ARDOAREN KOPLAK
Nicanor Parra

Coplas del vino, 1958
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014

 

Dolu gabe, baina urduri

ahotsean dut herrena

entzule guztiei diet

galdegiten barkamena

 

Nire hilkutxa aurpegiz

nire inguma zaharrez

neroni festa nagusi

honetan nauzue aurrez

 

Bi arima bikik badute

ardoarekin mintzoa

botila hori ez ote da

zintzoenetan zintzoa?

 

Ardoaren boterea

miresle-nahasle duzu

sua elur bihurtzen du

harria bihurtzen du su.

 

Itsasoa, hogei legoako

botak, ardoa oro da

alfonbra magiko, eguzki,

zazpi mihidun loroa.

 

Batek egarriagatik

besteak zorrak ahanzteko

neuk izarretan apoak

sugandilak ikusteko.

 

Inork edaten ez badu

bere odolezko basoa

ezin izan nire ustez

oso pertsona osoa

 

Ardoa edan daiteke

lata, buztin, kristalean

hobe azuzena, fuxia,

lirio baten magalean.

 

Bere zorrak kitatzeko

behartsuaren tragoa

negar malkoz edo grebaz

kitatzea zailagoa.

 

Aukeratu behar banu

perla edo diamante

mahats zuri-beltzen sortaren

egingo nukeen galde.

 

Itsuak kopa eskuan

dakuski pindar eztenak

eta cueca dantzatzen du

jaiotzetiko herrenak.

 

Inspirazio zintzoaz

ardoa zurrupatzera

neskatxa baten musuaz

soilik daiteke aldera.

 

Gaueko eguzki alde

beraz egiten dut topa

ardo gurenak bihotzak

senidetu ditzan opa.

 

ARDOAREN KOPLAK
Nicanor Parra

Coplas del vino, 1958
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014