BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979

 

 

IV
FITSA ETA GAPIRIOA

 

      Lunigianan, hemendik ez hain urrun dagoen herri honetan, monasterio bat dago, oraingoetan baino lehenagoko denboretan aberatsagoa fraidetan eta santutasunean; eta hauen artean fraide gazte bat kausitzen zen, ez austeritatek ez barauek ez beilak kemena ezin iraungi ukan zeraukana. Eta behin, gainerako fraideak barazkal-ondoko lo aldian zeutzatela, elizaren inguru-marietatik, guztizko leku bakartatezuan zoan bitartean, neskatxa polit xamar batekin behaztopatu zen, aurkientzako nekazale baten alaba, zelaitik belar-bila zebilana. Eta fraideari, hura ikusi zuen bezain fitetz, haragiak kilikatu zitzaikan biziki. Eta honela, hari hurbildurik, harekin hasi zen hitz bidean, eta solasak elea zekarrela, harekin akordatu zen bere gelara eramanen zuela, eta inor kontura zedin gabe, hala bururatu zuten bere akordioa. Eta bere borondate gehiegiak neskatxarekin honela arraiki dostatzen zituen bitartean, monasteriko abateak, bere lotatik itzarririk, fraidearen atearen aurretik iraganez, gazteek ateratzen zuten zarata aditu zuen; eta bozak hobeki ezagutzeagatik, entzutera hurbildu zen aterat, eta batere dudarik gabe ohartu zen, barrenean emakume bat zegoela. Zabal zezatela ordenatzeko puntuan egon zen, baina, gero, hobeki pentsaturik, bere stantiara joan zen, fraidea jalgi zedin zain gelditzeagatik. Eta honek, neskatxarekin atsegin gozoetan eta plazer gozoagoetan enpeinaturik entretenitu bazen ere, bere beldurrak eta goganbeharrak ere bazituen ata aurrean urratsen hotsa sentitu zuelakotz. Horregatik, ateko lehiatilara hurbildu zituen begiak, eta klarki ikusi zuen abatea zain, eta bere nagusia, gelan andre batekin zegoela ohartu zela, konprenitu zuen. Eta handik punitione handia etor ahal zekidiola oroiturik, gelditu egin zen, neskatxari ezer esan gabe, guztiz mindurik, eta bere barrenean anitz gauza pentsatu zituen, ea haien artean erremedioren bat etorri zitzaikan adimendura, zegoen larritasunetik aterako zuela iruditu zitzaikana, eta neskatxarekin aski denbora egon zela sinestera emanez, honela erran zeraukan: 

      «Hemendik ikusia izan gabe irten hadi bidea bilatzera noakin. Berriz ere etor nadin arte iguritadan hemen».

      Irtenik, eta atea gakoz hertsirik, batere itzul-ingururik gabe joan zen abatearen estantiara, eta kanpora zoanean fraide guztiak beharra zuen bezala, giza-legez erran zeraukan:

      «Jauna, goiz aldean ez nizun ekarri behar zen egur guztia, eta horregatik zure lizentiarekin, ekar dezatela mandatua eramatera nioazu».

      Abateak, fraidearen hogena hobeki ikertzeagatik, eta gainera haren ikertzearen berririk fraideak jakin ez zezan amoreagatik, parte onean hartu zuen eskaria, giltza hartu zeraukan, eta lizentzia eman zeraukan. Eta hura kanporatzen ikusi zuenean, meditationetan hasi zen, zein izanen lizatekeen konportamendurik egokiena, perportamenturik zuhurrena: Edo fraide guztien presentian hogendunaren gela ireki erazi, eta haren kulpa honela jakin erazi, molde honetaz fraideak ez zezan ukan, disimulatzeko batere aitzakiarik, punitua izan zedinean; edo lehenago neskatxaren ezpainetatik ezagutu, nola gertatu zen aktione likits hura. Baina gero pentsatu zuen, neskatxa ez ote zen izanen, berak ezagutzen eta estimatzen zuen gizon prestu baten alaba, eta hala baldin bazen, ezin kausa ziezakeon hari, neskatxa fraide guztiei erakusteko lotsarik, eta lehenbizi erabaki zuen, nor zen jakin behar zuela, gero epaituko bait zuen haren kondukta; eta honela, sekretu handitan, gelara hurbildu zen, ireki zuen, sartu zen eta atea hertsi zuen. Neskatxa, abatea ikusi zuenean, lotsarren eta beldurraren, negarretan hasi zen. Abate jaunak, hari behatu eta gazte eta lerden ikusi zuenean, zaharra bazen ere, bere fraide gaztearen gutizia karnal berberak sentitu zituen, eta bere barrenean honela hasi zen pentsatzen:

      «Zergatik ez dut nik gozatu behar, ustekabean presentatzen zaitadan atsegin honetatik, nekeak eta minak nahi hainakoak etorriko bazaizkit etortzekoan? Neskatxa hau ederra da, hemen dago eta inork ez daki, eta laket apur baten eskatuko banintzaika, zergatik ez nuke apur hori dastatu behar? Nork jakinen luke? Inork ere ez, eta bekatu ongi ezkutatua, bekatu erdi-barkatua. Halakorik, agian, ez zait berriz ere inoiz gertatuko. Jainko gure Jaunak bidali derautadan dohainaz ongi baliatze, zuhur iruditzen zait».

      Eta gogoeta hauekin, bertara eraman zuen proposa guztiz aldaturik, neskatxari hurbildu zitzaikan, eta trebeki hasi zitzakan kontsolatzen eta negarri egin ez zezala eskatzen, eta hitzari elea zerraikala, bere nahikundeak agertu zerautzan. Neskatxa, ez baitzen inola ere ez burdinezko eta ez diamantezko, aise makurtu zitzaien abatearen gogoei, eta honek laztan, musu eta besarka handiak egin zerautzan. Azkenean, fraidearen ohantzara igan zen, eta seguru aski bere dignitatearen pisu grabeaz edo neskatxaren urte bigunez pentsaturik, eta bere solemnitatearen gehiegiaz min egitearen geldurrez, ez zen ezarri haren bularraren gainean, baina hura jarri zuen bere gorputzaren gainean, eta honela dostatu zen luzaro neskatxarekin. Fraidea, oihanera joan bidean, galerian ezkutatu baitzen, abatea bere gelan sartzen ikusi zuenean, guztiz trankildu zen, eta bere engainioak triunfo bat erdietsi zuela konprenitu zuen, guztiz ere atea barrenetik hersten entzun zuenean. Eta zegoen lekutik irtenik, isilik hurbildu zen atearen irikitu batetara, eta handik ikusi eta entzun zuen, abateak egiten eta erraten zuena. Abateari neskatxarekin aski entretenitu zela iruditu zitzaikanean, gela hertsi zuen eta bere habitationera bihurtu zen; eta zenbait denbora iraganik, fraidea aditu zuen, eta oihanetik zetorrela ustetan, hura gogorki erreprobatu eta presondegian sartzea erabaki zuen. Deitu egin zuen, beraz, eta begitarte seber eta ilunekin erreprimitu, eta gartzelara joan zedila manatu zuen. Baina honi fraideak, agudezia handirekin zion:

      «Jauna, ez daramazut denbora luzerik Aita San Benitoren ordenan, eta horregatik ez ditizut haren erregla guztiak ikasi, baina zuk etzenerautadan oraindik irakatsi, barauei eta penitentziei bezainbat inportantzia eman behar diegula fraideok andreei. Baina orain honela irakatsi derautadazu, eta nik prometatzen derautzut, baldin oraingo hau barkatzen baderautadazu, etorkizunean ez dudala aboro bekaturik eginen, baina beti eginen dudala, egun neure begiokin zuri egiten ikusi derautzudana».

      Abateak, gizon guztiz zuhurra zenez geroztik, berehala ezagutu zuen, fraideak, ez bakarrik gertatu zenaren berria jakin, baina bai eta guztia ikusi ere egin zuen, eta horregatik, damuak alhaturik, berak kometatu zuen bekatuagatik beragatik fraidea punitu nahi ukanaz lotsatu zen. Barkatu egin zuen, beraz, eta ikusitakoaren gaineko silentzioa inposatu zeraukan, eta biek, honestki, neskatxa jalgi-erazi zuten monasteriotik, eta sinestekoa da, halaber, beste anitzetan ere bihur-erazi egin zutela.

 

BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979