BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979

 

 

I
ANDREAREN ZUHURTZIA

 

      Gure hiri, hainbeste ondasunetan aberats honetan, ba zegoen andre gazte, eder eta guztiz atsegin bat, leinu noble eta oneko zaldun baten emaztea. 

      Eta, hain maiz gertatzen baita, gizonaren umeari ez zaiola janari bakar bat gustatzen, eta platerez aldatu behar dela, bere senarra asko-esten ez zuelako, Leonetto zeritzan mutil gazte batez amoratu zen andre hura, eta gizon atsegin eta laketgarri baina ez hain familia oneko hura, andreaz amoratu zen halaber, eta bi parteek nahi dutena burura eramaten denez gero, ez zen denbora askorik iragan, bere amorioari bukaera eman ez ziezaioten gabe. Eta honela gertatu zen, ezen andrea, hain eder eta atsegin zenez gero, harez amoratu zela beste zaldun bat, Lambertuccio zeritzaiona izenez, nahiz eta andreak, guztiz atsekabegarri eta asturu-gaitzeko zela zekielako, hura maitatzeko gogorik hartzen ez baitzuen. Gizonak, mandatu eta mezu askorekin kortexatu zuen, eta kortexatze honek ezertarako balio ez ziolako, gizon boteretsua zenez gero, bere gutiziei amore ematen ez bazien, haren fama zikinduko zuela mehatxatu zuen. Andreak, haren gaixtatasunaren beldur, haren borondatera makurtzeko deliberoa hartu zuen eta horrela egin zuen. Dama, Isabel zeritzaiona izenez, joan zen, udan ohitura dugun bezala, basa-etxe guztiz eder batetara bizi izatera, eta bertan zenbait egun iragan behar zuen leku batetara senarra joan zitzaion goiz batez. Leronetto etor-erazi zuen, eta hau guztiz kontentuz joan zitzaion. Lambertuccio jauna ere, andrearen senarra ausente zegoela entzunik, bakarrik eta zaldiz joan zitzaion etxera, eta atea jo zion. Andrearen mirabeak, hura ikusirik, batere luzamendurik gabe, iragan-erazi zuen, eta bere ugazandrea deiturik, Leonetto lo-gelan zegoelarik, honela erran zion:

      «Andrea, Lambertuccio jauna beherean diagozu».

      Andreak min handia hartu zuen, baina zaldunaren hain beldur zenez gero, Leonettori erran zion, parte xarrean ez ziezaiola har, baldin Lambertuccio jauna joan zekion arte, ohearen gortina-artean ezkutatzen bazen. Leonetto, andrea bezain beldur baitzen zaldunaren, ezkutatu egin zen, eta andreak neskameari agindu zion, Lambertuccio jaunari ireki ziezaiola, honek bere zalditik jautsirik, hau behereko burdina bat estekatzen zion bitartean. Andreak, aurpegia irritsu konpondurik, eskailera-artera atera zuen bere burua, ahal ukan zuen bezala errezibitu zuen ele arraiekin, eta zer moduz zegoen galdatu zion. Zaldunak, hura besarkatzen eta laztantzen zuela, honela erran zion:

      «Ene arima, zure senarra ez dagoela entzut dizut, eta zurekin egotera etorria nauzu».

      Hitz hauen ondoan, lo-gelan sartu ziren, eta atea hertsirik, andrearekin atsegin hartzen hasi zen Lambertuccio. Eta joko honetan zeudela, eta andrearen sineste guztiaren kontra, senarra bihurtu zitzaien, eta neskameak, jauregitik horren hurbil ikusi zuenean, damaren habitaziora laster egin zuen, honela erraten zuela:

      «Andrea, ba diatortzu jauna, eta beherean dagoela uste dizut».

      Andreak, hura entzutean, etsa-barrenean bi gizon, eta bataren, zaldunaren zaldia ata-ondoan estekaturik, ezkuta-ezinak edukitzeagatik, bere burua hiltzat hartu zuen, baina adore handiarekin, ohetik jaiki zen, eta Lambertuccio jaunari honela erran zion:

      «Jauna, maite baldin banauzu, eta heriotzetik libratu nahi baldin banauzu, erranez dizudana egizu. Ukabilean har ezazu zeure ganibet biluzia, eta asarra-antzean eta aurpegi-ilun, eskaileratik jauts zaitez, honela diozularik: —Jesukristoren itzeengatik, hurrengoan ez baitzait eskapatuko—. Eta ene senarrak ezer galda baliezazu, erran dizudana baizik ez derrazula, luzamendurik gabe zaldiaren gainera igan zaitez, eta zoaz».

      Lambertuccio jaunak gogara eta borondatetsu eginen lukeela erran zuen, eta ganibeta aterarik, andrearekin hartutako nekeak eta zaldunaren etorreragatik sortutako asarreak aurpegia mutaturik, andreak agindu zeraukana egin zuen. Senarra, zaldiaren zelatik jautsi baitzen, atal-ondoan beste zaldi hura ikusirik, asko harritu zen, eta gora bidea hartu zuenean Lambertuccio jauna ikusi zuen jausten, eta haren itxuraz eta eleez estrainiaturik, honela erran zeraukan:

      «Zer da hau, jauna?».

      Lambertucciok zaldiaren gainera salto egin zuen, eta honela erran zuen:

      «Jainkoaren gorputz sakratuagatik, hurrengoan falta gabe harrapatuko dudala!»

      Gora igan zen aiton-semea, eta andrea eskaileraren maila artean kausitu zuen, guztirik beldurrez eta ahalgez beterik, eta erran zeraukan:

      «Jauna, inoiz ez nauzu honen beldur izan. Nik ezagutzen ez dutan mutil bat sartu zizun hemen, Lambertuccio jauna eskuan ganibeta zerraikana. Ate hau zabalik aurkiturik, barrenera sartu zitziadazun, honela erraten zerautala: —Andrea, Jainkoarren, lagun zatzaizkit zeure besa-artean hilik erortzen ikusi nahi ezpanauzu—. Jaiki egin ninduzun, eta nor zen edo zer nahi zuen galdetzera nindoakionean, Lambertuccio jauna ikusi nizun igaten, honela erraten zuela ohiuz: —Non dago traidore hori?— Ata-alasean baratu ninduzun, eta barrenean sartu nahi ukan zuenean, ele luzeren ondoan, ikusi duzun bezala jausteko giza-lege egin zerautan berak».

      «Ongi egin huen, andrea, bide-gabe handia bailitzateke hemen sartu den pertsona bat hemen erhan dezatela, eta hil nahi zuenari barreneraino jarraikitzearekin, handia izan dun Lambertuccio jaunaren etoikeria».

      Mutila non ezkutatu zen galdatu zuen, eta andreak, «Eztiakizut, jauna, non ezkutatu den», ihardetsi zeraukan.

      «Non hago, mutila? Beldur gabe jalgi hadi!», erran zuen oihuz senarrak.

      Leonetto, guztia entzun bait zuen, ezkutaturik egon zen lekutik irten zen, egiazki zen bezain beldur zirudiela. Eta erran zeraukan zaldunak:

      «Lambertuccio jaunarekin, zer gorroto duk?»

      Ezein ere ez, jauna; horregatik sinesten dizut bere adimendu argian eztagoela, beste batekin konfunditu nauela, zeren, jauregi honetatik hurbil bidean ikusi ninduenean, eskuan ganibeta harturik, erran bat zerautadan: —Hil eginen haut, traidore!— Zergatik, ez neraukan galdatu, baina ihesa hartu nizun, eta hona etorri ninduzun.andre honek salbatu eta anparatu nauen leku honetara».

      Erran zuen orduan zaldunak:

      «Ea, ehaizela beldur, eure etxera eramanen bai haut sendo eta oso, eta gero iker ezak zer dadukan harek hire kontra».

      Eta afal-ondoan, zaldiaren gainera igan erazi zuen, Florentiara eraman eta bere etxean utzi zuen. Eta mutila, andreak erran zeraukan aginduak eta konseiluak betez, gau haretan bertan mintzatu zen Lambertuccio jaunarekin, halako moldez non, baldin hitz ugari ez baitzuen falta, guztiz ongi entenitu bait ziren elkarrekin, eta andrearen senarra ezpaitzen inoiz enteratu denon artean egin zitzaikan burlaz eta trufaz.

 

BOCCACCIOREN DEKAMERONE TIPI BAT
Giovanni Boccaccio

euskaratzailea: Gabriel Aresti
L. Haranburu, 1979