BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979

 

 

XIII
SENARREK BINA EMAZTE;
EMAZTEEK BINA SENAR 

 

      Jakin behar duzue, nola Sienan, entzuna dudanez, bizi izan zen bi gazte, biak nahikoa dirudun, eta herriko familia honeko, Spinelloccio Tavena-ko eta Zeppa Minoko zeriztenak, elkarren hauzo, eta Lamollian bizi zirenak. Elkarrekin zebiltzan beti, eta zirudienez, anaiak balira bezala zuten elkar maite, edo gehiago, eta biek emazte guztiz eder bana zuten. Eta honela gertatu zen, ezen, Spinelloccio, Zepparen etxea hain maiz bisitatzen baitzuen, beti senarraren presentzian nahiz ausentzian, horregatik Zepparen emaztearekin guztiz adiskidetu zen, eta harekin hasi zen etzaten, eta inor kontura zedin baino lehen, horrela iraun zuten luzaro. Baina denborarekin, andreak jakin gabe, Zeppa etxean zegoela, honen bila etorri Spinelloccio. Andreak, senarra etxean etzegoela erran zeraukan, eta Spinelloccio, lasterka gora iganik, salan ediren zuen andrea, eta inor etzegoela ikusirik, mosuak eta laztanak ematen eta hartzen hasi zitzaikan, Zeppak, hura ikusirik, etzuen ezer erran, baina jokoa noraino etorriko zen ikustera ezkutatu zen, eta azken fin batetan, besarkaturik ikusi zituen bere emaztea eta Spinelloccio gelara joaten, eta horregatik guztiz tristatu zen. Baina eskandalo batekin iraina arinduko ez baina bai handitukoago zuela konturaturik, mendekantza bat asmatzen hasi zen, zeinaz, jendeak ezertaz enteraturik bere gogan-beharra aspertuko batzitzaikan. Eta luzaro gogoeta egin ondoan, modua bilatu zuela iruditu zitzaikan, eta Spinellocciok haren emaztearekin dostatzen zuen bitartean, bera ezkutaturik gelditu zen, eta bertan Spinellocciok bere jokoez eror-erazi zerautzan daukak janzten zituen bere andrea kausitu zuen; eta honela erran zeraukan:

      «Zer egiten dun, andrea?

      «Eztakusak?», erran zuen andreak.

      Eta erran zeraukan Zeppak:

      «Bai, ongi, eta ene gogoko izan ezten beste gauza hori ere ikusi dinat».

      Eta gertatuaren hitz-bidean sartu zen, eta andreak, beldur handiz, luzaro mintzatu ondoren, Spinellocciorekin edukitako tratu ezin-ukatua aitortzearekin negar egiten zuen eta barkazioa eskatzen zeraukan. Zeppak honela ihardetsi zuen.

      «Gaizki egin dun, andre, eta barka hazadan nahi baldin badun, orain esanen deraunadan egin beharko dun: Spinellocciori erran behar deraukan, bihar hirugarren orenean, niri itzurtzeko eta hiri jotzeko aitzakia bila dezala. Eta hirekin dagonean, ni etxera etorriko naun, eta hik kutxa honen barrenean sar-erazi eta ezkutatuko dun. Eta orduan, egin beharko dunan gainerakoa erranen deraunat, eta hik beldurrik gabe eginen dun, ezpaitzain hortik kalterik gertatuko».

      Andreak, gaizkia nolabait erremediatzeagatik, hala prometitu eta konplitu zuen. Biharamunean, Zeppa eta Spinelloccio elkarrekin zeudela, azken honek, bestearen emazteari ordu hartan joatea prometitu baitzeraukan, Zeppari erran zeraukan:

      «Igurikiko ezterautan adiskide batenera joan behar diat bazkaltzera. Gera hadi, beraz, Jainkoarekin».

      «Bazkal-ordua eztuk oraindik», erran zuen Zeppak.

      «Eztiraukok inporta; harekin tratu batez mintzatu behar baitut, eta garaiz heltzea komeni zaidak».

      Spinelloccio egun adiskide batengana joan dun bazkaltzera, eta bere emaztea bakarrik utzi din; beraz, irten hadi leihora, eta deit iezon, gurekin bazkaltzera etor dadin».

      Andreak, beldurrez eta horregatik senarraren desirei guztiz obedient, manatzen zeraukana egin zuen. Spinelloccioren emaztea, Zepparenaren eskariek guztiz bortxaturik, senarra bazkaltzera joanen etzitzaikala jakitean, haiekin bildu zen, eta etorri zenean, Zeppak balaku handiak egin zerautzan, eskutik hartu zuen ahaidetsuki, eta bere emazteari eskaratzera joan zedila agindurik, bere lo-gelara eraman zuen bestea batere desendusarik gabe, eta barrenetik hertsi zuen bertako atea. Atea hersten zuela ikusirik, erran zuen andreak:

      «Zer da hau, Zeppa? Zertarako etor-erazi nauk? Spinellocciori deraukean estimua eta goratzar deraukoan errespetua, hau de-a?

      Zeppak, ongi lotzen zuela gorputzetik eta haren senarra hertsirik zegoen kutsara hurbiltzen zela, honela erran zeraukan:

      «Andrea, hasarra baino lehen, erran behar deraunadana entzun. Anaia bat bezala maitatu dinat Spinelloccio, eta atzo, hark jakin gabe, edukitzen deraukadan konfidantzak harekin bezala ene emaztearekin ere etza dadila kidatu duela ikasi ninan. Baina hura maitatzen duanez gero, berak egin derautan iraina ordaintzea baizik beste mendekantzarik eztinat hartu nahi, eta berak emaztea hartu derautan bezala, nik ere hari hartu nahi haraukat. Nahi ezpadun, beste zelata batetan harrapatuko dinat, zeren, nola irain hau ezpaiteraukat barkatuko, biok parte xarrean jalgiko zareten beste irain handiago bat egin diraukonat.

      Andrea, hura entzunik, bere baietzen indarrez sinetsi zuen Zeppa, eta erran zuen:

      «Zeppa, mendekantza hau ene gainean erori behar denez gero, amore ematen diat, benetan mintzatzen baldin bahatzait, erraten derautana egitera, baina, ni, hala eta guztiz ere, nere senarrarekin gertuko naizen bezala, hi ere heure emaztearekin baketan geratuko haizen kondizioarekin».

      Honi Zeppak honela erantzun zeraukan:

      «Egiaz, hala eginen dinat, eta gainera, orain arte poseditu eztunan bezalako joia garesti eta eder bat emanen deraunat».

      Eta hau esanik, besartean hartu zuen, eta mosuak eman zerautzan, eta senarra zegoen kutxaren gainean, han bertan hartu eta eman zeraukan atsegin handi. Spinellocciok, kutxaren barrenetik, Zepparen ele guztiak eta bere emazte propioaren ihardespenak entzun zituen, eta estalkiaren gainean dantzatzen zituzten aurreskuak eta atzeskuak aditu zituen eta hartu zuen minagatik hil uste ukan zuen. Eta, Zepparen beldur ezpalitz, bere kaiolatik, irain handik erranen zerautzan bere andreari, baina gero, etoikeria hura berak hasi zuela, Zeppa zuzen zegoela eta harekin gizonki eta adiskideki portatzen zela pentsatu zuen, eta Zepparen ordurarte bezain adiskide eta are adiskideago izatea erabaki zuen. Eta Zeppa bera eta hauzoarekin nahi haina etzan ondoren, kutxatik jautsi zen, eta andreak agindutako joia eskatu zeraukan, eta gizonak, atea irekirik, bere emaztea deitu zuen, eta honek erraten zuen:

      «Jauna, egiaren truke, artoa eman derautak».

      Eta barre egin zuen. Eta erran zuen Zeppak:

      «Kutxa zabal ezan».

      Hala obeditu zuen, eta Zeppak andreari bere Spinelloccio. Luzaroko gauza izanen lizateke erabakitzea bietatik zein lotsatu zen gehien, Spinelloccio Zepa ikusirik eta berak zer egin zuen besteak zekiela jakinik, eta andrea bere senarra ikusirik eta bere buruaren gainean gertatu zena entzun eta aditu zuela konpreniturik. Eta erran zuen Zeppak:

      «Hau dun, andrea, nik ematen deraunadan joia».

      Spinelloccio kutxatik irten zen, eta aitzakia handirik gabe, honela erran zuen.:

      «Zeppa, orain kito gaituk, eta horregatik, lehen ere emazteari hiotsan bezala, orain artean izan garen bezalakoak aurrerat ere izan gaitezen ere komeni ziaiguk, eta hola nola hik eta biok emazteak ez-ezik gainerako guztiak amankomun genituen, etorkizunean emazteak ere erdi-bana eduki behar ditiagu».

      Zeppa kontentuz geratu zen honekin, eta laurak adiskidetasun ederrean bazkaldu zuten, eta ordutik emazte bederak bina senar ukan zuen eta senar bederak bina emazte, eta etzen hala ere horregatik batere etsaigoarik eta ahakarrik sortu.

 

BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979