AINGERUEN ZUZENBIDEA
Angela Figuera

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Egan, 1960

 

 

                            I

 

Edozein dukesaren moduan, Alejandra zeritzan.

Haren esku erreetatik edertasuna sortzen zen.

Zikinkeria landuz, elurra erre-kreatzen zuen.

 

Alejandra zeritzan, ezer etzen, inor etzen.

Berez bizitzen zen espia bat, biziaren kontra.

Behar-bada, ohar-gabeko potere erredimitzale bat,

munduaren oihal zikin eta haundiaren gainetik.

 

Ezer etzelako, garbitzen zuen.

Inor etzelako, garbitzen zuen.

Neguan eta udan,

leihar morean probaturikako eskuekin,

esponja ustel baten moduan putziturikako eskuekin,

eguna egun, neguan eta udan, garbitzen zuen.

 

Hori bakarrik. Atso bat. Hezur mehe batzuk,

gizartean ibiltzeko behar den haragiarekin;

bere begi urdinak, iturririk ezagutu gabeko

mila ta mila negarretako pasoagatik kolore gabe zeuden.

Hainbeste urte eta hainbeste bakartate, malezia

ilun eta zarratu bat sorbalden inguruan.

(Geldiro, hurrutirik, behar-bada haur-zaroko oihu bat,

behar-bada gizon bat, udako arratsalde, mosu pare bat,

itsuki irabazirikako eta galdurikako seme-alaba batzuk)

 

Orain ezer ez. Atso bat, arropa garbitzen eta hedatzen zuena

jakin gabe nola ura, zikina eta lizuna eramanik,

goroldiotik eta arrokatik heltzen zitzaion;

nola eguzkia, haren fabore zetorrena,

edertasun biziaren alkimia zen.

 

Azkenean akabatu zen. Etzuen garbitzen.

Trankil zegoen, hauzo artean,

karitate hutsean onartua.

Herriko Etxeak bere kostura eman zion lurra,

eta haren hobiaren gainean etzuen inork errezatu.

Bertan etzuen inork haren izenik eskribitu,

haren dukesa-izen argi eta ederrik.

 

Baina honek etzuen inportarik ukan,

zerren aingeru atseginek altzatu zuten

zeruaren apar eta anilaren gainean

garbitzale zaharraren arima

Paradisoko bazterrik ederrenera.

Bertan bere esku berriztatuek ukitzen dituzte

ur olioztatuak, zihor lilituak.

Bertan bere esku alegratuek orraztutzen dituzte

birjinen bilo-mataza dultzeak,

plantxatzen dituzte aingeruen tunikak,

eta amorioz ukitzen dituzte

Bildotsaren ilerik garbienak.

 

AINGERUEN ZUZENBIDEA
Angela Figuera

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Egan, 1960