BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979

 

 

VI
FRAKAK BURUAN

 

      Jakin behar duzue, Lombardian monasterio ospetsu bat egon zela, guztirik santitatez eta erligionez betea, eta bertan gainerako monjen artean, neskatxa gazte odol-noble eta edertasun miragarriz hornitu bat zegoela. Hau, Elizabete zeritzana, bere ahaide bat dorniturik ikustera zoakiola, hari laguntzen zitzaikan mutil batez amoratu zen. Eta honi, monja hura hain ederra zela oharturik, gutizia handia sortu zitzaikan, eta modu eta manera berean amoratu zen neskatxaz, nahiz eta, ez bien pena handirik gabe, luzaro gorde ukan bait zuen bere amorioa frukturik gabe. Azken fin batean, biak bere egitekoaz guztiz arataturik, galaiak bere monja ezkutuka bisitatzeko era egokia bilatu zuen, eta honela iraun zuten, eta behin, baina anitzetan, bien atsegin handiarekin. Baina joko honi eten gabe zerraitzalarik, gau batez, bertako barreneko andre batek, Elizabete eta mutila kontura zitezen gabe, haien despedida eta congita ikusi zuen, eta zelatari harek bere lagunei jakin erazi zerauen. Eta lehenbizi, abatesari gauza guztia denuntiatzea erabaki zuen, zeinari Usinwalda baitzeritzan, monjen eta hura ezagutzen zuten guztien eritzian oso andre on eta santua; baina gero, ukaera batetarakotz estakururik ez legoen hobe etsi zeraukaten, abatesak Elizabete bere maitalearekin harrapatzeari, eta bi amoranteak segadan eta lakioan hartzeagatik, isildu egin ziren, eta elkarren artean diligentki partitu zituzten zelatak eta begirak segretuz. Elizabetek hau etzekiela, bere galaia etor-erazi zuen gau batez, eta hau berehala jakin zuten haien begiran zeudenek. Eta garaia iruditu zitzaienean, gauaren zati luze bat iragan zelarik, bi andanatan berezi ziren; erdi bata Elizabeteren atearen aitzinean gelditu ziren zelatan, eta beste erdia korrikan joan ziren abatesaren gelara, eta, atea jorik, erran zeraukaten: 

      «Jaiki zaitez sarri, andrea, Elizabetek bere gelan maitale bat ezkutatzen duela eriden bait dugu».

      Kutxa baten barrenean gorderik maiz etor erazitzen zuen apaiz batekin lagundurik zegoen abatesa gau haretan; eta andrea, monjek bere lasterketa eroan atea bultza etea ireki zezaten beldurrez, begiramendurik jarri gabe jaiki zen, eta hobekien tokatu zitzaikan bezala ilunbean beztitu zen eta monjek buruan daramazkiten dauka bat jantzi ustean, apaizen prakak hartu zituen, eta, konturatu gabe, bere abiadura handian, daukaren orde jantzi zituen. Eta irten egin zen, atea bere atzean bizkorki hertsi ondoren, honela erran zuen:

      «Jainkoak maradikatu hori, non dago?»

      Eta monjak Elizabeteganako bere jukutriazko gurarian, etziren konturatu ere egin, abatesak buruan zer zeraman, eta guztiak heldu ziren gaztearen atera, eta guztien kolpeenpean, behera jaurtiki zuten atea, barrenera sartu ziren, bertan bi maitaleak besarkaturik surpresatu zuten, eta hauk, hain gertaera zupitoaren aurrean, zer egin jakin gabe, geldirik geratu ziren. Berehala, neskatxa, abatesaren aginduz, gainerako monjez hartua izan, eta kapitulupera eramana. Galaia, barrenean geratu zen, eta beztitu zen eta egiteko hura zertan finituko zen itzaradoki zuen, bere maiteari kalteren bat egiten baldin bazeraukaten, monjei jukutria gaitz bat asmoarekin, eta gero, komentutik eramateko prest.

      Abatesa, kapitulu gainean jarririk, errudunari baizik behatzen etzeraukaten monja guztien presentzian, inoiz andre bati etzaikan irainik handienak erraten hasi zitzaikan, monasterioaren santutasuna, onestatzea eta ospe ona bere aktione higuingarri eta kondenagarriez zikintzen zuela reprotxatzen zeraukalarik; eta are bere irainei meatxu guztiz grabeak gehitzen zerauzten. Gazteak, errudun zenez gero eta kulpante eta horregatik lotsaz eta ahalgez, zer erran etzekien, eta bere isiltasunarekin gainerakoei urrikumendu eragiten zerauen. Baina gazteak bere reparoak emendatzen eta baerretzen zituelakotz, azken fin batetan, aurpegia gora jasan zuen, eta abatesak burua zerekin daukatzen zuen ikusi zuen, eta galtzaren anketako zingolak eta zer zen konpreniturik, guztiz trankildurik erran zuen:

      «Andrea, hala Jainkoak gorde zaitzala; lehenik zeure dauka hori ongi lot ezazu, eta gero komeniko zaizuna erabakiko duzu».

      «Zer dauka eta zer mauka? Andre gaiztoa, xankak asmatzeko kurajerik dun-a oraindik? Hire egintza horien ondoan, burlarik pentsa ahal litekeela uste dun-a, gainera?»

      «Erregutu egiten derautzut, andrea, zeure dauka esteka eta ongi lot dezazula, eta gero gogo duzuna erradazu».

      Honekin anitz monjak altzatu zuten burua, aurpegia jasan zuten abatesagana, eta honek, eskuak burura eraman ondoren, ederki konprenitu zuen, guztiek konprenitu zuten bezala, Elizabetek zer zioen. Eta abatesa, bere hutsa ezaguturik, denen aurrean musu-huts eta batere itzur biderik gabe zegoela ikusirik, predikuz aldatu zen, eta lehengoa etzen beste gisa guztiz diferente batez mintzatu zen, eta haragiaren olkarretatik inoren burua defendatzea oso gauza inposible zela konkluditu zuen, eta azkenean, xit zuhurtzia handirekin, harek anartean egina zuen bezala, lizentzia eta baimendua eman zerauen guztiei, zeinek bere ahalk egin zitzan, nahi eta ahal zukeen bezala, diberti eta entretenitzekotz. Eta gaztea libre utzirik, bere apaizarekin joan zen lotara, eta Elizabete bere galaiarekin; hau, gero, inbidiosoak gora behera, maiz etor erazi zuen bere ondora; eta maitalerik etzutenek, zeinek hobekien jakin zuen bezala, sekretuki bilatu zuten inon bere zorion eta kontsolamendua.

 

BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979