JAINKOAREN JUDIZIOARI AKABERA EMATEKO
Antonin Artaud

Pour en finir avec le jugement de Dieu (1948)
euskaratzalea: Asier Sarasola
Tabakalera, 2017

 

 

Tutuguri

Eguzki beltzaren erritua

 

Eta behean, pendiza mingotsaren oinetan,

bihotzetik krudelki etsia,

sei gurutzeen zirkulua irekitzen da,

                      oso behean,

amalurrean sartuta bezala,

lerdea darion amaren besarkada higuinetik

                      erauzita bezala.

#

Ikatz beltzeko lurra da

harkaitzeko artezian

denik eta kokagune heze bakarra.

#

Erritua honetan datza: eguzki berria zazpi puntutik igarotzen da lurreko zuloan eztanda egin baino lehen.

#

Eta sei gizon daude,

eguzki bakoitzeko bana,

eta bada zazpigarren gizon bat

beltzez eta haragi gorriz jantzita;

bera da eguzki guztiz

                      gordina.

#

Baina zazpigarren gizon hori

zaldi bat da,

zaldi bat eta berau gobernatzen duen gizona.

#

Baina zaldia da

eguzkia bera

eta ez gizona.

#

Danbor eta tronpeta hots luze arraroarekin

lurrean etzanda

eta kiribilduta zeuden

sei gizonak

erreskadan ernatzen dira ekiloreak balira bezala,

eguzkiak bezala ez,

zoru birakariak balira legez baizik,

uretako lotoak nola,

eta sorraldi bakoitzari

danborraren gong hots gero eta ilunago

                      eta apalago bat

                      dagokio,

harik eta bat-batean, arrapaladan,

abiadura bizian etortzen ikusten den

eguzkietan azkena,

gizonetan lehena,

zaldi beltza, gainean gizon bat

                      biluzik,

                      erabat larrutsik

                      eta birjina

                      daramala.

#

Jauzi egin ondoren, aurrera jarraitzen dute meandro zirkularrei jarraikiz

eta haragia odoletan duen zaldia zoratu egiten da

eta birak ematen ditu etengabe

bere harkaitzaren gainean

sei gizonek sei gurutzeak

erabat inguratu arte.

#

Alabaina, Errituaren tonu maiorra, zehazki,

                      gurutzearen abolizioa da.

Birak ematen amaitzean,

gurutzeak erauzten dituzte

lurretik

eta zaldi gaineko gizon biluziak

zauri bati darion odolez

busti duen ferra erraldoia

jasotzen du.

 

 

JAINKOAREN JUDIZIOARI AKABERA EMATEKO
Antonin Artaud

Pour en finir avec le jugement de Dieu (1948)
euskaratzalea: Asier Sarasola
Tabakalera, 2017