PERTSONAREN BAKARRIZKETA
Nicanor Parra

Soliloquio del individuo, 1954
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014

 

Neu naiz Pertsona.

Lehenik harkaitz batean bizi izan nintzen

(han irudi batzuk zizelkatu nituen).

Neu naiz Pertsona.

Lehenik elikagaiak bilatu behar izan nituen,

arrainak, txoriak bilatu, egurra bilatu

(geroago arduratuko nintzen beste aferez).

Su bat egin,

egurra, egurra, non topatu egur pitin bat,

egur pitina sua egiteko,

neu naiz Pertsona.

Aldi berean galdezka hasi nintzen,

airez betetako amildegi batera joan nintzen;

ahots batek erantzun zidan:

neu naiz Pertsona.

Gero beste harkaitz batera lekualdatu nintzen,

han ere irudiak zizelkatu nituen,

errekasto bat, bufaloak zizelkatu,

suge bat zizelkatu,

neu naiz Pertsona.

Baina ez. Egiten nituen gauzez aspertu nintzen,

suak gogaitarazten ninduen,

gehiago ikusi nahi nuen,

neu naiz Pertsona.

Erreka batek ureztatutako bailara batera jaitsi nintzen,

behar nuena aurkitu nuen han,

herri basati bat aurkitu nuen,

tribu bat,

neu naiz Pertsona.

Ikusi nuen han gauza batzuk egiten zituztela,

harkaitzetan irudiak zizelkatzen zituzten,

sua egiten zuten, sua ere egiten zuten!,

neu naiz Pertsona.

Galdetu zidaten nondik nentorren.

Baietz erantzun nuen, ez nuela egitasmo zehatzik,

ezetz erantzun nuen, handik aurrerakorik.

Ongi.

Orduan erreka batean topatutako harri puska hartu nuen

eta hura lantzen hasi nintzen,

hura leuntzen hasi nintzen,

neure bizitzaren parte bilakarazi nuen.

Baina kontu hori luzeegia da.

Arbola batzuk bota nituen nabigatzeko,

arrainak bilatzen nituen,

denetariko gauzak bilatzen nituen

(neu naiz Pertsona).

Harik eta atzera aspertzen hasi nintzen arte.

Ekaitzek aspertu egiten dute,

trumoiek, tximistek,

neu naiz Pertsona.

Ongi. Aldi batez pentsatzeari ekin nion,

galdera ergelak zetozkidan burura,

problema faltsuak.

Baso batzuetan hara-hona hasi nintzen.

Arbola batera heldu nintzen eta beste batera,

iturri batera heldu nintzen,

arratoi batzuk ageri ziren zulo batera:

hona nator ni, esan nuen orduan,

inguruan ikusi al duzue triburik,

sua egiten duen herri basatirik?

Horrela mendebalderantz mugitu nintzen

beste izakien laguntzarekin,

edo hobe esanda bakarrik,

Ikusi ahal izateko sinetsi beharra dago, esaten zidaten,

neu naiz Pertsona.

Iluntasunean formak ikusten nituen,

hodeiak agian,

agian hodeiak ikusten nituen, tximistak ikusi;

harrezkero zenbait egun iraganak ziren,

hiltzen ari nintzela sentitzen nuen;

makina batzuk asmatu nituen,

erlojuak ekoitzi nituen,

armak, ibilgailuak,

neu naiz Pertsona.

Ia ez nuen nire hildakoak lurperatzeko denborarik,

ia ez nuen lurra ereiteko denborarik,

neu naiz Pertsona.

Urte batzuk beranduago gauza batzuk otu zitzaizkidan,

forma batzuk,

mugak zeharkatu nituen

eta nitxo moduko batean iraun nuen irmo,

berrogei egunetan nabigatutako txalupa batean,

berrogei gautan,

neu naiz Pertsona.

Gero lehorte batzuk etorri ziren,

gerra batzuk etorri ziren,

koloredun tipoak sartu ziren bailarara,

baina nik aurrera jarraitu behar nuen,

ekoitzi beharra nuen.

Zientzia ekoitzi nuen, ezin aldatuzko egiak,

estatuatxoak ekoitzi nituen,

milaka orrialde eman nituen argitara,

aurpegia puztu zitzaidan,

fonografo bat landu nuen,

josteko makina,

estreinako automobilak agertzen hasi ziren,

neu naiz Pertsona.

Inork planetak bereizten zituen,

arbolak bereizten zituen!,

baina nik erremintak bereizten nituen,

altzariak, idazmahaiko lanabesak,

neu naiz Pertsona.

Hiriak ere eraiki ziren,

bideak,

erlijiozko instituzioak antigualdu ziren,

poza bilatzen zuten, zoriona bilatzen zuten,

neu naiz Pertsona.

Gero nahiago izan nuen bidaiatzera eman,

praktikatzera, hizkuntzak praktikatzera,

hizkuntzak,

neu naiz Pertsona.

Sarraila zulo batetik begiratu nuen,

bai, begiratu nuen, zer diot, begiratu nuen,

zalantzak uxatzeko begiratu nuen,

gortina batzuen atzetik,

neu naiz Pertsona.

Ongi.

Agian hobe da bailara hartara itzul nadin,

etxe izan nuen harkaitz hartara,

eta berriz zizelkatzen has nadin,

atzekoz aurrera zizelkatu

mundua alderantziz.

Baina ez: bizitzak ez du zentzurik.

 

PERTSONAREN BAKARRIZKETA
Nicanor Parra

Soliloquio del individuo, 1954
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014