AHUNTZ-HERRIKO BIDE-GABEA
Ugo Betti

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Susa, 1986

 

 

LENENGO EKITALDIA

 

 

 

Lenengo agerraldia

 

 

(Edoardok, itxura harritu eta erdi-gorreko aguriak, baso bat ur edaten dau. Pia jezarririk dago, alde baten).

 

EDUARDO.— Bikaina, ur hau, ederra. Hotz-xamar egiten dau emen, baina ez neuke zutundu nai. Horrelako kamioi zahar bat leku batetik bestera hortik eruateko urte gehiegi daukadaz. Zure kuñateari ezaiozu, mesedez eta ahaztu barik, astelehenean bihurtuko naizala. Oraindik aurrerantzean, beti pasatuko naiz astelehenetan. Kamiñotik natorrela joko dot boziñea. Ezer behar badozue, etxetik urtenda señale bat egingo deuztazue. Zure kuñatea korreora joan ete da?

PIA.— Bai.

EDUARDO.— Joan daneko erozi neutzanagaz pozik geratu zan itaundu nahi neutsan. Ondo egoan dana?

PIA.— Bai.

EDUARDO.— Zure illobea bere, korreora joan da?

PIA.— Ez.

EDUARDO.— Ondo dago orain zure illobea?

PIA.— Ondo dago, bai.

EDUARDO.— Puztuten naiz. (Basoa arturik) Beste apur bat emoistazu, mesedez. (Piak basoa betetzen deutsa urez pitxarrotik. Edoardo, edan ondoren, zutundu egiten da) Urunik ez dozue biar?

PIA.— Paper batean idatzi deutsut behar dogun guztia, ezta?

EDUARDO.— Bai, bai. Ederto. (Papera aterarik, begirada bat emoten deutsa) Orduan, astelehenerarte. Ez eguzkiak, ez, aize honek erretzen gaitu. Ba noa, bai. Kuñateari eta illobeari nere goraintziak emon.

PIA.— Ikusi arte. (Edoardo atean dago; joan egin da).

 

 

 

Bigarren agerraldia

 

(Pia, astiro-astiro, burdinetako lehiora doa, eta kamioiak nola alde egiten dauan begiratzen dau; isilpean geratzen da guztia; andriak, potzura hurreraturik, kordel bat hartzen dau, zako bat dingilizka dadukana, eta putzu-barrura botatzen dau, hagaz pazientzi aundia malio ratzen dauala. Lehiotik sartzen dan eguzki-printza ilundu egiten da. Gizon batek kanpotik, bera ikusia izan barik, barrura begiratzen dau).

 

GIZON.— (Zeinbat denporaren ostean eta atsegintasun haundiagaz). Zer jausi jatzu putzura?

PIA.— (Ikaraturik eta mingotski). Zer nahi dozu?

GIZON.— Ahuntz-errira nondik joaten dan.

PIA.— Ahuntz-erria hau da, leku hau. Nora joan nahi dozu? Nondik etorri zara?

GIZON.— Hortik, kamiñotik.

PIA.— Alde honetatik ez dozu ezer aurkituko, bakarrik etxe hau. Korreora joan nahi badozu, atzera egin behar dozu.

GIZON.— Hurrun dago?

PIA.— Oiñez zoaz?

GIZON.— Bai.

PIA.— Ordu bi.

GIZON.— (Gogoeta egiten dauala dirudi). Eskerrik asko. Egun on.

PIA.— Egun on. (Ba doa gizona. Pia lehiora doa, gizona zelan hurruntzen dan ikustera, eta putzura bihurturik bere lana hasten dau barriro. Baina gizona barriz agertzen da, orain atearen ondoan; zaratarik atera barik sartzen da; gazte mutil indartsu eta galanta da, narru eta ille argitakoa; momentu batzutan andreari begiratzen deutza, eta gero hatzamarrakaz atearen oholean jotzen dau. Piak, bat-batean, burua bihurtzen dau, bildur eta mingotstazunez). Barrura sartzeko nork emon deutsu baimena?

GIZON.— Barkatu, baina honera, etxe honetara beronetara nentorren.

PIA.— Zer nahi dozu? (Deitzan dau). Silbia! Silbia!

GIZON.— Ez bildurrik izan. Nire burua hain desegoki agertzea damu dot; bideagaitik izan da, hautza gaitik. (Bere boza atsegina da, oso atsegina). Henriko Ishi irakatslearen etxea da hau?

PIA.— Irakatsle jauna bada zenbait hilabete hil zala.

GIZON.— Ba dakit. Bere alarguna zara?

PIA.— Ez.

GIZON.— Orduan bere arrebea: Pia.

PIA.— Bai.

GIZON.— Gaztea zara. Bere alarguna ez dago etxean?

PIA.— Laster etorriko da.

GIZON.— Itxadon egingo deutzat. Eta alabea, Silbia andereñoa, a zelan dago? Aurrera doa estudioakaz? Etxean dago?

PIA.— Ez dakit. Baietz uste dot.

GIZON.— Jezartzen itxiko deustazu? (Baietza emoten dau Piak). Eskerrik asko (Jezarri egiten da). Polita da leku hau. Bakartia baina ederra.

PIA.— Hemen bizi bazina, ez zenduke holangorik esango. Gu ez gara hemenguak.

GIZON.— Zergaitik dago lurra landu barik?

PIA.— Ahuntzakaitik. Dana jaten dabe.

GIZON.— Ahuntzak. Asko daukasuez?

PIA.— Euretatik bizi gara.

GIZON.— Eta nork zaintzen ditu?

PIA.— Guk hirurok; nik, nire kuñateak eta neskatileak.

GIZON.— Zergaitik ez dadukazue pastorerik?

PIA.— Ez dogu nahi.

GIZON.— Pastore bat beharrezkoa da; animaliak obeditu egiten deutze, eta gizendu egiten dira. Morroirik bere ez?

PIA.— Nezkame bat gendukan, baina orain bakarrik gagoz.

GIZON.— Barkatu, kanpoan itxi ditut nire gauzak. (Kanpora urtetzen dau, eta berehala sartzen da barrura, eskuetan maleta bat eta fardel bat dakarrela; jezarri egiten da berriz be) Polita da etxe hau. Hurrundik torre baten itxurea daduka.

PIA.— Bai, ederra txabolea! Goiko ganbarea ikusi dozu?

GIZON.— Zer, ba?

PIA.— Bertan ezin leiteke oinik jarri, behera jauziko litzake guztia. Gabaz, aizea dagoenean, kolpeka hasten da: danba eta danba. Loak akabo. Nire illobea, hori entzunda gero, zoratu egiten da.

GIZON.— Danba eta danba. Leihoa lotu edo kendu, naikoa izango litzake. Nik egingo neuke lan ori.

PIA.— Bai, eta ganbara ta guzti lurrera etorri. Arriskurik ez balego, guk egingo genduan.

GIZON.— Noizdanik zagoze hirurok hemen, alarguna damatxo gaztea eta zu, gizonik barik?

PIA.— Bost urtian, nire anaia joan zanetik.

GIZON.— Zure kuñatea ez da barriz ezkonduko?

PIA.— Ez, berak ez dau holango ametsik. Baina zuk zer gura dozu?

GIZON.— Nik? Zure anaiaren adiskidea izan nintzan. Beragaz egon nintzan bere heriotz orduan, eta bere azken hitzak hartu nituan. Han, han behean gertatu zan, sufrimentuzko toki batean, Afrikan.

PIA.— Zu bere nere anaiagaz egon zinan preso? Bere laguna izan ziñan?

GIZON.— Bertan gengozanen artean beste lagun asko zituan zure nebeak, danak bere herrikideak, bere berbakuntza-kideak. Halan eta guztiz bere, apurka-apurka, ni hartu ninduan, alkarregaz hitzegin genduan, eta luzaroan egon ginan alkarregaz.

PIA.— Zu herbeztekoa zara?

GIZON.— Bai, hemengo nire prezentzia legearen kontrakoa da. Hemen bizi izateko baimenik ez dadukat.

PIA.— Oso ederto hitzegiten dozu gure modura.

GIZON.— Bai, hitzegitea asko guztatzen jat.

PIA.— Nongoa zara?

GIZON.— (Barreka). Hurrutiko leko batekoa. Han bero haundia egiten dau, hemen beste, baina hotz haundia bere egiten dau. Neguan karez itxiten ditugu ateak eta leihoak, gero etxeen barruan su haundiak piztutzen ditugu, eta ondo emoten dogu denporea. (Barre egiten dau).

PIA.— Eta bertan, zein da zure ofizioa?

GIZON.— Estudiante, asko estudiatzen neban. Pentzatu egiten neban. Nire izena Anjelo da. Anjelo Usoim.

PIA.— Eta zure sorterrira zergatik ez zara bihurtu?

GIZON.— Ez nendukan gogorik. Nik lurralde honetara etorri nahi neban, etxe honetara.

PIA.— Mandaturik bat ere ez eutsun nere nebeak emon? Horregatik etorri zatxakuz? Guri bere mandatu bat ekartzera?

GIZON.— Bai, horregatik.

PIA.— Neuretzat? (Ezetz dino Anjelok buruagaz). Neskatilearentzat? (Barriz ukatzen dau Anjelok buruagaz). Ah, bai, alargunarentzat. Ez dot uste asko tardatuko dabenik. Zuk ez dozu ezagutzen, jakina!

GIZON.— Ez.

PIA.— (Aseristazunez). Nere kuñatea da andre bat bere aurrean mundu guztia mira eginda gelditzen dana. Bere aurrean nik nire burua txiki arkitzen dot. (Barre egiten dau). Lehioak, kolpeka dagoanean, ekin da ekin dinosku: Agata! Agata!

ANJELO.— Zure kuñatearen izena.

PIA.— Bai. Etxe honek Agata daduka izena. Berari zor deutzagu; hemen usteltzea. Ba dakizu zergaitik? Bakartadeak, denporearen buruan zoratu egin gaitu. Nik, nire zorionez, laster joateko esperantza dadukat. Ofisial gradukoa izan zinan zu soldautzan.

ANJELO.— Bai.

PIA.— Nik izkuntzak erakusten ditut. Naikoa bidaje egin dot nire denporan. «Deutsche Sprachen? Vous trouwez joli cet en droit?».

ANJELO.— (Barriro esaten ditu gaizki itzok) (Barre egiten dau). Ez dot ulertzen.

PIA.— Urte betean bizi izan nintzan Vienan. Enoiz egon zara Vienan?

ANJELO.— Ez.

PIA.— Huri ederra bera! Jente dotorearen etxean bizi nintzan. Gabero joaten ginan teatrora, jaietara, galaz jantzita. Dantzan ba dakizu?

ANJELO.— Bai.

PIA.— Lehengo andrea ez naizela orain iruditzen zait. Abere bihurtua, zahar bihurtua, itxuzi bihurtua arkitzen naiz.

ANJELO.— Baina gizonaren begiak ba daki nun dagoan edertasuna. Zu ez zara itxusia. Amorioak izan zenituan Vienan?

PIA.— (Barre egiten dau). Bai, amorioak! Mundua guztiz txikia da. Urik nahi dozu? Ur preskoa? Egarri izango zara.

ANJELO.— Bai, asko estimatuko deutsut. (Mahaira hurreratzen da. Piak ura emoten deutza. Anjelok edan egiten dau). Ondo gagoz hemen.

PIA.— Etxean hau da presko egiten dauan leku bakarra.

ANJELO.— Ez dakizu? Ni bere zure antzekoa izan naiz. Zuek emen luzaroan egon zarie gizonik barik. Eta ni bere, han behean luzaroan andrerik barik.

PIA.— Bai, konzentrazino-kanpoan. Gogaitu egingo zenduan.

ANJELO.— Viena baino azkozaz itxusiagoa zan. Gizonak andrea behar dau, gura dau.

PIA.— (Maleziaz). Baina gero... libre itxi zituezan.

ANJELO.— Bai, baina gure zoritxarrez, bizioz beterik dago gizona. Bere izateak berak eragiten deutsa bertara. (Serebotasun tristeaz). Eta gainera ni, nire izaeragaitik beragaitik guztiz makurturik arkitzen naiz bertara, bizioetara; bekatuak deitzen deuzt. Zuri ez?

PIA.— (Barreka, baina urduri). Bai baina... benetan andre batentzat horrek ez dauka hainbezte inportantzi... Guk ez dogu horretan larregi pentzatzen.

ANJELO.— Baina halan eta guztiz bere, gizona gizon da, eta andrea andre. Zer egin leikie gizon-andre batzuek alkarregaz bakarrik dagozanean?

PIA.— (Barre egiten dau). Gauza asko dagoz munduan.

ANJELO.— (Seriotasun atseginaz). Senarrik ba dadukazu? Bestelako gizonik ez dadukazu?

PIA.— Baina... Barkatu egidazu...

ANJELO.— (Giza-legez eta hurreratu barik). Etxean bakarrik gagoz alkarregaz?

PIA.— Baina zer uzte dozu? Nere illobea dago, eta berari deituko deutzat horrelan hitz egiten badeustazu aurrerantzean. Nire kuñatea bere laster etorriko da.

ANJELO.— Zure kuñateak gaur gabean ostatu emoten badeust, ondo tratatuko nozu?

PIA.— Zoratuta zagoz? Ez dakit zer egin, ikaratu ala barre egin. Zu... herbestekoa zara. Jakizu, guk europatarrok, oso bestelan pentsatzen dogula gauza horreitan.

ANJELO.— Ez dozu nahi?

PIA.— Behin eta birritan esan deutsut niri horrelan ez itz egiteko. Hamar minitu dira alkar ezagutzen dogula, eta nire ganean deretxoa dadukazula uste al dosu? Baina ez zara konturatzen... zure portaerea barregarria dela?

ANJELO.— Bai, jakinaren ganean gelditzen naiz. (Dana ahastuta baleduka legez). Barkatu, baina ni sartu naizanean, zerbait harrapatu nahi zenduan putzutik. Zer erori jatzu?

PIA.— Putzura? Bai. (Lehengo kontura bihurturik). Begira nik ez zaitut ofenditu nahi izan. Ulertu egizu, mezedez, gauza batzuk ez dirala leku gustietan bardin onartuak izaten. Andre guztiak ez gara, zuk libre gelditu ondoren ezagutu dituzun horreik legezkoak. Behar-bada, uste ustelak hartu dituzu andreen gainean.

ANJELO.— Bai. Zer erori jatzu?

PIA.— Nora?

ANJELO.— Putzura.

PIA.— Ahuntz-narru bat. Asko ditugu.

ANJELO.— Eta ez dozu harrapatu?

PIA.— Katigatu egin dala dirudi; untzeak dagoz behean.

ANJELO.— Eta orain zer egingo dozu?

PIA.— Putzura jatziko gera. Zergaitik diñostazu?

ANJELO.— Mesede bat egingo neuskizu pozik. Oso zerbitzale naiz, ta gainera nere burua maite-eraso dot, dirurik ez dadukat-eta. Putzura jatsi behar dauala inork?

PIA.— Bai.

ANJELO.— Zelan?

PIA.— Eskillara bat daukagu.

ANJELO.— Baina ura?

PIA.— Arra bi besterik ez dago.

ANJELO.— Ez dago arriskurik?

PIA.— Ez.

ANJELO.— Nik egin neike hori. Narru hori hartuko deutzut.

PIA (Barreka).— Benetan egingo deustazu mesedea?

ANJELO.— Benetan. (Piak, bazter batetik sokazko eskillara bat hartzen dau, eta untze batetik dingilizka putzu barrura botatzen dau. Anjelo petralera makurtzen da eta putzu barrura deadar egiten dau). OO...Oooo... Ba noa lurrera! (Piagana biurtzen da, barre egiten dau, eta barrura sartzen da).

PIA.— Gauza seguroa da zuek gizonak berebizikoak zariela. Lehen ezan deustasuna jatort gogora. Andre bat ez dakit zelan deseatu leikean inork... aurretik, holango kariño edo maitasun bat sortu barik. Hori niri abereen kontua iruditzen jat. (Denpora gutxi dala, beste andre bat, Agata, kanpoko atean agertu da, eta ikusia izan barik baina ezkutatu barik begiratu egiten dautzie).

ANJELO.— (Putzura jasteko preparatzen da oraindik). Seguru dago? Ez dago arriskurik?

PIA.— Ez, mesedez, ez bildurrik izan. Zuei gizonei, bardin deutsue andre batek edo bestek. Nigaz gustatu zariela ez deustazu esango. Zergaitik gustatuko zineke nigaz, beste barik? Edo bestela, berotasunak burura igon deutsu? (Anjelok jakea erantzi dau, eta barrura prestatzen da). Seguru asko, andre guztiei esango deutsezu beste horren beste. Zirimonia bat balitz legez, bertan intentziñorik jarri barik. (Anjelo putzu barruan sartu da guztiz. Piak bere barrura makurtzen dau burua). Hotz egiten dau hor barruan?

ANJELO.— (Oihartzunek itotako bozagaz) Bai.

PIA.— Eldu zara?

ANJELO.— Bai.

PIA.— Arkitu dozu?

ANJELO.— Ba, oraindik ez.

PIA.— Beste gauza asko be erorita egongo dira hor barruan. Erropak eta. Itxadoizu, argi baten bila noa. (Arineketan doa putzutik, eta Agatagaz egiten dau topo; Andre biek zerbait dirotzie alkarri boz bajuan, gero alkarregaz desagertzen dira, eta agertokia hutsik geratzen da).

ANJELO.— (Putzu barrutik kantu hau kantatzen du):

                  Esebi-utu-sehe

                  bi-be-ba

                  esebi-utu-sehe

                  bi-be-ba

                  allela txika

                  fallu mana

                  bibete bibete

                  bibete ba

                  allela txika

                  fallu mana

                  bibete bibete

                  bibete ba.

 

(Agata barriro sartu da barrura, eta mahaiaren ondoan jarrita itxadoten dau).

 

 

 

Hirugarren agerraldia

 

ANJELO.— (Barrutik) Gauza asko jasotzen ditut. (Barrutik narru bat eta trapu bustiak botatzen ditu, eta askenean kanpora ateratzen da, eskuan botilla bat daroala; Piaren ordez, Agatarekin arkitzen da; harritu barik begiratzen deutza). Begira zeinbat gauza atera ditudan. (Botillea erakutziaz). Honen moduko asko dagoz, otzara bete, untze batetik dingilizka. Irakastlearen denporakoak ete dira?

AGATA.— Bai.

ANJELO.— Eztia?

AGATA.— Orreagaz egina.

ANJELO.— Hemen fabrikatu dozue? Nekaziak egin daue?

AGATA.— Bai.

ANJELO.— Dastatu egingo dot gero, zure baimenagaz, ia indarrak artzen ditudan. Irakatslearen andrea zara zu?

AGATA.— Bai.

ANJELO.— (Piagaz batera sartzen dan Silbiari señalatuaz). Eta damatxo hau alabea izango da, Silbia.

AGATA.— Bai.

ANJELO.— Polita. Gaztea. Orain neure burua legortu behar dot, bestela katarroren bat hartuko dot. (Piak esku-pañu bat emoten deutsa. Anjelok bere burua legortzen dau). Indartzua naiz, oso indartzua naiz, baina bide batez oso biguna, neurritik pasatzen banaiz kaltea besterik ez jatort osasunerako. (Piari ukondoa señalatzen deutza). Etorri, oratu egistazu hemendik. (Silbiari beste ukondoa señalatzen deutza). Eta zuk beste beso honetatik. Hea. (Piak eta Silbiak, bildurrez bada bere obeditu egiten dautse). Otoitzean banengo legez, eskuak juntatzen ditut. Eta zuek gogor tiratzen dozue, bakoitzak alde batetik, hea separatzen deustasuesan eskuak. Animo eduki. (Piak eta Silbiak alperrik tiratzen dabe, gero barre egiten dabe eta ez dabe gehiago tiratu nahi). Ez leukie lortuko lau gizon sendok batera bere. Ni guztiz indartsua naiz. Baina nire buruagaz kontu haundiak eduki bear ditut, eta ondo alimentatu behar naiz. Oso garbia naiz ganera, etxe baten barruan ni edukitzea gloria bat da.

PIA.— (Zirikatu nahirik). Zu emakume bat baizen guria eta gizena zara.

ANJELO.— (Pozik). Bai, baina halan eta guztiz bere, gaitz haundiak supritu ditut. Nere birtutea da asko lo egiten dodala, eta inori sekula ez deutsadala kalterik egin.

PIA.— (Txantxetan). Zelango kixkurrak dadukazuzan buruko ullean; bildotz bat dirudizu.

ANJELO.— Zu bere narru mehekoa zara, ikusten dodanez. Nere arrazako andreak oso baltzune askokokoak dira, eta bularrak laster gizentzen jakez, baina halan ere gizonarentzat oso egokiak dira azkenean, eta maitasun-kontuetan ondo portatzen dira.

AGATA.— Konzentrazino-kanporen batetik zatoz?

ANJELO.— Bai, nik beti dinotsat neure buruari: «pazientzia». Zentzun haundirik ez dadukala idurituko jatzue: baina nik asko pentsatzen dot. Nere buruaren gaiñean gauza larregi esaten ditudala pentsatuko dozue, seguru asko; baina nere burua ezagutzera emon behar dot, ez da? Egia esateko, kariño handiak behar ditut. Kariñoa zan han behean falta genduena. (Burua mogitzen dau; orain esku bat erakutsten dau, hatzamar lodia ondo gora; beste eskuagaz hartu eta ateratzen daualakoa egiten dau, baina doblatu besterik ez dau egin, eta badirudi esku horrek hatzamar lodia galdu dauala. Barre egiten dau).

AGATA.— Denpora asko da libertadean jarri zaituela?

ANJELO.— Bai. (Beti prestuaren etxuran). Dirurik eduki ez dodalako, tardatu dot hainbeste honera etortzen. Zoritxarrez, zarri azkotan, ez naiz beti hain garbi portatu horregaitik. Gainera, zertan emon behar jakon gizonari zuhurtasuna gero aregaz ez baliatzeko? Oso listoa naiz. Baina batzutan behar egin dot.

PIA.— (Burla eginaz). Hori gauza grabea da.

ANJELO.— Bai, errota haundi batean; liburuetan eskribitzen neban nik, baina laster tristetu nintzan. Jente tontoa zan, bapere eskolarik bakoa; handik, urunagatik, mundu guztiak urtetzen eban zuriz zikindurik. Gainera nik neure pentsamentu guztiak etxe honetan nendukazan jarrita.

AGATA.— (Gogortasunaz). Zergaitik?

ANJELO.— Zuen gainean asko entzun nebalako berba egiten. Hiru emakume dagozan etxea. Emakumeak bakarrik (Barre egiten dau). Benetan, emakumearen usaina dago. (Serio paraturik). Ze arraiotarako irabazten neban dirua errota haretan, eta oihal dotorezko jake bat erosi, nire gogoa triste baegoan? Niri pentsatzea gustatzen jat, gauza gaitzak errezak bihurtzea. Irakurtzea, eta gero, hatzamarra barruan itxirik liburua itxitzea. Lo egitea akaso, gero itzartu ta gero, pentsamentuz aldatu naizela ikustea. Silbia damatxoaren zaletasunik haundiena liburu onak irakurtzea dala enteratu nabie. Ez da halan?

SILBIA.— (Urduri-xamar). Bai.

ANJELO.— Eta ganbarako leihoa? Leiho horrek gure damatxoari loa kentzen deutsala ba dakit. Asko dakit nik.

SILBIA.— Bai.

ANJELO.— Eta zure estudioak? Zelan doaz zure ikasketak? Karu atarako jatzu Unibersidadea.

SILBIA.— Naiko karu.

ANJELO.— Baina gauzen arrazoia ezagutzea ederra da. Eta orain? Bakazinoetan?

SILBIA.— Geisorik egon naiz, eta guztiz osatu arte geratzeko eskatu eustan amak.

ANJELO.— Baina zorionez, hori gusti hori pasatu da, zure matrallak kolore sendoa dadukie. (Besteari). Ba dakizue zer dan neuri gehien gustatzen jatana? Berba egitea.

PIA.— Hori esatea ez zan beharrezkoa. Hemen agertu zareanetik, ez zara momentu batean bere isildu.

ANJELO.— (Estitasunez) Berba egiteagaitik, jateari bere itziko neuskio. Arrazoinamentuak gustatzen jataz, esaera ederra. Beragaz konforme bazagoz, edo hasieran ez bazagoz bere, edozeinegaz berba egitea. Denpora gutxiren buruan, berba egitearen eta trankil erantzutearen indarrez, zuhurtazunez eta graziaz, ba dakizue zegaz konturatuko garean azkenean? Hasieratik gengozala konforme. Eta ez dakizue zergaitik?

PIA.— (Burlaka) Esaiskuzu.

ANJELO.— Gizonak, eta zelan ez, andreak bere, beti gagozalako konforme. Konforme gagoz eta ez dakigu. Nebarrebak legez (Hemen kontrario hasarratu baten boza imitatzen dau). «A! Nebarrebak legez, oi. Bai, nebarrebak legez. Eta pekatua? Nebarreben arteko pekatua zelan emongo dozu zuzentzat?» (Kontrario horreri erantzungo baleutza legez). Pekatua sortu egiten da, egia da; lurraren lezamiñak baltzak diraki. Neu bere, oso pekatari haundia naiz, lurraren lezaminak baltzak egun batean behin baino geiagotan bultzatzen nau emakumeagana; baina halan bere nik hori despreziatu egiten dot, nere arimak bakarrik deseatzen dau nebarreba-arteko alkartze erru-bakoa. Eta alkartze erru-bako horretan pekatua sortzen bada? Ondo dago, baina hori ez da hamiltegi bat. Gauza guztiak kreatu zituanak, Berak sortu eban materiaren mundua, arima eternoari atsegina emateagaitik, honek gauza bat behar eban-eta. Eta zer da pekatua? Arimearen emorazino hori bete eta kunplitua izaten dan medioa eta bidea. Emakumeentzat, oso eskolatuak direanentzat bere, ideia oso gaitzak dira oneik. Baina hau egia da; eta besterik baderitxazu gure harrokeri madarikatuak bultzatzen gaitu orrela uste izatera.

SILBIA.— Egia da nire aitagaz egon zariela?

ANJELO.— Jakiña.

SILBIA.— Parkatu. Familia asko holan engañatu izan dira.

ANJELO.— (Itxadon bagako asarreagaz). Ez zarie nigaz fidatzen? Zergaitik ez zara nigaz fidatzen?

SILBIA.— (Bildurrez) Benetan berba egin zenduan beragaz?

ANJELO.— (Mantsoturik) Egunean, egunean, hiru urtean.

SILBIA.— Eta zeren gañean egiten zenduen biok berba alkarregaz?

ANJELO.— Gauza askoren gaiñean, hiru urteko egun guztiak betetzeko behar den aña. Beren biotza zabaldu eustan. Begira: berak esan eustan honera etortzeko. Bera etorriko ez zala ulertu ebanean, bere ordez etortzeko eskatu eustan. (Isil-aldia). Horregatik jarri nintzan bidean. Afrika eta Europako lekurik ederrenetan egon naiz; baina etxe honek deitu egiten eustan. Jantzi hobeakaz presentatu nahiko neuke neure burua. Ezagutzen ez dan gizon bat erregaloakaz datorrenean, ezagutzen hasten da. Erregaloakaz hobeto onartzen da gizona etxe batean. (Piari) Arjelian, zuretzat, denda eder batean, zedazko soineko bat aukeratu neban. Ha zan bai, zedea! Merkatariak galtzeko arriskuagaz negar egiten eban. Eta gainera ez zan hain karua. (Silbiari). Zuretzat barriz, Parisen ontzi bi perfume aukeratu nituan, munduan egoan onena. (Agatari). Zuretzat, etxeko andrea zarean ezkero, erregalo karuago bat ekarri behar neban; harri baltz bategaz hornituta egozan belarritako batzukaz gelditu nintzan. Hile askotan usteldu barik gordetzen diran gozoki batzuk bere guztiz egoki ziran; eta animalitxo txiki bat bere ikusi neban, kaiola batean edukitzekoa, oso mantzoa auhatxo bigunakaz eutsirik, urreitzak jango dituana. Ene! Kontu haundiak hartu nituan zuentzat erregaloak aukeratzeko, zuen gustokoak izan eitezan. Aukeratu bai, egin nituan baina erosi ez, dirurik ez nedukalako. Uste dot zuentzat bardin izango dala (Luzaro barre egiten dau berari grazia egiten deutsan grazia merkeagatik). Bromea parkatu egistazue; gizon batek andreak alegratu behar ditu. Zuek, hemen hirurok bakarrik, brometan ibiltzeko gizon barik, oso triste egon zarie orain artean; eta gainera beti leiho hori kolpe eta kolpeka. (Barre egiten dau).

AGATA.— Parkatu, serio eta txantxa barik egizu berba. Ba zenedukan motiboren bat honera etortzeko?

ANJELO.— Bai, guztiz importantea.

AGATA.— Neure senarra iltzen ikusi zenduala egiaskoa al da?

ANJELO.— Presente negoan.

AGATA.— Eta mandaturen bat emon eutsun guretzat?

ANJELO.— Bai.

AGATA.— Ezaizu beraz, lehen eta betiko, zer dan.

ANJELO.— Esango neban oraingo, baina dakardan mandatua ez da hirurontzat.

AGATA.— Norentzat?

ANJELO.— (Momentu baten buruan). Zuretzat. (Isilaldia. Pia eta Silbia zutundu eta joaten dira).

 

 

 

Laugarren agerraldia

 

AGATA.— (Buru-makurrik). Zer gura eban ene senarrak?

ANJELO.— Horrela tristetu zaitudalako damu dot.

AGATA.— Ez nozu tristetu.

ANJELO.— Zeren bildur zara?

AGATA.— Ez naiz ezeren bildur. Benetan ez dakizu ezer?

ANJELO.— Zeren gaiñean?

AGATA.— Zu beren partetik zatoz. Baina berak, zeguru asko ez eutzun egiarik esan. Gutxitan ezaten eban, uste baeban bere esaten ebala.

ANJELO.— Zelango egia?

AGATA.— Gauza bat bakarrik, berari gorrotoa gordetzeko arrazoiak dadukadazala, eta haren izenik aipatu bere ez dodala nai.

ANJELO.— Nik ez nekian hori.

AGATA.— Ba dakizu zergaitik joan zan neure zenarra, zegatik egon zan preso, zergatik hil zan han behean?

ANJELO.— Gerra bat egon da.

AGATA.— Ez. Ez horregatik. Neugandik iges egin nahi izan eban. Dana dala, bera hemen egoanean bere, bakarrik aurkitzen nintzan ni; geroago ulertu dot hori.

ANJELO.— Oraingo zure bizi-modu hau, bakartade hau gorrotatzen dozu?

AGATA.— Ez. Senideak ditut oraindik; gura baneu hemendik joango nintzake. Baina ez dot gura. Gauzak honela gertatu dira, eta bizitzeak ez daduka barriro hasterik.

ANJELO.— Eta zergatik abandonatu zenduzan?

AGATA.— Lotsatu egin zan. Guzurra maitatzen eban, erretolikaz beteta egoan.

ANJELO.— Zergatik ezkondu zinan beragaz?

AGATA.— Neure fedea beragan jarrita nendukan, bere beharra arindu nahi neutzan. Gustien iritziaren kontra ezkondu nintzan beragaz. Beragaz ikasten eben neskatila guztiak enamoratuta egozan beragaz. Apostolu bat balitz legez tratatzen eben huriko jente guztiak.

ANJELO.— Eta zelan etorri zinien honera?

AGATA.— Historia luzea da hori. Nik ekarri neban honera. Jakitea komeniko jatzu. Jentea Henrikegaz hasi zan zartzen beraren kontra. Ni, hasiera batean, harrotu egin nintzan: mundu guztiaren kontra aurkitzen ginan barriro biok bakarrik. Baina gero inbidi hareik, tranpa hareik, zerbait zikintzen eben bion artean. Nik ekarri neban honera (Tristerik). Humea izan nintzanetik, beti nahi izan dot, dana edo bestela ezer bere ez; paper zuri bat zikintzen bajatan, papera apurtu behar izaten neban; erretolikoak naikoa sufrimentu ekarri deust. Diru apur bat nendukan, eta dana bertan bera itziteko eskatu neutzan: huria, egin-behar guztiak; munduaren kontra benkantzea hartzeko. Besarkatu egin ninduan; behoña ordi bitan gendukan. A zan komedia, a! Biok bakarrik mundutik hurrun; gure ideakaz, gure maitasunagaz, gure egiagaz. Horrexegaitik etorri ginan honera. Hau da guztia.

ANJELO.— Eta hemen, zer aurkitu zenduen?

AGATA.— Bakartade hau, isiltasun hau.

ANJELO.— Zer ezan nahi dozu?

AGATA.— Egun guztiak bardinak zirala. Behar bada, zentimentuak, kanpotik eragiten ez baditu, nekatu egiten dira. Gastatu egiten dira, hutsik gelditzen dira. Nere zenarrak ez eban beharrik egiten.

ANJELO.— Eta zer egiten eban?

AGATA.— Ogean egon. Gutxitan egiten genduan berba alkarregaz. Ordu luzeak, egunak eta egunak, hitzik esan barik. Alkarri esateko ez geunkan ezer. Dana zan... izugarriro erreza; eguna eta gaba, aizea eta afaria... eta gu biok. Nire zenarra ni ikusi ez gurarik asi zan. Bakarrik bakartade hau, mundutik hurrun egote hau, aizea... (Barre egiten dau)... eta ahuntzak.

ANJELO.— Ahuntzak?

AGATA.— (Barre egiten dau). Bai, hori entzuten genduan, hemengo isilpe sakonean, ahuntzen marrakea. Guretzat ahuntzak guztik importanteak dira, gure bizi-modua dira-ta.

ANJELO.— (Interesatuta). Emea? Gaztai? Antxumeak?

AGATA.— Bai, ahuntzak. Begi gaiztoak daukiez, baina oso tristeak. Adi-adi dagoz.

ANJELO.— Gabea esagutzen dabe. Gure herrian pastore asko dagoz.

AGATA.— Alkarri oso gutxitan berba egiten geuntzala esan deutsut. Geroago mututasun haundi bat jausi zan gure gainean. Nire iritzian pentsamentua hitzen beharrean dago; berbarik berba dabil pentsamentua hari baten legez; pentsamentuak hitzen ohiturea galtzen badau, apurka-apurka, itxurarik bagako gauza ilun eta itxusi bat egiten da. Orduan hasi nintzan entzuten berba bakarrak... (ia ez dau barrerik egiten)... Ahuntzen marrakak ziran. Orduetan eta orduetan belarraren gainean etzunda nengoala, areik aditzen nituan. (Isil-aldia). Egun batean senarrak iges egin eban, eta ordutik ona ez dot bere ikusterik eduki. Iges egin eban. Bakarrik joan zala uste dau munduak. Harroa naiz eta ez deutsat inori esan.

ANJELO.— (Jakin-gurarik) Eta zeren errua botatzen deutzazu?

AGATA.— Engañatu egin nenduan. Berak siñistutzen ez zituan gauzetan sinistu-araso eustan.

ANJELO.— Engañatu izan zinan, baina zuk engañatua izaten nahi zenduan. Goiko mallako gizon bategaz ezkonduta egotea nahi zenduan.

AGATA.— (Boz bajuan). Nere zenarrak hemendik joan zanean zer egin eban ez dakizu zuk. Antzinako adiskidetasunak, baliorik bagako emakumeak, honra guztia galtzeko egitadak. Hori behar eban berak. (Boza dardaka) Baina gehien aratu ninduana beragan nendukan fedea eta konfiantzea izan zan. Bizitza oso bat! dana galduta! Eta orain hemen egon beharra... urteak joan daitezela itxadoten. (Isil-aldia).

ANJELO.— Hil direnak parkatu egiten deuskue, eta guk hareiri parkatu behar deutsegu.

AGATA.— Gauza horreik ez dira nere gogokoak. Illundu honetan ez dago parkazinorik. (Irripar triste bategaz). Hori da neure inikea. Gorputz batek miligramo bat geiago badaduka, urpera doa eta kito. Jaungoikoa bera bere lege honen azpian dago; zelan pentsatu leiteke Jaungoikoa gizon azeri bat dala, gero mantzotutzeko asarratzen dana? Gertatzen dana, behin eta betiko gertatzen da.

ANJELO.— Eta infernua?

AGATA.— Hume-denporan ametsetan agertzen jatan beti infernua. Orain bere...

ANJELO.— Orain bere?

AGATA.— Ezer ez dagoan kaos huts bat baino, maiteago dot infernua. Eskapurik ez dagoan infernu bat. Holan ez dago aurrerantzean gehiago bertan pentsatzerik.

ANJELO.— Berba bat, asko sufritu dozu.

AGATA.— Egia esan behar badot ez... Harrigarria da baina ez. Ezer sufritu ez dodala neure berbea emoten deutsut. Beste gauza bat da. Nere fedea da, apurturik ikusi dodana.

ANJELO.— Zure fedea?

AGATA.— Esplikatzen ez da errez. Behin batean...

ANJELO.— Behin batean zoidan.

AGATA.— Nere zenarra joanda egoan orduko. Ni beste askotan legez, belarraren gainean etzunda nengoan. Nere inguruan auntzak egozan belarra jaten, neure inguruan, niri begira eta beee! egiten eben; zeruan ez egoan hodeirik. Nik ez nituan ahuntzak ikusten. Euren oihuak sentitzen nituan, euren usaina sentitzen neban... eta ez nengoan triste, ez eustan ardura. Ezergaitik bere ez neban ardurarik, ez neure senarragaitik, ez bere iges egiteagaitik, ez bere heriotzagaitik edo erdi-jausita dagoan ganbareagaitik; ez eta neure alabeagaitik bere. Eta bat-batean pozik aurkitu nintzan bertan, belarraren gainean etzunda. Pentzatzeari itxi neutzan; deskantsatuta nengoan, eta neure gorputzaren pisua belarraren gainean sentitzen nebalako kontentuz nengoan; beste gauzarik ez egoan neretzat munduan.... eta orduan sentimentu bat sartu jatan bihotzean... bakarrik aurkitzen garanean burura etortzen jakuzan idea barregarri horreitatik bat. Neuk bere, ahuntzen modura, beee egiteko guraria gertatu jatan; belarra jatekoa. Ahuntz batek begiratzen eustan; eta beee egin neban. (Barre egiten dau). Bai. (Isil-aldia). Ez dakit zergaitik kontatzen deutsudan hau, barregarria da. (Isil-aldia).

ANJELO.— Andrea, gustatuko jatzun gauza bat esan behardautzut. Zure senarraren gogorasioak etxe honetara bihurtu ziran. Bai, etxe honegaz ainbeste hitz egiten eustan eskero, neuri bere hemen nonbait bizi izan naizala iruditzen zait. Neugan konfiantzea eduki eikeala ulertu eban. Berak esan eustan: «Zoaz, Anjelo, hiru andre horreik bakarrik dagoz han, laguntzera zoaz. Neure ordez zoaz zeu».

AGATA.— (Gogortasunaz). Komedia horregaz etxea eta ogia irabazi dozula uste dozu?

ANJELO.— Andrea, zure senarrak esan eustan. Gizon batek bere balioa dau hemen. Zure zenarrak bere liburuez, bere lanez hitzegin eustan, eta nik jarraituko nituala espero eban.

AGATA.— Eta hori gustatuko jatan?

ANJELO.— Egia esateko, beste gauza bat da, baina bidea aurkitu nahi neban ofenditu barik ulertzera emoteko.

AGATA.— Bai, ba dakit zer esan eikean nire senarrak nire gaiñean. Emakume barregarri bat naizala, inork agoantatzen es dauana.

ANJELO.— (Barre egiten dau). Ez andrea. Zure gainean berba egin eustan zure senarrak. Etxearen gainean zure alabearen gainean baino gehiago berba egin eustan. Beste ezeren gainean bere ez eustan berba egin, egia esateko. Zure gauza asko kontatu eustazan... baina gauza horreik inportantziarik ez daukie. Beste gauza batzuek dira. Begira, andrea: gomutazinoak, gogorazinoak, gauzen parekoak dira, denporeak eta hurruntasunak, azidoak balira legez, gastatu egiten ditue. Zure gauza askotzaz ahaztu zan zure zenarra, eta halan bere beste asko gogoan eukazan. Gizon bi alkarregaz naufrago bi ugarte batean legez alkarren barri jakin barik dagozanean, edozertzaz berba egitea legezkoa izaten da. Sekretuan dagozan gauzak bere legezkoak dira. Holango alkar-berbeta delikatuak hasteko ba dago gainera bide egokia: Barrezka hasten dira inportantziarik ez dadukielakoa egiten da. Eta azkenean gauza harrigarriak esaten dira. Askotan ez eustan esaten zu zinala. Zehastazunik emon barik, andre baten kontuak esaten eustazan. Bera argia zan; baina ni argiagoa; zelatan nengoan eta gauza bakoitzari bere sentidua emoten neutsan, askenean dana ulertu arte. Zu zinan. Beti zu. Zure zenarrak, gaisorik balego legez, zure gainean hitz egiten eban bakarrik.

AGATA.— Berba batean, zer esan eutsun nire gainean?

ANJELO.— Esaten eban... (Lotsa balitz legez barre egiten dau). Andrea, zuk han behan, ez zendukan arroparik. Parkatu egizu, gure artean biluzik zengozan. Zure zenarrak bakarrik gordetzen eban gogoan okasio batzutan beretzat zer izan zinan. Argitasun miragarri bategaz. Sudur-puntan izerdia eukan. Bertan zure zizpururik arinena entzun neban. Interesatua nengoan ni. Emakumerik ez gendukan baina asko erabiltzen genduan andre-kontuak. Baina zugaz beste gauza bat zan. (Barre egiten dau). Hemen sartu naizenean, ez neban zure arpegirik ezagutzen, baina bai gainerakoa. Ofenditzen bazara, ez naiz harrituko.

AGATA.— (Despresioz). Gizon-klase batek gauza jakin bat maite dauala ba dakit.

ANJELO.— Baina gu ez ginan holangoak. Andrea, gizon eta andre batek alkar besarkatu eta maitatzen badabe, zenbait momenturen buruan, mundurik ez dago, memoriarik ez dago, ezer ez dago! Bata eta bestea, momentu apur batzuetan, izenik eta lokarririk bako gauzak dira, harri baten modukoak. Eta harri horretatik deadar-moduko batek urteten dau. Harri horrek dolorez konfesatzen dala dirudi. Maitasuna oso gauza bakartia da, agotan ez erabiltzeko eta gogoan ez gordetzeko sekretu bat. Zure senarra barriz sekretu horren zalatan eta erreparoan egon zan, eta niri kontatu eustan.

AGATA.— Zure berbak nazka ematen dauste. Nora eroan nahi gaituzu?

ANJELO.— Asko ezagutzen zaitudala probatu nahi deutzut. Zuk ez dakizu zu nor zaran, baina nik bai, ba dakit.

AGATA.— Eta nor naiz?

ANJELO.— Zergaitik zure zenarra, heriotzara bidean jojan bitartean, egunez zu zinan andreaz ahaztu eta gabaz zinan andreaz gogoratu zan? Azken hau egiaskoa zalako, eta bestea ez. Orain artean, zuk zure burua haurtxo baten gorputz hila kaxa baten barruan eroan dozu.

AGATA.— Eta nire arimearen sakonean zer naiz ni?

ANJELO.— (Lotsa balitz legez barre egiten dau; eta gero hau esaten dau, liburu batean irakurriko baleu legez). «Maitasunak basoetatik korrika egiten dau, basurde baltz eta itsusiari hotsegiñaz». (Barre egiten dau). Holango konturik ez dadukan erlijiorik ez dago munduan. Nik apurbat ikasi dot. Zuek Persifal deitzen deutzazue, eta abere bihurturik zezenari entregatu jakon. Honen iturburua ez dago sentimentuetan. Ulertzen dozu? Ariman dago. Goitik behera urratu eta gizontasuna galdu nahi dauan arima artega eta hasarratuan. Hori ez da lotsagarria. (Isil-aldi luzea; boza bajatzen dau). Zu zara hori: (Agata pizkatean geldi dago, gero trapu busti bat lurretik harturik, zigor bat balitz legez aurpegian jotzen deutzo. Anjelek dino eskua matrallaren gainean daukala, geldiro eta hasarratu barik). Kolpe hau bihurtu egingo deutsut. Momentu batean bere ahaztu barik eduki zaitut gogoan orain artean, eta asko deseatu zaitut. Honegatik etorri naiz honeraño zure bila, beste inun ezin egon neitekean-da. Gabero zajatortaz oge-ondora, erantzi egiten zara, eta alkarregaz gagoz. Aurrerantzean holan jarraituko dogu. Gauza zuzena da, arrazoizkoa. Zuk bere hori nahi dozu.

AGATA.— (Deituaz). Pia! Silbia!

 

 

 

Bostgarren agerraldia

 

PIA.— (Plater bat harturik mahaiaren ganian paratzen dau). Goseturik egon bear dozu; hemen gura ba dozu esnea eta gaztaia dadukazu; eta ogia.

ANJELO.— (Hurreraturik jezarri egiten da). Gusto dot bai. Eskatu behar neutsun. Eta zuek? Ez dozue afalduko? Gaba egin da.

PIA.— Guk askozaz lehenago afaltzen dogu, jente baserritarraren bizitzara ohitu gara. Ordu erdi barru, ogean sartuko gara.

ANJELO.— (Botillea ikuturik). Ederto, baina edan egin behar dozue, mahaiaren aurrean bakarrik egon ez nadin. (Jaten dau). Basoak ekarri, behin bakarrik ez deutzue kalterik egingo. Nire adiskideak gorde eban, alkarregaz edaten badogu poza hartuko dau.

PIA.— Benetan nahi dozu basoak atara dagidasala?

ANJELO.— Bai, atera. (Basoen bila doa Pia. Anjelok, jan eta berba egiten dau batera). Kriselu bat izatu. (Silbiak kriselu bat izatu eta emoten deutsa). Gelarik ez badago ez deutsa ardura. Hor (narruak erakusten ditu) ederto lo egin neinke, oge baten barruan baño hobeto; narruak egoki zabaldu ezkero, gorputzak ondo deskantsatuko dau hor. Beste gauza txarrago askotara ohituta nago. (Piak botilleari kortxoa kendu deutsa. Anjelok basoak betetzen ditu). Edan maiteak. Zuek orain artean pastorerik bako ahuntzalde baten modukoa izan zarie. Gizonaren boza entzuten badozue kontsolatu egiten zarie. Gaztai ederra, hau, bikaina! (Agata pizkat basterrera geratu da, eta berari berba egiten deutsa). Ahuntzen eta pastoreen arteko kontuak agotan hartzen dira sarri neure herrian. Lehen esan doguna etorri jat gogora barriz, andrea. Gauza oso esaguna da zelan hiletan eta hiletan ganaduagaz egon da gero, pastoreak gizonaren hizkuntzeagaz eta ohiturakaz aspertu egiten diran. Horregaitik, aldamenean inor ez dagonean, belartza haundietan ahuntzakaz bakarrean dagozanean, pastoreak marraka egiten dabe. Bai, ezkutuan gordetzen dabe, baina hori erraz ulertzeko gauza da, gizonakaz berba egiten dabenean, ez dabelako atentzinorik jartzen. (Jaten dau). Ahuntzak, apurka-apurka, ba dakizue pastoreagaz enamoratzen dirala? Beti begiratzen deutse, aldamanetik ez jakie apartatzen, bultzada arinak emoten deutziez. Pastorea konturatu egiten da azkenean, eta denporearen buruan... alkar maitatzen dabe; bedartzetan gizona eta emakumea baino batuago gertatzen dira. Ahuntzetarako pastorerik onena deabrua oi da. (Edaria dastatuta gero). Ederra. Baina zuek ez dozue edaten? (Piak eta Silbiak egiten dabe. Anjelok bere barriro edaten dau, gero putzura hurreratzen da eta barrura hitzegiten dau). Eskerriskasko, Henriko, botillea primerakoa izan da; behar dan garaian gainerakoak bere edango ditugu. (Emakumeakana bihurtzen da, eta kinuak eginik, putzura doa barriz). Ez da egia Henriko, hemen gelditu nadila nahi dozula? Gutxienez belarrak zegatzen diran arte? (Erantzunari itxadoten deutsalakoa egiten dau). Baietz esan dau. Orain putzua itxiko dogu. (Putzuaren gainean oholezko tapa astuna jarrita gero, bihurtu egiten da). Gizon barik, zelan konpontzen zarie? Eta lan gogorrak? Eta neguan? Gainera, eta laguntasuna? (Kantatzen dau, bat-batean):

                           Esebi hutu see

                           bi be bo

                           esebi hutu sehe

                           bi be bo

                  Nere lurreko kanta bat da, kanta oso luze bat; holan diño: «Gizona bajatortzu andrea, zapatak erantzi egiozuz, eta oinak garbitu. Eta garbituta gero, emoiozu jaten. Eta jaten emonda gero, emoiozu edaten. Eta edaten emonda gero ogean sartu-erazo egiozu». Eta aurrera zegitzen dau gauzeak. Lenengo puntua kantatu egizue. (Hasten da).

                           Esebi Utu behe

                  (Señaleak egiten deutzez koruan kantatzeko).

                           Bi be bo

PIA.— (Anjelogaz batera) Bi be bo

ANJELO.— (Silbiari) Eta zuek? Hia, aurrera zuek bere. (Barriro hasten da).

                           Esebi utu sehe

PIA eta SILBIA.— (Anjelogaz batera). Bi be bo

ANJELO.— Esebi utu sehe.

PIA eta SILBIA.— Bi be bo.

AGATA.— (Aurreraturik kantuak galazotzen ditu). Hemen ezin gelditu zeinkela esateko preminan aurkitzen naiz. Zuk esan dozuna egia izango da; nere senarraren adiskidea izango zinan. Baina guk, hemen ez dadukagu behar añako mediorik, ez eta lekurik bere. Orain deskantsua hartu dozu, mokadu bat jan dozu eta joateko mesedea eskatzen deutzut.

ANJELO.— (Pizkatean isilik egonda gero). Joan behar dot?

 

ANJELO.— (Hitzik gehitu barik jagi egiten da, bere erropak konpontzen ditu, eta urtetzera gertatzen da; atetik bihurturik atsegintasunaz dinotse). Gabon. (Eta badoa).

 

 

 

Seigarren agerraldia

 

(Agata, momentu batzuren barruan, atera doa, eta aldabea jatsita, itxi egiten dau).

 

SILBIA.— Ez edukan zergatik gelditu. Oso toki bakarrean gagoz. Gertaera izugarriak gertatu dira hortik, zelan eskaleak eta aberri-bakoak, etxe batean sartu diran, eta gero, gabean, hil eta erre egin daben. Gizon horregaz ez nintzan trankil egongo.

PIA.— (Kriselu bat izotzen dau eta ba doa). Ogera noa. (Gelditu egiten da, eta deiadar batean legez dino) Hurira zergatik bihurtzen ez garan jakin nahi neuke. (Agatari). Zure errua da, eta ni gogaiturik nago. Nik ez dadukat zergatik neskame bat izan, eta eskuakaz egun osoan lan egin. Zuk hori egin nahi badozu, libre zara. Baina ni ba noa, ulertzen dozu? Bizi-moduren bat aurkituko dot... (Isildu egiten da). Zer gertatzen da? (Hurreratu egiten da).

AGATA.— (Anjeloren sakua ikusten dau). Sakua itzi dau. Apropos egin dau, bihurtzeko aitzakia. Bihurtu egingo da. (Atzera bihurtzen da. Silbia ere bai).

PIA.— (Leihora egiten dau korrika). Ez, ez dago inor. (Atzera dator). Joan egin da. (Sakua hartzen dau eta barruan begiratzen dau). Trapuak dagoz bakarrik. Izerdiaren iratza dadukie. Hau nazkea! (Histeriaz). Hau nazka izugarria! Marea egiten nau... (Ba doa).

SILBIA.— (Kriselu bat eskuan daroala, ba doa). Gabon, ama.

AGATA.— Gabon. (Geldi gelditzen da momentu batean; gero kriselu bat harturik, ba doa. Momentu batzutan geratzen da hutsik agertokia. Baina kriseluaren argia ez da larregi hurrundu, alboko gelatik zabaltzen da-ta oraindik agertokira. Norbait, ilun-artean ba dator. Agata da. Aurreratu egiten da; geldi geratzen da pizkatean, aditu egiten dau; gero atera doa, aldaba jasotzen dau, eta atea zabaltzen; atzera doa geldiro; narru-piloa jarririk itxadoten gelditzen da).

 

AHUNTZ-HERRIKO BIDE-GABEA
Ugo Betti

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Susa, 1986