NIK, JEHOVA, DEKRETATZEN DUT
Nicanor Parra

Yo Jehová decreto, 1970
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014

 

Nik, Jehova, dekretatzen dut

guztia amai dadila behingoz

begizkoa egiten diot eguzki sistemari

 

Amaren umetokira itzuli beharra dago

kitatutzat ematen dut gauza.

 

Inork ez dezala ihes egin

guztia amai dadila kolpetik

zertarako itzulinguruka ibili.

 

Oso ongi dago Vietnamgo Gerra

Oso ongi dago prostatako ebakuntza

nik, Jehova, zahartzaroa dekretatzen dut

 

Zuek barregura eragiten didazue

zuek nerbioak airean jartzen dizkidazue

jaiotzetik ergela dena bakarrik

belaunikatzen da estatua bat gurtzeko.

 

Egia esan ez dakit zuei zer esan

Hirugarren Mundu Gerraren bezperan gara

eta badirudi inor ez dela ezertaz konturatzen.

 

Mundua suntsitzen baduzue

uste duzue berriz sortuko dudala?

 

 

NIK, JEHOVA, DEKRETATZEN DUT
Nicanor Parra

Yo Jehová decreto, 1970
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014