BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979

 

 

IX
DEABRUA INFERNUAN NOLA SAR 

 

      Baina, zer gertatu zen ikustera natorrela, honela diot, Kapsa-ko hirian, Barberian, gizon guztiz aberats batek, beste anitz seme-alabaren artean, alabatxo eder eta polit bat ukan zuela, Abilek izenekoa. Eta kristau ez zelarik, eta hiriko anitz kristauk kristau fedea laudatzen eta Jainkoa zerbitzatzen zekusalarik, egun batetan galdatu zeraukan bati zer moduz zerbitzatu zuen Jainkoa nekerik arinenarekin. Besteak ihardetsi zeraukan hoberen zerbitzatzen zutela Jainkoa munduko gauzetatik ihes egiten zutenek, hala nola Tebaida-ko eremuetara joaten zirenek. Neska gazte hark, buruan ganore handirik ez eta bai bakarrik hamalau urte zuenez geroztik, gutizia ordenatu batek ez baina nahikunde ero batek eraginik, inori ezer jakin-erazi gabe, biharamunean ezkutuka, Tebaida-ko eremurat abiatu zen. Eta, ez neke handirik gabe, oraindik irauten zeraukan bere gurariaz bultzaturik, zenbait egunen buruan bakartate hartara ailegatu zen, eta hurrundik ikusi zuen etxetxo batetara hurbildu zen. Ata-aurrean gizon dohatsu aurkitu zuen, zeinak, hura bertan ikusteaz miretsirik, zeren bila zetorren galdatu baitzeraukan. Eta neskak honela erantzun zeraukan, nola, Jainkoak deiturik, haren zerbitzu santuaren bila zebila, eta nahi zuela gizonak irakats ziezon nola zerbitzu hura eman behar baitzen. Gizon on hark, hain gazte eta eder ikusirik, berekin gordatzen baldin bazuen deabruak tenta lezala beldurturik, haren deseo onak laudatu zituen, belar-sustraiak, basa-sagarrak eta palma-fikoak eman zerautzan jaten, ura edaten eta honela erran zeraukan:

      «Alaba, ez hemendik hurrun gizon dohatsu bat bizi dun, zeina ni baino askozaz maisu hobea denez geroz, bilatzen dunana nik baino hobeki irakatsiko deraunana. Hari hoakio».

      Eta bidera bidaldu zuen, eta besteari heldu zeikanean, ele berdinekin izan zen onartua, edo gaitz-hartua, eta horrela, aurrerago eremutar gazte baten etza-lekua alkantzatu zuen, Basoko zeritzana, guztiz gizon debot eta ona; eta besteei egindako galdera berberak egin zerautzan hari ere. Eta gizonak, bere fermotasuna forogatzeagatik, ez zuen besteek bezala despeditu, baina bere etza-leku barrenean errezebitu zuen, eta gaua erori zenean, palma-adarrez ohantze bat gertatu zeraukan, eta bertan zetzala agindu zeraukan. Baina tentazioek ez zuten luzaro tardatu eremutarraren indarrei gudua libratzen, eta honek bere burua indartsuegitan eduki zuela ikusirik, sobera oldar eta atakerik iguriki gabe, berehala eduki zuen bere burua bentzututzat. Alde batetara iaurtiki zituen, beraz, bere pentsamendu santuak, eta bere otoitzak eta disziplinak, gogoan neskaren gaztetasun eta edertasuna baizik ez edukitzeagatik, bide-nabar gogoeta egiten zuela, halaber, nola lortuko zuela neskagandik, hura ohart zedin gabe, gizon baten antzean, gutiziatzen zuen zer hura. Lehenik, galdera trebeen bidez, jakin nahi ukan zuen Albilekek gizonik ezagutu zuenik lehenago, eta zirudien bezain ergel zenik. Eta egia segurtaturik, Jainkoa zerbitzatzeko aitzakiarekin bere laketetara makur-erazi uste ukan zuen. Eta honela, hitz-jario luze batez irakatsi zeraukan Jainkoak zein etsai handitzat zedukan deabrua, eta gero aditzera eman zeraukan Jainkoari egin ahal zekidion zerbitzurik maiteena deabrua infernuan sartzea zela, hartarakotzat kondenaturik baitzegoen. Neskatxak hura nola bururatzen zen galdatu zeraukan, eta Basokok honela ihardetsi zeraukan:

      «Sarri jakinen dun, eta horretarako nik zer eginen dudan hik ere egin».

      Eta janzten zituen arropa guztiak erantzen hasi zituen, zeharo biluzik geratu zen arte eta beste horrenbeste egin zuen neskak; eta gizonak, otoitzera bezala belaunikaturik, bere ondora erakarri zuen neska. Eta honela zeudelarik, Basoko, hura hain eder ikusirik, gutiziatan inoiz baino atxekiago zen, eta honela haragiaren piztuera gertatu zitzaion. Hartaz oharturik, miretsi zen Abilek, eta honela erran zuen:

      «Basoko, zer gauza hortxe ikusten derauadan hori kanporat luzatzen dena eta nik ez dudana?»

      «Ene alaba», erran zuen Basokok, «hau, lehen mintzatu natzainan deabrua dun, hainbeste neke eman derautana, ezin sufri dezakedana».

      Orduan neskak erran zuen:

      «Laudatua izan bedi Jainkoa, hi baino hobeki nagoela baitakusat, neurk ez baitut holako deabrurik».

      Erran zuen Basokok:

      «Egiaz, haren ordetan nik ez dudan beste gauza bat dun hik».

      «Zer?», galdatu zuen Abikelek.

      Basokok honi honela ihardetsi zeraukan:

      «Infernua dun hik; eta hau diosnat, uste dudala neure arimaren salbaziorako igorri haraula hi niri, zeren, deabruak emanen derautan bakoitzean, nitaz urrikaltzen baldin bahaiz, eta permititzen baderautan infernua sar dezadala, kontsolamendu handi emanen baiterukit, eta hi horretarako aurkientza hauetara etorri baldin bahintzen, Jainkoari laket eta zebitzu handia emanen baikineraukeo».

      Neska, bere fede onean, arrapostu eman zeraukan:

      «Neure aita, nik infernua dudanez gero, gerta bedi zuk atsegin duzun bezala».

      Erran zuen orduan Basokok:

      «Benedikatu haizen, ene alabatxo! Benedikatua haizen! Baketan utz nazan, sar dezadan berehala infernuan deabrua».

      Eta hau zioelarik, neskatxa ohe batetara eraman zuen, eta Jainkoak maradikatu hura gartzelatzeko nola ezarri behar zen irakatsi zeraukan. Neskatxak, anartean inoiz bere infernuan deabrurik sartu ez zuelakotz, lehen bider hartan min handia hartu zuen, eta Basokori hau erran zeraukan:

      «Gaiztoa, ene aita, izateko duzu deabrua, eta Jainkoaren etsai handia, zeren, haren infernuan ere, beste anitz lekutan ez mintzatzeagatik, sartzen denean ematen baitu».

      «Alaba, ez dun horrela beti izanen», erran zuen Basokok.

      Eta aurrerantzean halakorik gerta ez zedin, suretan sartu zutena ohatzetik jaiki baino lehen, eta halako moldez edeki zeraukaten burutik harrokeria, non baketan gelditu baitzen. Baina geroxeago bider gehiagotan bihurtu zitzaikan harrokeria, eta neska beti zegoen bizio hura kentzeko prest eta gertu, eta azkenean joko hartan atsegin hartzen zuen, eta Basokori erran zeraukan:

      «Ongi diakusazut Kapoa-ko jende on hark erraten zerautana egia dela, Jainkoari zerbitzatzea gauza gozo eta eztia dela; eta ben-ben-benetan ez nauzu oroitzen deabrua infernuan sartzeak bezainbat atsegin egin dudani, eta horregatik uste dizut Jainkoaren zerbitzu ez den beste gauzatan pentsatu duena abere mutuak baino abereago dela».

      Eta honekin maiz hurbiltzen zitzaikan Basokori, eta honela erraten zeraukan:

      «Aita, ni hona Jainkoa zerbitzatzera eta ez alferrik egotera etorria nauzu. Sar dezazun, bada, berriz ere deabrua infernuan».

      Eta egiteko hartan zihardukaten bitartean, maiz erran zuen:

      «Basoko, ez diakizut deabruak zergatik ihes egiten duen infernutik, zeren bertan balego hain gogoz eta gustora nola infernuak hura hartzen eta edukitzen duen, ez bailitzateke handik inoiz jalgiko».

      Eta honela, neskak Basoko maiz gomitatzen zuela, eta Jainkoaren zerbitzura dei egiten zeraukala, azkenenan gizonari, beste bati izerdiak etorriko zitzaikan benorean, berari hotz-ikarak etortzen baitzitzaikan. Hala hasi zitzaikan, bada, neskari erraten, deabrua ez zela hain gogorki gaztigatu behar, ez zela infernuan sartu behar, berak harrokeriaz burua altzatuko zuenean baizik.

      «Eta guk», erran zuen, «hain zentzatu eta eskarmentatu dinagu, non bera otoitzez baitagokio Jainkoari, baketan utz dadin».

      Honekin isiltasun apur bat eragin zeraukan neskari, eta honek, Basokok deabrua infernua sar ziezola eskaten ez zeraukala ikusirik, honela erran zeraukan:

      «Basoko, orain hura deabrua gaztegaturik baldin badago, eta kezkarik ematen ez baderauk, ni neure infernuak ez niauk sosegatzen uzten, eta horregatik, nik hire deabruaren harrokeria iraungi dudan bezala, hik ere heure deabruaz ene infernuaren iraungi dezaan komeni duk».

      Basokok, uraz eta sustraiez bizi baitzen, nekez beteko zuen premia hura, eta honela erran zuen, mila deabru beharko zela infernu hari kalmarik ematekotz, baina, hala ere, berak, berakin, bere ahalegin guztiak eginen zituela.

      Eta honela noizean behin ematen zeraukan amore, baina oso egokiera gutitan, eta joko hura, beraz, lehoiaren ahoan baba bakar bat botazearena bezalakoa zen; eta neskak, Jainkoa behar bezala zerbitzatzen ez zuela iruditzen zitzaikala, kexa eta deitore ederrak egiten zituen. Eta Alibeken infernuaren eta Basokoren deabruaren artean, bat gutizia gehiegi eta besteak indar gutiegi edukitzeagatik hauzi hau epaitzen zen bitartean, Kaksa-n su handi bat gertatu zen, eta su hartan, bere etxean bertan, bere seme-alaba eta morroi-neskame guztiekin batera, Alibeken aita erre zen. Honekin, Alibek, aitaren ondasun guztien primu eta heredero gertatu zen. Eta mutil gazte bat, Neerbale zeritzana, bere aberastasun guztiak irion eta despendiatu zituena, andre-gaia bizirik zirauela aditurik, haren bila abiatu zen, eta justizia, premiarik gabe hil zela uste ukanik, aitaren ondasunez jabe ledin baino lehen, aurkitu ere egin zuen. Eta horrela, Basokoren atsegin handirekin, eta neskaren eritziaren kontra, Kapsa-ra eraman zuen Neerbalek, eta emaztetzat hartu zuen, eta haren ondasunen jabetzan sartu zen. Eta Neerbale harekin etzin zedin baino lehen, Jainkoa eremuan nola zerbitzatu zuen andreek galdatu zeraukatela, eta Neerbalek hain zerbitzu premiatsutik aldaratzearekin bekatu handia egin zuela erran zerauen. Andreek hau galdatu zuten:

      «Eta deabrua, nola sartzen da infernuan?»

      Neskak, hitzez eta egintzez, erakutsi egin zerauen, eta haiek barre egin zuten, eta oraindik uste dut barrez dirautela, eta erran zuten:

      «Ez hadi kezka, alaba, ez; hori hemen ere ohitzen baita, eta Jainkoak hala nahi badu, Neerbale ere horretarako izanen dun gai».

      Eta gero, batak besteari hirian kontatzen zeraukala, erran komun edo errefrautzat onar-erazi zuten, eta are orain ere, itsasoaren gainetik iraganik hemen erraten da, nola ere ez dela Jainkoa zerbitzatzen, nola deabrua infernuan sartzen. Eta horregatik, zuek, ene neska maiteak, Jainkoarekin graziaz egoteko premia bizian baitzaudete, deabrua infernuan sartzen ikusazuen, hori Jaunari guztiz gogarako baitzaika, eta ekileei guztiz atsegingarri, eta ongi ugariak sar ahal bailitezke, eta lor.

 

BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979