MANIFESTUA
Nicanor Parra

Manifiesto, 1969
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014

 

Jaun-andreok

hauxe da gure azken hitza

—gure lehen eta azken hitza—.

Poetak Olinpotik jaitsi ziren.

 

Gure arbasoentzat

luxuzko gaia izan zen poesia

guretzat baina

premia-premiako produktua da:

ezin dugu bizi poesia barik.

 

Gure arbasoek ez bezala

—eta begirune osoz diot hau—

guk baiesten dugu

poeta ez dela alkimista bat

poeta besteok bezalako pertsona da

bere pareta eraikitzen duen igeltseroa:

ate-leihoen ekoizlea.

 

Eguneroko berba moldean

mintzo gara gu

ez dugu zeinu kabalistikoetan sinesten.

 

Beste gauza bat ere:

poeta hortxe dago

arbola ez dadin oker luza.

 

Hauxe da gure mezua.

Poeta demiurgoa salatzen dugu

Barata poeta

poeta paperjalea.

Jaun-andre horiek guztiek

—eta begirune handiz diot hau—

auzipetuak eta epaituak izan behar dute

beren baitan mila dorre eta gaztelu egiteagatik

ilargiari sonetoak idazten

espazioa eta denbora alferrik xahutzeagatik

Pariseko azken modari jarraiki

hitzak ausaz elkartzeagatik.

Gure ustean ez:

pentsamentua ez da ahoan jaiotzen

bihotzaren bihotzean da jaio.

 

Guk arbuiatzen dugu

betaurreko iluneko poesia

jo eta kedun poesia

hegal kapeladun poesia.

Kontrara bultzatzen dugu

begirada soilduko poesia

estalkirik gabeko poesia

kaskezur biluziaren poesia.

 

Ez dugu sinesten ninfa eta tritoietan.

Hauxe behar du poesiak izan:

buruxkez inguratutako neskatxa

edo bestela absolutuki deus ez izan.

 

Hori bai, ikusmolde politikotik

haiek, gure aitona-amona berehalakoak,

gure aitona-amona onbera berehalakoak!

kristalezko prismatik pasatzerakoan

errefraktatu eta barreiatu egin ziren.

Gutxi batzuk komunista bilakatu ziren.

Nik ez dakit benetan hala izan ote ziren.

Eman dezagun komunista izan zirela,

hauxe da nik dakidana:

ez zirela poeta herritarrak izan,

poeta burges agurgarriak izan ziren.

 

Gauzak diren bezala esan behar dira:

baten batek soilik

lortu zuen herriaren bihotzera heltzea.

Ahal izan zuten guztietan

hitzez eta egintzez aldarrikatu zuten

poesia gidatuaren kontra

orainaldiko poesiaren kontra

poesia proletarioaren kontra.

 

Onar dezagun komunistak izan zirena

baina haien poesia guztizko porrota izan zen

bigarren eskuko surrealismoa

hirugarren eskuko dekadentismoa,

itsasoak bueltan ekarritako ohol puskak.

Poesia adjektiboduna

poesia sudurkari eta guturala

poesia apetatsua

liburuetatik kopiatutako poesia

funtsak ideien iraultzan

behar zuen garai-aroetan

hitzaren iraultzan

oinarritutako poesia.

Gurpil zorodun poesia

dozena erdi pribilegiaturentzat:

«erabateko adierazpen askatasuna».

Gaur estonatuak gara gauza haiek

zertarako idazten zituzten galdeginez,

burges tipia izuarazteko?

miserableki galdutako denbora!

Burges tipiak ez du erreakzionatzen

estomagua hunkitzen ez bazaio.

 

Poesiaz izuaraziko zuten ba!

 

Hauxe da egoera:

haiek ilunabarraren poesiari

gauaren poesiari

ziren bitartean

gu egunsentiko poesia

aldezten genuen.

Hori da gure mezua,

denengana berdin behar dute

poesiaren dirdaiek.

 

Kideok besterik ez

kondenatu egiten dugu

—eta hauxe bai begirunez diot—

jainko txikien poesia

behi sakratuen poesia

zezen oldartsuen poesia.

 

Hodeien poesiaren aurrean

lur irmoaren poesia

kontrajartzen dugu guk

—bihotza hotz, burua bero

lurrirmoista deliberatuak gara—

kafeko poesiaren kontra

naturaren poesia

areto poesiaren kontra

plaza ageriko poesia

protesta sozialaren poesia.

 

Poetak Olinpotik jaitsi ziren.

 

MANIFESTUA
Nicanor Parra

Manifiesto, 1969
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014