Huy Can, Viet-Nameko poeta engaiatua
Huy Can

euskaratzailea: Lucien Etxezaharreta
Maiatz 30, 1998

 

      Cu Huy Can poeta sortu zen Viet-Namen, 1919ko maiatzaren 31an, An Phy herrixkan, Ha-Tinh-eko probintzian, Hue-tik hurbil. Ikasle zelarik eta urte bat lehenago bere lehen poema liburua Lu,Thieng (Su sakratua) arrakasta haundiz plazaratu zuelarik, 1941ean askapen nazionaleko borrokan sartu zen eta 1945eko irailaren 2ko Viet-Namaren Independentzia Ageria izenpetu zutenetarik da. Askapen Nazionaleko Komitearen kide zen eta Errepublika Demokratikoaren lehen gobernuan egon zen, 1945-1946 urteetan. Gerla garaiak etorri ziren Frantziak “bere lurrak” berreskuratu nahi izan zituelarik, 1946eko abendutik goiti. Gobernuan kargu ezberdinak ukan zituen :ekonomia ministro orde (1947-49), Ministroen Kontseiluaren idazkari (1949-56), Kultur Ministro orde (1956-84) eta ondoren Kultur Ministro (1984-87). Nazioarteko aktibitate handia ereman zuen : Kairon 1962 Asia eta Afrikako idazleen Kongresuaren lehendakari, Habanan, Kuban, 1968an Munduko Kulturaren Kongresuaren lehendakari, UNESCOren Kontseilu Erabakitzailearen kide (1978-1983) baita ere Frankofoniaren Goi Kontseiluaren kide 1984ean sortu zen geroztik.
      Paul Schneider, hango kultur eta hizkuntzen adituak Orphee/La Difference argitaletxean plazaratu Huy Canen liburu baten sar hitzean xeheki esplikatzen duen bezala, poeta honek interes handia du bi kulturen eraginen bide kurutzean aurkitzen delakotz. Alde batetik Viet-Nameko ohizko literatura, ahozko literatura bat dena, budismoaren kutsu nabariarekin: naturaren amodioa, erretiratzearen tirria, atsedenaren nahia eta errealitatearen gainditzea. Horrek du ere Confuciusen dotrinaren eragina, gizakia eta gizartearen harremanen harmoniazko eraikuntza bideratzen duena. Lehen alde horren adierazgarri dira Nguyen Trai (1380-1442), Nguyen Binh Khiem (1491-1585), Nguyen Du (1765-1820) eta emazte poeta bat Ho Xuan Huong (18. mende ondarrean sortua, 19. mende erdian zendua).
      Bigarren eragin nagusi batek hunki zuen Huy Can, Frantzia kolonialistaren kulturak. Hue-n eskolatua, gero egon zen Hanoieko Laborantzako Goi Maila eskolan. Bere lagun handia zen Xuan Dieu-rekin (1916-1985), Huy Can “Posia Berria”ren gidari gertatu zen. Biek obra frango plazaratu zituzten, beren mintzairan arrakastatsu izan zirenak.
      Bi kulturen elkartzeak, gerla zikin bat iragaiten ari zelarik, espresio berri bati bide egin zion. Paul Schneiderek horren bilduma nolazpeit esperantzagarria egiten du : “Zer ekarri zuen poesia berri horrek? Gehienbat harmonia arinago bat edo espresio indartu bat; lirismo pertsonalagoa, gai zabalago eta ezberdinagoak. Nola sentsibilitate vietnamdarra jarri zen mendebaldeko zibilizazioaren kontaktuan, Frantziaren edo bederen Frantziaz jakin ahal zuenaren kontaktuan? “Kooperazioaren” okasione galduak, irakasten den libertatea zure kontra itzultzen dena. Kultura, hala ere gelditzen dena, sakontasunez irabazten duena.beste guziak galduak direlarik”.
      Hemen aurkituko diren itzulpenak aipatu bi sail horietakoak dira. Naturaren eta honek sortu sendimenduen poeta handia bada Huy Can, Walt Whitman poeta amerikarrari eskaini testu aipatuak, bere barneko militante su sakratua indarrez adierazten du.


L.E.

 

Huy Can, Viet-Nameko poeta engaiatua
Huy Can

euskaratzailea: Lucien Etxezaharreta
Maiatz 30, 1998