JAINKOAREN JUDIZIOARI AKABERA EMATEKO
Antonin Artaud

Pour en finir avec le jugement de Dieu (1948)
euskaratzalea: Asier Sarasola
Tabakalera, 2017

 

 

Fekalitatearen bila

 

Kaka usaina dagoen tokian

izate usaina dago.

Gizakia ondo aski egon zitekeen kaka egin gabe,

uzki zorroa ireki gabe,

baina kaka egitea hautatu zuen,

hilik bizitzea onartu ordez

bizitzea hautatu zezakeen moduan.

#

Izan ere, kaka ez egiteko,

ez izatea

onartu behar zukeen,

baina ezin izan zuen erabaki

                      izatea galtzea,

alegia, biziz hiltzea.

#

Izatean bada

gizakiari bereziki tentagarria zaion zer edo zer,

hots,

                      KAKA.

           (Orroak).

#

Existitzeko, nahikoa da izatea onartzea,

baina bizitzeko,

nor izan beharra dago,

eta nor izateko

HEZUR bat eduki behar da,

eta hezurra erakusteko beldurrik ez,

ezta haragia galtzeko ere.

#

Gizakiak beti izan du nahiago haragia,

hezurren lurra baino.

Ez zituenez hezurren lurra eta basoak baizik,

irabazi egin behar izan zuen haragia,

ez zegoen burdina eta sua besterik,

kakarik ez,

eta gizakiak kaka galtzeko beldurra izan zuen

edo, hobe esanda, kaka gura izan zuen

eta, horretarako, odola sakrifikatu zuen.

#

Kaka eduki nahi zuen,

hau da, haragia,

soilik odola

eta hezurkinak zeuzkalako,

eta irabazteko ezer ere ez,

bai ordea gal zezakeen zerbait: bizia.

#

                      o reche modo

                      to edire

                      di za

                      tau dari

                      do padera coco

#

Gizakia aldendu egin zen, eta ihesi joan.

#

Orduan piztiek jan zuten.

#

Ez zen bortxaketa izan,

berak eskaini zuenez bere burua oturuntzarako.

#

Gustu hartu zion,

eta bere kasa ikasi zuen

piztiarena egiten

eta fintasun handiz

arratoia jaten.

#

Nondik datorkio, bada, zitalkeria zakar hori?

#

Mundua oraindik ere eratu gabe egotetik,

edo gizakiak munduari buruz duen uste ñimiñoa

betiko gorde nahi horretatik?

#

Horra jatorria: gizakiak,

halako batean,

munduaren ideia

                      gerarazi zuen.

#

Bi bide zeuzkan aukeran:

mugagabea kanpoan,

ezdeusa barnean.

#

Ezdeusa barnean hautatu zuen.

Arratoia,

mihia,

uzkia

edo glandea

estutzea nahikoa delako bide horretan.

#

Jainkoak, jainkoak berak mugimendua biziagotu zuen.

#

Jainkoa izaki bat da?

Hala bada, kaka da.

Hala ez bada,

izan ez da.

Edonola ere, izan bada,

baina forma guztiak hartuta aurrera doan ezereza bezala,

eta horren irudikapen perfektuena

pubis-zorri andana eskerga baten martxa da.

#

«Zoratuta zaude, Artaud jauna. Eta meza?»

#

Uko egiten diet bataioari eta mezari.

Giza ekintzetan kaltegarriena,

barneko maila erotikoan,

delako Jesukristo matxinoa

aldaretik jaitsi zenekoa da.

#

Ez nauzue sinetsiko,

entzuleak ikusten ditut sorbalda altxatzen,

baina delako Kristo hori

jainko-zorriaren aurrean

gorputzik gabe bizitzea onartu zuena da,

eta bitartean giza armada bat

gurutzetik jaitsi da,

jainkoak aspaldi iltzatu zuela uste izan arren,

eta matxinatu egin da,

eta burdinaz,

odolaz,

suz eta hezurrez armatuta,

aurrera doa, Ikusezina irainduz,

JAINKOAREN JUDIZIOARI akabera emateko.

 

 

JAINKOAREN JUDIZIOARI AKABERA EMATEKO
Antonin Artaud

Pour en finir avec le jugement de Dieu (1948)
euskaratzalea: Asier Sarasola
Tabakalera, 2017