AZKEN ESKOLA EGUNA
Alphonse Daudet

Contes du lundi, 1873
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

 

(Alsaziako ume baten kontakizuna)

 

      Goiz hartan berandu samar nenbilen eskolarako, eta beldur handia neukan haserre egingo zidaten, batez ere Hamel jaunak esan zigulako partizipioez egingo zigula galde, eta aurreneko hitza ere ez nekien. Piper egin eta neure ibilia zelaietan barrena jarraitzea ere etorri zitzaidan burura.

      Hain beroa zen eguraldia, hain gardena!

      Goiz hartan zozoak aditzen ziren ziztuka baso bazterrean, eta Rippert-en zelaian, zerrategiaren atzean, prusiarrak, ariketak egiten. Partizipioen arauak baino areago tentatzen ninduen honek guztiak; baina gogor egiteko indarra izan nuen, eta eskolarantz ekin nion arin, lasterka.

      Udaletxe parean nindoala jendea ikusi nuen ohar publikoen burdin-sare txikiaren ondoan. Azken bi urteetan hantxe ikasi genituen berri txar guztiak, galdutako batailak, errekisizioak, komandaturreko aginduak, eta neure artean, gelditu gabe, “Zer ote dugu oraingoan?” pentsatu nuen.

      Orduan, plazan barrena lasterka bainindoan, Wachterrek, erremintariak, bere laguntzailearekin oharra irakurtzen ari zela, oihu egin zidan:

      —Ez estutu, haurra; goizegi helduko zara nolanahi ere eskolara!

      Burlaz ari zitzaidala uste nuen, eta arnasa larri sartu nintzen Hamel jaunaren gelan.

      Egunero, klase hasieran, kanpoan ere entzuten zen iskanbila handi bat ateratzen genuen: pupitreak zabalik, itxirik, hobeto ikasteko belarriak tapaturik denok batera goraki errepikatzen genituen ikasgaiak, maisuaren erregela lodia mahaien gainean joka...

      —Isiltasun pixka bat!

      Zalaparta hau baliatu nahi nuen neure aulkira inork ikusi gabe iristeko; baina, egun horretan, hain zuzen, dena zegoen bare, igande goiz batean bezala. Zabalik zegoen leihotik lagunak ikusi nituen bere lekuetan lerrokatuak, eta Hamel jauna batera eta bestera zebilela burdinazko erregela beldurgarria galtzarbean. Atea ireki eta baretasun handi haren erdian sartu behar nuen. Egizu kontu zenbateraino nintzen gorri eta beldur!

      Ez ordea! Hamel jaunak haserrerik gabe behatu zidan, eta honela esan zidan eztiki:

      —Zoaz azkar zure lekura, Franz; zu gabe hastekoak ginen.

      Aulkira heldu eta neure pupitrean jesarri nintzen berehala. Orduan, beldurra zertxobait joandakoan, ohartu nintzen maisuak soinean zeuzkala bere longaina berde ederra, bere alkandora tolesdun fina eta bere zeta beltzeko kapelu brodatua, inspekzio edo sari banaketa egunetan baizik janzten ez zuena. Gainera, klase osoak bazeukan bestelakoa eta solemnea zen zer edo zer. Baina gehien harritu ninduena klasearen zolan, normalki hutsik egoten ziren aulkietan, herriko jendea ikustea izan zen, jesarrita eta isilik, gu bezala: Hauser zaharra bere trikornioarekin, alkate ohia, postari ohia, eta beste pertsona batzuk. Jende hark triste zirudien, eta Hauserrek ertzak janak zituen abeze zahar bat ekarria zeukan, belaunen gainean zabaldua, betaurreko lodiak orrialde biren gainean trabes.

      Horretaz harriturik nengoela, Hamel jauna bere kadiran jarria zen, eta harrera egin zidaneko ahots ezti eta sakon berdinean, honela esan zigun:

      —Haurrok, azken aldia da klasea ematen dizuedala. Agindua heldu da Berlindik alemana besterik ez irakasteko Alsazia eta Lorenako eskoletan... Bihar helduko da maisu berria. Gaur, frantsesezko azken klasea duzue. Erne egoteko eskatzen dizuet.

      Hitz apur haiek barrena irauli zidaten. A, miserableak! Horixe zen udaletxean itsatsia zegoena!

      Frantsesezko nire azken klasea...

      Eta ni, idazten ozta nekiela! Ez nuen inoiz ikasiko! Neure hartan geratu beharko nuen!... Nola damutu nintzen orduan alferrik galdutako denboraz, habien bila edo Saar gainean lerratzen sasieskola egindako klaseez! Artean hain astun, hain aspergarri neuzkan liburuak betidaniko lagunak egin zitzaizkidan. Gramatika, historia santua utzi beharrak min handia ematen zidan. Hamel jauna galtzeak bezala. Alde egin behar zuela, ez nuela berriz ikusiko jakiteak ahaztarazi egin zizkidan zigorrak, erregela kolpeak.

      Gizon gaixoa!

      Azken eskola egun honen omenez zeuzkan soinean igandeko arroparik ederrenak, eta hartan konprenitu nuen zergatik ziren etorriak herriko zahar guztiak aretoaren zolan jesartzera. Bazirudien damu zirela maizago etorri ez izana eskola honetara. Berrogei urtez egindako zerbitzuengatik maisuari beren esker ona erakusteko eta alde egin behar zuen aberriari zor ziotena emateko modua zen.

      Horrelako gogoetetan negoela, nire izena entzun nuen. Errezitatzeko txanda. Zer ez nukeen emango nik orduan, partizipioen arau hura hastetik bururaino esan ahal izateko, ozen, garden, hutsik gabe... Baina nahasi egin nintzen aurreneko hitzak esan orduko, eta zutik geratu nintzen balantza eginez neure lekuan, bihotza larri, burua altxatzen ausartu gabe.

      Hamel jauna niri ari zitzaidan:

      —Ez dizut haserrerik egingo, Franz, aski zigortua zaude jadanik... Horixe da gertatzen dena. Egunero esaten dugu “Ba! Denbora daukat. Ikasiko dut bihar!”. Eta ikusi zer datorren gero... A! Alsaziaren zorigaitz handia izan da bere buruaren heziketa gerorako uztea. Orain beste jende horiek eskubidea daukate esateko: “Nola! Frantsesak zaretela diozue, eta ez dakizue zuen hizkuntzan idazten eta irakurtzen?”... Horretan, Franz maitea, ez zara zu errudunena. Denok daukagu zer esana gure buruari. Zuen gurasoek ez dira sobera saiatu zuek eskolatuak ikusteko. Nahiago zuten zuek irundegira edo lurra lantzera bidali sos batzuk gehiago biltzearren. Nik neuk ere, ez ote dut huts egin? Ez ote naiz baratzea garaztatzen aritu, lanari ekin beharrean? Eta amorrainak harrapatzera joan nahi nuenean, zer erreparo neukan nik, zuei jai emateko?...

      Orduan, gai batetik bestera, Hamel jauna frantses hizkuntzari buruz hasi zitzaigun hizketan, esanez munduko hizkuntzarik ederrena zela, gardenena, sendoena: gure artean gorde behar genuela eta sekula ez ahaztu, zeren, herri bat esklabu bihurtzen denean, bere hizkuntzari eusten badio, kartzelako giltza baleuka bezala baita... Gero gramatika bat hartu zuen eta ikasgaia irakurri zigun. Ni harrituta nengoen nola ulertzen nuen. Esaten zuen guztia egiten zitzaidan erraza, erraza. Uste dut nik ez nuela inoiz hain adi entzun eta berak ere ez zuela inoiz izan hainbeste pazientzia bere argibideetan. Bazirudien alde egin baino lehen bere jakinduria guztia eman nahi zigula, eta saio bakar batean sarrarazi nahi zigula buruan gizon gaixoak.

      Ikasgaia amaiturik, idazketara pasatu ginen. Egun horretarako, Hamel jaunak adibide berriak ekarri zizkigun, goi aldean Frantzia, Alsazia, Frantzia, Alsazia zeukatela letra biribil ederrean. Idatziak uzteko pupitreek zeukaten alboko hagatik eskegita, gelaren inguruan flotatzen zuten banderatxoak ziruditen. Ikustekoa zen nola saiatu ginen, eta zeinen isil! Lumek paperaren gainean egiten zuten karranka besterik ez zen entzuten. Erlabio batzuk sartu ziren gelan, baina, oraindik frantsesez ari balira bezala, inork ez zien jaramonik egin, ezta makiltxoak egiten saiatzen ziren txikienek ere, denak zintzo, denak bihotzez... Eskolaren teilatu hegalean usoak urrumaka ari ziren apalki, eta nik, neure artean, haiei entzunda:

      “Alemanez kantatzera behartuko ote dituzte horiek ere?”.

      Noiz behinka, begiak altxatzen nituenean orrialdiaren gainetik, Hamel jauna ikusten nuen geldirik bere kadiran inguruko gauzei erreparatzen, begiratu harekin eskola txiki hura berarekin eraman nahi izan balu bezala... Egizue kontu! Azken berrogei urteetan hantxe egona zen, leku berean, aurrean patioa eta gela zeuzkala, beti berdin. Aulkiak eta pupitreak bakarrik zeuden pulituak ibiliaren igurtziz; patioko intxaurrondoa handitua zen, eta berak landatutako lupuluak girnalda bat osatzen zuen leihoetatik teilaturaino. Bihotz-urragarria izan behar zuen gizon gaixo harentzat gauza haiek guztiak utzi beharrak eta arrebaren ibiliak entzun beharrak goiko gelan, maletak betetzen! Biharamunean alde egin behar zuten, gure lurraldea betirako utzita.

      Hala ere, kemena izan zuen klasea azkeneraino emateko. Idazketaren ondoren, historia izan genuen ikasgaia, gero txikienek BA BE BI BO BU abestu zuten aho batez. Han, ikasgelaren zolan, Hauser zaharrak betaurrekoak jantzi zituen, eta, abezea bi eskuekin heltzen zuela, haiekin batera esan zituen hitzak letraka. Ezagun zuen saiatzen ari zela bera ere; ahotsak dardara egiten zion hunkituta, eta hain bitxia zen hura kantari entzutea, barre eta negar egiteko gogoa etorri zitzaigun denoi.

      A, ez zait berehala ahaztuko azken eskola egun hura...!

      Horretan, hamabiak jo zuten elizako erlojuan; gero Angelusa entzun genuen. Une hartan bertan, instrukziotik zetozen prusiarren turuten hotsak lehertu ziren gure leihoen azpian. Hamel jauna ondoeza eginda altxatu zen kadiratik, sekula ez zitzaidan hain handia iruditu.

      —Haurrok... —esan zuen—, haurrok... Ni... Ni...

      Baina ito egiten zuen zer edo zerk, eta ez zen gauza izan esaldia bukatzeko.

      Arbelera itzuli zen, hartu zuen klariona eta, zeukan indar guztiarekin zanpatuz, ahal izan zuen marrarik lodienetan idatzi zuen:

 

Gora Frantzia!

 

      Eta hantxe geratu zen, burua paretaren kontra. Hitzik egin gabe, keinu egiten zigun eskuarekin, esanez bezala:

      “Amaitu dugu... Zoazte!”

 

AZKEN ESKOLA EGUNA
Alphonse Daudet

Contes du lundi, 1873
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015