eta eszenatokiaren amaieraraino joango da. Aurrera begira dagoen aldeak burdinsarea edukiko du eta erdian leihatila, zigiluak banatzeko. Leihatilaren gainean ZIGILUAK hitza irakurri ahal izango da. Atzealdean, erdian, joan-etorriko atea egongo da. Atearen eskumaldean leihoa egongo da eta POSTA hitza edukiko du kanpora begira idatzita. Ezkerraldean idazmahai bat egongo da, gutunak eta telegramak idatzi, formularioak bete edo posta-igorpenak egin nahi dituztenei lana erraztu aldera. Idazmahaian paper lehortzailea, lumak eta tinta-ontziak egongo dira. Harago, idazmahaia; atzealdean telefono-kabina. Hormetan, ondoko hauen moduko idatziak: Aurrezki-ziurtagirietan aurreztu, etorkizuneko minak aurreztuko dizkizu; Eros ezazu telefono bidez; Erabil ezazu posta-zerbitzua beti eta ez azken orduan. Bertute kardinalak: Adorea, Neurritasuna, Zuhurtzia eta Irabazien Gaineko Zergen Ordainketa. Salmahaiaren atzean, aulki altu baten gainean jesarrita, dokumentuak sailkatu eta aztertuko ditu neska batek idazmahai baten aurrean. Postetxe batean egiten den ohiko lana egingo du. Ezkerrean ate bat. Udazkeneko seiak inguru izango dira; eguzkia baxu samar egongo da, eta distiraren gorritasuna sartuko da leihotik. Supituan, joan-etorriko atea irekiko da. Jerryk atearen kontra bermatuko du gorputza, irekita egon dadin. Sammyri lagunduko dio sartzen eskumako eskuaz, mozkortuta baitago. Irrika eta esperantza ikusiko dira Jerryren aurpegian. Lan-arropak ditu soinean, karez eta porlanez zikin, eta prakak sokaz lotuta dauzka belaunetik behera. Berrogei bat urte izango ditu. Sammy lagunak, langilea berau ere, antzeko arropak ditu soinean. Jerryk tweed-bonet zabal-zabala dauka eta Sammyk feldrozko jaka zeharo higatu eta desitxuratua. Sammyren mozkorraldia minbera-tipokoa izango da, eta aurpegi gorrituan irribarre inozo eta estereotipatua agertuko da.

 

 

JERRY (Sammyri eutsi eta neskari hitz egingo dio): Hementxe egiten dira aurrezki-operazioak, ezta, andereño?

 

(Neskak erantzuteko aukera izan baino lehen, kanporantz egingo du Sammyk inpentsan, Jerry berarekin eramanez. Atea berriro itxiko da. Neskak harantz begiratu baina atearen joan-etorria baino ez du ikusiko. Pausa bat egongo da. Berriz irekiko da atea eta Jerry agertuko da bertan: Sammyri tinkoago helduko dio. Neskari hitz egingo dio)

 

JERRY: Hementxe egiten dira aurrezki-operazioak, ezta, andereño?

 

(Kanporantz egingo du Sammyk berriro ere inpentsan, Jerry berarekin eramanez. Modu horretan, atzera itxiko da atea eta atzera geratuko da neska para begira, hara eta hona dabilen ateari so. Tinko eutsiko dio begiradari. Pausa. Ondoren, atea ireki eta gizon biak agertuko dira. Oraingoan Sammy joango da aurretik eta Jerry atzetik, laguna bultzatuz eta inguruari begira, neskari hitz egiten dion bitartean)

 

JERRY (neskari hitz egiten dion bitartean Sammyri begira): Hementxe egiten al dira aurrezki-operazioak, andereño?

NESKA (mesfidantzaz): Bai.

JERRY (irabazleen moduan, Sammyri) : Ez nizun esan ba, Sammy: aurrezki-operazioak egiten dira postetxe honetan. Goazen.

SAMMY (inguruari begira, bertan ez balego bezala): Nora?

JERRY: Hona barrura, hona barrura, ez al duzu ikusten? Portura heldu gara, Sammy..., aurrezki-operazioak egiten dituen postetxe batera heldu gara.

SAMMY (ez balego bezala) : Nora?

JERRY (konbentzitu nahian): Tira, Sammy, esnatu. Gogoratu gure misioa; ez duzu orain laguna bertan behera utziko... Gogoratu zer nahi dugun.

SAMMY (ez balego bezala): Nik ez dut ezer nahi.

JERRY (haserre): Ahalegina egin gogoratzeko, motel..., libra bat kobratu nahi duzu... Gogoratzen zara?

SAMMY (tente jarriko da): Libra bat kobratu, libra bat kobratu nahi dut.

JERRY: Orduan zergatik esan duzu ez duzula ezer nahi? Besteek ni tontotzat hartzea lortuko duzu. Zuk formularioa baino ez duzu bete behar; neskatoak emango dizu.

SAMMY: Ez dut ezer sinatuko; ez dut formulariorik nahi.

JERRY (haserre): Ez dizute zure libra hori emango formularioa bete ezean. Horrelaxe egiten dira aurrezki-operazioak.

SAMMY: Ez dut formulariorik sinatuko; ez dut formulariorik nahi.

JERRY (haserre): Ez dizute zure libra emango, motel, ez baduzu formularioa betetzen. Horrelaxe egiten dira hemen aurrezki-operazioak. Konturatzen al zara? Sinatu libra kobratzeko formularioa eta emaiozu neskatoari, aditu al duzu?

SAMMY: Edan egin nahi dut.

JERRY: Ez daukazu edateko dirurik. Ezin duzu edan libra hori hartu arte. (Salmahaira eramango du Sammy) Saiatu gizalegez portatzen operazioa egiten dugun bitartean.

 

(Salmahaira hurbilduko dira gizon biak.)

 

JERRY (neskaren aurrean atsegin agertu nahian): Libra bat kobratu nahi du honek, andereño. (Sammyri) Ez da egia, Sammy, libra bat kobratu nahi duzula? (Neskari) Emaiguzu formularioa, andereño, honek bere izena idazteko.

NESKA (Sammyri hitz egingo dio, Jerryri kasurik egin gabe) : Zerbait nahi al duzu, jauna?

SAMMY (ez balego bezala): Zer?

 

(Gorputz handiko emakume bat sartuko da, presa daukala nabarmen adieraziz. Berrogei bat urte izango ditu. Salmahaira abiatuko da zuzen. Tinko begiratuko die gizonei minutu batez)

 

EMAKUMEA (neskari): Gutun bat idatzi eta buzoira botatzen badut 19:59ko bilketa baino lehen, helduko litzateke Tarraringapatamera ostiral goizeko 12:54ak baino lehen, andereño?

NESKA (ideiak ordenatzeko ahalegina eginez): Ze bilketa, andrea?

EMAKUMEA (lehor): 19:59koa esan dut, oso oker ez banago.

JERRY (pazientzia galduta): Formularioa, andereño, mesedez.

SAMMY (kantuan hasita, mozkortuta balego bezala): Gauez kantuan, argia larua denean...

JERRY (gaitzetsiz): E, e, Sammy, zer da hori!

SAMMY (ahotsa apur bat apalduz):... Eta itzalak leun-leunak direnean...

JERRY (enfasiz): E, e, Sammy!

SAMMY (ahots motel-motelaz amaituko du): ... Badoaz eta badatoz...

NESKA (emakumeari): Norako da gutuna, andrea, mesedez?

EMAKUMEA: Tarraringapatamerako.

NESKA: Non dago zehazki leku edo herri hori, andrea?

SAMMY: Hemen bertan, bi barruti harago.

EMAKUMEA (Sammyri, suak hartuta): Gorde itzazu kolkoan zure azalpen barregarriak. (Neskari) Tarraringapatam Birmaniako lekurik australena da.

JERRY (neskari): Pasatu ordainketarako formularioa; bai, andereño? Laguna nekatu egingo da bestela eta ezin izango du sinatu.

NESKA (Jerryri): Minutu bat, mesedez.

SAMMY (Hatz-muturrez salmahaian joko du, danbor-hotsa imitatuz): Libra bat, libra bat kobratu nahi dut.

EMAKUMEA (neskari): Berriz esango dizut, andereño: 19:59ko bilketa baino lehen buzoira botatako gutuna Tarraringapatamera helduko da ostiral goizeko 12:54ak baino lehen?

NESKA: Ez dakit zer esan, andrea.

JERRY (emakumeari, bizi-bizi): Andereñoak ez daki. (Neskari) Ordainketarako formularioa, mesedez.

EMAKUMEA (suak hartuta, Jerryri): Jauna, berorren kontuei erreparatu beste lanik ez hartu. (Neskari) Jakiteko modurik badaukazu?

JERRY (emakumeari): Ezin da onartu zuk zeuretzat hartzea jende guztiari bideratuta dagoen bulego baten denbora eta arreta guztia; ez duzu hala uste?

SAMMY (bizi-bizi): Istilu bila zabiltza, ala?

EMAKUMEA (Sammyri): Bulego publiko batean galdera soil bat egiteko ahalegina egiten ari naiz, eta ez dut etenik onartuko.

NESKA (salmahaitik eskegita dagoen leku-izenen zerrenda batetik ibili da hatza pasatzen): Ze izen esan didazu, andrea?

EMAKUMEA (duintasunez): Tarraringapatam.

NESKA (zerrendari begira): Ez dago zerrendan, andrea.

JERRY (ironiaz) : Omnibus-geltokia oihanean, andereño.

EMAKUMEA: Egon behar du.

NESKA (emakumeari): Ez dago zerrendan. (Sammyri) Zerbait nahi al duzu?

JERRY (ezkutuka): Libra bat kobratu; besterik ez du nahi.

NESKA (zorrotz, Jerryri): Utziozu jaunari hizketan. (Sammyri.) Zer nahi duzu?

SAMMY: Istilu bila zabiltza, ala?

JERRY (ozen, Sammyri): Gazte honek galdetu dizu libra bat kobratu nahi duzun.

SAMMY (apur bat esnatuz): Zer nahi dudan? Bai, libra bat kobratu nahi dut.

JERRY (bizi-bizi): Emaguzu formularioa, andereño, eta neuk sinaraziko diot.

NESKA (Sammyri): Utziko al didazu zure gordailu-libreta ikusten?

JERRY (Sammy estu hartuz): Gordailu-libreta, gordailu-libreta, Sammy; andereñoa eskatzen ari da.

 

(Sammyk ez balego bezala begiratuko die neskari eta Jerryri)

 

JERRY (bizi-bizi): Mugitu. (Sammyren jakako goiko poltsikoan eskua sartuko du) Gordailu-libreta, ume, gordailu-libreta. Andereñoa eskatzen ari da.

 

(Sammyren poltsikotik libreta atera eta langileari emango dio)

 

NESKA (emakumeari; salmahaiaren ondoan egongo da zutunik): Sentitzen dut, andrea, ezin zaitut eskatzen duzun horri buruz informatu; izen hori ez dago zerrendan. (Jerryk eman dion libretari erreparatuko dio) Zuon bion arteko nor da Adams jauna?

JERRY (alai, laguna seinalatuz): Hauxe, andereño, hezur eta mami; bizi-bizirik.

SAMMY (poz-pozik): Gauez kantuan, argia larua denean...

JERRY (etenaraziz): Ixo..., andereñoari ez zaio bere bulegoan kantatzen ibiltzea gustatzen.

SAMMY (mozkorraldiak eman ohi duen tonuaz): Sammyri bost axola, andereñoa, bost axola bulegoa, bost axola guztia.

EMAKUMEA (suminduta joango da hormako idazmahairantz, gutun bat idatzi asmoz): Postetxe ederra hau! Ez dakite postari buruzko informerik errazena ere ematen!

 

(Neskak formulario bat hartu eta gogo txarrez emango dio Sammyri, baina Jerryk harrapatu eta idazmahairantz bultzatuko du Sammy)

 

NESKA (abisu tonuan) : Libretaren titularrak sinatu behar du eta sinadurak bat egin behar du libretan agertzen denarekin.

 

(Emakumea gutuna idazten ariko da eta leku asko erabiliko du horretarako. Idazmahaiaren erdi-erdian egongo da jarrita eta idazteko elementuak mahai guztian zehar edukiko ditu barreiatuta. Jerryk emakumearen eskumaldean dagoen espaziora eramango du Sammy, begira geratu eta ezkerreko espaziora eramango du gero)

 

JERRY: Orain luma atzamar artean hartu eta zure izen zahar hori bertan estanpatu baino ez duzu egin behar.

 

(Jerryk formularioa idazmahaian zabaldu, gastatutako luma bat hartu eta Sammyren atzamarren artean jarriko du. Sammyk lurrera jausten utziko du)

 

JERRY (haserre, luma berriro hartu eta Sammyren eskuan jartzen duen bitartean) : Saia zaitez indartsu hartzen, motel, eta ez ibili tinta lurrera botatzen.

            (Ezpata bailitzan eutsiko dio Sammyk) Ez, horrela ez; ez ezazu orain kontrakoa egin. (Luma modu egokian jarriko dio) Suabe eta airoso, hatz erakusle eta lodiaren artean. Honela, ikusten? (Neskari hitz egingo dio) Ez dago honelako gauzetara ohituta, baina ondo egingo du minutu batean.

SAMMY (zutunik, tente-tente, eta hormara begira, bertan ez balego bezala): Libra bat kobratu nahi dut.

JERRY (arnasa emango dio): Tira, makurtu zaitez eta idatzi zure izena.

            (Emakumeari; gutuna idazten ari den bitartean) Joan zaitezke apur bat harantz, andrea, eta izena idazteko lekua utzi...? Libra bat kobratu nahi du, bazenekien?

 

(Emakumeak suak hartuta begiratuko die, baina alde baterantz egingo du zertxobait. Sammy makurtu eta balantzaka hasiko da idazmahaiaren alde batetik bestera. Eta emakumea bultzaka botako du ia)

 

JERRY (etsita): E, Sammy, Sammy, begiratu formularioari. Ezin al diozu orekari eutsi une batez?

EMAKUMEA (suak hartuta): Ederra niri traba egiteko modua, Tarraringapatamerako gutun garrantzitsua idazten ari naizenean! (Neskari) Eta zuk ez duzu ordena apur bat jarriko, ala?

JERRY (emakumeari): Nahikoa da, andrea, nahikoa da.

EMAKUMEA (haserre): Ez, ez da nahikoa; asko falta da nahikoa izateko. (Zakar, Sammyri) Gogora ezazu postetxe batean zaudela, jauna!

SAMMY (mozkorrek izan ohi duten suak hartuta): Postetxea! Niri bost! Zapatak kendu behar al ditut postetxe batean?

JERRY (bakea ezarri nahian) : Nahikoa da. Inork ez du zuk zapatak kentzerik nahi. Tira, egon zaitez idazmahaiaren gainean beste formulario bat ekarri bitartean.

 

(Sammy idazmahaiaren gainean utzi eta beste formulario baten bila joango da)

 

SAMMY (emakumearengana joango da sigi-saga): Beraz, oinetatik zapatak kentzea nahi duzu zuk?

JERRY (neskari): Beste formulario bat, mesedez, andereño.

SAMMY (emakumearen ondo-ondoan, enfasiz): Aizu, zurekin ari naiz! Oinetatik zapatak kentzea nahi duzu?

JERRY (pazientzia galduta, neskari): Beste formulario bat, mesedez, andereño, borrokatzeko gogoz jarri baino lehen.

NESKA (lanean): Hara, minutu bat. Oraintxe bertan eman dizuet bat.

SAMMY (emakumearen ondoan): Ken zaitez, andrea, mesedez; leku hau okupatuta dago. Nire izena idatzi behar dut eta lekua behar dut; libra bat kobratu nahi dut. (Emakumea ez dago esaten ari zaionari adi) Kentzeko esaten badizute, ken zaitez, arren. Leku hau okupatuta dago.

JERRY (Sammyri hitz egingo dio, salmahaitik): E, e, Sammy; egon geldi, motel. (Neskari) Arin, andereño, mesedez. Sammy, trankil!

SAMMY (enfasi handiagoz, emakumearen axolagabetasunaren aurrean): Ez al duzu entzun esan dizudana? Lekua behar dudala esan dizut; zoaz, zoaz; leku hau okupatuta dago!

JERRY (Sammyri, abisua emanez): Sammy, lasai!

EMAKUMEA (suak hartuta): Zertan zabiltza niri bultzaka? Bulego publikoa da hau, eta betebehar inportantea egiten ari naiz ni.

SAMMY (oldarkor): Zuk ez duzu libra bat kobratu behar eta kendu paretik poliziari deitu baino lehen.

JERRY (neska dagoen lekura begira): Lasai, Sammy, lasai.

 

(Emakumea gutuna idazten ari den bitartean, bultzatu egingo du Sammyk, baina, sutan, emakumeak ere bultzatuko du Sammy. Arazo larriak edukiko ditu Sammyk zutunik egoteko. Bere onera etorri eta berriro ekingo dio Sammyk bultzadari, baina emakumeak lehen baino indar handiagoz bultzatu eta ateraino bidaliko du ia. Ahalegin handiz suspertu eta, zabuka, emakumea dagoen lekura helduko da Sammy, aurpegiera erabakiorrez)

 

JERRY (neskari, Sammy zabuka doan bitartean. Jerryk ez du hori ikusiko): Jainkoarren, eman formulario bat andereño.

JERRY (emakumeari bultzatuz): Badakit zertan zabiltzan, andre maitea; egiten ari garena hankaz gora jarri nahi duzu. Badakit zertan zabiltzan eta ez dizut poz hori emango, andre maitea.

 

(Emakumea bultzatuko du Sammyk; erantzuna jasoko du, baina. Bere onera etortzeko ahalegina egingo du Sammyk, baina berriro ekingo dio emakumeak. Horrela, bada, Sammy joan-etorriko ateraino joango da zabuka. Atearen kontra jotzean, zabaldu egingo da eta kalera aterako da Sammy. Emakumeak gutuna idazteari ekingo dio berriro)

 

JERRY (ez du jakingo Sammy desagertu denik; salmahaian emango ditu kolpeak, artega): Andereño, andereño, formularioa, mesedez; formularioa.

NESKA: (artega, formularioa salmahaian modu nahiko bortitzean jartzen duen bitartean): Gehiago ez dizut emango!

JERRY (borrokalari): Bajatu haizeok, andereño, azken batean, zerbitzari publikoa baino ez zara. (Bularrean kolpetxoak emanez) Geuk ordaintzen ditugu zuen soldatak. Interes publikoak zerbitzatzeko zaude zu hemen; hortaz, bajatu haizeok.

NESKA (garratz): Lotsagabekeriarik ez, mesedez.

JERRY (zakar): Arauek esaten dutena egingo duzu zuk. Eta posta-zuzendariari gutun bat bidaliko banio...?

 

(Idazmahaiari begiratzeko buelta hartu eta Sammy desagertu egin dela ikusiko du)

 

JERRY (inguruari begira, nahastuta): Nora joan da? E, non dago Sammy?

            (Emakumearengana joango da korrika) Zergatik ez duzu zaindu, ez duzu ikusi apur bat pozik egon dela?

 

(Aterantz joango da, zabaldu eta irten egingo da)

 

EMAKUMEA (neskari): Arlote mozkor pare ederra. Zer egiten du poliziak?

 

(Atea berriro ireki eta Jerry sartuko da, Sammy tatarrez daramala)

 

JERRY (suak hartuta, neskari): Aizu, esaiozu mesedez andre horri operazio publikoak egiten ari den jendea bakean uzteko.

 

(Idazmahaira eramango du Sammy, formularioa mahai gainean jarri eta luma jarriko dio eskuan kontu handiz)

 

SAMMY (idazmahairantz daramaten bitartean): Badakit zertan dabilen andre hori; ez dut jakingo, ba, zertan dabilen.

JERRY (luma Sammyren eskuan jarriz): Tira, Sammy, idatzi, Sammy, idatzi.

            (Sammyk zirkinik ere ez) Tira, motel, idatzi.

SAMMY: Ezin naiz makurtu.

JERRY: Zergatik ezin zara makurtu?

SAMMY: Ezin naiz makurtu, ezin naiz zutunik egon, aulki bat behar dut.

JERRY (pazientzia galduta): Bueno, ez zaitez jausi, aulki baten bila noa; ez zaitez jausi.

 

(Sammyk goibel helduko dio idazmahaiari, emakumeari tinko begiratzen dion bitartean. Emakumea idazmahaiaren beste ertzean ariko da idazten. Jerry korrika joango da salmahaira eta keinu zein hitz sutsuak botako ditu. Hori dela-eta, neskak aginduko diona egingo du zertan dabilen jakin aurretik)

 

JERRY (arin-arin, neskari): Aulkia, andereño, utzidazu aulkia. Jesarrita badago hobeto idatzi ahal izango du bere izena. Arin, andereño!

 

(Neskak aulki altu bat emango dio. Jerry Sammyrengana joango da aulkia eskuan eta jesartzen lagunduko dio. Formularioa aurrean jarri eta luma ipiniko dio berriro eskuan. Sammyk mingaina aterako du ahoaren ertz batetik, eta jakak enbarazu egiten diola ohartuko da)

 

JERRY: Jaka zahar horrek enbarazu egiten dizu, e? Kendu orduan!; Nahi duzun bezala mugituko zara orduan. Andereñoak ez du ezer esango.

 

(Une luze batez atzera eta aurrera ibili ondoren, Jerryren laguntzaz, jaka kenduko du Sammyk)

 

EMAKUMEA (sarkasmoz, biei begira): Zergatik ez duzu gortina jaisten begiak argitik babesteko?

 

(Sammyk gorrotozko mugimendu arin bat egin eta luma, tinta eta formularioa lurrera joango dira. Idazmahaiari larri helduta, jesarlekua makurtu egingo du. Jesarlekua, ondorioz, zeiharka geratuko da emakumeari begira. Sammyk ahalik eta hurbilen jarriko dio aurpegia emakumeari)

 

SAMMY (herraz gainezka emakumeari) : Ez al zara konturatzen postetxe batean zaudela? Debekatuta dago hemen negozioa egin behar duten pertsonei enbarazu egitea. Ez naiz atzo goizekoa, andre maitea, eta badakit zertan zabiltzan!

JERRY (suak hartuta, emakumeari): Zergatik ari zara gizonari trabak jartzen?; ederto batean zebilen orain kontua! Ez daukazu eskubiderik negozio publikoak egiten ari den jendearen tartean sartzeko. (Neskari) Andereño, ikusi al duzu zelan egin dion enbarazu gizona ezin hobeto portatzen ari zenean?

NESKA (lasai): Ez dut emakumea ikusi inongo enbarazurik egiten.

JERRY (suak hartuta): Begiak ondo zabalik izan bazenitu, ikusiko zenuen. Kontua da hemen ez dagoela egon beharko lukeen kontrolik.

 

(Jerry hizketan ari den bitartean, neska telefonora joango da eta zenbaki bat markatuko du. Jerryk hasieran zegoen bezala jesartzen lagunduko dio Sammyri)

 

NESKA (telefonoan): Kaixo! Pimblicoko postetxetik. Bidali zure morroietako bat, bai? Bai, berehala, mesedez.

 

(Entzungailua dagokion lekuan utzi eta bi gizonei begira geratuko da. Lantzean behin aterantz behatuko du)

 

JERRY (behin Sammy ondo jarri ostean): Orain, Jainkoarren, ez ezazu berriz alde batera egin. (Emakumeari) Eta zuk ez ezazu komentariorik egin, aditu duzu? Emakumea (Sutsu): Zuek biok hitz erdirik esaten baduzue, poliziari deituko diot berehala!

 

(Lipar batez isiltasun sakona sortuko da)

 

SAMMY (eztanda eginez, urduri): Entzun duzu zer esan duen? Entzun duzu? Polizia ekarri! Pertsonengan konfiantza eduki eta hara zer lortzen duzun! Bost axola niri polizia! Esan zerbait, esan zerbait, Jerry, gizon portatu!; axola zait ala ez zait axola polizia?

JERRY (Sammy lasaituz): Ez, inondik inora. Sammy ezagutzen duenak ondo daki hori.

SAMMY: Inguruan dozenaka baneuka ere. Axola zaizkit ala ez zaizkit axola?

JERRY: Egon isilik, Sammy, egon isilik; kontu horiek bazterrean utzita hobe.

SAMMY: Isilik egongo naiz; gu ez gabiltza mundutik kontuak esaten, baina jakin badakizkigu, ezta?

JERRY: Isilik egon, Sammy, ez jarri urduri orain. Idatzi bertan zure izena.

SAMMY: Tutik ere ez. Polizia! Axola zait ala ez zait axola polizia, e, Jerry?

JERRY: Ez , ezer ere ez; tira, idatzi zure izena.

SAMMY (bero-bero): Utziozu poliziari deitzen! Denbora gutxi behar izango dute gertatu dena igartzeko. Poliziak nire eskumatara, nire ezkerretara, eta amaierarako nikeleztatutako botoiak baino ez dira geratuko, oroigarri gisa.

JERRY: Arropa-txatalak, hezurrak eta botoiak, jakina! Tira, idatzi zure izena.

 

(Atea zabaldu eta polizia erraldoi bat agertuko da. Astiro sartu eta salmahairantz joango da. Neskari begiratzean, gizon biak seinalatuko dizkio; poliziak baietz egingo du buruaz, modu ezkutuan ulertu izan balu bezala)

 

SAMMY (emakumearengana makurtuz) : Behin baino gehiagotan utzi ditugu kaleak poliziez ereinda, euren hezurrak biltzeko ahaleginean.

EMAKUMEA (mespretxuz): A, horretan ibili zarete, ezta?

SAMMY (adarjotzaile, emakumeari): Bai, horretan ibili gara; bai, bai, bai, horretantxe; ez ginen, ba, horretan ibiliko?

POLIZIA (bi gizonengana hurbildu eta bertan geratuko da): Tira. Egin behar duzuena egin eta alde hemendik.

 

(Gizon biek atzera begiratu eta polizia erraldoia ikusiko du te. Tinko begiratuko diote une batez eta aurpegiak beste aldera jarriko dituzte, arreta formularioan jarriz. Momentu batez, isiltasun sakona sortuko da, ordenaren ordezkaria bertan egotea deserosotasun asaldagarria baita)

 

JERRY (marmarrean ia): Hortxe, marraren gainean, Sammy! Samuel, zure izena, aditzen duzu? Lehenengo ese handi bat. Motel, ese handi bat, ese handi bat. Marraztu ese handi bat, ese maiuskula bat. Ez al dakizu zer den ese maiuskula bat? Begira, erakutsi egingo dizut. Utzidazu luma, segundo batez.

 

(Jerryk Sammyren eskutik luma hartu eta beharrezkoa dena zuzendu eta gero itzuliko dio)

 

JERRY: Hortxe daukazu. Ez; kontuz jarraitu: a, m, u, uste dut, bai, e bikoitza, 1, ez, e bakarra, ele bikoitza —Jainko maitea, zer esaten nabil!—, ele bikoitza bakarra, ele bikoitza bat baino ez, motel! Sammy ez zaude niri adi. Adi egongo bazina, ez zenuke txarto egingo mola ere. Dozena bat ele ipini dituzu kasik. Hara, utzidazu niri.

 

(Luma hartu eta soberan dauden ele guztiak ezabatuko ditu)

 

JERRY (ohartaraziz): Orain, abizena, Adams; eta egin itzazu letrak apur bat txikiagoak edo formulariotik kilometro batera egongo zara azkena idazterako.

SAMMY (ahots nekatuz): Buf, nahikoa da.

JERRY: Urrunegi heldu zara orain bertan behera uzteko, motel. Tira, abizena. A handi bat lehenengo. Bueno, ez elefanteak bezain handia. Tira, badakizu zer den maiuskula bat. Baina, zergatik utzi diozu eskuari ihes egiten? Neuk egin beharko dut orain. (Buelta hartu eta keinua egingo dio poliziari begiz) Zertxobait edan du, baina ondo dago. (Sammyri) Orain de txiki bat, eta u txiki bat... egon... nahasten ari naiz apur bat... eme txiki bat, ene txiki bat eta ese txiki bat, motel, minuskula! Bueno, orain andereñoari emango diogu.

EMAKUMEA (adarjotzaile, Jerryri): Koitaduak atsedenaldi luzea behar izango du lan horren ostean...

 

(Jerryk aulkitik jaisten lagunduko dio Sammyri eta eutsi egingo dio salmahaira heldu arte, poliziaren aurrean ezaxola plantak eginez. Formularioa emango dio langileari. Neskak formularioa aztertu eta izena libretan dagoenarekin alderatuko du)

 

JERRY (hitzak esan gabe hasiko da kantari, ezaxola itxurak eginez): Turn, turn, turn, tidi, turn, turn, pa, pa, papapa, turn turn turn tidi turn turn...

NESKA (eten egingo dio): Ezin dizut libra bat eman sinadura hau ikusita. Formularioan dagoenak ez dauka gordailu-libretan dagoenarekin inongo antzik.

JERRY: Baina bere letra da, ezta? Eta Adams dira biak, ezta?

NESKA: Ez datoz bat. Sentitzen dut, baina ezin dizuet dirurik eman. Gizon hau Adams jauna den ere ez dakit.

JERRY (senetik irtenda): Halako mamalakeriarik entzun beharra ere! (Sammyri) Adams jauna ez zarela dio. (Neskari) Ez da Adams jauna izango. Nor izan zitekeen, bestela, Adams jauna? Ez al du mundu guztiak ezagutzen bere barrutian?

NESKA: Orduan, zergatik ez da bere barrutiko postetxera joan?

JERRY (artega): Jende gehiegi dagoelako bulego hartan eta guk gauzak erosotasunez egiteko moduko leku batera joan nahi genuen, izena lasai idatzi ahal izateko.

NESKA (erabakior): Sentitzen dut baina ezin diot jaunari dirua eman.

JERRY (izututa): Eta zer egin behar du orduan?

NESKA: Bihar edo etzi badator hobeto.

JERRY: Gaur behar du dirua, andereño.

NESKA: Ezin diot eman.

JERRY (Sammyri): Ez dizula libra emango dio.

SAMMY: Libra bat kobratu nahi dut.

JERRY (Sammyri): Jakina. Gauzak behar bezala egiteko pasatu ditugun nahigabeen ondoren, ez diegu gure eskubideak ukatzen utziko.

POLIZIA (hurbilduz): Ez al dizue esan neskatoak ezin dizuela diru hori eman? Hortaz, segi, etxera, gizon zintzoen moduan, eta ahaztu kontu hau guztia.

JERRY (poliziari): Bere dirua lortu behar du gizonak, ez duzu uste?

SAMMY (ametsetan balego bezala): Lortu behar dut noski.

POLIZIA (bere buruari garrantzia emanez): Ez dituzu aurretiko baldintzak bete eta ez duzu, beraz, libra hartzeko baimenik.

JERRY (suak hartuta): Aurretiko baldintza bakarra bere sinadura zen, ezta? Eta sinatu du, ezta? Guztiok ikusi duzue sinadura egiten, ezta? (Pausa) Hitz egiteko beldur zarete? Hitz egin ezazue, ikusi duzue ala ez duzue ikusi?

POLIZIA: Segi, segi orain. (Jerryri) Ikusi beharko zenuke zure laguna ez dagoela estatuko banaketa batetik ezer ateratzeko moduan. Alde egin ezazue, gizon zintzoak bezala.

JERRY (konbentzitu nahian): Behar-beharrezkoa du libra hori, benetan diotsut. (Sammyri) Ez al da egia, Sammy?

SAMMY (ameslari): Behar-beharrezkoa.

JERRY (poliziari): Entzun al duzu? Argi eduki ezazu kontu serioa dela gizon batek bere ondasunen inguruan dituen eskubideak ukatzea.

POLIZIA (apur bat haserre): Hara, zuek biok alde egingo duzue, neure senetik atera baino lehen! Begirune handiz tratatu izan zaituzte; orain, beraz, etxera. Tira, gizon zuhur eta zintzoak bezala, neure onetik atera baino lehen.

JERRY: Kasu horretan, gordailu-libreta itzuli behar digute.

NESKA: Adams jaunak galtzeko aukera handiak dauzka; bihar bidaliko diot postaz.

JERRY (ikaratuta): Berak ez du postaz jaso nahi. Oraintxe nahi du, ezta, Sammy?

SAMMY (tonu nekatuan) : Oraintxe nahi dut.

POLIZIA (atzerapenik onartu barik): Etxera joango zarete orain gizon zintzoen moduan, muturreko neurriak hartu baino lehen. Segi, eta bihar argituko du berriz egunak eta libra kobratu ahal izango duzue, modu egoki eta normalean, fresko-fresko, garbi eta ondo orraztuta.

JERRY (haserre bizian): Eta gure ahalegin guztiak ezertarako? Argi ibili, zeresana ekarriko du honek!

POLIZIA (Koplarik egin gabe): Zeresana ekarriko du ez baduzue hemendik alde egiten. (Aterantz bultzatuko ditu suabe) Joan zaitezte, badakizue bidea-eta.

JERRY (atsekabez kexaka): Kilometroak egin ditugu Sammyk bere izena lasai idazteko moduko leku baketsu baten bila...

EMAKUMEA (adarjotzaile, gizon biak irteten ari diren bitartean) : Ez al da penagarria koitaduak dezepzionatzea?

SAMMY (irteten ari den artean): Diru hori lortu beharra daukat!

 

(Astiro irtengo dira, atsekabe jarreraz. Poliziak atea zabalik eutsiko die; pasatu eta gero itxiko da atea. Emakumea salmahaira hurbilduko da gutuna eskuan)

 

EMAKUMEA: Ziurtatua, mesedez.

 

(Neskak gutuna hartu, erregistratu, eta ordainagiria emango dio emakumeari. Emakumeak poltsan sartuko du ordainagiria eta joan egingo da)

 

NESKA (poliziari): Pozten nau arlote pare hori bota izanak.

POLIZIA (neskaren eskua hartuko du, salmahaiaren gainean makurtzen den bitartean): Arrosa ematen duzu gaur, eder eta gorrixka zaude-eta.

NESKA (xume) : Benetan?

POLIZIA (lotsati): Bai, horren antza daukazu.

 

(Atea erdi ireki eta berriro itxiko da. Poliziak neskaren eskua askatu eta tente geratuko da. Neskak paperetan jarriko du itxurazko arreta)

 

NESKA: Norbait zebilela pentsatu dut.

POLIZIA: Neuk ere bai. (Berriro hartuko dio eskua) Arrosa txiki bat; horixe da gaur ematen duzuna.

NESKA (irtirin) : Benetan?

 

(Atea supituan zabaldu eta Sammy agertuko da. Jerryk atzetik eutsiko dio. Atalasean egongo dira eta atearen orrietan bermatuko dituzte sorbaldak. Polizia eta neska arin-arin banatuko dira)

 

JERRY (Sammyri adorea emanez): Tira, emaiezu zure ultimatuma: esaiezu posta-zuzendariari idatziko diozula zuzen-zuzen gaur gauean bertan. Tira, zure ultimatuma, emaiezu!

 

(Lokalaren erdialdera joango dira biak)

 

SAMMY (polizia eta neska seinalatuko ditu, baina zorutik sabaira doakio atzamar dardartia, ondokoa adierazi nahi duen bitartean) : Ondo dakit zertan zabiltzaten zuek eta posta-zuzendaria! Ondo dakit, bai, zertan dabilen posta-zuzendaria!

JERRY (Sammyren arduragabekeria disimulatu nahian): Adams jaunak, titularrak, Posta-zuzendariari kexa latza bidaliko diola erabaki du, libra baten ordainketa eskatu duenean zerbitzari publikoak eman dion tratua dela-eta. (Sammyri) Ez da hala, Adams jauna?

SAMMY: Lortu behar dudala esaten ari naiz behin eta betiko.

JERRY: Horra hor, ikusten? Ezin izango duzu esan abisua eman ez dizudanik. Baten batek egin beharko dio aurre honi.

POLIZIA (ozen eta ahots mehatxukorrez): Ez bazoazte hemendik aitaren batean, denbora sobran izango duzue Posta-zuzendariari idazteko gaua pasatzeko edukiko duzuen gelan. (Biengana hurbiltzeko keinua egingo du) Alde hemendik, zuek biok eta libra kobratzeko zuen eskaera!

 

(Polizia hain hurbil ikustean, izutu egingo dira gizonak eta Jerryk Sammy ateratzeko maniobra egingo du. Sammyren mozkorrak uzten dien abiadura hartuko dute).

 

JERRY (atera heltzean): Baten batek egin beharko dio aurre honi, benetan diotsut.

 

(Atea bilintzi-balantza ibili eta itxi bitartean, apur bat zabalduko dute kanpora irten direnek. Jerryren aurpegia ikusi ahal izango da, begirakune gaiztoz)

 

JERRY (erdi irekita dagoen atetik oihuka) : Eta hori izango da gobernuari emango diogun azken txakur txikia!

 

(Jerryren aurpegia desagertu, joan-etorriko atea itxi, eta behera egingo du teloiak)

 

 

Libra bat kobratu nahi dut
Sean O’Casey

euskaratzailea: ezezaguna
Zubizabal, 7/8, 2003