FRANTZIAKO TURRA EPOPEIA GISA
Roland Barthes

Le Tour de France comme épopée
1955
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

      Badaukagu Frantziako Turraren onomastika, berez eta besterik gabe dioskuna Turra epopeia handi bat dela. Iduri luke txirrindularien izen gehienak arrunt antzinako garai etniko batetik datozela, arrazak hotsa fonema bakan batzuen bitartez egiten zuen  garaitik (Brankart frankoa, Bobet frantziena, Robik zelta, Ruiz iberiarra, Darrigade kaskoina). Bestalde, izenok atertu gabe errepikatzen dira, puntu tinkoak dira probaren halabeharraren handian, beren egitekoa baita aldi episodiko bat, zalapartatsua, karaktere handien muin, esentzia egonkorretara lotzea, gizakia, oroz lehen, gertakarien jabe egiten den izen bat balitz bezala: Brankart, Geminiani, Lauredi, Antonin Rolland, patronimiko hauek kalipuaren, leialtasunaren, saldukeriaren edo estoizismoaren zeinu aljebraiko gisa ditugu irakurtzen. Txirrindulariaren izena aldi berean hazkurri eta elipsi den heinean osatzen da zinezko hizkera poetiko baten figura nagusia, azken finean deskripzioa alferrekoa duen mundu bat emanez irakurtzera. Txirrindulariaren bertuteak bere izenaren mami ozenean gauzatze geldo honek izenondozko hizkera guztiak hurrupatzen ditu hondarrean: loriaren hasmentan, txirrindulariek badute naturazko epitetoren bat; geroago, debaldekoa da. Colleto dotorea edo Van Dongen batavarra esanen dugu; Louison Bobet aipatzeko, ez da deus gehiago behar.

      Funtsean, ordena epikoan sartze hau izena murriztuz egiten da: Louison bilakatzen zaigu Bobet, Nello bilakatzen zaigu Lauredi, eta Rafael Geminiani, heroi betea ona eta kuraiatsua delako batera, Raf bilakatzen zaigu, edo Gem. Izenok arinak dira, beratzak eta menpekeriazko samarrak; silaba berean kalipu gizagaindikoa eta intimotasun guztiz gizakiarena adierazten dute, kazetariak familiartasunez profitatzen duena, poeta latinoek Zesarrena edo Mezenasena erabiltzen zuten bezala. Txirrindulariaren murrizgarrietan, mirespen eta eskubide nahaste hori ageri da, herria bere jainkoen voyeurra bihurtzen duena.

      Murrizturik, Izena izen publikoa da bilakatzen; txirrindulariaren intimitatea heroien tranpalaurrean kokatzea bideratzen du. Zeren, benazko leku epikoa ez baita borroka, gerlariak bere asmoak lantzeko daukan oihaletxola baizik, irainak, erronkak eta konfidentziak jaurtitzeko aterpe publikoa. Frantziako Turrak sakonki ezagutzen du bizitza pribatu faltsu baten loria, non afrontua eta besarkada giza harremanen forma bikainduak diren: Bretainian eginiko ehiza partida batean, Bobetek, bihoztun, publikoki luzatu dio bostekoa Laurediri, eta honek, ez publikotasun txipiagoz, uko egin dio. Samurgo homerotar hauek kontrakarrean dauzkate jendetzaren gainetik handiek elkarri egiten dizkieten laudamenak. Bobetek Kobleti: «faltetsi haut», eta hitz hauxe aski da antolatzeko unibertso epikoa, non etsaia ez baita eraiki berari diogun estimuaren arabera bakarrik. Nolabait esateko, infeudazioaren, gizakia gizakiari haragiz lotzen zuen estatusaren aztarna franko daukagu Turrean. Ugariak dira besarkadak Turrean. Marcel Bidotek, Frantziako taldearen zuzendari teknikoak, Gem besarkatzen du garaipen batengatik, eta Antonin Rollandek pot sutsu bat pausatzen du Geminianiren beraren masail krokailduan. Mundu heroikoaren bururatzearen eta perfekzioaren aitzinean sentitzen dugun euforia zoragarri baten adierazpena da hemen pot-besarkada. Kasu ordea estekatu zoriontasun anaikor honi talde berdineko kideen artean irakiten dauden gregariotasun sentimenduak; sentimenduok anitzez uherragoak ditugu. Finean, harreman publikoen perfekzioa ez da posible handien artean baizik: «morroiak» tranpalean ageri diren ber, epopeia nobelaren mailara da jaisten.

      Turraren geografia ere probaren premia epikoaren azpikoa da osoki. Elementak eta lurraldeak pertsonifikatu egiten zaizkigu, hauekin neurtzen baita gizakia, eta epopeia orotan bezala, bi neurri berdin oposatu behar ditu borrokak, beraz, gizakia naturatartu egiten da, Natura gizatartu. Maldak, «ehuneko» errebes edo hilgarrietara mugatuak, zitalak dira, eta Turrean etapak oro nobelako kapitulu banaren unitateak izanik (iraupen epikoa da kontua, baitezpadako krisien batuketa, eta ez gatazka bakar baten garapen dialektikoa, iraupen tragikoan bezala), etapak, alegia, gauza guztien gainetik, pertsonai fisikoak ditugu, elkarren ondozkako etsaiak, epikaren Natura definitzen duen moralaren eta morfologiaren nahaste horrek batbederatuak. Etapa latza, likina, sutua, sasitsua, e.a., dugu, kualifikazioaren ordena existentzialari dagozkion izenlagunak denok, eta txirrindularia lan gogorrean ari dela jakinaraztea dute xede, ez halako edo bestelako traba naturalarekin, baizik mugimendu bakarrean bere pertzepzioa eta bere zentzumena engaiatzen dituen izatezko gai batekin, funtsezko gai batekin.

      Elikatura eta lotura harremanak dituen inguru animatu bat kausitzen du txirrindulariak Naturan. Harako etapa maritimoa (Le Havre-Dieppe), iodotsua izanen da, energia eta kolorea ekarriko dizkio lasterketari; honakoa (le Nord) galtzadarrizko bidez egina, elikatura opako, angeluduna izanen da: hitzez hitz, irensteko zaila izanen da; besteak berriz (Briançon-Monaco), schistar, historiaurreko, irentsi eginen du txirrindularia. Denek dakarte asimilazio arazo bat, denak mugatzen dira beren mami sakonera mugimendu egiazki poetiko baten medioz, eta haietako bakoitzaren aitzinean, txirrindularia saiatzen da ororen isilik bere burua definitzen Mami-Naturarekin lan gogorrean ari den gizaki osoa bezala, eta ez soilik Objektu-Naturarekin. Mamira hurbiltzeko mugimenduak dira beraz garrantzia dutenak: txirrindularia beti erakusten  zaigu murgiltze prozesuan eta ez lasterka prozesuan: murgil, zehar, hegan, atxiki egiten du, lurrarekin daukan loturak definitzen du, usu larritasunean eta apokalipsian (Monte-Carlorainoko murgil ikaragarria, Esterel mendi katearen jokoa).

      Pertsonifikaziorik handiena jasaten duen etapa Mont Ventouxrena dugu. Bortu  handiek, Alpeetakoak izan edo Pirinioetakoak izan, diren bezain gogorrak izanik ere, iragatekoak izaten diraute, alde batetik bestera pasatu beharreko objektuak ditugu, bortua zuloa da, nekez iristen da pertsona izatera; Ventoux bortuak, ordea, mendiaren betetasuna dauka, Gaizkiaren jainko bat dugu, sakrifizio eske. Benetako Moloch, txirrindularien despota, ez da inoiz ahulen urrikari, sufrikariozko zerga injustu bat ordainarazten du. Fisikoki, Ventoux ikaratzekoa da: soila (seborrea idorrak joa, dio l'Equipek), Idorraren espiritua bera dugu; hango klima absolutuak (areago da klimaren muina eremu geografikoa baino), lurralde kondenatua bihurtzen du, heroientzako probaleku, txirrindulariak bere osasunaren egia definituko duen goi mailako infernu baten antzeko zer edo zer: dragoia menderatuko du, dela jainkoren baten laguntzarekin (Gaul, Phoebusen laguna), dela prometeotasun hutsez, Gaizkiaren jainko horri are gogorragoko deabru bat aurkaratuz (Bobet, bizikletako Satan).

      Turrak badauka, beraz, zinezko geografia homeriko bat. Odisean bezala, hemen lasterketa aldi berean dugu proben periploa eta lurreko mugen zeharoko esplorazioa. Ulisesek jo izan zituen zenbait aldiz Lurraren ertzak. Turrak, honek ere, ukitzen du zenbait puntutan gizakiari aurkaratutako mundua: Ventoux zapalduz, dioskute, behean  utzi dugu Lurra izeneko planeta, astro ezezagunen auzo gara. Geografiari gagozkiola, Turra giza espezien errolda dugu beraz, eta Historiaren eskema vichytarren bat erabiliko bagenu, aiseago oldartzeko eta hobeki liberatzeko pertsonifikatzen du gizakiak hain ongi Natura, eta Turrak une anbiguo hori islatzen du.

      Noski, txirrindulariaren Natura antropomorfiko honenganako atxikimendua ez da gauzatzen ahal bide erdierrealez besterik. Espirituen energetika bat praktikatzen du oro har. Gizaki-Lurrari oldartzeko txirrindulariak daukan indarrak bi alderdi har ditzake: sasoia, oldar baino egoera, giharren sendoaren, inteligentziaren zorrotzaren eta nortasunaren grinaren arteko oreka pribilegiatua, eta jumpa, egiazko eragite elektrikoa, jainkoen begiko zenbait txirrindulari harrapatu eta aldizka gizagaineko balentriak  eginarazten dizkiena. Gizakiak jainkoren baten laguntza duen heinean lortzen duen   naturaz goitiko ordena bat inplikatzen du jumpak: Brankarten ama Birjina Santuari jump bat eskatzera joan zaio Chartreseko katedralera, eta Charly Gaul, graziaren onuradun izen onekoa, jumparen espezialista dugu hain zuzen; jainkoekin daukan harreman etenkari batez hartzen du bere elektrizitatea; batzuetan jainkoak ostatatzen ditu bere baitan eta liluratu egiten gaitu; batzuetan jainkoek abandonatu egiten dute, jumpa agortu egiten da. Charlyk ezin ezer onik egin.

      Badaukagu jumparen parodia beldurgarri bat, dopaia da: txirrindularia dopatzea Jainkoa imitatu nahi izatea bezain kriminala, bezain sakrilegoa da; Jainkoari pindarraren  pribilegioa ebatsi nahi izatea da. Jainkoak, gainera, badaki mendeku hartzen horrelakoetan: Mallejac dohakabeak badaki, dopin probokatzaile batek eromenaren atarira eraman du (suaren ebasleen punizioa). Bobetek, aitzitik, hotz, arrazional, ez du batere ezagutzen jumpa: bere lana berak berberak egiten duen espiritu indartsua da; sasoiaren espezialista, Bobet heroi gizatiarra da guztiz, ez dio deusik zor naturaz goitikoari, eta lurtar hutsak diren dohainetarik lortzen ditu garaipenak, ereduzko punimendu humanistari esker bikainduak: nahikundeari zor. Gaulek Arbitrarioa, Dibinoa, Liluragarria, Hauta, jainkoekiko konplizitatea haragiztatu du; Bobetek Justua, Gizatiarra haragiztatu du, Bobetek uko egiten die jainkoei, gizaki bakartuaren morala erakusten du Bobetek. Gaul goiaingerua dugu, Bobet prometeotarra dugu, zoragarriro gizaki besterik ez izatera kondenatu duten jainko horien beroien gainean harria eroraraztea lortuko lukeen Sisifo bat dugu.

      Turraren dinamika bataila bat bezala ageri zaigu, baina aurkaratzea berezia izanik, bataila hau dekoratuagatik edo ibilketengatik dugu dramatikoa, eta ez, garbi esanda, talkadengatik. Dudarik gabe, materialaren garrantziaz eta zerbitzarien kopuruaz definituta, Turra aldera liteke armada moderno batekin; episodio sarraskigarriak pairatzen ditu, estura nazionalak (Bindaren, Squadra italiarraren zuzendari signorearen corridoriek Frantzia hesitzea) eta heroiak Zesarren egoera batean egiten dio buru probari, Hugok aurkeztu zigun Napoleon haren patxada dibino ezagunetik gertu («Gemek murgil egin zuen, begia erne, Monte-Carloko jaitsiera arriskutsuan»). Halarik ere gatazkaren egitada bera zaila izaten jarraitzen du atzematen, eta ez da erraza jarraitasun batean kokatzen. Oinarrian, Turraren dinamikak lau mugimendu besterik ez ditu: tiratzea, jarraitzea, ihes egitea, leher egitea. Tiratzea egitadarik gogorrena dugu, baina baita alferrekoena ere; tiratzea beti da sakrifikatzea; heroikotasun hutsa da, emaitzarik lortzea baino nortasun bat erakustea du helburu, Turrean gogotsu jarduteak ez du zuzenean ordaintzen, taktika kolektiboek ezereztatzen dute gehienetan. Jarraitzea, aldiz, beti dugu doi bat koldar eta doi bat etoi, ohoreaz futitzen den arribismoa frogatzen du: sobera jarraitzea, probokatzaile, Gaizkiaren kide izatea da egia esan (lotsagarri, «gurpil milikatzaileak»). Ihes egitea gurazko bakardade baten eredu emateko gertaldi poetikoa dugu, eta ia beti harrapatzen baitute iheslaria, eragin eskasekoa azken finean, baina loriaduna, eusten duen debaldeko ohore antzeko baten heinekoa (Alomar espainiarraren ihesaldia: bakarmendua, goitasuna, Montherlanten heroien araberako gaztelartasuna). Leher egiteak lasterketa uztea iragartzen digu, beti da ikaragarria, porrotak bezala tristatzen gaitu: Ventoux mendian, zenbait leher egitek ezaugarri «hiroshimatikoak» hartu ditu. Lau mugimenduok dramatizatuak ditugu, noski, krisiaren hiztegi enfatikoan hondoraturik; sarritan mugimenduetako bat izaten da, irudi bihurtuta, etapari izena ematen diona, nobela baten kapitulu gisa (Titulua: Kubleren pedalkadaren astrapala). Hizkeraren rola, hemen, baitezpadakoa da, berak ematen dio gertakariari, ezin atxikia jarraitasun batean urtzen denez, solido bihurtzea lortzen duen bikaintasun epikoa.

      Turrak moral anbiguoa dauka: zalduneriazko inperatiboak etengabean nahasten dira garaitu  behar hutsaren espirituari egiten zaizkion dei basatiekin. Enpirismoaren premien eta nekabidearen laudamenen artean hautatzen ez dakien edo nahi ez duen morala dugu. Txirrindulari baten sakrifizioa bere taldearen garaipenean, berak berberak egina edo arbitroren batek inposatua (zuzendari teknikoak), beti da goraipatua, baina hala berean eztabaidatua ere. Sakrifizioa handia dugu, noblea dugu, talde kirol jardunaren betetasun moralaren lekukoa zaigu, haren justifikazio nagusia da; baina Turraren legenda osoak ezinbestekoa duen beste balio bat dauka kontrakarrean: errealismoa. Sentimenduak ez dauka lekurik Turrean, horixe da espektakuluaren interesa pizten duen legea. Zalduneriazko morala asturuaren antolatzeko arriskua bezala hartzen dugu hemen; Turrak uko egiten dio borrokaren halabehar huts eta basatiaren nagusitzea eragotz lezakeela iduri lukeen orori. Zotzak ez dira atera, Turra nortasunen talkada dugu, batbederaren moralaren premian da, biziaren aldeko borroka bakartiarena: kazetarien kinka eta kezka, Turrari jakin ezineko etorkizun bat antolatzea da: 1955eko Tur osoan  barrena protestatu dute Bobetek segurki irabaziko zuelako uste nagusiaren aurka. Baina Turra kirola ere badugu, kolektibitatearen morala du eskatzen. Kontrakar hau dugu, egia esan inoiz konpondu gabea, legenda behartzen duena beti sakrifizioa eztabaidatzera eta esplikatzera, bere euskarria den moral eskuzabala gogora ekartzera. Balio sentimentala bezala hartzen dugulako behar izaten du sakrifizioak behin eta berriz justifika dezagun.

      Zuzendari teknikoak ezinbesteko rola jokatzen du honetan: xedearen eta ahalen, kontzientziaren eta pragmatismoaren arteko lotura bermatzen du; gaizkiaren errealitatea eta haren beharra urradura bakarrean batzen dituen elementu dialektikoa dugu: Marcel Bidot espezialista da Cornelius baten egoerotan, non talde berean sakrifikatu behar den txirrindulari bat bestearen orde, eta zenbaitetan, are tragikoagoa, anaia bat bestearen orde (Jean Bobet Louison Bobeten orde). Funtsean, Bidotek ez du bizirik maila intelektualeko premia baten irudi erreal bezala baizik, eta gisa honetan, berez alderdikoia dugun unibertso batean independentea den pertsonifikazio bat behar delako. Egitekoa ongi banatua dugu: hamar txirrindulariren multzoko garun huts bat behar da, ez rol pribilegiatu bat izatearren, guztiz funtzionala baita hemen inteligentzia, bere lana lehiaren alde estrategikoa erakustea besterik ez da: Marcel Bidot, beraz, analista zehatzarena jotzera mugatzen da, gogoeta egitea da bere rola.

      Noiztenka, txirrindulariren batek bere gain hartzen du garun zama: Louison Bobeten adibidea dugu hain zuzen, eta honek ematen dio daukan «rol» horren berezia. Oro har txirrindularien ahalmen estrategikoa ahula izaten da, ez du gainditzen zenbait finta zabarren artea (Kubler komedia antzezten aurkaria tronpatzearren). Bobeten kasuan, munstro bihurtzen duen rolen ezbanatze horrek ospe anbiguoa sortzen du, Coppi batena edo Koblet batena baino zatiaz uherragoa: Bobetek sobera pentsatzen du, irabazlea da, ez da jokalaria.

      Inteligentziak sakrifizioaren moral hutsaren eta arrakastaren lege gogorraren artean egiten duen gogoeta hau ordena mental konposatu baten itzulpena da, utopikoa eta errealista batera, arrunt antzinako etika feudal edo tragiko baten aztarrenez eta lehia totalari dagokion munduaren exijentzia berriez egina. Anbiguotasun honetan bermatzen da Turraren funtsezko esangura: zurigarri bien, zurigarri idealistaren eta zurigarri errealistaren nahaste burutsuak zilegitasuna ematen dio legendari gure epopeia handiaren determinismo ekonomikoak oihal ohoragarri eta kitzikagarri batez osoki estaltzeko.

      Baina edozein delarik sakrifizioaren anbiguotasuna, argitasunaren ordena bat ezartzen du azkenik ostera, legendak, etengabe, aldarte psikologiko huts batera daraman heinean. Turra askatasunaren aldigaiztotik salbatzen duena, izaera nahasien esentzien  mundua izatea da, definizioz. Erakutsi dut muin hauek hor daudela, txirrindulariaren izena balio eterno baten gordegia egonkorra bihurtzen duen nominalismo soberano bati esker (Colleto, dotorezia; Geminiani, erregulartasuna; Lauredi, saldukeria, e.a.). Esentzia ziurren gatazka ziurreza dugu Turra; muinok harremanetan jartzen dituzte bata bestearen ondotik naturak, ohiturak, literaturak eta araudiek: atomoak iduri, elkar ukitu, elkar jo, elkar baztertu egiten dute, eta joko honetarik sortzen da epopeia. Txirrindularien nortasun lexiko bat eskaintzen dut, balio semantiko ziurra hartu dutenena bederen; fidantzia egiten ahal diogu tipologia honi, egonkorra da, muinez ari gara noski, esentziez. Komedia klasikoetan eta partikularzki commedia dell'arten bezala, baina guztiz bestelako eraikuntza ordena baten arabera (iraupen komikoa gatazka antzerki batena izaten jarraitzen du, Turraren iraupena, aldiz, nobelak behar duen kontaketarena delarik), esan genezake giza harremanen kordokadura batetik sortzen dela hemen espektakulua: aldaera posible guztietan jotzen dute esentziek elkar.

      Uste dut Turra dela inoiz kausitu dugun mito total baten, beraz, mito anbiguo baten  eredurik onena; Turra orozbat dugu espresioko mitoa eta proiekzioko mitoa, errealista eta utopikoa aldi berean. Frantsesak mintzatzera eman eta liberatu egiten ditu Turrak fabula bakan baten medioz, non engainu tradizionalak (esentzien psikologia, borrokaren morala, elementen eta indarren magiakeria, goigizonen eta morroien hierarkia) interes positiboko formekin nahasten diren, gizakiaren, gizakien eta Naturaren arteko harremanen argitasun totaleko espektakuloaz berradiskidetzea tematsu bilatzen duen mundu baten irudi utopikoarekin. Turrean kutsatua dagoena oinarria da, asmo  ekonomikoak, probaren azken buruko mozkina, zurigarri ideologikoen sorgailu. Honek ez du eragozten Turra egitada nazional liluragarria izatea epopeiak Historiaren une hauskor hori adierazten duen heinean, alegia, baldar bada baldar, tronpatua, ipuin zikinetan barrena, gizakiak bere gisara apailatzen duenean halarik ere egokitze perfektu bat bere buruaren, komunitatearen eta unibertsoaren artean.

 

 

TXIRRINDULARIEN LEXIKOA (1955)

 

Bobet, Jean

Luisonen doblea Luisonen negatiboa ere bada; Turraren biktima handia dugu. Anaia nagusiari zor dio bere buruaren sakrifizio osoa, «anaitasunez». Txirrindulari honek, atertu gabe desmoralizatua, ahultasun larri bat dauka: pentsatu egiten du. Intelektual diplomatuaren kalitateak (ingeleseko irakaslea da eta betaurreko handiak daramatza) argitasun suntsigarri batera lotzen du: analizatu egiten du bere mintasuna eta introspekzio honetan galdu egiten du anaiak baino gihar hobeagokoa izatearen abantaila. Zoritxarreko bat dugu, zeren konplikatua.

 

Bobet, Luison

Bobet heroi prometeikoa dugu; borrokalariaren aiurri ederra dauka, antolaketaren sen zorrotza, kalkulatzailea da, irabaztea du jomuga errealki. Bere gaitza, garuntasun kimu bat (anaiak baino apalago, ez baita batxilerra besterik); ezinegonaren, harrotasun zaurituaren berri dauka: gozakaitza da, behazuna du. Bakartasun astun bati egin behar izan dio buru 1955ean: Koblet eta Coppi gabe, haien mamuekin borrokatu beharrez, aurkari garbirik gabe, indartsu eta bakar, oro zitzaion mehatxu, lanjerra nonahitik sor zitekeen («Coppi bezalakoak, Koblet bezalakoak behar nituzke, sobera gogorra da faborito bakarra izatea»). Hagitz txirrindulari mota berezia eskaini digu bobetismoak, indarrarekin batera doakio horrelakoari barnetasun analitiko eta kalkulatzailea.

 

Brankart

Gorantz datorren belaunaldi gaztearen sinboloa. Jakin izan du nagusiagoei aztoramendu apur bat ematen. Ibildun zoragarria, beti berritzen zaio oldarkortasuna.

 

Coletto

Turreko txirrindularirik dotoreena.

 

Coppi

Heroi perfektua. Bizikletaren gainean, dohain guztien jabe. Beldurgarrizko mamua.

 

Darrigade

Esker txarreko atezaina, baina baliosa. Zerbitzari sutsua Frantziaren koloreen kausan eta, honenbestez, barkatu egiten zaio gurpil milikatzailea, presozain zekena izatea.

 

De Groot

Ibildun bakartia, batavar isila.

 

Gaul

Mendiaren goiaingeru berria. Efebo axolagabe, kerubin argal, bizarbako mutiko, lirain eta ozar, nerabe genial, Turreko Rimbaud dugu. Aldizka, jainko batek habitatzen du Gaul; bere naturaz goitiko dohainek mehatxu misteriotsu batez astuntzen dituzte orduan aurkariak. Gauli eskaini dioten opari dibinoa arintasuna da: horri esker, hegaldatzea eta airean planatzea (indarrik egin behar ezaren misterioa), Gaulek badu txoriz edo hegazkinez (Alpeetako tontorretan pausatzen da dotore, eta helizeak iduri itzulikatzen ditu pedalak). Baina noiztenka jainkoak utzi ere egiten du, «harrigarriro hutsa» bihurtzen zaio orduan behakoa. Airea edo ura garaitzeko ahala duten izaki mitiko guztiak bezala, Gaul, lurrean, trauskil bihurtzen da, indarge; dohain dibinoa traba zaio («Nik ezin dut laster egin mendian besterik. Eta maldan goiti bakarrik. Maldan beheiti moldakaitza naiz, edo arinegia, ausaz»).

 

Geminiani (Raf edo Gem izendatua)

Motor baten erregulartasun leial eta motzarekin egiten du laster. Mendizale zintzoa baina garrik gabea. Zoritxarrekoa eta atsegina. Solasturia.

 

Hassenforder (Hassen Magnifikoa edo Hassen Kortsarioa izendatua)

Txirrindulari borrokaria eta harroa («Bobet bana daukat nik hanketan»). Borrokan besterik ez dakien gerlari suharra dugu, inoiz ez du itxurarik eginen.

 

Koblet

Pedalkari xarmanta, oro zaio haizu, baita ahaleginak ez kalkulatzea ere. Anti-Bobet bat dugu, eta bertan ez egonik ere, itzal beldurgarria zaio, Coppi bezala, Bobeti berari.

 

Kubler (Ferdi edo Adziwileko Arranoa izendatua)

Angeludun, baldar, idor eta mainontzi, galbanikoen alorrekoa dugu Kubler. Artifizialtasunaren susmoa hartzen zaio batzuetan bere jumpari (drogatu egiten ote?). Tragediante-komendiantea (bestek ikusten duelarik egiten du bakarrik eztul eta herren). Suitzar aleman gisa, Kublerrek petit-negre hitz egiteko eskubidea eta eginbidea du, Balzacen teutoiak eta Segurreko Kondesaren atzerritarrek bezala («Zoritxarra Ferdik. Gem beti Ferdiren atzetik. Ferdik ezin ihesi»).

 

Lauredi

Etoia dugu, 55eko Turreko madarikatua. Egoera honek erraztu dio deblauki sadiko jokatzea: Bobet nekarazi nahi izan du haren gurpilaren ondoko izaina bihurturik. Abandonatu beharra izan du: zigor bat ote? Gisa guztiez, abisu bat noski.

 

Molineris

Hondar kilometroko gizona.

 

Rolland (Antonin)

Eztia, estoikoa, jendekina. Ibildun gogorra gaitzean, nola-halakoa performantzietan. Bobeten Gregarius. Corneliusen hauta beharra: immolatu egin behar ote dugu? Ereduzko sakrifizioa, zeren injustua eta ezinbestekoa.

 

 

 

FRANTZIAKO TURRA EPOPEIA GISA
Roland Barthes

Le Tour de France comme épopée
1955
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015