MATEOS PINTOREA
Jose Maria Basaldua

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Egan, 1960

 

                  (Hindemithen musikarekin irakurteko poema,

                  Matias dioen lekuan Mateos irakurteko premiarekin.)

 

Pintatzen du Mateos pintoreak

mundu edo ogi bat, pintatua,

nola pintatua, pintatu berria;

kontuz pintura horrekin

Mateosena baita, eta pintatzen du;

bisonteen pintorearen pintura,

herriko dontzella koitadena,

egiazko iledun santuena,

herriko elizetako koitadoaren ilea;

Grekoa, diot, greziano edo toledano,

bere despinto luzearekin edo

Goia, galarazitzen baikaitu eta despintatzen baikaitu

gehiago, haboro, eta pintatzen du; Mateosen

aingeruak edo zamariak,

zamarianoak!, diot, gizonak edo

andreak diot, bai, zamarianoak,

aurpegi eta hortz eta begi

eder-eder zamari-kolorekoak,

gizonak baino iruditzenago dira

zamaria, eta zamariak baino

gizonak edo zentauroak, Mateosen

anaiak, gusuak eta gainerako ahaideak

gizon eta zamari guztiak garade.

Mateosek pintatzen ditu zimioak eta

zimiak, gizonak ere bai, ta zamariak eta

zaldiak eta behorrak; eta iehoiak,

inoxent eta bentturos, trixte-xamar,

munduko aurren egunean bezala,

natura-kontrako bekatu larriak baino

lehenagokoak, poz-pozik abereak

barre egiten zuen egunekoak;

haur eta inudeentzako animalitegia,

grado gabeko soldadoentzakoa,

eta jakintsuentzakoa, esan dezagun,

zamaritik gizonerako eta aldrebesko

aldakuntza estudiatzen dutenentzakoa; Solanarena,

Solanaren moduan, lotan ibil, diot;

barregarria; Chagallena,

amesti, majiko, hegazlari,

tapiz majikoarekin eta gabe,

edo Kokoxkarena, bere ibilaldi luzea,

hilori gizakorragoak, edo ez hain

hiloriak; hor dabila Mateos

pinta ta pinta, nola pintatzen duen

Mateosek, eta zein gutti, arraio!,

hainbeste koitado oraindik, bai,

ezta, bai, oraindik, enteratu,

eta lastima da, ta lotsa,

eta ez litzake aurrena izanen,

desperadoki igurikitzen dioguna,

atera dezatela,

oinak aurrean,

pintore pinuki pintatuz beztitua,

etor ditezila arineketan,

baina berant,

Ministroa eta haren medallak,

akademikoa eta haren kadira,

edo Joane March jauna eta haren urreak,

guztiak hain gogorrak konbatitzeko

Mateosek garbiro konbatitzen duen konbat horretan,

horregatik haur tontoak eta inudeak

eta soldadoak aho-zabalik daudenean

abere mantsoen eta gizon putzitu

eta harroen aurrean, Mateosen koadroak

diren kaiolen aurrean,

haur tonto hoek biharko egunean

ministroak eta akademikoak direnean,

eztakit oroituko diren haien pintoreaz,

orduan ezpaitira haurrak izanen,

eztira tontoak izanen, haur guztiak bezala,

ezpada listoak, oso listoak,

listoegiak.

 

Horregatik nik eztakit zer izanen den

Mateos pintorearekin eta haren pinturarekin;

horregatik, nik orain, naizen poeta

txar honek, lehengo egunean Mateosen

pinturak liluraturik, eskribitzen dut

poema hau, bada-ezpadan.

 

Mateos pintorea, esan dut,

oro da, pintore haundia da Mateos,

eta naiko da gaurko.

 

MATEOS PINTOREA
Jose Maria Basaldua

euskaratzailea: Gabriel Aresti
Egan, 1960