2666: KRIMENEN ATALA
(hasierako zatia)

Roberto Bolaņo

2666, 2004
euskaratzailea: Ibon Sarasola
armiarma.eus, 2015

 

      Hildakoa eremu txiki batean agertu zen Las Flores kolonian. Mahuka luzeko elastiko zuria zeraman eta kolore horiko gona belaunetarainokoa, tamaina bat handiagoa. Eremuan jolasean ari ziren ume batzuek aurkitu zuten eta abisua eman zieten beren gurasoei. Haietako baten amak poliziari deitu zion, ordu erdi geroago agertu zena. Eremuak Peláez kalera eta Hermanos Chacón kalera ematen zuen eta gero erreten batean galtzen zen zeinaren atzean esnetegi abandonatu eta jada hondatu baten hormak goititzen baitziren. Ez zegoen inor kalean, eta hortaz poliziek broma bat zela pentsatu zuten lehen batean. Hala ere patruila-autoa Peláez kalean gelditu zuten eta haietako bat eremuan barneratu zen. Handik gutxira buru estaliko bi emakume aurkitu zituen, sastraka artean belauniko, otoitzean. Emakumeek, urrundik ikusita, zaharrak ziruditen, baina ez ziren zaharrak. Gorpua haien aurrean zetzan. Emakumeen jarduna eten gabe, polizia bere urratsen arrastoan itzuli zen, eta auto barruan erretzen zain zuen lagunari deitu zion, keinuak eginaz. Gero biak (haietako bat, jaitsi ez zena, pistola zorrotik aterata zuela) itzuli ziren emakumeak zeuden tokira eta zutik gelditu ziren haien ondoan, gorpuari arretaz begiratuz. Pistola zorrotik aterea zuenak galdetu zien ea ezagutzen zuten. Ez, jauna, esan zuen emakumeetako batek. Ez genuen inoiz ikusi. Ume hori ez da hemengoa.

      1993an gertatu zen hori. 1993ko urtarrilean. Hiltze hartatik aurrera hasi ziren kontatzen emakumeen hilketak. Baina baliteke lehenago beste batzuk gertatzea. Lehen hildakoak Esperanza Gómez Saldaña zuen izena eta hamahiru urte zituen. Baina baliteke lehen hila ez izatea. Erosotasunagatik agian, 1993an eraildako lehena izateagatik, bera da zerrendako burua. Nahiz eta ziur aski hilko ziren 1992an beste batzuk. Beste batzuk zerrendatik at gelditu zirenak edo inork inoiz aurkitu ez zituenak, desertuan hobi komunetan lurperatuak edo beren errautsak gauaren erdian barreiatuak izan zirelarik, ereiten duenak ere ez dakienean non, zein tokitan aurkitzen den.

      Esperanza Gómez Saldañaren nortasuna jakitea erraz samarra izan zen. Gorpua Santa Teresako hiru polizia-etxeetako batera eraman zuten lehenik, non epaile batek ikusi baitzuen eta beste polizia batzuek aztertu eta argazkiak atera. Handik tarte batera, polizia-etxearen aurrean anbulantzia bat zain zegoen bitartean, Pedro Negrete heldu zen, poliziaburua, atzean bi laguntzaile zituela, eta berriro aztertu zuen hildakoa. Bukatu zuenean epailearekin eta bulego batean zain zituen beste hiru poliziarekin bildu zen, eta galdetu zien ea zer ondoriotara iritsi ziren. Estrangulatu egin zuten, esan zuen epaileak, eguzki argia baino argiago dago. Poliziek baietsi besterik ez zuten egin. Ba al dakigu nor den?, galdetu zuen poliziaburuak. Denek ezetz esan zuten. Tira, jakingo dugu, esan zuen Pedro Negretek, eta epailearekin joan zen. Bere laguntzailea polizia-etxean gelditu zen eta eskatu zuen hildakoa aurkitu zuten bi poliziak ekartzeko. Patruilatzera itzuli dira, esan zioten. Ba bueltan ekarri, aluok, esan zuen. Gero gorpua hiriko ospitaleko gorputegira eraman zuten, non auzitegiko medikuak autopsia egin baitzion. Autopsiaren arabera Esperanza Gómez Saldaña estrangulatua hil zen. Hematomak zituen kokotsean eta ezkerreko begian. Hematoma handiak zangoetan eta saihets hezurretan. Bortxatua izan zen baginatik eta uzkitik, behin baino gehiagotan ziur asko, bi sarbideetan urratu eta zanbroak baitzituen odol asko isuri zutenak. Goizeko ordu bietan auzitegiko medikuak autopsia bukatutzat eman eta joan egin zen. Erizain beltz batek, aspaldian emigratu zuena Veracruzetik Iparraldera, gorpua hartu eta izozkailu batean sartu zuen.

      Bost egun geroago, urtarrila bukatu baino lehen, Luisa Celina Vázquez estrangulatu zuten. Hamasei urtekoa zen, gorpuzkera sendokoa, azal zurikoa, eta bost hilabeteko zegoen. Berarekin bizi zen gizona eta honen laguna lapurreta txikietan aritzen ziren, dendetan eta etxetresna elektrikoen saltegietan. Bizilagunen abisuak jakinarazita etorri zen polizia eraikinera, Rubén Darío etorbidean zegoena, Mancera kolonian. Atea bortxatu, eta Luisa Celina aurkitu zuten telebista kable batez estrangulatua. Gau horretan atxilotu zituzten bere maitalea, Marcos Sepúlveda, eta honen sozioa, Ezequiel Romero. Biak bigarren polizia-etxeko geletan izan ziren giltzaperatuak, eta gau osoa iraun zuen galdeketa egin zieten, Epifanio Galindo agenteak, Santa Teresako poliziaburuaren laguntzaileak, eraman zuena, ondorio bikainekin, zeren egunsentia baino lehen Romero atxilotuak aitortu baitzuen hilarekin harreman intimoak izan zituela, bere adiskide eta sozioaren ezkutuan. Haurdun zegoela jakitean, Luisa Celinak harreman horiek etetea erabaki zuen, baina Romerok ez zuen hori onartu, pentsatzen baitzuen jaiotzeko zegoen izakiaren aita bera zela eta ez bere sozioa. Hilabete batzuen buruan, Luisa Celinaren erabakia atzerakorik gabea zenean, erabaki zuen, zoramen oldar batean, hura hiltzea, eta hori egin zuen Sepúlveda ez zegoen egun batez baliatuz. Bi egun geroago aske utzi zuten Sepúlveda, eta Romerok, kartzelatua izan beharrean, bigarren polizia-etxeko ziegetan jarraitu zuen, baina oraingo honetan galdeketak ez zeuden bideratuak Luisa Celinaren hilketan falta ziren xehetasunak argitzera, baizik eta ahalegintzera Romerori leporatzen Esperanza Gómez Saldañaren hilketa, haren gorpua identifikatua izan baitzen jada. Poliziek pentsatzen zutenaren kontra, lehen aitorpena hain laster lortu izanak okerreko ustean jarri baitzituen, Romero askoz ere gogorragoa gertatu zen zirudiena baino, eta ez zuen bere burua lehen krimenaren errudun aitortu.

      Otsailaren erdialdean, Santa Teresako erdiguneko kalezulo batean, zabor-biltzaile batzuek beste emakume bat aurkitu zuten hilik. Hogeita hamar urte inguru zituen eta gona beltza eta blusa zuri papar-zabala zeramatzan. Labankadaka erail zuten, nahiz eta aurpegian eta sabelondoan kolpe askoren mailatuak aurkitu zitzaizkion. Poltsan txartel bat aurkitu zioten Tucsonerako autobusekoa, goiz hartako bederatzietan ateratzen zena eta emakumeak dagoeneko hartuko ez zuena. Orobat aurkitu zioten ezpainetako margo bat, hautsak, errimela, paperezko musuzapi batzuk, pakete bat zigarreta erdi hutsik eta kondoi pakete bat. Ez zuen pasaporterik, ez agendarik, ezta bere nortasuna jakinarazi zezakeen ezer. Surik ere ez zeraman.

      Martxoan, El Heraldo del Norte egunkariaren enpresa haurridea zen El Heraldo del Norte irratiko emakumezko esataria gaueko hamarretan atera zen irratiko estudioetatik gizonezko esatari bat eta soinu teknikaria lagun zituela. Italiar janariak ematen zituen Piazza Navona jatetxera joan ziren, eta han hiru atal pizza eta hiru botilatxo kaliforniar ardo partekatu zituzten. Gizonezko esataria izan zen agur esaten lehena. Isabel Urrea esatariak eta Francisco Santamaría soinu teknikariak hizketan apur bat gehiago gelditzea erabaki zuten. Lan kontuez hitz egin zuten, ordutegiez eta programez, eta gero hizketan hasi ziren han jada lan egiten ez zuen lankide batez, ezkondu zena eta senarrarekin bizitzera joan zena Hermosillotik gertuko herri batera, izena gogoratu ez zutena, baina itsasoaren ondoan zegoena, eta, lankideak esatera, paradisuaren gauzarik antzekoena izaten zena urtean sei hilabetez. Elkarrekin atera ziren jatetxetik. Soinu teknikariak ez zuen autorik, hortaz Isabel Urreak etxeraino eramango zuela esan zion. Ez zen beharrezkoa, esan zuen teknikariak, etxea hurbil zuen eta gainera nahiago zuen oinez joan. Teknikaria kalean behera galtzen zen bitartean Isabel bere autoa zegoen tokirantz abiatu zen. Giltzak ateratzean itzal batek espaloia gurutzatu zuen eta hiru aldiz egin zion tiro. Giltzak erori egin zitzaizkion. Bosten bat metroko distantzian zegoen oinezko batek lurrera bota zuen bere burua. Isabel jaikitzen ahalegindu zen, baina burua aurreko pneumatikoan pausatzea besterik ez zuen lortu. Ez zuen minik sentitzen. Itzala bereganantz hurbildu eta tiro bat eman zion bekokian.

      Isabel Urrearen hilketa, lehen hiru egunetan bere egunkariak eta bere irratiak zabaldua, lapurreta zapuztu bati egotzi zioten, zoro baten edo drogazale baten lana, ziur asko haren autoaz jabetu nahi zuen norbaitena. Beste teoria bat ere ibili zen, zioena krimenaren egilea izan zitekeela Erdialdeko amerikar bat, guatemalar edo salvadortar bat, herrialde haietako gerretako beteranoren bat, Estatu Batuetara joan baino lehen zernahi bidez dirua biltzen ari zena. Ez zen autopsiarik izan, familiarenganako begirunez, eta azterketa balistikoa ez zen inoiz aditzera eman eta behin betiko galdu zen Santa Teresako eta Hermosilloko epaitegien arteko joan-etorriren batean.

      Hilabete geroago, El Arroyo kalean, Ciudad Nueva koloniaren eta Morelos koloniaren arteko mugetan zebilen ganibet-zorrotzaile batek emakume bat ikusi zuen, mozkorra balego bezala zurezko zutoin bati heltzen ziona. Zorrotzailearen ondotik leiho keztatuekiko Peregrino beltz bat igaro zen. Kalearen beste muturrean, izozki-saltzailea ikusi zuen etortzen, euliz estalia. Biek zurezko zutoinean egin zuten bat, baina emakumeak irrist egin zuen edo ez zuen jada bere buruari eusteko indarrik. Emakumearen aurpegia, besaurreak erdizka estaltzen zuena, haragi gorri eta moreen nahaspila bat zen. Zorrotzaileak esan zuen anbulantzia bati deitu behar zitzaiola. Izozki-saltzaileak emakumeari begiratu zion eta esan zuen Torito Ramírezekin hamabost roundeko borrokaldia izan zuela zirudiela. Zorrotzailea konturatu zen izozki-saltzailea ez zela mugituko, eta esan zion zaindu zezala bere orgatxoa, bazetorrela berehala. Lurrezko kalea gurutzatu zuenean atzerantz biratu zen, izozki-saltzaileak obeditzen ziola ziurtatzeko, eta lehen izozki-saltzailea inguratzen zuten euli guztiak emakumearen buru zaurituaren inguruan ikusi zituen. Pareko espaloian emakume batzuk leihoetatik haiei begira zeuden. Anbulantzia bati deitu behar zaio, esan zuen zorrotzaileak. Emakume hau hiltzen ari da. Handik tarte batera anbulantzia bat heldu zen ospitaletik eta erizainek jakin nahi izan zuten nork hartuko zuen garraioaren erantzukizuna. Zorrotzaileak azaldu zuen berak eta izozki-saltzaileak lurrean botata aurkitu zutela. Badakit, esan zuen erizainak, baina orain jakin behar da ea nor egiten den emakumearen erantzule. Nola hartuko dut emakume honen erantzukizuna nola deitzen den ere ez badakit?, esan zuen zorrotzaileak. Ba norbaitek hartu behar du erantzukizuna, esan zuen erizainak. Gortu al haiz, ala, aixkide? esan zuen zorrotzaileak, bere orgatxoko tiradera batetik zatikatzeko aiztotzar bat ateratzen zuen bitartean. Beno, beno, beno, esan zuen erizainak. Bale, sartu ezazue anbulantzia barruan, esan zuen zorrotzaileak. Beste erizainak, eroritako emakumea aztertzera makurtua zena, euliak esku kolpeka uxatuz, esan zuen alferrikakoa zela mutur-joka aritzea, emakumea hila zegoela. Zorrotzailearen begiak ikatzez marrazturiko bi lerroren antza hartzeraino mehetu ziren. Putakume alu zerria, hire kulpa duk, esan zuen, eta erizainari esesteari ekin zion. Beste erizainak esku hartu nahi izan zuen, baina aiztotzarra zorrotzailearen eskuetan ikustean anbulantzia barruan itxita geratzea erabaki zuen, eta handik poliziari eman zion parte. Denbora tarte batean zorrotzailea erizainari esesten aritu zen, harik eta errabia, amorrua edo herra apaldu ziren arte edo nekatu zen arte. Eta hori gertatu zenean, gelditu, bere orgatxoari heldu eta El Arroyo kalean barrena urrundu zen, harik eta anbulantziaren inguruan bildu ziren kuxkuxeroek bistatik galdu zuten arte.

      Emakumearen izena Isabel Cansino zen, Elizabeth gisa ezagunagoa, eta prostituzioan aritzen zen. Hartutako kolpeek barea birrindu zioten. Poliziak bezero kontentagaitz bati edo batzuei egotzi zien krimena. San Damián kolonian bizi zen, gorpua aurkitu zuten tokia baino aski hegoalderago, eta ez zuen lagun finko ezagunik, nahiz eta auzoko emakume batek Iván delako bat aipatu zuen, hara askotan joaten omen zena, eta geroagoko zuzemenetan aurkitu ahal izan ez zutena. Orobat saiatu ziren ganibet-zorrotzailea aurkitzen, Nicanor izena omen zuena, hori zioten bederen Ciudad Nueva eta Morelos kolonietan, nondik ere pasatzen baitzen astean behin edo hamabost egunean behin, baina alferrikakoak izan ziren ahaleginak. Edo ofizioz aldatu zuen edo Santa Teresako mendebaldetik hegoalde eta ekialdera pasatu zen edo beste hiri batera emigratu zuen. Kontua da ez zuela inork berriz ikusi.

      Hurrengo hilean, maiatzean, emakume bat aurkitu zuten hilik Las Flores koloniaren eta General Sepúlveda industria-parkearen arteko zabortegi batean. Poligonoan etxetresna elektrikoen atalak muntatzeko lau maquiladoraren eraikinak altxatzen ziren. Maquiladorak hornitzeko elektrizitate dorreak berriak ziren eta zilar kolorez margotuak zeuden. Horien ondoan, muino-bizkar apal batzuen artean, maquiladorak ezarri baina pixka bat lehenago han kokaturiko etxezuloen teilatuak gailentzen ziren, zeinak hedatzen baitziren trenbidearen beste alderaino La Preciada koloniaren mugetan. Plazan sei zuhaitz zeuden, lau muturretan bana eta bi erdigunean, hain hautsez beteak non horiak baitziruditen. Plazaren mutur batean, Santa Teresako hainbat auzotatik langileak ekartzen zituzten autobusen geltokia zegoen. Ondoren puska on bat ibili behar zen lurrezko kaleetatik sarrerako ateetaraino, non zaintzaileek langileen pasabaimenak egiaztatu ondoren nor bere lanpostura joan baitzitekeen. Maquiladoretako bakar batek zuen langileentzako kantina. Besteetan langileek beren makinen ondoan jaten zuten edo talde txikiak osatzen zituzten edozein bazterretan. Han hitz egiten zuten eta barre egiten, harik eta bazkariaren amaiera adierazten zuen sirenak jotzen zuen arte. Gehienak emakumeak ziren. Hildakoa aurkitu zuten zabortegian, etxezuloetako biztanleen utzikinak ez ezik maquiladora bakoitzaren hondakinak ere metatzen ziren. Hildakoaren aurkikuntzaren abisua planta haietako bateko langileburuak eman zuen, Multizone-West-koak, zeinak lan egiten baitzuen telebistak fabrikatzen zituen transnazional batekin elkarturik. Emakumearen bila etorri ziren poliziek maquiladorako hiru exekutibo aurkitu zituzten zain zabortegiaren ondoan. Mexikarrak ziren bi eta bestea estatubatuarra. Mexikarretako batek esan zuen nahiago zutela gorpua lehenbailehen jaso zezaten. Poliziak gorputza non zegoen galdetu zuen; bitartean bere lagunak anbulantziari deitu zion. Hiru exekutiboek lagun egin zioten poliziari zabortegiko barrualdera. Laurek estali zuten sudurra, baina iparramerikarrak desestali zuenean hark bezala egin zuten mexikarrek. Hildako emakumea azal ilunekoa zen eta sorbaldetatik beheragoko ile beltz eta leunekoa. Izerditzeko jertse beltza eta galtza motzak zeramatzan. Lau gizonak hari begira geratu ziren. Iparramerikarra makurtu egin zen eta boligrafo batekin ilea baztertu zion lepotik. Hobe gringoak ukitzen ez badu, esan zuen poliziak. Ez dut ukitu, esan zuen iparramerikarrak gaztelaniaz, lepoa ikusi nahi diot besterik ez. Bi exekutibo mexikarrek makurtu eta hilak lepoan zituen markei arretaz begiratu zieten. Gero zutitu eta orduari begiratu zioten. Anbulantzia berandutzen ari da, esan zuen haietako batek. Oraintxe dator, esan zuen poliziak. Bueno, esan zuen exekutiboetako batek, zu arduratuko zara kontu guztiez, ezta? Bai, noski, esan zuen poliziak, eta besteak luzatu zion billete parea arauzko galtzetako sakelan gorde zuen. Gau hura Santa Teresako ospitaleko horma-hobi errefrigeratu batean igaro zuen hildakoak, eta hurrengo egunean auzitegiko medikuaren laguntzaileetako batek autopsia egin zion. Estrangulatua izan zen. Bortxatua izan zen. Bi sarbideetatik, idatzi zuen auzitegiko medikuaren laguntzaileak. Eta bost hilabeteko zegoen.

      Maiatzeko lehen hildakoaren nortasuna ez zen inoiz jakin, eta hortaz, pentsatu zen hegoaldeko edo ekialdeko estaturen bateko etorkin bat zela, Santa Teresan gelditu zena Estatu Batuetaranzko bidaia jarraitu aurretik. Ez zihoan inorekin, ez zuen inork faltan bota. Hogeita hamabost urte-edo zituen eta haurdun zegoen. Agian bere senarrarekin edo bere maitalearekin, espero zuen haurraren aitarekin biltzera zihoan Estatu Batuetara, han ilegalki bizi zen gizagaixoren batekin, agian inoiz ere jakingo ez zuena emakume hura haurdun utzi zuela, eta ezta ere, emakumea, jakin zuenean, bere bila atera zela. Baina lehen hildako hura ez zen hildako bakarra izan. Hiru egun geroago Guadalupe Rojas hil zen (lehen unean bertan identifikatu zutena), hogeita sei urtekoa, Jazmín kalean bizi zena, Carranza etorbidearen paraleloetako batean, Carranza kolonian, eta langile zena File-Sis maquiladoran, zeina Nogaleserako errepidean ez aspaldi kokatu baitzen, Santa Teresatik hamar bat kilometrora. Bestalde, Guadalupe Rojas ez zen hil lanera zihoanean, ulertzekoa izango zena kontuan izanda alde hura bakartia eta arriskutsua zela, autoan ibiltzeko egokia, baina ez autobusean eta gero oinez azken geltokitik kilometro eta erdi gutxienez, ezpada bere etxeko atarian, Jazmín kalean. Heriotza hiru su-arma zaurik eragin zuten, haietako bi heriozkoak. Hiltzailea mutil-laguna gertatu zen, gau hartan bertan ihes egiten saiatu zena, eta trenbide ondoan atzemana izan zena, ez urrun Los Zancudos izeneko gau lokal batetik, non aldez aurretik mozkortu baitzen. Tabernako jabeak, udal poliziako agente izandakoak, eman zion abisua poliziari. Galdeketa bukatutakoan, argi geratu zen krimenaren eragingarria zeloak izan zirela, funtsatuak ala funsgabeak ezin jakin, eta erasotzailea, epailearen aurrean aurkeztu ondoren eta alderdi guztien adostasunarekin, luzamendurik gabe bidalia izan zen Santan Teresako kartzelara, trasladoaren edo epaiketaren zain. Maiatzeko azken emakumea Estrella muinoaren mazelan aurkitu zuten, zeinak izena ematen baitio irregularki inguratzen duen koloniari, han puntarik gabeko ezer hazi edo hedatu ezin bailitzan. Muino horretako ekialdeko aldeak soilik erakusten du gutxi-asko eraikinik gabeko paisaia. Han aurkitu zuten. Auzitegiko medikuaren arabera labankadaka hil zuten. Bortxakeka-zantzu argi eta garbiak zituen. Hogeita bost edo hogeita sei urte zituen hor nonbait. Larruazala zuria zuen eta ilea argia. Blujin batzuk, alkandora urdina eta Nike markako kirol oinetakoak zeramatzan jantzita. Ez zuen inongo paperik nortasuna jakiteko balio zuenik. Hil zuenak ostera hura janzteko lana hartu zuen, zeren ez galtzak ez alkandora baitzituen urraturik. Ez zegoen uzki bidezko bortxaketaren zantzurik. Aurpegian ez zen nabari hematoma arin bat baino masailezur gainaldean, eskuin belarritik hurbil. Aurkikuntzaren ondoko egunetan, bai Heraldo del Norte-k bai La tribuna de Santa Teresa-k eta La voz de Sonora-k, hiriko hiru egunkariak, Estrella muinoko ezezagunaren argazkiak argitaratu zituzten, baina inor ez zen agertu hura identifikatzera. Haren heriotzaren laugarren egunean, Santa Teresako poliziaburua, Pedro Negrete, pertsonalki joan zen Estrella muinora, inongo poliziarik lagun ez zuelarik, ezta Epifanio Galindo ere, eta hildakoa aurkituriko tokian ibili zen. Gero mazela utzi eta muinoaren goienerantz igotzen hasi zen. Sumendi harrien artean zaborrez beteriko merkatu poltsak zeuden. Gogoratu zuen Phoenix-en ikasten zuen bere semeak behin kontatu ziola plastikozko poltsek ehunka, agian milaka urte behar izaten dituztela higatzeko. Hemengo hauek ez, pentsatu zuen, hango gauza orok jasaten zuen hondatze maila ikustean. Goi-goian ume batzuk korrika atera ziren eta muinoan behera galdu ziren Estrella koloniarantz. Iluntzen hasi zuen. Mendebal aldean etxe batzuetako kartoizko edo zinkezko teilatuak ikusi zituen, egitura anarkiko batean itzulinguruak egiten zituzten kaleak. Ekialdean ikusi zituen mendilerrora eta basamortura zeraman errepidea, kamioien argiak, lehen izarrak, benetako izarrak, mendien beste aldetik gauarekin zetozenak. Iparraldean ez zuen ezer ikusi, ordoki handi monotono bat besterik ez, bizia Santa Teresatik harantz amaituko bailitzan, berak desiratzen eta sendo sinesten zuena gorabehera. Gero txakur batzuk entzun zituen, gero eta gertuago, ikusi zituen arte. Txakur gose eta basatiak ziurrenik, heldu zenean istant batez begiztatu zituen haurrak bezala. Pistola atera zuen galtzarpekotik. Bost txakur zenbatu zituen. Segurtasun gailua jaso eta tiro egin zuen. Txakurrak ez zuen airean jauzi egin, lurra jo zuen, eta hasierako oldarrak lurrean herrestan eraman zuen erabat uzkurturik. Beste laurak lasterka abiatu ziren. Pedro Negretek arretaz begiratu zien urruntzen ziren bitartean. Bik isatsa hanka artean zeramaten eta makurturik egiten zuten lasterka. Beste bietatik, batek isatsa zut egiten zuen laster eta laugarrenak, auskalo zergatik, sari bat eman baliote bezala mugitzen zuen isatsa. Txakur hilarengana hurbildu zen, eta oinaz ukitu zuen. Bala burutik sartu zitzaion. Atzerantz begiratu gabe muinoan behera joan zen, berriro, ezezagunaren gorpua aurkitu zuten tokiraino. Han gelditu egin zen eta zigarreta bat piztu zuen. Delicados filtrorik gabekoa. Gero jaisten segitu zuen autora iritsi arte. Handik, pentsatu zuen, desberdin ikusten zen dena.

      Maiatzean ez zen beste emakumerik hil, alde batera utzirik berezko heriotzez, hots, gaixotasunez, zahardadez edo erditzean hil zirenak. Baina maiatzaren bukaeran eliza-profanatzailearen kasua hasi zen. Egun batean morroi ezezagun bat San Rafaeleko elizan sartu zen, Patriotas Mexicanos kalean, Santa Teresako erdigunean, lehen mezako orduan. Eliza ia hutsik zegoen, andre elizkoi batzuk soilik metatzen ziren lehen bankuetan, eta apaiza aitorlekuan itxia zegoen oraindik. Elizan intsentsuaren eta garbiketa gai merkeen usaina zegoen. Ezezaguna azkenetako banku batean eseri zen, eta berehala jarri zen belauniko, burua eskuen artean hondoratua, pisatuko balio edo gaixo balego bezala. Andre elizkoietako batzuk biratu ziren hari begiratzeko, eta txutxu-mutxu aritu ziren beren artean. Andre zahartxo bat aitorlekutik atera zen eta geldirik geratu zen ezezagunari so, aurpegiera indigenako emakume gazte bat konfesatzera sartzen zen bitartean. Apaizak indiarraren bekatuak barkatzen zituenean hasiko zen meza. Baina aitorlekutik atera zen andre zahartxoa ezezagunari begira geratu zen, geldirik, nahiz eta batzuetan gorputza hanka batean bermatzen zuen eta gero bestean eta horrek dantza pauso modukoak eginarazten zizkion. Berehala jakin zuen bazuela gizon hark zerbait oker zegoena, eta gainerako andre zaharrengana hurbildu nahi izan zuen jakinarazteko. Erdiko korridorean zehar zihoan bitartean orban likido bat ikusi zuen, ezezaguna zegoen bankutik lurrean hedatzen zena, eta gernuaren usaina aditu zuen. Orduan, andre elizkoiak metatzen ziren tokirantz ibiltzen jarraitu beharrean, bidea desegin eta aitorlekura itzuli zen. Zenbait aldiz jo zuen eskuaz apaizaren leihatila. Okupatua nago, alaba, esan zuen honek. Aita, esan zuen andre zahartxoak, gizon bat dago Jaunaren etxea zikintzen. Bai, nire alaba, orain egingo dizut kasu. Aita, ez zait batere gustatzen gertatzen ari dena, egin zerbait, Jainkoaren izenean. Hitz egiten ari zen bitartean, bazirudien andre zahartxoa dantzan ari zela. Oraintxe, nire alaba, pazientzia apur bat, okupatua nago, esan zuen apaizak. Aita, gizon bat dago, eginkariak elizan egiten, esan zuen andre zahartxoak. Apaizak burua atera zuen kortina higatuen artetik eta ilunantz horikaran bilatu zuen ezezaguna, eta gero aitorlekutik atera zen eta aurpegiera indigenako andrea ere atera zen aitorlekutik eta hirurak geldirik geratu ziren ezezagunari begira, zeinak intziri egiten baitzuen ahul eta ez baitzion pixa egiteari uzten, galtzak bustiz eta atriorantz zihoan gernu ibai bat eraginez, baieztatuz, apaiza beldur zen bezala, korridoreak pendiza kezkagarria zuela. Gero sakristauari deitu zion, mahaian eseririk kafea hartzen zegoena eta nekatua zirudiena; eta biak ala biak ezezagunarengana hurbildu ziren bere jokaera gaitzesteko eta elizatik botatzeko. Ezezagunak haien itzalak ikusi zituen eta begiak malkoz beterik begiratu zien eta bakean uzteko eskatu zien. Ia istantean labana bat agertu zen bere eskuan eta lehen bankuetako andre elizkoiek oihu egiten zuten bitartean sakristaua sastakatu zuen.

      Kasua Juan de Dios Martínez epaitegiko polizia-agenteari egokitu zitzaion, zeinak eraginkorraren eta zuhurraren ospea baitzuen, polizia batzuen ustez erlijiozalea zelako. Juan de Dios Martínezek apaizarekin hitz egin zuen, eta honen itxuraketaren arabera, ezezaguna hogeita hamarren bat urteko tipo bat zen, luzera ertainekoa, azal beltzaran eta gorpuzkera sendokoa, beste edozein bezalako mexikarra. Gero andre elizkoiekin mintzatu zen. Horientzat, ezezaguna ez zen egiazki beste edozein bezalako mexikarra, baizik eta deabrua zirudien. Eta zer egiten zuen deabruak lehen mezan?, galdetu zuen epaitegikoak. Gu guztiok hiltzeko zegoen han, esan zuten andre elizkoiek. Arratsaldeko ordu bietan, marrazkilari batek lagun eginik, ospitalera joan zen sakristauari aitorpena hartzera. Horren deskribapena bat zetorren apaizarenarekin. Alkohol usaina zuen ezezagunak. Oso usain bortitza, goizean jaiki aurretik alkandora laurogeita hamar graduko alkohol terreinan garbitu izan balu bezala. Egunak zeramatzan bizarra egin gabe, nahiz eta hori ez zitzaion askorik nabaritzen ile gutxikoa zelako. Nolatan zekien sakristauak ile gutxikoa zela?, jakin nahi izan zuen Juan de Dios Martínezek. Ikusirik nola ateratzen zitzaizkion muturreko ileak, eskasak eta elkarrekin haserretuak, bere ama putak eta aita zakiljale ostiak itsuka pegatuak balira bezala, esan zuen sakristauak. Era berean: eskuak handiak eta sendoak zituen. Esku handiegiak agian bere gorputzarentzat. Eta negarrez ari zen, horretaz ez zuen zalantza izpirik, baina orobat zirudien barrez ari zela, negarrez eta barrez aldi berean. Ulertzen didazu? esan zuen sakristauak. Drogatua balego bezala? galdetu zuen epaitegikoak. Horixe. Zuzen. Geroago Juan de Dios Martínezek Santa Teresako eroetxera deitu zuen eta galdetu zuen ea izan al zuten edo ba al zuten egoiliar bat, ezaugarri fisiko horiei egokitzen zitzaiena. Pare bat zutela esan zioten, baina ez zirela erasokorrak. Galdetu zuen ea ateratzen uzten al zieten. Bati bai, besteari ez. Haiek ikustera joango naiz, esan zuen epaitegikoak. Arratsaldeko bostetan, poliziak inoiz joaten ez ziren kafetegi batean bazkaldu ondoren, Juan de Dios Martínezek bere Cougar gris metalizatua utzi zuen eroetxeko aparkalekuan. Zuzendariak hartu zuen, berrogeita hamarren bat urteko emakumea, ilea horiz tindaturikoa, eta kafe bat ekarrarazi zuen epaitegikoarentzat. Zuzendariaren bulegoa polita zen eta gustuz apaindua iruditu zitzaion. Paretetan Picassoren erreprodukzio bat zegoen eta Diego Riveraren beste bat. Juan de Dios Martínez tarte luzea egon zen Diego Riverarenari begira zuzendariaren zain zegoen bitartean. Mahaian bi argazki zeuden: batean zuzendaria ikusten zen, gazteagoa zenean, kamerari zuzen begiratzen zion neskato bat besarkatzen. Neskatoak aurpegiera gozoa eta besteratua zuen. Beste argazkian zuzendaria are gazteagoa zen. Emakume nagusi baten ondoan eseria zegoen, zeinari aurpegiera jostagarriz begiratzen baitzion. Emakume nagusiak, aldiz, begitarte serioa zuen eta kamerari begiratzen zion, argazki batean ateratzea fribolitatea irudituko balitzaio bezala. Azkenean zuzendaria heldu zenean berehala konturatu zen urte asko igaroak zirela argazkiak atera zirenetik. Konturatu zen orobat zuzendaria oso ederra zela oraino. Tarte batez zoroez mintzatu ziren. Arriskugarriak ez ziren ateratzen, jakinarazi zion zuzendariak. Baina zoro arriskutsuak ez ziren asko. Epaitegikoak erakutsi zion marrazkilariak eginiko robot erretratua, eta zuzendariak arretaz begiratu zion segundo batzuetan. Juan de Dios Martínezek haren eskuetan finkatu zituen begiak. Azazkalak margotuak zituen, eta hatzak luzeak ziren eta uki leunekoak ziruditen. Eskuaren gainaldean orezta banaka batzuk kontatu zituen. Zuzendariak esan zion erretratua ez zela ona eta edozein izan zitekeela. Gero bi zoroak ikustera joan ziren. Patioan zeuden, patio itzela, zuhaitzik gabekoa, lurrezkoa, auzo pobre bateko futbol zelaia bezalakoa. Elastiko eta galtza zuriz jantziriko zaintzaile batek ekarri zion lehenengoa. Juan de Dios Martínezek zuzendariari entzun zion hari osasunaz galdezka. Gero janariaz mintzatu ziren. Zoroak esan zuen ia ezin zuela haragirik jan, baina halako era nahasian esan zuen non epaitegikoak ez baitzuen jakin menuaz kexuka ari zen edo adierazi nahi zion haragiarekiko herra bat, ziur aski gertatu berria. Emakumezko doktorea proteinez mintzatu zen. Patioan zebilen haizeak ilea nahasten zien batzuetan gaixoei. Murru bat eraiki behar da, entzun zion esaten emakumezko doktoreari. Haizea dabilenean nerbiosten dira, esan zuen zuriz jantziriko zaintzaileak. Gero bestea ekarri zuten. Juan de Dios Martínezek uste izan zuen hasieran anaiak zirela, nahiz eta elkarren ondoan egon zirenean konturatu zen itxurazkoa baino ez zela antza. Urrundik, pentsatu zuen, agian zoro guztiek antza dute. Zuzendariaren bulegora itzuli zenean galdetu zion ea noizdanik zuzentzen zuen eroetxea. Urte mordoa, esan zuen barrez. Ez naiz gogoratzen jada. Beste kafe bat hartzen zuten bitartean, zuzendaria oso zalea baitzen, galdetu zion ea Santa Teresakoa zen. Ez, esan zuen zuzendariak. Guadalajaran jaio nintzen eta DFn ikasi nuen eta gero San Frantziskon, Berkeleyn. Juan de Dios Martínezi gustatuko zitzaion berarekin hitz egiten eta kafea hartzen segitzea, eta agian galdetzea ea ezkondua edo dibortziatua zegoen, baina ez zuen denborarik. Eraman ditzaket?, esan zuen. Ulertzeke begiratu zion zuzendariak. Eraman ditzaket zoroak?, galdetu zuen. Zuzendariak aurpegira egin zion barre eta galdetu zion ea ondoezik zegoen. Nora eraman nahi dituzu? Errekonozimendu txanda moduko batera, esan zuen epaitegikoak. Biktima ospitalean dut eta ezin da mugitu. Zuk pazienteak utzi ordu pare bat, paseatzera eramango ditut ospitalera eta ilundu baino lehen itzuliko dizkizut. Eta niri eskatzen didazu?, esan zuen zuzendariak. Zu zara burua, esan zuen epaitegikoak. Ekar iezadazu epailearen agindu bat, esan zuen zuzendariak. Ekarri ahal dizut, baino hori paperetan aritze hutsa da. Gainera, agindua ekartzen badizut, polizia-etxera eramango dituzte zure gaixoak, baliteke han gau bat edo bi atxikitzea, ez dute ongi pasatuko. Aldiz, nik eramaten baditut orain, ba ez da ezer gertatzen. Autoan sartuko ditut, ni naiz polizia bakarra, biktimak baiezko errekonozimendua egiten badu, berdin itzuliko dizkizut zure zoroak, biak. Ez zaizu errazagoa iruditzen? Ez, ez zait iruditzen, esan zuen zuzendariak, ekar iezadazu epailearen agindua eta ikusiko dugu. Ez zaitut iraindu nahi izan, esan zuen epaitegikoak. Eskandalizatua nago, esan zuen zuzendariak. Juan de Dios Martínezek barre egin zuen. Ba ez ditut eramango eta kito, esan zuen. Hori bai, saia zaitez bietako inor ez dadila eroetxetik atera, agintzen didazu? Zuzendaria jaiki zen eta une batez poliziak pentsatu zuen bota egingo zuela. Gero telefonoz deitu zion bere idazkariari eta beste kikara bat kafe eskatu zion. Nahi al duzu zuk beste bat? Juan de Dios Martínezek baietz erantzun zion buruaz. Gaur gauean ezingo dut lo hartu, pentsatu zuen.

      Gau horretan San Rafaeleko elizako ezezaguna San Tadeoko elizan sartu zen, Kino kolonian, Santa Teresako hego-ekialdean aldapa leuneko muino eta sasi artean hazten zen auzo batean. Gaueko hamabietan deitu zioten Juan de Dios Martínez epaitegikoari. Telebista ikusten ari zen eta telefonoa pausatu ondoren mahaiko plater zikinak jaso zituen eta harraskan jarri. Mahaitxoko tiraderatik atera zituen pistola eta robot erretratua, lau zatitan tolestua zuena, eta eskaileretan behera joan zen oinez garajeraino, non bere Chevy Astra kolore-gorria baitzegoen. San Tadeoko elizara heldu zenean emakume batzuk zeuden pezozko mailadian. Ez ziren asko. Elizaren barruan José Márquez epaitegiko polizia-agentea ikusi zuen, apaizari galdeketa egiten. Polizia bati galdetu zion ea anbulantzia etorria zen. Poliziak irribarre batez begiratu zion eta ez zegoela zauriturik esan zion. Ze arraio da hau guztia? Polizia zientifikoko bi morroiak aztarnak bilatzen ahalegintzen ziren Jesu Kristoren irudi batean, aldare ondoan zegoena, lurrean. Honako honetan zoroak ez dio inori kalterik egin, esan zion José Márquezek apaizarekikoa bukatu zuenean. Zer gertatu zen jakin nahi zuen. Alproja drogatu bat azaldu zen gaueko hamarretan edo, esan zuen Márquezek. Labana bat edo aizto bat zeraman. Azkenetako bankuetan eseri zen. Han. Ilunenetan. Andre zahar batek negar egiten entzun zion. Ez dakit tipoa tristuraz edo plazerez ari zen negarrez. Pixa egiten ari zen. Orduan andre zaharra apaizari deitzera joan zen, eta tipoak salto egin eta irudiak txikitzeari ekin zion. Kristo bat, Guadalupana bat eta pare bat santu gehiago. Gero joan egin zen. Eta hori da guztia? esan zuen Juan de Dios Martínez epaitegikoak. Ez dago beste ezer, esan zuen Márquezek. Tarte batez biak aritu ziren lekukoekin hizketan. Erasotzailearen deskripzioa bat zetorren San Rafaeleko elizakoarekin. Robot erretratua erakutsi zion apaizari. Apaiza oso gaztea zen eta oso nekatua zirudien, baina ez gau hartan gertatu zenagatik, ezpada aspaldian herrestan zeraman zerbaitengatik. Badu antza, esan zuen apaizak garrantzirik eman gabe. Intsentsu eta gernu usaina zuen elizak. Lurrean barreiaturiko igeltsu zatiek pelikula bat gogorarazi zioten, baina ez zekien zein. Oinaren puntaz zatietako bat mugitu zuen, esku baten zatia zirudien eta blai zegoen. Konturatu zara?, esan zion Márquezek. Zer? esan zuen Juan de Dios Martínezek. Alu horrek maskuri ikaragarria du antza denez. Edo ahal duen guztia eusten dio eta eliza baten barruan egon arte itxaroten du husteko. Atera zenean El Heraldo del Norte eta La tribuna de Santa Teresako kazetari batzuk ikusi zituen ikusmiratzaileekin hizketan. San Tadeoko elizaren alboko kaleetan hasi zen ibiltzen. Han ez zegoen intsentsu usainik, nahiz eta bazirudien airea, batzuetan, zikin putzu batetik ateratzen zela zuzenean. Kale argiteriak ez zituen kale batzuk baino argitzen. Ez naiz lehenago inoiz egon hemen, esan zuen berekiko Juan de Dios Martínezek. Kale baten buruan zuhaitz handi baten itzala begiztatu zuen. Plaza antzeko bat zen, kaskarra, eta zuhaitza zen zirkuluerdi mortu hartan gune publiko batekin halako antza zuen gauza bakarra. Haren inguruan auzokoek banku batzuk eraikiak zituzten, presaka eta baldarki, freskuran egoteko. Hemen indiarren jendegune bat egon zen inoiz, gogoratu zuen epaitegikoak. Kolonia horretan bizi izan zen polizia batek esan zion. Banku batean utzi zuen erortzen bere burua eta arretaz begiratu zion zuhaitzaren itzal ikaragarriari, zeru izarratuan era mehatxarian islatzen. Non daude orain indiarrak? Eroetxeko zuzendariarengan pentsatu zuen. Gustura hitz egingo zuen harekin une hartan bertan, baina bazekien ez zela deitzera ausartuko.

      San Rafaelen eta San Tadeoren elizen aurkako erasoak oihartzun handiago izan zuen bertako prentsan ezen ez aurreko hilabeteetan hildako emakumeek. Hurrengo egunean, Juan de Dios Martínezek, beste bi poliziarekin batera, Kino kolonia eta La Preciada kolonia ibili zituen, erasotzailearen robot erretratua jendeari erakusten. Inork ez zuen ezagutu. Bazkalorduan poliziak hiriaren erdigunera joan ziren, eta Juan de Dios Martínezek telefonoz deitu zion eroetxeko zuzendariari. Zuzendariak ez zituen egunkariak irakurri eta ez zekien ezer aurreko gauean gertatu zenaz. Juan de Diosek bazkaltzera gonbidatu zuen. Zuzendariak, berak uste zuenaren kontra, onartu zuen gonbidapena eta jatetxe begetariano batean egin zuten hitzordua, Río Usumacinta kalean, Podestá kolonian. Berak ez zuen jatetxea ezagutzen, eta heldu zenean birentzako mahaia eskatu zuen, eta whiski bat, haren zain zegoen bitartean, baina han ez zuten zerbitzatzen edari alkoholdunik. Zerbitzatu zuen mutilak xake taularen itxurako alkandora zeraman, eta sandaliak, eta gaixorik balego edo okerreko lokalean sartu balitz bezala begiratu zion. Tokia gustagarria iruditu zitzaion. Gainerako mahaietan zegoen jendeak isilka hitz egiten zuen eta entzuten zen musika urezkoa bezalakoa zen, uraren hotsa harri xabaletan zehar erortzen. Sartu eta berehala ikusi zuen zuzendariak, baina ez zion agur egin, eta hizketan hasi zen barraren atzean zuku natural batzuk prestatzen ari zen zerbitzariarekin. Harekin hitz-aspertu bat egin ondoren mahaira hurbildu zen. Galtza grisak eta perla koloreko jertse papar-zabal bat zeramatzan. Juan de Dios Martínez jaiki egin zen hura bere parera heldu zenean eta eskerrak eman zizkion bere gonbidapena onartzeagatik. Zuzendariak irribarre egin zuen: hortz txiki eta berdinak zituen, oso zuri eta zorrotzak, eta horrek aire haragijalea ematen zion bere irribarreari, jatetxearen berezitasunarekin gaizki ematen zuena. Ea zer jan behar zuten galdetu zien zerbitzariak. Juan de Dios Martínezek menuari begiratu zion eta gero biena eska zezala esan zion emakumeari. Zain zeuden bitartean San Tadeoko elizakoa kontatu zion. Zuzendariak arretaz entzun zion eta bukaeran galdetu zion ea dena kontatu zion. Hori da dena, ezan zion epaitegikoak. Nire bi gaixoek zentroan pasatu zuten gaua, esan zuen zuzendariak. Badakit, esan zuen berak. Nola? Elizan egon ondoren eroetxera joan nintzen. Zaintzaileari eta guardiako erizain bati eskatu nien zure pazienteen gelara eraman nintzatela. Lo zeuden biak. Ez zegoen gernuz zikinduriko jantzirik. Inork ez zien utzi ateratzen. Kontatu didazuna ilegala da, esan zuen zuzendariak. Baina haiek ez dira jada ustezko errudunak, esan zuen epaitegikoak. Eta gainera ez nituen esnatu. Ez ziren ezertaz konturatu. Tarte batean zuzendaria isilik jaten aritu zen. Juan de Dios Martínezi gero eta atseginagoa egiten hasi zitzaion urezko hotsa zuen musika. Hori esan zion. Diskoa erostea gustatuko litzaidake, esan zuen. Zinez esan zion. Ematen zuen zuzendariak ez ziola entzun. Pikuak zerbitzatu zizkieten azkenbururako. Juan de Dios Martínezek esan zuen urteak bazirela ez zituela pikuak jaten. Zuzendariak kafe bat eskatu zuen, eta kontua ordaindu nahi izan zuen, baina berak ez zion utzi. Ez zen erraza izan. Behin eta berriz ekin behar izan zion, eta bazirudien zuzendaria harrizkoa bihurtua zela. Jatetxetik ateratakoan eskua eman zioten elkarri, elkar ikusiko zuten azken aldia balitz bezala.

      Bi egun geroago ezezaguna Santa Catalinako elizan sartu zen, Lomas de Toro kolonian, eliza itxia zegoen garaian, eta aldarean pixa egin eta sabela hustu zuen, eta gainera burua moztu zien bere bidean aurkitu zituen ia irudi guztiei. Honako honetan egunkari nazionaletan atera zen berria, eta La voz de Sonora-ko kazetari batek Penitente Deabruduna ezizena eman zion erasotzaileari. Juan de Dios Martínezek zekienaren arabera, beste edozein izan zitekeen egilea, baina poliziarenean erabaki zuten Penitentea izan zela, eta berak nahiago izan zuen bertsio ofizialari jarraitzea. Ez zuen harritu elizaren auzokoek ezer entzun ez izana, nahiz eta horrenbeste irudi hausteko denbora behar zen eta derrigor zarata handia atera. Santa Catalinako elizan ez zen inor bizi. Meza ematen zuen apaiza egunean behin joaten zen, goizeko bederatzietatik arratsaldeko ordu bata arte, eta gero Ciudad Nueva koloniara joaten zen parrokia eskola batean lan egitera. Ez zegoen sakristaurik, eta ofizioetan laguntzen zuten mezamutilak batzuetan joaten ziren eta beste batzuetan ez. Izan ere, Santa Catalinako eliza ia eliztarrik ez zuen eliza bat zen, eta bertan zeuden gauzak merkeak ziren, apezpikutzak erosiak hiriko erdialdeko denda batean, apaiz eta santuentzako arropa handika eta xeheka saltzen zuena. Apaiza pertsona irekia eta izaera liberalekoa zen, Juan de Dios Martínezi iruditu zitzaionez. Tarte bat aritu ziren hizketan. Elizan ez zen ezer falta. Ez zuen ematen apaiza eskandalizatua edo laidoak hunkitua zegoenik. Ausiabartzen kalkulu lasterra egin zuen, eta esan zuen hori pagotxa zela apezpikutzarentzat. Aldareko kakak ez zion aurpegiera aldatu. Ordu pare batean, zuek joan eta berehala, hau garbia egongo da berriro. Gernuaren kopuruak, aldiz, asaldatu zuen. Soinez soin, bi anaia siamdar bezala, epaitegikoak eta apaizak Penitenteak pixa eginiko zoko guztiak ibili zituzten, eta apaizak, azkenean, esan zuen tipoak birika baten tamainakoa izan behar zuela maskuria. Gau horretan Juan de Dios Martínezek pentsatu zuen gero eta gogokoagoa zuela Penitentea. Lehen erasoa gogorra izan zen eta ia hil zuen sakristaua, baina egunak igaro ahala, hobetuz zihoan. Bigarren erasoan andre elizkoi batzuk beldurtu besterik ez zuen egin, eta hirugarrenean ez zuen inork ikusi eta bakean lan egin ahal izan zuen.

       Santa Katalinako elizaren profanaziotik hiru egunera, Penitentea gau beranduan sartu zen Reforma koloniako Jesu Kristo Gure Jaunaren Elizan, hiriko zaharrena, XVIII. mendearen erdialdean eraiki eta denbora tarte batez Santa Teresako apezpikutzaren egoitza gisa erabili zena. Alboko eraikinean, Soler eta Ortiz Rubio kaleen kantoikoan, lotan zeuden hiru apaiz eta papago etniako bi indiar apaizgai gazte, Santa Teresako Unibertsitatean Antropologia eta Historiako ikasketak egiten ari zirenak. Apaizgaiak, beren denbora ikasten emateaz gainera, garbiketa lan txiki batzuez arduratzen ziren, hala nola gauero platerak garbitzeaz edo apaizen arropa zikina bildu eta entregatzeaz garbitegira eramaten zuen emakumeari. Gau horretan apaizgaietako bat ez zegoen lo. Ikasten saiatu zen bere gelan itxirik, eta gero jaiki egin zen liburutegian liburu bat bilatzera, non, inongo motiborik gabe, irakurtzen geratu baitzen besaulki batean harik eta loak hartu zuen arte. Eraikina lotua zegoen elizarekin, erretore etxera zuzenean zeraman korridore baten bidez. Ba omen zegoen beste korridore bat, lurpekoa, apaizek iraultzaren eta gerla cristeroaren garaian erabili zutena, baina ikasle papagoak ez zuen haren berririk. Bat-batean kristal hautsien zaratak esnatu zuen. Aurrenik pentsatu zuen euria ari zuela, gauza bitxia, baina gero konturatu zen zarata eliza barrutik eta ez kanpotik zetorrela, eta jaiki eta begiratzera joan zen. Erretore etxera heltzean intziriak entzun zituen, eta pentsatu zuen norbait aitorleku batean itxia geratu zela, erabat gertagaitza zen gauza, aitorlekuen ateak ezin baitziren itxi. Ikasle papagoa, bere etniako jendeaz esaten zenaren kontrara, beldurbera zen eta ez zen ausartu elizara bakarrik sartzen. Aurrenik beste apaizgaia esnatzera joan zen, eta gero biak joan ziren jotzera, oso modu apalean, aita Juan Carrascoren atean, ordu horietan lo zegoena, etxe hartan bizi ziren gainerakoak bezala. Aita Juan Carrascok korridorean entzun zuen papagoaren istorioa eta prentsa irakurtzen zuenez, esan zuen: Penitentea izan behar du. Ondoren bere gelara itzuli zen, jantzi zituen galtzak eta gimnastikako zapatila batzuk, jogging egiteko eta frontoian jokatzeko erabiltzen zituenak, eta beisbol bate zahar bat atera zuen armairu batetik. Gero papagoetako bat bidali zuen atezaina esnatzera, lehen solairuko gela txiki batean, eskaileraren ondoan, lo egiten zuena, eta elizarantz jo zuen, zaraten abisua eman zuen papagoak jarraitzen ziola. Lehen begiratuan biek ala biek izan zuten han inor ez zegoelako inpresioa. Kandelen ke hialinoa geldiro igotzen zen gangarantz eta laino trinko beilegi ilun bat geldirik mantentzen zen tenpluaren barnean. Geroxeago intziria entzun zuten, haur bat oka ez egiteko ahaleginean ariko balitz bezala, eta gero beste bat, eta gero beste bat, eta gero lehen goragalearen hots ezaguna. Penitentea da, xuxurlatu zuen apaizgaiak. Aita Carrascok bekozko iluna jarri zuen, eta zalantza egin gabe joan zen zarata zetorren lekura, beisbol bateari bi eskuez heldurik, batea astintzeko jarreran, hain zuzen. Papagoak ez zion jarraitu. Beharbada pausotxo bat edo bi eman zituen apaizak hartutako norabidean, eta ondoren geldirik geratu zen, izu sakratu baten aurrean defentsarik gabe ordurako. Hortz karraska ere bazuen, egia esan. Ezin zuen aurrera ez atzera jo. Hortaz, gero poliziari azaldu zion bezala, errezatzeari ekin zion. Ze errezatu zenuen?, galdetu zion Juan de Dios Martínez epaitegikoak. Papagoak ez zuen galdera ulertu. Aita gurea? esan zuen epaitegikoak. Ez, ez, ez, ez nintzen ezertaz gogoratzen, esan zuen papagoak, nire arimaren alde errezatu zuen, nire amatxoren alde, nire amatxo Guadalupekoari eskatu nion ez nintzala abandonatu. Zegoen tokitik entzun zuen zutabe baten kontra txikitzen zen beisbol batearen hotsa. Oso ondo izan zitekeen, pentsatu zuen edo pentsatu zuela gogoratu zuen, Penitentearen orno zutabea, edo metro eta laurogeita hamar zentimetro luze zen zutabea non baitzegoen Gabriel goiaingeruaren zurezko tailua. Gero norbait arnasestuka entzun zuen. Intzirika entzun zuen Penitentea. Aditu zuen aita Carrascok norbaiti ama iraintzen ziola, iraintze bitxi bat, egia esan, ez zekien Penitenteari edo berari zuzendua, lagun egin ez ziolako, edo aita Carrascoren iraganeko pertsona ezezagun bati, berak inoiz ezagutuko ez zuen eta apaizak inoiz berriro ikusiko ez zuen norbaiti. Gero beisbol bate batek egiten duen zarata, zehatz eta bikain ebakiriko harriz osaturiko lurrera erortzean. Zurak, bateak, zenbait aldiz bote egiten du, harik eta azkenean zarata amaitzen den arte. Ia une berean oihu bat entzun zuen, berriro izu sakratuan pentsarazi ziona. Pentsatu gabe pentsatu. Edo irudi dardartiekin pentsatu. Gero ikusi uste izan zuen, kandela batek argitua bezala, baina berdin zen tximista batek argitua bazen, Penitentearen itxura, beisbol bateaz goiaingeruaren berna-makilak kolpe batez igitatzen eta idulkitik erorarazten. Berriro zuraren zarata, zur guztiz zaharrarena orain, harriarekin talka egiten, termino hertsiki antagonikoak bailiran zura eta harria latitude haietan. Eta kolpe gehiago. Eta gero atezainaren urratsak, zeina korrika baitzetorren eta sartzen baitzen, bera ere, iluntasunean, eta bere anaia papagoaren ahotsa papago hizkuntzan galdetzen ziona zer zuen, non zuen min. Eta gero oihu gehiago eta apaiz gehiago eta poliziari abisu ematen dioten ahotsak eta alkandora zurien zalaparta eta usain garratza, norbaitek eliza zaharreko harrietan lanbasa pasatu balu bezala amoniako galoi batekin, pixa usaina, Juan de Dios Martínez epaitegikoak esan zionez, pixa gehiegi gizon bakar batentzat, maskuri normaleko gizon batentzat.

      Honako honetan Penitentea pasatu egin da, esan zuen José Márquez epaitegikoak, aita Carrascoren eta atezainaren gorpuak belauniko aztertzen zituen bitartean. Juan de Dios Martínezek profanatzailea elizara sartu zen leihoa aztertu zuen eta gero kalera atera eta tarte bat egon zen Soler-en bueltaka eta gero Ortiz Rubion eta gero auzokoek gauaz doako aparkalekutzat erabiltzen zuten plaza batean. Elizara itzuli zenean Pedro Negrete eta Epifanio han zeuden eta sartu ahala poliziaburuak hurbiltzeko keinua egin zion. Tarte batez hizketan eta erretzen aritu ziren azken ilarako bankuan eseririk. Larruzko zamarraren azpian Negretek pijamaren alkandora zeraman. Kolonia garestiaren usaina zuen eta ez zuen nekatu aurpegia. Epifaniok traje urdin argia zeraman, elizaren argi zurbilak ederki ematen ziona. Juan de Dios Martínezek esan zion poliziaburuari Penitenteak autoren bat izan behar zuela. Eta nola dakizu hori? Ezin da oinez mugitu atentzioa eman gabe, esan zuen epaitegikoak. Bere pixak kirasten du. Kino eta Reformaren artean dagoen tartea oso da handia. Reforma eta Lomas de Tororen artekoa ere bai. Eman dezagun Penitentea erdialdean bizi dela. Reformatik erdialdera oinez joan daiteke eta gauez bada inor ez da konturatuko pixa usaina duzula. Baina erdialdetik Lomas de Torora, oinez, ez dakit, ordubete behar duzu gutxienez. Edo gehiago, esan zuen Epifaniok. Eta Lomas de Torotik Kinora, zenbatekoa izan daiteke ibilaldia? Berrogeita bost minutu baino gehiago, eta hori galtzen ez bazara, esan zuen Epifaniok. Eta zer esanik ez Reformatik Kinora, esan zuen Juan de Dios Martínezek. Beraz, alu hori autoz ibiltzen da, esan zuen poliziaburuak. Horretaz bakarrik egon gaitezke ziur, esan zuen Juan de Dios Martínezek. Eta ziur aski arropa garbia darama auto barruan. Zer bada?, esan zuen poliziaburuak. Zer gerta ere. Hortaz, zure ustez Penitentea ez da inondik ere alproja bat, esan zuen Negretek. Eliza baten barruan dagoenean baino ez da pitzatzen, ateratzen denean beste edozein bezalakoa da, esan zuen ahapetik Juan de Dios Martínezek. Arraioa, esan zuen poliziaburuak. Eta zuk zer uste duzu, Epifanio? Litekeena da, esan zuen Epifaniok. Bakarrik bizi bada, kaka usaina duela itzul daiteke, izan ere autotik bere egoitzara ezin da luzatu minutu bat baino gehiago. Emakumeren batekin edo bere zaharrekin bizi bada, sartu aurretik arropa aldatuko du ziur. Itxura ona du arrazoibideak, esan zuen poliziaburuak. Baina nola eman bukaera kontu honi guztiari, hori da koska. Bururatzen al zaizu zerbait? Hasteko, polizia bana jarri eliza bakoitzean eta Penitenteak lehen urratsa eman arte itxaron, esan zuen Juan de Dios Martínezek. Nire anaia oso katolikoa da, esan zuen poliziaburuak, goraki pentsatuko balu bezala. Gauza batzuk galdetu behar dizkiot. Eta zure ustez, Juan de Dios, non bizi da Penitentea? Ez dakit, nagusi, esan zuen epaitegikoak, edonon, baina autoa badu ez dut uste Kinon biziko denik.

      Goizeko bostetan, etxera itzulitakoan, Juan de Dios Martínez epaitegikoak eroetxeko zuzendariaren mezu bat topatu zuen erantzungailuan. Bila zabiltzan pertsonak, zioen zuzendariaren ahotsak, sakrofobia du. Deitu egidazu eta azalduko dizut. Berandua gorabehera berehala deitu zion. Zuzendariaren ahots grabatuak erantzun zion. Martínez naiz, epaitegiko polizia-agentea, esan zuen Juan de Dios Martínezek, barkatu ordu honetan deitzeagatik... Zure mezua entzun dut... Oraintxe heldu naiz etxera... Gau honetan Penitenteak... Beno, bihar deituko dizut... Hau da, gaur... Gau on eta eskerrik asko mezuagatik. Gero zapatak eta galtzak kendu zituen, eta ohean bota zen, baina ez zuen lo hartzerik izan. Goizeko seietan polizia-etxean agertu zen. Patruilako agente multzo bat kide baten urtemuga ospatzen ari zen eta edatera gonbidatu zuten, baina ezetz esan zien. Epaitegikoen bulegotik, non ez baitzegoen inor, entzun zuen nola abesten zuten, goiko solairuan, behin eta berriz, “zorionak zuri”. Lankidetzat nahi zituen polizien zerrenda egin zuen. Txosten bat idatzi zuen Hermosilloko epaitegiko polizia-agenteentzat, eta ondoren kafe bat hartzera joan zen makina automatikora. Patruilako bi agente ikusi zituen eskaileretan behera besarkaturik, eta haien atzetik joan zen. Korridorean zenbait polizia ikusi zituen binaka, hirunaka, launaka hizketan. Noizean behin talde batek algaraka egiten zuen barre. Zuriz jantzirik zihoan baina blujinak zeramatzan tipo batek anda gurpilduna bultzatzen zuen. Anda gainean, plastiko griseko zorro batek erabat estaltzen zuela, Emilia Mena Menaren gorpua zihoan. Inor ez zen ohartu.

      Ekainean Emilia Mena Mena hil zen. Gorpua zabortegi klandestino batean aurkitu zuten, Yucatecos kaletik hurbil, Hermanos Corinto adreilu fabrikaren norabidean. Auzitegiko medikuaren txostenean adierazten da bortxatua, sastakatua eta errea izan zela, zehaztu gabe heriotzaren eragilea labankadak edo erredurak izan ziren, eta orobat zehaztu gabe ea erreduren unean Emilia Mena Mena dagoeneko hila zen. Emilia aurkitu zuten zabortegian etengabe gertatzen ziren suteak, gehienak berariazkoak, besteak ezustekoak, eta hortaz ezin zen baztertu bere gorputzeko kiskaltzeak horrelako suak eraginikoak izan zitezkeenik, eta ez hiltzailearen nahiak. Zabortegiak ez du izen ofizialik, klandestinoa baita, baina badu jendeak emaniko izena: El Chile esaten diote. Egunez ez da arimarik ikusten El Chilen, ezta ere zabortegiak berandu gabe irentsiko dituen lugorri mugakideetan. Gauaz ezer ez edo ezer ez baino gutxiago dutenak agertzen dira. Mexiko DFn teporochoak esaten diete, baina teporocho bat jauntxo bizizale bat da, ziniko gogoetazale eta umoretsu bat, El Chilen bakarka edo binaka ugari dabiltzan gizakien aldean. Ez dira asko. Mordoilo ulergaitza hitz egiten dute. Poliziak sarekada bat prestatu zuen Emilia Mena Menaren gorpua aurkitu eta hurrengo gauean, eta zaborrean kartoi bila zebiltzan hiru ume baino ez zuen atxilotzerik izan. El Chileko gau egoiliarrak urriak dira. Beren bizi itxaropena, laburra. Zabortegian zehar ibili eta gehienez ere zazpi hilabetera hiltzen dira. Beren elikatze ohiturak eta beren sexu bizitza misterioa dira. Litekeena da ahaztu izana nola jaten den eta larrua nola jotzen den. Edo jatea eta larrua jotzea berentzat dagoeneko ezin lortuzko, ezin adierazizko gauza izatea, ekintzak eta hitzak baino haratagokoa. Denak salbuespenik gabe gaixorik daude. El Chileko gorpu bati arropa kentzea eta hura larrutzea gauza bera da. Biztanleria egonkorra da: inoiz ez dira hiru baino gutxiago, inoiz ez hogei baino gehiago.

      Emilia Mena Menaren hilketaren susmagarri nagusia mutil-laguna zen. Haren bila joan zirenean, guraso eta hiru anaiekin bizi zen etxera, alde egina zen jada. Familiak zioenez autobus bat hartu zuen gorpua agertu baino egun bat edo bi lehenago. Aitak eta anaietako bik egun pare bat igaro zuten ziegetan, baina ez zen izan modurik haiengandik inongo informazio koherenterik ateratzeko, aitaren anaiaren helbidea izan ezik, Ciudad Guzmánen, nora ere susmagarria joana baitzen ustez. Ciudad Guzmáneko polizia jakinaren gainean jarririk, agente batzuk delako bizilekuan agertu ziren, legezko betebehar guztiak zituztela, baina ez zuten aurkitu ustezko mutil-lagun eta hiltzailearen inongo arrastorik. Kasua irekia geratu zen eta laster ahaztu zen. Bost egun geroago, Emilia Mena Menaren heriotza argitzeko zuzemenak oraindik jarraitzen zutenean, Morelos lizeoko atezainak hildako beste emakume baten gorpua aurkitu zuen. Botata zegoen lur sail batean non ikasleek batzuetan futbol eta beisbol partidak jokatzen baitzituzten, eremu bat nondik ere Arizona ikus baitzitekeen eta orobat mexikar aldeko maquiladoren oskolak eta lurrezko errepideak, maquiladorak konektatzen zituztenak errepide zolatuen sarearekin. Alboan, alanbrezko hesi batek bereiziak, lizeoko bi patioak zeuden, eta haratago bi bloke, hiru solairukoak biak, non ematen baitziren eskolak gela zabal eta eguzkitsuetan. Lizeoa 1990. urtean zabaldu zen eta atezainak lehen egunetik egiten zuen lan han. Lehena zen lizeora iristen eta azkenetakoa joaten. Hildakoa aurkitu zuen goizean zerbaitek eman zion atentzioa eskolara sartzea ahalbidetzen zioten giltzak hartu zituenean zuzendariaren bulegoan. Hasiera batean ez zuen lortu zer zen jakitea. Horniduren gelan sartu zenean konturatu zen. Zopiloteak. Zopiloteak ari ziren hegan patioaren ondoan zegoen lur sailean. Hala ere zeregin asko zuen oraindik eta erabaki zuen geroago joango zela ea zer zen aztertzera. Geroxeago sukaldaria eta bere laguntzailea iritsi ziren, eta haiekin joan zen sukaldean kafe bat hartzera. Hamar bat minutuz jardun zuten berriketan betikoaz, harik eta atezainak galdetu zien arte ea ikusi zituzten zopilote batzuk eskola gainean hegan. Biek ezetz erantzun zuten. Orduan atezainak kafea amaitu eta esan zuen lur sailera zihoala, buelta bat ematera. Beldur zen ez ote zuen txakur hil bat aurkituko. Hala bazen eskolara bueltatu beharko zuen, lanabesak gordetzen zituen biltegira joan eta pala bat hartu beharko zuen eta zulo bat egin, ikasleek animalia lurpetik ez ateratzeko bezain sakona. Baina emakume bat izan zen aurkitu zuena. Blusa beltza eta zapatila beltzak zeramatzan eta gona gerrian biribildua zeukan. Ez zeraman kulerorik. Hori izan zen ikusi zuen lehen gauza. Gero aurpegiari erreparatu zion eta jakin zuen ez zela gau hartan hil. Zopiloteetako bat alanbrezko hesian pausatu zen baina esku keinu batez uxatu zuen. Emakumeak beltza zuen ilea eta sorbalda erdirainoko luzea gutxienez. Xerlo batzuk odol koagulatuak itsatsita zeuden. Urdailean eta sexu inguruan ere odol lehorra zeukan. Bi aldiz egin zuen aitaren eta poliki jaiki zen. Eskolara itzuli zenean sukaldariari kontatu zion gertaturikoa. Laguntzen zion mutila eltze bat garbitzen ari zen eta atezainak ahapeka hitz egin zuen, hark ez entzuteko. Bulegotik zuzendariari telefonoz deitu zion, baina aterea zen etxetik. Manta bat aurkitu zuen eta hila estaltzera joan zen. Orduan konturatu zen paldo bat zuela sartua. Malkoz bete zitzaizkion begiak eskolara itzultzean. Han sukaldaria aurkitu zuen patioan eseria, zigarreta bat erretzen. Keinu bat egin zion honek zer gertatu zen galdetzeko bezalakoa. Atezainak beste keinu batez erantzun zion, ezin ulertuzkoa, eta sarrerako atera joan zen zuzendariari itxarotera. Heldu zenean biak joan ziren lur sailera. Patiotik sukaldariak ikusi zuen nola zuzendariak manta alboratzen zuen eta begiesten, angelu desberdinetatik, ia ikusten ez zen mulkoa. Apur bat geroago bi irakasle batu zitzaizkien, eta haiengandik hamar bat metrora, ikasle multzo bat. Hamabietan poliziaren bi auto heldu ziren, hirugarren auto bat ezaugarririk gabea eta anbulantzia bat, eta hildakoa eraman zuten. Honen izena ez zen inoiz jakin. Auzitegiko medikuak aditzera eman zuen egun batzuk zeramatzala hilik, zenbat zehaztu gabe. Heriotza, ziur aski, bularrean hartu zituen labankadek eragin zuten, baina medikuak ez zuen baztertzen eragile nagusia burezurraren haustura izatea. Hildakoaren adina hogeita hiru eta hogeita hamabost urteen artean egongo zen. Metro bat eta hirurogeita hamabi zentimetro luze zen.

      1993ko ekain hartako azken hildakoak Margarita López Santos zuen izena, eta berrogei egun baino gehiago zeramatzan desagertua. Desagertu eta bi egunera haren amak salaketa egin zuen 2 zenbakiko polizia-etxean. Margarita López Santosek K&T maquiladoran egiten zuen lan, El Progreso industria-parkean, Nogaleserako errepidetik eta Guadalupe Victoria koloniako azken etxeetatik gertu. Desagertu zen egunean maquiladorako hirugarren txanda zuen, gaueko bederatzietatik goizeko bostak artekoa. Lankideen arabera ordu-orduan heldu zen lanera, beti bezala, Margarita gutxi bezalako langile fina eta arduratsua baitzen, eta hortaz, desagertzeak txanda aldaketaren eta irteeraren orduan gertatu behar izan zuen. Ordu horretan, ordea, inork ez zuen ezer ikusi, besteak beste goizeko bostetan edo bost eta erdietan dena ilun dagoelako eta kale argiteria eskasa delako. Guadalupe Victoria koloniako iparraldeko etxe gehienek ez dute elektrizitaterik. Industria-parkeko irteerek, parkea Nogaleserako errepidearekin lotzen duenak izan ezik, eskasak dituzte bai argiteria eta bai zoladura, eta baita estolderia sistema ere: parkeko zabor gehienek Las Rositas kolonian bukatzen dute, non lokatzezko istil bat osatzen baitute eguzkiak zuritzen duena. Beraz Margarita Lópezek lana bost eta erdietan utzi zuen. Hori zehazturik geratu zen. Eta gero industria-parkeko kale ilunetan zehar irten zen oinez. Agian kamioneta bat ikusi zuen, gauero plaza huts batean gelditzen zena WS-Inc. maquiladoraren aparkalekuaren ondoan, kafesneak eta mota guztietako freskagarri eta ogitartekoak saltzen zituena langileentzat lanerako sarreran edo irteeran. Emakumeak gehienak. Baina berak ez zuen goserik edo bazekien etxean jatekoa zuela zain, eta ez zen gelditu. Atzean utzi zuen parkea eta maquiladoren argien distira gero eta urrunagoa. Nogaleserako errepidea gurutzatu zuen eta Guadalupe Victoria koloniako lehen kaleetan barneratu zen. Kolonia zeharkatzeak ez zion ordu erdia baino gehiago hartuko. Gero San Bartolomé agertuko zen, bera bizi zen kolonia. Berrogeita hamar bat minutu oinez guztira. Baina ibilbideko zatiren batean zerbait gertatu zen edo zerbait okertu betiko, eta bere amari esan zioten gero litekeena zela gizon batekin ihes egin izana. Hamasei urte baino ez ditu, esan zuen amak, eta alaba zintzoa da. Berrogei egun geroago bere gorpua aurkitu zuten Maytorena koloniako etxola batean. Ezkerreko eskua guako hosto batzuen gainean zegoen. Gorputzaren egoera zela eta, auzitegiko medikua ez zen gauza izan heriotza zerk eragin zuen adierazteko. Gorpua jasotzera joan ziren polizietako bat izan zen gauza guako landarea identifikatzeko. Ona da eltxoen ziztaden kontra, esan zuen makurtu eta hostoxka berde, lantzakara eta gogor batzuk bilduz.

      Uztailean ez zen emakume hilik izan. Ezta abuztuan ere.

      Egun haietan DFko La Razón egunkariak Sergio González bidali zuen Penitenteari buruzko erreportaje bat egitera. Sergio Gonzálezek hogeita hamabost urte zituen, dibortziatu berria zen eta dirua behar zuen kostarik kosta. Normalean ez zuen mandatua onartuko, bera kultura orrialdeetako kazetaria baitzen eta ez krimenetakoa. Filosofia liburuen kritikak egiten zituen, inork irakurtzen ez zituenak bestalde, ez liburuak ez bere kritikak, eta noizean behin musikaz eta margolan erakusketez aritzen zen. Lau urte lehenago egin zuten La Razón-eko langile finko eta bere ekonomia egoera ez zen estutasunik gabekoa baina bai hainbestekoa, dibortzioarena arte, eta harrezkero ez zuen dirurik ezertarako. Bere sailean (non batzuetan izenordez idazten baitzuen irakurleak kontura ez zitezen berak idatziak zirela orrialde guztiak) ezin zuenez ezer gehiago egin dagoeneko, gainerako sailetako buruak hertsatzen hasi zen, bere diru sarrera urriak orekatuko zituzten lan estrak lortzeko. Horrela sortu zen Santa Teresara joan, Penitentearen kronika idatzi eta itzultzeko proposamena. Lana eskaini ziona, egunkariaren igandeetako gehigarriaren zuzendaria izan zen, zeinak begikoa baitzuen González eta pentsatzen baitzuen eskaintzarekin bi txori hilko zituela honek harri batez: alde batetik diru osagarri bat irabazten zuen eta bestetik hiruzpalau eguneko oporrak egiten zituen iparraldean, janari on eta arnasteko moduko aireko tokian, eta bere emazteaz ahazten zen. Beraz, 1993ko uztailean Sergio Gonzálezek hegazkinez bidaiatu zuen Hermosilloraino eta handik autobusez Santa Teresaraino. Egia esan, ematen zuen giroz aldatzeak on egin ziola oso. Hermosilloko zeruak, urdin argi-argikoak, ia metalikoak, behealdetik argituak, aldartea berehala bizkortzen lagundu zion. Jendea, aireportuan eta hiriko kaleetan gero, atsegina iruditu zitzaion, lasaia, atzerrian balego eta bertakoen alde ona baino ikusiko ez balu bezala. Hiri industriaduna eta oso langabezia urrikoa iruditu zitzaion Santa Teresan, Oasis izeneko erdialdeko hotel merke batean hartu zuen ostatu, oraino Erreformaren garaiko galtzadarriak erakusten zituen kale batean, eta geroxeago El Heraldo del Norte eta La voz de Sonorako erredakzioak bisitatu zituen, non luze jardun baitzuen Penitentearen kasua zeramaten kazetariekin, eta horiek azaldu zioten nola iritsi profanaturiko lau elizetara, zeinak egun bakar batean bisitatu baitzituen, atean itxaroten zion taxilari bat lagun zuela. Bi apaizekin hitz egin ahal izan zuen, San Tadeo eta Santa Catalina elizetakoak, baina datu gutxi eman zioten bere ikerketarako, nahiz eta Santa Catalinako apaizak iradoki zion begiak erne-erne edukitzeko, zeren hiltzaile bihurturiko eliza profanatzailea, ez zen, bere irudiko, Santa Teresako izurri okerrena. Polizia-etxean robot erretratuaren ale bat eskuratu zioten eta hitzordua lortu zuen Juan de Dios Martínezekin mintzatzeko, kasuaren ardura zuen auzitegiko poliziarekin. Arratsaldean hiriko alkatearekin hitz egin zuen, zeinak gonbidatu baitzuen udaletxearen ondoko jatetxean bazkaltzera, harrizko hormak zituen jatetxe bat, garai kolonialeko eraikinen halako eite bat izaten saiatzen zena, lortu gabe. Janaria, aldiz, oso ona zen, eta alkatea eta maila baxuagoko beste bi udalkide arduratu ziren jatordua atsegingarria egiten hiriko esamesak eta neurriz gorako txisteak kontatuz. Hurrengo egunean alferrik ahalegindu zen poliziaburuarekin elkarrizketa bat izaten, baina hitzordura funtzionario bat etorri zen, poliziako prentsa arduraduna ziur asko, tipo gazte bat Zuzenbideko fakultatetik atera berria, txosten bat eman ziona, kazetari batek Penitenteari buruz kronika bat idazteko behar zituen datu guztiekin. Tipoak Zamudio zuen izena, eta gau hartan ez zuen zeregin hoberik kazetariari lagun egitea baino. Elkarrekin afaldu zuten. Gero diskoteka batean egon ziren. Sergio Gonzálezek ez zuen gogoratzen horrelako batean egon izana hamazazpi urte zituenetik. Zamudiori esan zion, eta honek barre egin zuen. Neska batzuk gonbidatu zituzten edatera. Sinaloakoak ziren, eta arropei erreparaturik berehala konturatzen zinen langileak zirela. Sergio Gonzálezek galdetu zion bikote suertatu zitzaionari ea gustatzen zitzaion dantzan egitea, eta hark erantzun zion munduan gehien gustatzen zitzaion gauza zela. Erantzuna argitsua iruditu zitzaion, zergatik ez zekielarik, eta orobat atsekabegarriki tristea. Neskak bere aldetik galdetu zion ez zer egiten zuen hiriburuko chilango batek Santa Teresan, eta esan zion kazetaria zela eta Penitenteari buruzko artikulu bat idazten ari zela. Ez zirudien errebelazioak neskari zirrararik eragin zionik. La Razón ere ez zuen inoiz irakurri, Gonzálezi sinesgaitza gertatu zitzaiona. Zamudiok, aparte batean, esan zion ohera eraman ahal zituztela neskak. Zamudioren aurpegia, argi estroboskopikoak desitxuratua, zoro batena iruditu zitzaion. Gonzálezek besaburuak altxatu zituen.

      Hurrengo goizean bakarrik esnatu zen bere hotelean, zerbait debekatua ikusi edo entzun izanaren sentsazioarekin. Zerbait desegokia, gisagabekoa nolanahi ere. Juan de Dios Martínez elkarrizketatzen saiatu zen. Epaitegiko polizien bulegoan ez zituen aurkitu bi morroi baino, dadoetan jokatzen ari zirenak hirugarren bat begira zutela. Hirurak epaitegiko poliziak ziren. Sergio Gonzálezek bere burua aurkeztu zuen eta gero aulki batean eseri zen zain, esan baitzioten Juan de Dios Martínez handik gutxira helduko zela. Poliziek zamarrak eta kirol jantziak zeramatzaten. Jokalarietako bakoitzak katilu bat indaba zeukan eta dado tiraldi bakoitzean indaba batzuk hartzen zituen nork bere katilutik eta mahaiaren erdian jartzen. Gonzálezi bitxia iruditu zitzaion bete-beteko gizon haiek indabak jokatzea, baina bitxiagoa iruditu zitzaion ikustea erdiko indaba batzuek jauzi egiten zutela. Arretaz begiratu zuen eta, hala zen, noizean behin indabetako batek, eta batzuetan bik, jauzi egiten zuen, ez oso gora, lau bat zentimetro, edo bi zentimetro, baina jauzi dena dela. Jokalariek ez zieten kasu egiten indabei. Sartzen zituzten bost dadoak godaletean, astintzen zuten eta kolpe idor batez mahai gainera erortzen uzten. Tiraldi bakoitzean, norberarenean edo aurkariarenean, Gonzálezek ulertzen ez zituen hitzak ahoskatzen zituzten. Zioten: engarróteseme ahí, edo metateado, edo peladeaje, edo combiliado, edo biscornieto, edo bola de pinole, edo despatolado, edo sin desperdicio, ahoskatzen ariko balira bezala jainkoen izenak edo misterio baten urratsak, berek ere ulertzen ez zituztenak baina denek bete behar zituztenak. Jokatzen ez zuen poliziak baietz egiten zuen buruarekin. Sergio Gonzálezek galdetu zion ea indabak indaba jauzkariak ziren. Epaitegiko agenteak begiratu zion eta baietz egin zion buruarekin. Sekula ez ditut horrenbeste ikusi, esan zuen. Egia esan, ez zuen inoiz horrelako ale bat ere ikusi. Juan de Dios Martínez iritsi zenean epaitegikoek jokatzen jarraitzen zuten. Juan de Dios Martínezek traje grisa zeraman, apur bat zimurtua, eta gorbata berde iluna. Bere mahaiaren inguruan eseri ziren, bulegoko txukunena Gonzálezek egiaztatu ahal izan zuenez, eta Penitenteaz mintzatu ziren. Epaitegikoak esan zionez, nahiz hori ez publikatzeko eskatu zion, Penitentea gaixo bat zen. Zer eritasun du?, xuxurlatu zuen Gonzálezek, istantean konturatu baitzen Juan de Dios Martínezek ez zuela nahi bere lankideak entzun ziezaioten. Sakrofobia, esan zuen epaitegikoak. Eta hori zer da?, esan zuen Gonzálezek. Objektu sakratuen beldurra eta herra, esan zuen epaitegikoak. Honen arabera, Penitenteak ez zituen elizak profanatzen hiltzeko asmo aurrez pentsatuarekin. Heriotzak ezustekoak ziren, Penitenteak bere sumina santuen irudien gainean hustea baino ez zuen nahi.

      Penitenteak profanatu zituen elizek ez zuten denbora luzea eman txikizioak txukuntzen lehenik, eta gero behin betiko konpontzen, Santa Catalinakoak izan ezik, denbora batez gelditu baitzen Penitenteak utzi zuen moduan. Eskas dugu dirua gauza askotarako, esan zion Gonzálezi Ciudad Nuevako apaizak, zeina egunean behin agertzen baitzen Lomas del Toro kolonian meza ematera eta garbitzera, era horretan adieraziz bazeudela lehentasun larriagoak edo presakoagoak, irudi sakratu txikituak aldatzea baino. Apaizari esker jakin zuen Sergio Gonzálezek, elizan ikusi zuen bigarren eta azken aldian, Santa Teresan emakumeen kontrako krimenak egiten zirela, Penitente famatuarenaz gainera, gehienak argitu gabe geratzen zirenak. Tarte batez, erratza pasatzen zuen bitartean, hitz egin eta hitz egin aritu zen apaiza: hiriaz, ertamerikar emigratzaileen jarioaz, maquiladoretan lan bila edo iparramerikar aldera pasatzeko egunero heltzen ziren ehunka mexikarrez, pollero eta coyoteen trafikoaz, fabriketan ordaintzen ziren goseak hiltzeko soldatez, eta nola, hala ere, gutiziatzen zituzten soldata horiek Querétarorik edo Zacatecasetik edo Oaxacatik heltzen ziren desesperatuek, kristau desesperatuek, esan zuen apaizak, esaldi bitxia apaiz baten ahoan hain zuzen, zeinek itxurarik gabeko eran bidaiatzen baitzuten, batzuetan bakarka eta batzuetan familia lepoan zutela, mugaraino heldu arte, eta soilik orduan atsegin hartzen, edo negar edo otoitz egiten, edo mozkortzen edo drogatzen edo dantzatzen zuten leher eginik erori arte. Apaizaren ahotsak letania baten doinua zuen, eta une batez, entzuten zuen bitartean, Sergio Gonzálezek begiak itxi zituen eta lo gelditzear egon zen. Geroago kalera atera ziren, eta elizako adreiluzko mailetan eseri ziren. Apaizak Camel bat eskaini zion, eta erretzen hasi ziren zerumugara begira. Eta zu, kazetari izateaz gainera, zer gehiago egiten duzu DFn?, galdetu zion. Segundo batzuetan zigarretaren kea hartzen zuen bitartean, Sergio Gonzálezek erantzunean pentsatu zuen eta ez zitzaion burura ezer etorri. Dibortziatu berria naiz, esan zion, eta bestalde asko irakurtzen dut. Ze liburu mota?, jakin nahi izan zuen apaizak. Filosofiakoak, batez ere filosofiakoak, esan zuen Gonzálezek. Zuri ere atsegin zaizu irakurtzea? Neska pare bat igaro zen lasterka eta gelditu gabe apaiza agurtu zuten haren izena esanez. Gonzálezek lore gorri oso handiak loratzen ziren eremu bat zeharkatzen ikusi zituen, eta gero etorbide bat gurutzatzen. Noski, esan zuen apaizak. Ze liburu mota?, esan zuen. Liberazioaren teologiakoak, batez ere, esan zuen apaizak. Boff eta brasildarrak gustatzen zaizkit. Baina polizia nobelak ere irakurtzen ditut. González jaiki egin zen eta zapata zolarekin zigarreta muturra itzali zuen. Plazera izan da, esan zuen. Apaizak eskua estutu zion eta baiezkoa egin zuen.

      Hurrengo egunean, goizean, Sergio Gonzálezek Hermosillorako autobusa hartu zuen eta han, lau ordu zain egon eta gero, abioia hartu zuen DFraino. Bi egun geroago entregatu zion igandeetako aldizkariko zuzendariari Penitenteari buruzko kronika, eta segidan kontu guztia ahaztu zuen.

      Zer da sakrofobia delako hori?, esan zion Juan de Dios Martínezek zuzendariari. Azaldu egidazu apur bat. Zuzendariak esan zuen Elvira Campos zuela izena eta edalontzi bat whiski eskatu zuen. Juan de Dios Martínezek garagardo bat eskatu zuen eta arretaz begiratu zion lokalari. Terrazan akordeoi-jotzaile bat, emakume biolin-jotzaile bat lagun zuela, cowboyz jantziriko tipo baten arreta erakartzen saiatzen zen alferrik. Narkotrafikatzaile bat, pentsatu zuen Juan de Dios Martínezek, nahiz eta tipoa, bizkarrez zegoenez, ez zuen ezagutzerik izan. Sakrofobia, sakratua denaren, gauza sakratuen beldurra edo ezinikusia da, bereziki norberaren erlijioko gauzena, esan zuen Elvira Camposek. Gurutzeei ihes ibiltzen zen Drakularen adibidea jartzea bururatu zitzaion, baina zuzendariak barre egingo ziola pentsatu zuen. Eta uste duzu zuk Penitenteak sakrofobia duela? Pentsatzen aritu naiz eta uste dut baietz. Duela egun pare bat apaiz bat eta beste pertsona bat txikitu zituen, esan zuen Juan de Dios Martínezek. Akordeoia jotzen ari zen tipoa oso gaztea zen, hogei urte baino gehiago ez, eta orobat zen sagar bat bezain borobila. Haren keinuak, baina, hogeita bost urte baino gehiagoko gizon batenak ziren, irribarre egiten zuenean izan ezik, askotan egiten zuen zerbait, eta orduan konturatzen zinen kolpetik haren gaztetasunaz eta haren eskarmenturik ezaz. Ganibeta ez darama inori min egiteko, inongo izaki biziduni, esan nahi dut, baizik eta elizetan aurkitzen dituen irudiak txikitzeko, esan zuen zuzendariak. Hika hitz egin dezakegu?, galdetu zion Juan de Dios Martínezek. Elvira Camposek irribarre egin zuen eta baiezkoa egin zuen buruarekin. Oso emakume erakargarria zara, esan zuen Juan de Dios Martínezek. Mehea eta erakargarria. Zuri ez zaizkizu emakume meheak atsegin?, esan zuen zuzendariak. Biolin-jotzailea akordeoi-jotzailea baino luzeagoa zen, eta blusa beltza eta galtza elastiko beltzak zeramatzan. Ilea leuna eta gerriraino luzea zuen eta batzuetan begiak ixten zituen, batez ere akordeoi-jotzaileak jotzeaz gain abestu egiten zuen zatietan. Gauzarik tristeena, pentsatu zuen Juan de Dios Martínezek, narkotrafikatzaileak edo ustezko narkoaren bizkar trajedunak ez ziela ia kasurik egiten, okupatua baitzegoen hizketan mangosta soslaiko tipo batekin eta katu soslaiko maritzar batekin. Ez al genuen hika egin behar?, esan zuen Juan de Dios Martínezek. Halaxe da, esan zuen zuzendariak. Eta ziur zaude Penitenteak sakrofobia duela? Zuzendariak esan zion eroetxeko artxiboetan begira ibili zela ea aurkitzen zuen paziente ohiren bat Penitentearen kideko ezaugarriak zituena. Emaitza ezereza izan zen. Zuk diozun adina badu, ziur nengoke psikiatria zentro batean egon dela lehenago. Akordeoia jotzen zuen mutila, bat-batean, lurra takoiez jotzen hasi zen. Zeuden tokitik ez zuten entzuten, baina keinu nabarmenak egiten zituen ahoarekin eta bekainekin, eta gero ilea nahasi zuen eskuaz eta irri karkailaz ari zela ematen zuen. Biolin-jotzaileak itxirik zituen begiak. Narkotrafikatzailearen garondoa mugitu egin zen. Juan de Dios Martínezek pentsatu zuen mutilak azkenean lortua zuela nahi zuena. Ziur aski Hermosilloko edo Tijuanako psikiatria zentroren batean egongo da txosten bat berari buruz. Ez dut uste bere ezaugarri klinikoak oso bitxiak izango direnik. Agian lasaigarriak hartzen zituen duela gutxi arte. Agian hartzeari utzi zion, esan zuen zuzendariak. Ezkondua zaude, norbaitekin bizi zara?, galdetu zuen Juan de Dios Martínezek ahots mehe batez. Bakarrik bizi naiz, esan zuen zuzendariak. Baina seme-alabak dituzu, zure bulegoko argazkiak ikusi nituen. Alaba bat dut, ezkondua dago. Juan de Dios Martínezek bere baitan zerbait liberatzen zela sentitu zuen eta barre egin zuen. Ez egidazu esan dagoeneko amona egin zaituztela. Hori ez zaio esaten inoiz emakume bati, agente jauna. Zenbat urte dituzu? esan zuen zuzendariak. Hogeita hamalau, esan zuen Juan de Dios Martínezek. Nik baino hamazazpi gutxiago. Ez du ematen berrogei baino gehiago dituzunik, esan zuen epaitegikoak. Zuzendariak barre egin zuen: egunero egiten dut soinketa, ez dut erretzen, gutxi edaten dut, gauza sanoak baino ez ditut jaten, lehen lasterka egitera ateratzen nintzen goizetan. Orain ez? Ez, orain zinta mugikorra erosi dut. Biek egin zuten barre. Bach entzuten dut aurikularrekin eta bost edo hamar kilometro, tarte horretan, egiten ditut lasterka egunero. Sakrofobia. Nire lankideei esaten badiet Penitenteak sakrofobia duela, tanto bat irabaziko dut. Mangosta soslaia zuen tipoa aulkitik jaiki zen eta zerbait esan zion belarrira akordeoi-jotzaileari. Gero berriro eseri zen eta akordeoi-jotzaileari nahigabe keinu bat azaldu zitzaion ezpainetan marraztua. Negar egiteko zorian dagoen haur bat bezala. Biolin-jotzaileak begiak irekirik zituen eta irribarre egiten zuen. Narkotrafikatzaileak eta katu soslaiko maritzarrak buruak elkartu zituzten. Narkoaren sudurra handia eta hezurtsua zen eta bazuen aristokrata aire bat. Baina nondik nora aristokratikoa? Akordeoi-jotzailearen aurpegia, ezpainak izan ezik, desegina zegoen. Uhin ezezagunek zeharkatu zuten epaitegikoaren bularra. Mundu hau arraroa eta liluragarria da, pentsatu zuen.

      Badago sakrofobia baino gauza bitxiagorik, esan zuen Elvira Camposek, batez ere kontuan izanik Mexikon gaudela eta hemen erlijioa beti izan dela arazo bat, izan ere esango nuke nik mexikar guztiok, azken batean, sakrofobiak joak gaudela. Pentsa, adibidez, beldur klasiko batean, gefidrofobian. Pertsona askok pairatzen dute. Zer da gefidrofobia?, esan zuen Juan de Dios Martínezek. Zubiak gurutzatzeko beldurra da. Egia da, morroi bat ezagutu nuen, beno, haur bat zen egiatan, zubi bat gurutzatzen zuenean beti zubia eroriko zen beldurra zuena, eta hortaz korrika gurutzatzen zituen, hori arriskutsuagoa izanik. Klasiko bat da, esan zuen Elvira Camposek. Beste klasiko bat: klaustrofobia. Espazio itxien beldurra. Eta beste bat: agorafobia. Espazio irekien beldurra. Ezagutzen ditut horiek, esan zuen Juan de Dios Martínezek. Beste klasiko bat gehiago: nekrofobia. Hildakoen beldurra, esan zuen Juan de Dios Martínezek, ezagutu dut horrelako jendea. Polizian lan egiten baduzu eragozpena da. Hematofobia ere badago, odolaren beldurra. Egi-egia, esan zuen Juan de Dios Martínezek. Eta peccatofobia, bekatu egiteko beldurra. Baina badaude bitxiagoak. Adibidez klinofobia. Ba al dakizu zer den? Arrastorik ere ez, esan zuen Juan de Dios Martínezek. Oheen beldurra. Izan al dezake inork ohe baten beldurra edo ezinikusia? Ba bai, bada jendea baduena. Baina hori arindu daiteke lurrean lo eginez eta logela batean inoiz sartu gabe. Eta baita trikofobia ere, ilearen beldurra. Bihurrixeagoa, ezta? Guztiz bihurria. Badaude trikofobia kasu batzuk suizidioan amaitzen dutenak. Eta verbofobia ere badago, hitzen beldurra dena. Kasu horretan onena isilik geratzea da, esan zuen Juan de Dios Martínezek. Hori baino zerbait bihurriagoa da, hitzak nonahi baitaude, are isiltasunean, ez baitago inoiz erabateko isiltasunik, ezta? Eta vestiofobia ere badugu, arroparen beldurra. Bitxia dirudi baina espero baino hedatuagoa dago. Eta bat aski komuna, iatrofobia, sendagileen beldurra. Edo ginofobia, emakumearen beldurra dena, eta, noski, gizonezkoek bakarrik dutena. Guztiz hedatua Mexikon, nahiz eta askotariko itxuretan mozorrotzen den. Ez al da apur bat esajeratua? Ezta fitsik ere: ia mexikar guztiek dira emakumeen beldur. Ez dakit ba, esan zuen Juan de Dios Martínezek. Badaude ere bi beldur azken batean oso erromantikoak direnak: ombrofobia eta talasofobia, euriaren beldurra eta itsasoaren beldurra, hurrenez hurren. Eta beste bi, horiek ere badutenak zerbait erromantikotik: antofobia, loreen beldurra, eta dendrofobia, zuhaitzen beldurra. Mexikar batzuek badute ginofobia, esan zuen Juan de Dios Martínezek, baina ez guztiek, ez zaitez alarmista izan. Zer da optofobia zure ustez? esan zuen zuzendariak. Opto, opto, begiekin loturiko zerbait, ene!, begien beldurra? Are okerrago, begiak irekitzeko beldurra. Irudizko zentzuan, erantzuten du horrek ginofobiari buruz esan berri didazuna. Hitzez hitzezko zentzuan, nahasmendu gogorrak eragiten ditu, konorte galerak, ikuste eta entzute haluzinazioak eta portaera oldarkorra jeneralean. Ezagutzen ditut, ez pertsonalki, noski, bi kasu, non gaixoa automutilaziora iritsi baitzen. Begiak atera zituen? Hatzekin, azazkalekin, esan zuen zuzendariak. Arraioa, esan zuen Juan de Dios Martínezek. Badugu, noski, pedifobia ere, hau da, umeen beldurra, eta balistofobia, balen beldurra. Fobia hori da nirea, esan zuen Juan de Dios Martínezek. Bai, pentsatzen dut espero izatekoa dela, esan zuen zuzendariak. Eta beste fobia bat, gorantz doana, tropofobia, lekuz edo egoeraz aldatzeko beldurra. Larritu daitekeena agirofobia bihurtzen bada, kaleen beldurra edo kalea gurutzatzeko beldurra. Eta ez dugu ahaztu behar kromofobia, kolore batzuen beldurra, edo niktofobia gauaren beldurra, edo ergofobia, lanaren beldurra. Beldur oso zabaldua da dezidofobia, erabakiak hartzeko beldurra. Eta hedatzen hasi berria den beldurra antropofobia da, jendearen beldurra. Indiar batzuek era nabarmenean pairatzen dute astrofobia, hau da trumoiak, tximistak eta oinaztarriak bezalako eguraldi gertakarien beldurra. Baina fobia okerrenak, nire iritzian, dira pantofobia, gauza guztiei beldurra izatea, eta fobofobia, norberaren beldurren beldurra. Biotako bat pairatu behar bazenu, zein aukeratuko zenuke? Fobofobia, esan zuen Juan de Dios Martínezek. Baditu alde txarrak, pentsa ezazu patxadaz, esan zuen zuzendariak. Gauza guztien beldurraren eta neure beldurren beldurraren artean, azken hau aukeratzen dut, ez ahaztu polizia naizela, eta gauza guztiei banie beldurra ezingo nuke lan egin. Baina zure beldurren beldur bazara zure bizitza beldurraren etengabeko azterketa bihur daiteke, eta beldurrok abiarazten badira, bere burua elikatzen duen sistema bat sortzen da, saihesteko zaila gertatuko litzaizukeen begizta bat, esan zuen zuzendariak.

      Sergio González Santa Teresan agertu baino egun gutxi lehenago, Juan de Dios Martínez eta Elvira Campos oheratu egin ziren. Hau ez duk ezer serioa, esan zion zuzendariak epaitegikoari, ez ezak oker interpretatu gure harremana. Juan de Dios Martínezek agindu zion emakumeari hark jarritako mugak errespetatu besterik ez zuela egingo. Zuzendariarentzat lehen sexu topaketa aski ona izan zen. Berriro elkar ikusi zutenean, handik hamabost egunera, emaitza are hobea izan zen. Batzuetan epaitegikoak deitzen zuen, jeneralean arratsaldeetan, zuzendaria oraindik psikiatria zentroan zegoenean, eta bost minutu egoten ziren hizketan, batzuetan hamar, egunean zehar gertatu zitzaienaz. Zuzendariak deitzen zuenean adosten zituzten hitzorduak, beti Elviraren etxean, Michoacán koloniako apartamentu berri batean, klase ertain-altuko etxeak zituen kale batean zegoena, non sendagileak eta abokatuak, zenbait dentista eta irakasle unibertsitario bat edo bi bizi baitziren. Topaketak eredu beraren arabera gertatzen ziren. Epaitegikoak espaloian aparkatua uzten zuen autoa, igogailua hartzen zuen, hango ispilua aprobetxatzen zuen egiaztatzeko bere itxura akatsgabea zela, bere mugen barruan, zeinak bera baitzen lehena etenik gabe esaten, eta gero zuzendariaren ateko txirrina jotzen zuen labur. Zuzendariak irekitzen zion, elkar agurtzen zuten eskua emanez edo elkar ukitu gabe, eta segidan kopa bat hartzen zuten egongelan eseririk, ekialdeko mendiei begiratuz, itzaltzen zihoazenak kristalezko ateetan zehar, zeinek komunikatzen baitzuten terraza zabalarekin non, zur eta olanazko aulki pare batez eta ordu horietan tolestua zegoen eguzkitako batez gainera ariketa-bizikleta altzairu-kolore bat baino ez baitzegoen. Gero, bestelako konturik gabe logelara joaten ziren eta hiru orduz egiten zuten maitasuna. Bukatzen zutenean zuzendariak zetazko txabusina bat, kolore beltzekoa, janzten zuen eta dutxan sartzen zen. Irteten zenean Juan de Dios Martínez jantzia zegoen jada, egongelan eserita, begiesten ez mendiak ezpada terrazatik ikusten ziren izarrak. Isiltasuna erabatekoa zen. Batzuetan inguruko etxeren bateko lorategian festa bat ospatzen zuten eta zuzendariak eta epaitegikoak begiesten zituzten argiak eta igerileku ondoan zebilen edo besarkatzen zen jendea, edo sartzen eta ateratzen zena, okasiorako muntaturiko olanetatik edo zurezko eta burdinazko glorietatik zoriak soilik gidatuko balitu bezala. Zuzendariak ez zuen hitz egiten eta Juan de Dios Martínezek eutsi egiten zion galderak egiten hasteko edo inoiz kontatu ez zituen bere bizitzako gauzak kontatzeko gogoari. Gero zuzendariak gogorarazten zion, epaitegikoak eskatu balio bezala, joan behar zuela eta honek egia da esaten zuen edo begiratzen zion alferrik bere erlojuaren orduari, eta segidan joan egiten zen. Hamabost egunen buruan berriro elkarretaratzen ziren eta dena gertatzen zen azken aldian bezala-bezalaxe. Esan gabe doa ez zeudela beti festak inguruko etxeetan, eta batzuetan zuzendariak ezin zuen edan edo ez zuen edan nahi, baina argi meheak berberak ziren beti, dutxa beti errepikatzen zen, arrastiriak eta mendiak ez ziren aldatzen, izarrak berberak ziren.

 

2666: KRIMENEN ATALA
(hasierako zatia)

Roberto Bolaņo

2666, 2004
euskaratzailea: Ibon Sarasola
armiarma.eus, 2015