OSKAWA ITSAS-UNTZIA NOLA IZAN ZEN
BERE MARINELEZ DESEGINA

Bertolt Brecht

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Susa, 1986

 

Mila eta bederatzi-ehun eta hogei eta bigarren urtearen hasieran

«Oskawa» ontzian, sei mila toneladatako bapore-untzi hartan enbarkatu nintzen

lau urte lehenago United States Shipping Board konpainiari bi milioi dolar

kostatu zitzaion hartan.

Hamburgun

xanpagne eta edari fleite bat hartu genuen Rio de Janeiro-ra.

Gure soldata hain merkea zenez gero,

geure nahigabeak alkohoietan itotzeko

premia sentitu genuen. Honela,

zenbait xanpagne-kaxak hartu zuen

marinel-tegiaren bidea. Baina are ofizial-tegian ere,

eta kapitain-zubian eta gobernail-gelan,

entzun egiten ziren, Hamburgutik largatzeko lau egunera

kristal-hotsak eta jende ardura-gabetuaren

kantuak. Behin baino gehiagotan, itsas-ontziak

bere arruta galdu zuen. Alabaina,

gure suerte on handi bati eskerrak, azkenean

Rio-ra arribatu ginen. Gure kapitainak

deskargatzen ziren bitartean banan-bana kontaturik,

ehun kaxa xanpagne falta zirela ohartu zen. Baina Brazil-en

gu baino marinel hoberik ez aurkiturik,

gurekin kontentatu behar izan zen. Hamburgu-rako

mila tonelada haragi konjelatu baino gehiago kargatu genuen.

Itsas-zabalean abiatzen hasi, eta berriz ere kezkatu gintuen

soldata merkearen eta zahartasun pobrearen oroitzeak.

Gutatik batek, bere desesperantzaren betean,

galdarari ikatz gehiegi bota zion, eta sua

ximiniatik gain-aldera iragan zen, eta horrela

xalupak, zubiak eta gobernailak erre ziren. Itsas-pera ez hondatzeagatik

geuk gerauek amatatu genuen sua, baina

soldataren merkeagatik eta etorkizunaren ilunagatik arduraturik,

ez ginen ahalegindu gain-aldearekin. Erraxki, zerbait

gastaturik konponduko zuten gero: asko diru lapurtu zeukuten

geure soldatatik. Eta gainera,

gizona adindurik dagoenean, indar gehiegiak gizona

debiltzen du, eta bizi-moduaren aldeko burrukan ezintzen du.

Horregatik, eta gure indarrak zahartzerako gorde beharrez,

egun batetan dinamoak erre ziren, hain jende deskontentak ematen ez zien

begiramenduz gabeturik. Hala geratu ginen

argirik gabe. Hasieran usatu genituen, beste ontziekin toporik ez egiteko,

olio-lanpak, baina marinel nekatu batek,

bere zahartasun ilunari buruzko pentsamenduak lur-joak,

gehiago ez nekatzeagatik, kriseluak bota zituen itsasora.

Madeira-ra bide laburra zen, ganbara frigorifikoetan

haragia usteltzen hasi zen, dinamoen hutsei esker. Zoritxarrez

marinel batek, deskuido batetan, komunetara

ur geza guztia bonbeatu zuen. Edateko beste ba zegoen,

baina galdaretarako ez hainbeste. Horregatik

makinetan ur gazia usatu genuen, eta hala

kañoak gatzez estaldu ziren. Haik garbitzeak

denbora asko kendu zeukun. Zazpitan garbitu behar ukan genituen.

Gero makina-salan aberia bat gertatu zen. Hura ere

konpondu genuen, barreka. Eta gure «Oskawa» ontzia

Madeira-ra astiro ibili zen arrastaka. Bertan

hain konponketa haundiak egiteko modurikan ez zen. Bakarrik hartu genuen

ur apur bat, zenbait kriselu eta olioa. Dinamoak

apurturik zeuden, antza, eta horregatik

hotza eragiteko sistema ez zebilan, eta haragi ustelaren

usaina ez zuten gure nerbio dantzariek

agoantatzen. Kapitainak,

beti goitik behera paseadan, pistola bat zeraman, eta hori guretzat

deskonfidantzazko demostrantza iraingarria zen. Gutatik batek

hain tratamendu likitsagatik erroetatik atereak,

kañoetatik bapore-kolpe bat largatu zuen,

haragi maradikatu hura, behintzat,

egotz zedin. Eta arratsalde hartan marinel guztiok

geratu ginen jarririk, karkulatuz, dilijentki,

karga hura zenbat kostatuko zitzaion United States konpainiari.

Bidajea bukatu baino lehen, geure markak erre genituen:

Holanda-ko itsas-bazterraren aurrean

ikatza akabatu zitzaigun, eta gastu handirekin

atoatu gintuzten Hamburgura.

Haragi usaindu hark gure kapitainari buru-hauste handiak

eman zizkion, oraindik. Ontzia

despiezatu zuten.

                        Eta gu honela gelditu ginen pentsatzen

mundu honetako haurrik iñoxoenak ere

ulertuko zuela

harako gure soldata

benetan izan zela

merkea, bai, eskasa, bai, pobrea...

 

OSKAWA ITSAS-UNTZIA NOLA IZAN ZEN
BERE MARINELEZ DESEGINA

Bertolt Brecht

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Susa, 1986