BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979

 

 

VIII
HEZEA ETA LEIHORRA
 

 

      Perusa-n bizi zen, orain asko dela, Betiri de Vinciolo zeritzan gizona bat, zeinak, bere borondateagatik baino areago lagun urkoaren aurrean disimula eta perusarren opinio gogorra arintzeagatik, esposa hartu bait zuen. Eta halako moldez fagoratu zuen fortunak, non hartua zuen andrea, neskatila gorpuztsu, bilo-gorri eta zukartsu bat baitzen, senar bat baino bia nahiago zukeena, baina gizona andreak baino beste grina grinatsuago batzuek erakartzen baitzuten. Eta andrea, denbora eragaitzarekin batean ezia jakin zuenean, bere burua eder eta galant, eroso eta indartsu zekusanez geroztik, honela hasi zen, lehen-gogan-behartzen, gero bere senarrarekin hitz gogorrak edukitzen, eta azkenean hura gorrotatzen. Baina konduta edo portaera hark senarra sentzatu eta korrikitu baino lehenago ahituko eta bukatuko zuela bere burua, honela pentsatu zuen bere golkorako: 

      «Bere desonestkeriak leihorra baino hezea bustitzera eramatenago baitu, horregatik abandonatzen nau gizatxar honek; baina bideak bilatuko ditut nik beste batzuek hezetasunetik nabega dezaten. Senartzat hartu nuen, eta gizona zela nekielako, eta gizon guztiek gutiziatzen eta gutiziatzeko dutenaren gutizioso neritzalako, dote ona eta handia eman neraukan, baina gizon ez zela jakin banu, ez nuen senartzat hartuko. Eta hark ni andre nintzela bazekien, andreok haren desgogorako baldin baginen? Han ezin sufri liteke. Mundu honetan egon nahi baldin ez banu, monja sartuko nintzen, baina munduan bizi nahi dudalako, hori bai eta besterik ez dudalako nahi, urrikari hori igurikitzen baldin baderaukat, atsegin-senaletzat eta laket-oharletzat, alferrean igurikiko deraukadala zahar eginen naizateke. Eta zahar ikusiko naizanean, neure gaztasun galdua damu ukanen nuke. Zeina kontsolatzeagatik, eredu ederra eskaintzen baiteraut berak, hark bere makurtasunean atsegin hartzen duen bezala, neurk neurean ere laket hartu behar dudala forogatzen derautala. Eta, gainera, nere atsegina laudagarri da niregan, eta harena berriz, kondenagarri, zeren nik gizonen legeak hauts baititzaket, eta hark berriz naturaren legeak hausten baititu».

      Eta honela behin eta agian behin baino gehiagotan andre urrikariak pentsaturik eta gogoeta eginik zedukala, bere barrenean zeramana sekretuz burura eramateagatik, atso zahar batekin hasi zen tratatzen, guziei jaten ematen zerauen ama Santa Berdinare imajinaren irudia bera zirudiena, eskuetan beti paternosterrak eta induljentzi bila zebilana, Aita Apostoliko ez eta Aita San Frantzesen llagez eta zauriez bestez mintzatzen ez zekiena, horregatik guztiogatik mundu guztiak santutzat zedukana; eta gazteari parada gertatu zitzaikanean, bere premiak aitortu zerautzan. Eta atsoak honela arrapostu argi eman zeraukan:

      Ene alaba, ongi diakin Jainkoak, gauza guztien jakile denez gero, ongi egiten dunala; eta beste gauzaren batengatik hala ezinen ez bahu, hik heure gaztatasuna ez galtzeagatik egin behar huke, eta harekin batean andre gazte guztiek, gauzen ezagutza duanari ez baitzaika ezer, denboraren galera bezain mingarri. Zeren, zer demoniotarako gaude munduan atsook, surtatik sortutako hautsak begiratzeko baizik? Honen berri eta arrazoi inork munduan eman ahal badeza, ni naun hori; hain zahar naizan denbora honetan baitazagut, eta ez damu handirik eta garratzik gabe, galdu nuen denbora. Zeren, guztiz eta zeharo galdu ez banuen ere, ez baitut nahi xotxotzat har nazanan, behar ukan nuen bezainbeste ez ninan probetxatu. Eta horregatik, horretaz gogoratzen naizen bakoitzean, ikusten nauten bezala ikusten naunalarik, inork ez baiteraut hitz erdirik erran nahi, Jainkoak baizik inork ez dakien oinaze honek mintzen niaun. Gizonei ez ziaion horrelakorik gertatzen, hontarako eta beste mila gauzatarako gai baitira, eta gaiago ditun zaharrak ezen ez gazteak, baina andreak ez ditun ezertarako ere gai, hik dakinan horretarako baizik, eta bakarrik horregatik istimatzen ditinate. Eta arrazoi honek ez bahakar ene akordiora, behakar beste honek: Gu beti gaudela hauzi horretarako prest, baina gizonak ez diauden beti prest, eta gainera andre batek anitz gizon neka dezake, eta anitz gizonek ez du sekula andre bat nekatuko. Horrela, horretarako jaio baikara, hau diosnat, bai, senarrari opilen truke ogi-taloak bihurtzearekin, ongi egiten dunala, hiri zahar-zaroan ez diezon hiri gogoak hire haragiari erreprotxa-kizunik eduki. Mundu honetan, nork bilatzen duena din, eta guztiz ere andreok, aurrean dadukagunean probetxatu behar baikatzaitza denborari, zeren gizonek, ongi ikus ahal dezaken, zahartzen garenean, batek ere ikusi nahi ez gaituela, ez senarrek ez beste inork, eta bidaltzen gaituztela eskaratzera, gataumearekin mintzatzera eta lapikoak eta errateluak garbitzera; eta are gaizkiago koplatu egiten giaitinate, eta honela kantatzen dinate:

 

            «Neskatxaren diti biziak,

            atsoen hezur hautsiak».

 

eta horrelako beste bertso desitxuroso. Eta ene eleok ez dakizkinan luzaroan entretenigarri, honela dionat, heure gogoa ez deraukanala inori neuri bezain gogara erakutsiko, inor ez baita munduan hain aurpegi-okerreko, non hari ez baiteraukat nik komeniko dena erranen, ez eta hain gogor eta ez hain ihesko, nor nik ez dezakedan ez leun eta ez bigun, eta gure egitekoa ez erakar. Erakustan, beraz, zein gizon nahi dunan, eta uzkidan eskuak libre. Gauza bat gogora-erazitzen deraunat, alaba, ordaindua izan nadila, guztiz pobrea bai naiz, eta hau nahi dinat, aurrerantzean ene perdonantza guztietan har dezanan parte, eta errezatuko ditudan aita-gure guztietan, horrela Jainkoak hire hil defuntuei errenda diezen».

      Horrela amaitu zen. Horrela akordio horretara atsoarekin etorririk, hau erabaki zuten, etxa aurretik maiz iragaten zen mutil bat, zeinaren zehaztasun guztiak eman baiterautzan, ikus lezanean, harekin enteni ledin; eta haragi-pizka gazi bat eman zeraukala, Jainkoarekin despeditu zuen. Atsoak, anitz egun iragan gabe, erran zeikan mutila sar-erazi zuen andrearen gelara, eta gero beste bat, eta haren atsegineko ziren guztiak, beti baitzegoen galai berrien bila, baina beti senarraren ezkutuka. Eta egun batetan, senarrak bere adiskide Herkulano batekin afaltzera joan behar ukan zuen, eta andreak atsoari agindi zeraukan, Perusa-ko mutilik morroskoena ekar ziezola, eta horrela artatsuki gertatu zen.

      Eta andrea bere maitalearekin afaltzera mahaineratu zela, dei hura entzun zuenean, hiltzat hartu zuen bere burua, eta mutila non ezkuta bilatuz, eta nora igor ez gorde jakin gabe, hurbileko pare-arte batetara eraman zuen, eta oila-kaiola baten azpian ezarri zuen, eta goizean hustu zuen zaku batez estali zuen. Hau eginda gero, luzamendurik gabe manatu zuen senarrari zabal liezoten, eta etxean sartzen zela ikusirik, honela erran zeraukan:

      «Sarri, Betiri, jan duzu afaria».

      «Dastatu ere ez dinagu egin», ihardetsi zuen Betirik.

      «Eta hori, nola», galdatu zuen andreak.

      «Erran ezinen deraunt. Mahainera jarririk giendunan Herkulano, andrea eta hirurok, eta bat-betan norbaitek usin egiten entzun geninan. Lehen aldiaz eta ez bigarrenaz ez gintunan hartaz axolatu, baina usin-egileak hirugarrenez, laugarrenez usin egin zinan eta guztiak miretsirik giendunan; eta Herkulanok, andreak alea zabaltzen tardatzen zuelakotz ezertaz oharturik, honela erran zinan, ia haserrez:

      “Zer erran nahi du honek, eta nork egiten ditu horrelako usinak?”

      »Eta mahainetik jaikirik, eskulararat joan zunan, haren azpian zurez inguratutako trasta-leku bat baitzegoen, etan handik iruditu baitzeikan usunak atereak zirela, zuleriak zedukan ata-tila bat irekin zinan, eta zufrezko usain kirastsu bat jalgi zunan, nahiz eta lehenago ezer sentitu bagenuen, eta horregatik, gure kexak entzunik, ihardetsu zeraukun andreak:

      “Herenegun neure arropak ikuzi nituen zufrez, eta hor, eskulare-pean hedatu zituen ohola ezarri nuen, kea har zezaten”.

      »Eta Herkulanok ata-tila ireki zuenean, ke pizka bat jalgi zunan, barrenera begiratu eta usin egiela ikusi zinan, oraindik, zufrearen indarrez usinka zirauena; eta hainbat keak bularra hertsi zinan, non guti falta baitzekan beste usinik, zopinarik, intzirinarik edo heiagorarik egin ez zezan. Herkulanok, hura ikusi eta honela garraizia egin zinan:

      »Ongi diakusanat andre, zergatik, lehentxoago, etorri ginenean, zabaltzen hainbat tardatu huen! Baina hau pagatzen ez baderaukan, ez dinat inoiz neure atseginik gozatuko!

      »Andreak, hau entzun zuela, bere kulpa ezin uka zezakeela ikusirik, batere aitzakiarik gabe jaikirik, nora ez diakusat ihes egin zinan. Herkulano, andrea itzuri zitzaikala ohartu gabe, usin-gileari jalgi zedila erran ziraukonan behin eta berriro, baina besteak, gehiago aguantatu ezin baitzukeen, ezer ez ziraukonan Herkulanori erantzun, eta honek, orduan, oinetatik tiraka, kanpora erakarri zinan, eta hura hiltzeko ganibet baten bila laster egin zinan. Justiziakoak etorriko zirenean zer kalte neuri ere etorriko zitzaitala beldurrez, zutitu egin nindunan, eta hil zezala edo batere zauririk egin ziezola ez niraukonan permititu, baina deiadar egin ninan, eta urrikari hura defenditu ninan. Bien bitartean, hauzoak etorri zitunan, eta gazte kolpatua harturik, ez diakinat nora eraman zinaten. Gertakari guzti honek gure afaria hondatu zinaten, jan eta dastatu ere egin ez duguna».

      Gauza hauk entzun zituenean, hala jakin zuen andreak beste zenbait dama bera bezain zuhur, bazirela, nahiz eta noizean behin inor behaztopatzen baldin bazun, eta gogara defendituko zuen bere hitz ederrez Herkulanoren emaztea; baina besteak maiseatzen baldin bazituen bere ongira etorriko zela oharturik, honela hasi zen mintzatzen:

      «Halaxe da mundua! Andrea horren santutasuna ez da laudatzekoa! Andre arestuaren fede handia, hain mistiko zirudiena, non nik harekin pozik konfesatuko bainintzan! Eta are gaizkiago, zeren, zahar denez gero, exenplo xarra ematen baiteraue gazteei!

      Mundura jaio zen ordua maradikatua izan bedi, eta maraditaua izan bedi munduan bizirik dirauen ordu hau ere! Guztizko andre likits eta zitala izateko da, eta munduko andre guztientzat afrontu eta kondenazioa, bere ohorea zikintzen eta senarrari prometatutako fedea hausten duela, hain ongi maitatzen zuen gizon prestu eta guztiar hauzo ohoratua ahaztu duena, beste batek hain gaiztoki humiliatzen duelako lotsatzen ez dena! Hala ez nadila infernutik salba, inor halako andre batez urrikatzen baldin bada! Hil egin behar lituzkete guztiak, eta bizirik surtara bota!»

      Gero, bere maitalea oroitik, kaiolaren azpian ezkutaturik zedukala, Betiriri hasi zitzaikan otoitzen etzan zedila, oso berant bait zen. Betirik, lo-galeak baino goseagoak baitzegoen, afaltzekorik zegoenz galdatu zuen, eta andreak honela ihardetsu zeraukan:

      «Afaltzekorik? Hi etxean ez hagoenean afaririk gertatzen hi ote haugu? Agian al naiz ni Herkulanoren emaztearen antzekoa? Ez hoa-a lotara? Egin ahal dezakean hoberena eukik!»

      Eta Betiriren zenbait nekazale laboreen garraioan arratsaldean hirira etorri zirelarik, paret-artetik hurbil zegoen ukuilutxo batetan utzi zituzten astoak eradan gabe, eta astoetatik batek, egarri-egarriturik baitzegoen, kabestrutik atera zuen burua, eta ukuilutik irtenez, ur-bila ibili zen, eta mutila ezkutaturik zegoen kaiolatik hurbil iragan zen; mutilak, lau hankatan makurturik egon beharragatik edo hobeki esanda bere desmenturagatik, astoak gainean jarri zeraukan perra, eta mutilak min handia sentituz, deiadar handi bat egin zuen. Hura entzun zuen Betirik, eta harriturik, etxa-barrenean gertatu zela ulertu zuen. Irten egin zen, beraz, eta oraindik astoak mutilaren ondikoak eta garraisiak entzunik, erran zuen:

      «Nor dabila hor?»

      Eta kaiolara laster egin zuen, eta hura kenduz, azpian mutila ikusi zuen, zeina, astoak eman zeraukan sufrituaz gainera, beldurrez ikaratzen zen ez liezon Betirik min handiagorik eman. Hura ezagutzen zuen Betirik, bere bizioaren arrazoiz fabore-eske ibilia izan baitzen mutilaren atzean. Eta galdatu zeraukan:

      «Zer egiten duk or?»

      Etzuen besteak ezer erantzun, Jainkoaren amorioagatik kalterik ez legiola baizik. Erran zuen Betirik:

      Oro esplikatu zeraukan mutilak, eta Betirik, andreak mindurik baino eridete hargatik kontentago, eskutik hartu zuen, eta beldur ikaratuaz andreak iguritzen zeraukan gelara eraman zuen. Eta Betirik, haren aurrean eseri zela, honela erran zuen:

      «Hik maradikatzen huen-a Herkulanoren emaztea, surtara erre behar zutela eta zuentzat ororentzat lotsaizun zela? Eta zer dion ia heure buruaz? Edo heure buruaz errankizunik ez baduk, heuk beste horrenbeste egin dunala dakinalarik, nola maisea dezaken? Egiaz ez huela horrela mintzatzeko buru-biderik, ezpada guztiak zaretela berdin, eta lagun hurkoaren kulpaz zeuenak estaltzen dituzuela. Guztiok erreko zaituen su bat eror ailedi zerutik, zuek, suge-kasta hori!»

      Andreak, bitartean hitzezko kalterik baizik ez zetozkiola ikusirik, eta senarrak eskutik hain mutil ederra zedukalakotz pozik zegoela eritzirik, gogoa hartu zuen, eta erran zuen:

      «Segur niagok, bai, andre guztiok erreko gaituzkeen su bat zerutik eror dadila dela hire deseoa, zeren zakurrak makila bezain maite baikaituk, baina Jainkoaren gurutzeagatik ez duk orrelakorik gertatuko. Eta jakin agradamenduz sartuko haizela horrekin hitz-bidean, ea zergatik kexatzen haizen, eta benetan konturatzen nauk Herkulanoren emaztearekin berdintzen nauanean, zeren hark, atso debot eta hipokrita izanik gutiziatzen duena errezibitzen baitu senarra gandik, eta andreak merezi duen testamentua ematen ziaiok, niri gertatzen ez zaitadana. Soineko eta oinetako onez jantzen banauk ere, ongi dakik nola nabilan gainerakoaz eta noiz etzan hintzen aizkenez enekin. Lehenago ibiliko induan biluzik eta ortutsik, baina hik ohean ongi zerbitzaturik, ezen ez beztimenda aberatsez eta ohe-hutsik. Hau ulertu behar duk, Betiri, besteak bezain andre naizela, eta besteak gura dutena gura dudala neuk ere, eta hik ematen ez baderautak neuk inon bilatzen baldin badut, ez dudala bide-gaberik egiten. Eta gutienez, haurrekin edo ezkabiatsurekin har-emanik ez edukitzean, ohoratu egiten haut.

      Betiri, eleek gau guztian ez akabatzeko bidea hartu zutela ohartu zen, eta emazteagatik oso guti axolatzen zenez gero, honela erran zuen:

      «Geldi bedi oro hor, andrea. Horretaz gero mintzatuko gaitun, eta bien-bitartean, afari ekartzeko fabore ingun mutil hau ere afaldu ez dela iruditzen baitzait, eta ni ere ez».

      «Egia duk», erran zuen andreak, «oraindik eztela afaldu zeren, hain ordu hertsian etorri hintzenean, mahaina gertatzen ziraungunaten afaltzekotz».

      Afaria ordena izan, beraz, «erran zuen Betirik», gero egiteko hau inork lastimarik ez dukeen moduan «arranjatuko baitut nik».

      Andrea, senarra kontent ikusirik, jaiki egin zen, mahaina gerta eta kuzinatutako afaria zerbitzatzea manatu zuen, eta bere senar biziotsuarekin eta mutilarekin afaldu zuen. Betirik, afal-ondoan, hiruren gozamendurako asmatu zuena memoriatik ahaztu zait, eta bakarrik dakit hau, mutilak biharamunean plazara irten zenean, duda handiak egiten zituela gau hartan norekin gertatu zen maizago, emaztearekin ela senarrarekin. Horregatik diotsuet, neure damatxo adiskide maiteak, ezen zer emanen duzuen, hori hartuko duzuela, ezin daikidizuena ahal daikidezuen arte itxadon dezazuela, eta astoak paretaren kontra duen joko ostikoak berak emanen derakala min.

 

BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979