JAINKOAREN JUDIZIOARI AKABERA EMATEKO
Antonin Artaud

Pour en finir avec le jugement de Dieu (1948)
euskaratzalea: Asier Sarasola
Tabakalera, 2017

 

 

Proposatutako arazoa honetan datza…

 

Larriena da

jakin badakigula

mundu honen

ordenaren ostean

beste bat dagoela.

#

Zein ordea?

#

Ez dakigu.

#

Esparru horretan, balizko suposizioen kopurua eta ordena,

hain justu ere,

infinitua da!

#

Eta zer da, bada, infinitua?

#

Zehazki ez dakigu!

#

Hitz bat da

eta horren bidez

adierazi nahi izaten dugu

gure kontzientziaren

irekiera,

zertara eta aukera

neurrigabera,

amaigabe eta neurrigabera.

#

Eta, zehazki, zer da kontzientzia?

#

Zehazki ez dakigu.

#

Ezereza da.

#

Ezerez horren bidez

adierazi nahi izaten dugu

ez dakiguna

eta zeren arabera

ez dakigun.

Horrelakoetan,

kontzientzia

esaten dugu,

kontzientziaren arabera,

baina ehun mila alderdi gehiago daude.

#

Eta orduan?

#

Dirudienez, gugan

kontzientzia

sexu-grinari

eta goseari

lotuta dago;

#

baina gerta liteke

horiei lotuta

ez egotea.

#

Diotenez,

esan liteke,

bada dioenik

kontzientzia

nahi bat dela,

bizinahia;

#

eta, hala,

bizinahia aipatu eta bat,

jateko gogoa

etortzen zaigu burura;

#

jateko gogorik batere gabe

jaten duen jendea ez balego bezala,

goseak egon arren.

#

Hori ere gertatzen delako,

goseak egotea

baina jateko gogorik ez izatea;

#

Eta orduan?

#

Orduan

#

egun batean

aukeren eremua egokitu zitzaidan

noizbait botako dudan uzker handi baten eran;

#

ez nekien ordea

aukera

eta eremua zehazki zer ziren,

#

eta ez nuen horretan pentsatzeko premiarik,

#

hitzak besterik ez ziren,

izan baziren

edo ez ziren gauzak

izendatzeko asmatuak,

baita premiazko behar larri bati

aurre egiteko ere:

ideia ezabatu behar da,

ideia eta bere mitoa,

eta bere ordez koroatu

behar leherkor horren

adierazpen burrunbatsua:

nire baitako gauaren gorputza zabaltzea,

#

nire niaren baitako

ezereza,

#

gaua bera dena,

ezereza,

arinkeria,

#

baina baita

lekua egin behar zaion zer edo zer dagoelako

baiezko leherkorra ere:

#

nire gorputza.

#

Eta egia da

nire gorputza gas kirasdun

bihurtu behar dela?

Gorputza dudala esan dezaket

nire baitan

gas kirasdun bat

eratzen ari delako?

#

Ez dakit,

baina

badakit

                      espazioa,

                      denbora,

                      dimentsioa,

                      bilakaera,

                      geroa,

                      etorkizuna,

                      izatea,

                      ez izatea,

                      nia,

                      ez-nia,

ez direla deus niretzat;

#

baina bada zerbait,

zer edo zer,

gauza bakar bat

zer ere badena,

eta

IRTEN nahi duelako

sentitzen dudana:

gorputzeko

minaren

presentzia,

nire gorputzaren

mehatxuzko

presentzia

nekagaitza;

#

galderaz estutzen banaute ere,

eta nik guztiei uko egin arren,

bada une bat

halabeharrez

ezetz esan behar dudana,

#

                      EZ,

#

beraz,

ukazioari;

#

eta une hori da

estutzen nautenean,

#

zanpatzen

eta jezten nautenean,

harik eta nigandik

jangaia,

nire jangaia

eta bere esnea irten arte,

#

eta zer geratzen da?

#

Nire itolarria;

#

eta ez dakit hori ekintza bat den,

baina era horretan ni galderaz estututa

bertan ez egon

eta galdera bera

ezereztu arte,

gorputzaren ideia

eta gorputz izatearena

ito dituzte nigan,

#

eta hori lizuna iruditu zait

#

eta uzkerra bota dut

zentzugabekeriaz,

gehiegikeriaz

eta nire itolarriaren aurka.

#

Izan ere, nire gorputza,

gorputza bera ere,

estu hartzen ari ziren,

#

eta orduan

guztia leherrarazi nuen

nire gorputza

ezin daitekeelako ukitu sekula.

 

 

JAINKOAREN JUDIZIOARI AKABERA EMATEKO
Antonin Artaud

Pour en finir avec le jugement de Dieu (1948)
euskaratzalea: Asier Sarasola
Tabakalera, 2017