BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979

 

 

XII
ATORRAGATIK KALONJEAREKIN 

 

      Guztiok ongi dakizuen bezala, Fiesoleko hiria, hemendik teilatu gainak ikusten derautzaguna, guztiz zahar eta handi izan zen, eta nahiz gaur-egun oso pobreturik dabilan, beti eduki du apezpikurik, eta badaduka egun ere. Han, Eliza nagusiaren aldea, Pikarda izeneko alarguntsa bizi zen, bere jabetzako lurralde batetan, ez hain etxe handi batetan, eta nola ezpaitzen guztiz dirudun, urtearen hilabete gehienak beratan iragaten zituen, eta harekin haren bi anaia, oso mutil osagarritsu eta prestu. Eta honela gertatu zen, alarguntsa maiz joaten zela eliza nagusira, eta nola oraindik baitzen andre gazte, eder eta atsegin, hanbat amoratu zen hartaz elizako kalonjea, non beste gauzarik ezpaizekusan munduan; eta zenbait denbora iraganik, guztiz ausart egin zen, eta bere gutiziak azaldu zerautzan, eta bere amodioa kontenta ziezola eskatu zeraukan. Kalonje hau urtetan zahar zen, baina adimendutan guztiz gazte, eta bide-nagar errietartsu eta harro, eta hanbat bantatzen zen, eta hain ziren haren manerak gezurrezko eta itsusi, eta hain zen gauza guztietan aspergarri eta gorrotogarri, non inork ezpaitzeraukan ongirik desiratzen. Baina ongirik gutien, andre hark berak desiratzen zeraukan, ezertan oneritzi gabe, buruko min bat baino gaitzago erizten baitzeraukan. Eta horregatik, zuhurtziaz, honela ihardetsi zeraukan:

      «Maitatzen baldin banauzu, jauna, hori estimutan eduki behar dizut, eta nik maitatu behar zaitut, eta maitatuko zaitut, baina zure eta nire amodio hauen bitartean, eztuzu ezer desonestik eraiki behar. Zu ere aita espiritual zara, eta sazerdote, eta zahartasunera hurbiltzen zara, eta edade horrek honest eta garbi egin behar zaitu. Gainera, ni ezniagozu ezkongai, estatu horretan ongi baitago amodiotan ibiltzea, alargun baizik, eta ongi dakizu alarguntsoi zein honestitate eskatzen zaikun. Barkatuko nauzu, beraz, zuk nahi duzun modu horretan ezin maite baldin bazaitzaket, ezin maite baldin banakezu».

      Kalonjea, orduan ezin ezertaz probetxatu izan bazen ere, etzuen gogorik galdu, etzuen bere burua garaitutzat eman, baina bere prontotasun ergelaz baliaturik, mandatuz, gutunez eta are elizara joaten zekusanean pertsonaz ere erregutzen zeraukan. Guztiz neketsu eta arbuiagarri iiuditu zitzaikan andreari konduta hau, eta merezi bezala, bestela ezin baitzun, bistatik aldara-eraztea erabaki, baina lehenago bere anaiekin mintzatu gabe, etzuen ezer egin nahi ukan. Kalonjeak zer nahi zuen eta berak zer egin zuen kontatu zerauen, eta haien lizentzia osoarekin, handik egun batzutara elizara bihurtu zen, eta ahaidetsuki harekin sartu zen hitz-bidean. Andreak, hura etortzen ikusi zuenean, aurpegia irritu zuen, eta alde batetara apartatu zen. Kalonjeak ohizko hitzak erran zerautzan, eta andreak, suspirio handi bat iaurtikiz, honela mintzatu zitzaikan:

      «Jauna, anitz egunetan zetiatzen baldin bada errendatzen ezten gaztelurik ez omen diagozu, eta ahal erraz erran ahal diaitekezu nitaz. Hainbat ibili zare ene ondoan hitz eztiz eta lausenguz, non ene delibero zaharrak hautsi baitituzu, eta gertu niagozu, atsegin banauzuz zurea izaten».

      Kalonje arraituak erran zuen:

      «Mila esker, andrea, eta egia erran, anitz miresten niauzu hain luzaro eskatu baldin bazara, halakorik ezpaitzait inorekin gertatzen, eta horregatik erran ohi dizut andreak, zilarrez bazinete, etzenuketela dirurik balioko, batek ere ezpaitaki mailuari kontrarik egiten. Baina, hori orain alde batetara utzirik, erradazu, noiz non elkarren egon gaitezke?»

      Ene jaun eztia, komeniko zaikunean, neure gauen kontua emateko senarrik ezpaitut, baina non eztiakizut».

      «Nola ezetz? Eta zure etxea?», erran zuen kalonjeak.

      «Ongi dakizu, jauna, bi anaia gazte dutala, gauez eta egunez bere lagunekin etxera doanik, eta nola hau ezpaita handiegi, han ezin gauteke, salbu, agian mutuak bezala hitzik erran gabe eta itsuak bezala ilunpean egotera ados eta akort gelditzen baldin bagara; hala baldin balitz, ezliegokegu arriskurik, haik ezpaitira ene gelan sartzen, baina haiena niretik oso hurbil diagozu, eta elerik isilena entzuten baita batetik bestera».

      «Horregatik, eztezagun egitekoa luzat gau batetan edo biatan, gure gogara ikusiko garen leku egokiago bat bilatzen dudan bitartean behintzat».

      Andreak erran zuen:

      «Zuri begokizu hori, jauna, baina gorde bedi hau guztiz sekretu, inoiz eztadin inor ezer jakin».

      «Gogo dizut», erran zuen andreak.

      Eta nola noiz joan behar zuen, esplikatu ondoren, etxera itzuli zen.

      Andreak zerbitzari ez guztiz gazte bat zuen, mutxurdina guztiz itsusi eta aurpegi zeharo desitxurosoko, inoiz halakorik inon ikusi ezten bezalako, sudur-motz, aho-oker, ezpain-lodi, hagin gaizki-hazi eta handi, hats-kirats, begi-biritxi eta ezkel, larrru hori-berde, ez horregatik Fiesolen baina Xinan jaio-irudiko, eta gainera sorbalda konkordun eta zango eskuinetik maingu-xamar. Zinta zeritzan Jainkoak, baina munduak, bere aurpegi itsusiagatik, Xintatxa zeritzan; eta gainera, gorputzez hain akatsdun izanarren, gogoz guztiz aldrebes zen. Andre honi deitu zeraukan damak, eta honela erran:

      «Zintatxa, gauean zerbitzu bat egin nahi balerautan, atorra berri erregalatuko deraunat».

      «Atorra bat ematen baldin baderautazu, neure burua surtara jaurtiki ere eginen dut, kontu egizu zer besterik egin dezakedan».

      «Hau nahi dinat», erran zuen andreak, «gauean ene ohean gizon batekin hatzala, eta laztan dezanala eta ezterrenala hitzik ere, ene anaiek ezentzuten, alboko gelan baitautzake; gero atorra emanen deraunat».

      «Surekin lo eginen nikezu, batekin gabe, premiarik balego».

      Gaua jautsirik erran bezala etorri zen kalonje jauna, eta bi gazteak, andreak agindu bezala zeuden gelan bere buruan entzun-erazten zituztela, eta horregatik isilpean eta ilunpean sartu zen damaren gelan, eta ohera joan zen, Zintatxak, zer egin behar zuen ongi informaturik, igurikitzen zeraukan lekura. Kalonje jaunak, berekin bere maitea zedukala ustez, besartean hartu zuen Zintatxa, eta mosuak ematen eta hartzen hasi zitzaikan, eta kalonjeak andreari larrua jotzen hasi zeraukan, hain luzaro gutiziatutako eztitasunak dastatu uste zituela. Andreak, barrenean jokua jokaturik zegoela ezagutu zuenean, falta zena konpli zezatela agindu zerauan anaiei, eta hauk gelatik behatz-puntetan jalgirik, herriko plazara joan ziren, eta fortuna xit mesedegarri izan zitzaien, haiek ere itxadoten entzuten moduan, hain beso handi izanik, apezpikua bera baitzihoakien gazteei etxera bertan entreteni eta edatera. Eta haik ikusirik, bere gura erran zerauan, eta bertara bidean abiatu ziren, eta argi askoko sototso batetan sarturik, guztiz arno onik edan zuen. Eta edan ondoren, honela erran zeraukaten gazteek:

      «Jauna, honela mesedetu gaituzunez gero, gure etxetxoa bisita ezazu halaber hura ikus dezazula nahi baitugu, eta harekin batean irakatsi nahi derautzugun gauzatxo bat.

      Pozik eginen zuela ihardetsi zuen apezpikuak, eta gazteetatik batak, eskuan galdelario bat zeramala, aurretik kidatu zuen. Eta apezpikua eta gainerakoak zerraitzala, Kalonjeak Zintatxarekin atsegin hartzen zuen gelara eraman zuten. Gizon on hark, lehenago ailatzeagatik lasterketa arinak egin baitzituen, besteak etorri zireneko, hiru legoatako bidea egin zuen, eta horregatik nekaturik aski, beroa gora-behera, Zintatxaren besartean zetzan atsedeten. Argia eskuan zeramala sartu zen gaztea, beraz, gelan, eta haren ondoan apezpikua eta haren aholkua, eta mutilak kalonjea erakutsi zerauen, Zintatxa nola besartean zedukan. Kalonje jauna itzarri zen bizkitartean, eta argia eta inguruan hainbeste jende ikusirik, lotsatu eta burua izare-pean sartu zuen, baina apezpikuak irain handi bat erran eta norekin zetzan ikustearren burua atera-erazi zeraukan. Andrearen engainioa ezagutu zuen kalonjeak, eta hargatik eta igurikitzen zeraukan desohoreagatik inor munduan baino minduago zen. Apezpikuaren aginduz, hartzara jantzi zen, eta egindako bekatuagatik penitentzia handia sufritzera, soldado askorekin izan zen etxera igorria. Zintatxarekin etzatera nola etorri zen jakin nahi ukan apezpikuak, eta gazteek bere ordena zehatzean kontatu zeraukaten guztia. Apaiz-odolez eskuak zikindu nahi gabe merezitako gaztigua eman zeraukatelako, anitz laudatu zituen apezpikuak andrea eta mutilak. Apezpikuak berrogei egunetan negar eragin zeraukan bekatua apaizari, baina amodioan eta hasarrean berrogei eta bederatzitan baino gehiagotan negar eragin zeraukaten, kontuan hartu gabe denbora luzean ezin ibili izan zela kaletik mutikoak seinala zezaten gabe. Eta honekin guztiz hasarratu zen, zoratzeko ponturaino; eta hain manera trebean, kendu zuen andre zuhurrak gainetik kalonje etsaiaren gaiztakeria, eta irabazi zuen Zintatxak bere atorra.

 

BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979