JAINKOAREN JUDIZIOARI AKABERA EMATEKO
Antonin Artaud

Pour en finir avec le jugement de Dieu (1948)
euskaratzalea: Asier Sarasola
Tabakalera, 2017

 

 

JAINKOAREN JUDIZIOARI AKABERA EMATEKO

 

 

kré

Ezinbestekoa da

puc te

kré

gauza guztiak

puk te

pek

berehalako ordena

li le

kre

batean zehatz-mehatz

pek ti le

e

ipintzea.

kruk

pte

 

 

 

 

Atzo ezagutu nuen

(pentsatzekoa da atzeratuta nabilela, edo zurrumurru faltsua besterik ez dela, harrasketan eta komunetan hedatzen diren kontu zikin horietako bat, beste behin irentsitako jakiak azpiletara bota bitartean),

Atzo ezagutu nuen

eskola publiko amerikarretako ohitura ofizial bikainenetako bat;

zalantzarik gabe, herrialde horrek horrelakoengatik hartzen du bere burua aitzindaritzat.

Antza, haurrek eskola publikoan sartzeko jasan behar duten azterketa edo probetako bat da semen-likorearena deitua, edo espermarena;

haur iritsi berriari bere esperma pixka bat eskatzen zaio eta poto batean gordetzen da,

geroago ernalketa artifizialik egin nahi izanez gero, erabiltzeko prest egon dadin.

Izan ere, amerikarrak gero eta konbentzituago daude besoak eta haurrak falta zaizkiela,

alegia, beharginak ez,

baizik eta soldaduak,

eta, kosta ahala kosta, artez edo moldez, soldaduak egin eta fabrikatu nahi dituzte

etorkizunean gerta litezkeen gerra planetarioak gogoan hartuta.

Horietan, indarraren ahalmen erabatekoaren bitartez frogatu nahi lukete

produktu amerikarren supergorentasuna,

eta amerikarren izerdiaren emaitzarena, jarduteko eremu guztietan eta indarraren balizko dinamismoaren eremuan.

Ekoitzi egin behar da,

ordeztu egin behar da natura, ordeztu daitekeen leku guztietan, jarduteko bitarteko guztiak erabilita;

giza inertziarako eremu handiago bat aurkitu behar da,

eta beharginari zeregin bat eman,

eta jarduteko eremu berriak sortu behar dira

fabrikatutako produktu faltsu guztien,

suzedaneo sintetiko zatar guztien erreinua etor dadin behingoz,

egiazko natura ederrak bertan ezer egin ez dezake eta

bere lekua behin betiko eta lotsaren lotsaz laga behar die ordezko produktu garaile guztiei;

erreinu horretan, ernalketa artifizialeko fabrika guztietako espermak

gauza miragarriak egingo ditu

gudarosteak eta korazatuak ekoizteko.

Fruta gehiagorik ez, zuhaitz gehiagorik ez, lekale gehiagorik ez, landare sendagarri gehiagorik ez eta, ondorioz, elikagai gehiagorik ez,

produktu sintetikoak ase arte baizik,

lurrunetan,

atmosferako humore berezietan, indarrez eta sintesi bidez naturaren erresistentziari kendutako atmosferetako ardatz berezien gainean, naturak gerraz sekula ez baitu jakin beldurra baizik.

Eta biba gerra, ezta?

Izan ere, ez al da egia amerikarrek, horrela jokatuta, gerra urratsez urrats prestatu zutela eta prestatzen dihardutela?

Mekanizazio burugabe hori leku guztietan agertuko diren lehiakideen aurrean defendatzeko,

soldaduak, gudarosteak, hegazkinak, korazatuak behar dira,

horra espermarena zertarako,

Ameriketako gobernuei, itxura batean, ezin zitzaien etorri burutazio lotsagabeagorik.

Etsai bat baino gehiago dugu,

seme, eta atzetik dabilkigu,

kapitalista jaio garenon atzetik,

eta etsai horien artean

Stalinen Errusia dago,

eta hori ere ez dago beso armadunen faltan.

Hori guztia oso ondo dago,

alabaina ez nekien amerikarrak hain jende borrokalaria zirenik.

Borrokan aritzeko, kolpeak hartu beharra dago

eta agian ikusia nago amerikar asko gerran,

baina beti zeuzkaten aurrealdean jarriak ezin atzeman ahalako tanke ejerzitoak, hegazkin ejerzitoak, korazatuen ejerzitoak,

babes gisa erabiltzen zituztenak.

Maiz ikusi ditut makinak borroka egiten,

baina urrutian bakarrik ikusi ditut,

           atze-atzean,

gizonak makinak gidatzen.

Gera dakizkiokeen atzeneko egiazko morfina tonak -kearen suzedaneoekin ordezteko- zaldiei, idiei eta astoei bazkarazten dizkien herri hori baino nahiago dut

jaio den eldarniotik lur arrasean jaten duen herria,

tarahumarez ari naiz hizketan;

peiotea jaten dute lurrazalean

sortu ahala,

eta eguzkia hiltzen dute gau beltzaren erreinua ezartzeko,

eta gurutzea suntsitzen dute espazioaren espazioek ezin izan dezaten sekula gehiago bat edo topo egin.

#

Horrenbestez, TUTUGURIAREN dantza entzungo duzue.

 

 

JAINKOAREN JUDIZIOARI AKABERA EMATEKO
Antonin Artaud

Pour en finir avec le jugement de Dieu (1948)
euskaratzalea: Asier Sarasola
Tabakalera, 2017