EDUKI NUEN... Aita bat eduki nuen, gero hil zidaten, eta ordutik honera eztut ezer eduki, arbola bat edo eskeleto bat aitaren usaiarekin, esku bat bihotz bat, ezpain gogor bat, hitz zehatz eta zuzen bat, gizonaren bular zabal eta edeki bat, aitaren sorbalda bat, eztut eduki nun ezkuta haur bakarti hau, haren mundu, amets eta ikarekin.
Orduan nik bost urte nenduzkan, gerra zen, munduak zeduzkan bost urte, eta ni ongi konturatzen nintzen nire aitaren besarte hiletik kentzen nindutela, nire aita zen eta hilik zegoen. Orduan banenkien haren semea nintzela, kementsua eta bildurtia, egun batean ni ere hilen nintzela, hilen naizela, hura bezala, beste gabe, heriotze naturalez, asesinaturik.
Orain asko kostatzen zait hartzaz oroitzea, orain eskribitzen ditut berso hauk guztiz ez ahaztutzeko, kendu zidatelako, eta nire aita zen, eta ni haur bat eta urte guzti hauetan asko behar ukan dut. Orain berdin dit, ez, desberdin dit, hil da, hil dute guztiz, hogei eta gehiago urte honetan ezta haren zatirik geratzen, nire berso hauk baizik, eta eznaiz orain haren semea, nire ideien eta bersoen semea bainaiz; gaur kontatzen dut dolore gabe haren heriotzea, munduari diotsat, batez ere haren eraleari, eztirela orduakoak, gaurkoak baizik, guztiak dira, egun, gorroto gabe diotset, orain berdin dit, berant da, orain hilik dago, ongi hilik, eta hainbeste gorrotorekin eztut hainbeste gorrotatzen, ezpada ezer ez, orain, eztadukat aitarik, eduki nuen, bat.
EDUKI NUEN... |