AINGERUEN ZUZENBIDEA
Angela Figuera

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Egan, 1960

 

 

                            IV

 

Hamar urte zituen litxarrero harek.

Haren bizitza tristea eta pobrea izan zen.

 

Edozein egunean jaio zen, denon moduan,

haren erabaki eta pozkariorik gabe.

Behar-bada entzun zuen bere etorrera

etzela inoren onurako, baina bera

jaio egin zen,

beste erremediorik ezpaitzuen eduki.

 

Geldi-geldi hazi zen, oso flakoa.

Egia da amaren ditiak etzeukala

sobera esne. Hola gertatzen da

pobrea eta argala denean andrea, eta

hamar urtean zazpi haur ekarri dituenean mundura.

 

Haren edukazioa birritan atsegina izan zen.

Amak esaten zion deiadarrez:

Puzka-semea, igorratua, eta

etorkizun izugarria igarten zion.

(Elikatura txarrena zegoenean,

profeziarik txarrenak esaten zizkion,

urkamenditik pauso bira jarritzen zuelarik.)

Aitak, zahagi batek baino arno gehiagorekin,

lezioak eta kolpeak ematen zizkion astegunetan,

plater haundiagoan jai-egunetan.

 

Noizean behin, joan zen eskolara.

Etzuen handik ezertto ere atera.

Etzituen godo erregeen izenak ikasi,

ezeta-re Amerikako hibaienak,

ezeta-re musika eder horrekin

kredoak eta aita-gureak.

Eta multiplikatzeko tabularekin

etzen inoiz bostetikan pasatu.

 

Eta bizi-moduan ere etzuen gauza haundirik ikasi,

gauza itsusi eta edonor zapaltzeko moduko asko

ikusi bazuen ere.

 

Dohai berezi bat zedukan, jakituria bat.

Haren biroen parerik etzegoen munduan.

Haren hiztegian mila hitz zakar eta

irain zikin zeuden, ahotik ateratzen zitzaizkionean,

pozkario eta alegrantza haundia ematen ziotenak,

gizonagoa eginen balute bezala,

arno bortitz bat edanen balu bezala,

zerua eta lurra zilatuko balitu bezala.

 

Esan dizuet hamar urte zituela.

Esan dizuet litxarrero bat eta biraoti bat zela.

Eta egun batean hil zen, bai, edonola,

beste gabe, behin jaio zen bezala.

Zikinkeriaren eta litxarreriaren usaiean.

Eritasun labur batek hil zuen,

edo gose luze batek. Eztugu jakin.

 

Eztakigu ezer, ezpada isilik geratu zela,

bere aurpegi ttiki eta mutuarekin,

amaren deiadarrari erantzun gabe.

(Orain deitzen zion nire zerua,

erraietako zatia, eta axuria).

Hain isilik, hain isilik, zen geratu,

ezen bildurra ematen zuen. Hain geldi

ezen hauzoko andreek esaten zuten,

jauna, jauna, burua mugituz,

eta aitak astoaren moduan,

irrintzia eta intziria egiten zuen.

 

Eta etzen inor mirakuluaz konturatu.

Inor etzen enteratu nola arkanjelu bat,

Paradisuko kantorerik ederrena,

aleluiak eta hosanak

emaroen esaten zituena,

etxera sarturik, makurtu zitzaion haurrari.

Olio garbi-garbiekin santifikatu

zizkion ezpainak eta mihina;

eta hatzamarretako puntarekin

ahoaren gainean egin zion gurutze bat.

Haur baten irribarrea eduki zezan,

eta garbi sar zedin Aitaren erreinuan.

 

AINGERUEN ZUZENBIDEA
Angela Figuera

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Egan, 1960