Lanari lotua
Liam O'Muirthile

euskaratzailea: Koldo Izagirre
«Ahalegina», 2004
KM kulturunea

 

Bizi guztian ikusi zaitut
Lanari totua,
Jaka lodia janzten egunsentian
Hirugiharra xerrak prestatzen sukaldean;
Inoiz, mesolitiko garaian,
Goldean behartuko zintuzketen.
Gogoan daukat nolako harrotasunak hartu ninduen
Zure langile liburutxo gorria erakutsi zenidanean
Zurginen sindikatuaren kotizazio eguneratuarekin.
Urte mehetan lan bila ibili zinen eraikuntzan,
Langabeziaren garai ilunetan
Urtu egin zen gure herriaren elkartasuna,
Gizon lerroen hodei beltzak
Karrika kantoiaz haratago zihoan,
Ilara udal beilategian hasten zen
A leihatilan amaitzeko.
Gain hartu diezu urteei, jendeei,
Zementua bezain gogorreko bizimoduari,
Lehen plangintzari, bigarren plangintzari...
Zenbat suspertze-plangintza, zehatz esateko?
Oinarrietariko bat zinen zu asmo haietan,
Baina lehengoan txatal bat ikusi nuen zure zapatan,
Hain higatua zuen muturra belauniko lan egin izanaz,
Nekazari ibili zineneko gaztarora etorria iduri zenuen,
Orduan beste zapataren muturrean zegoen txatala erakutsi zenidan.
Txiroen Plazako zapatagileak ipinia.
Zapata pare bikia egin nahian ari zinen,
Bizi guztia hartu dizu lan horrek, hor non bait,
Baina nik orain, nik orain ulertu egiten dut zure perfektu-beharra.

 

Lanari lotua
Liam O'Muirthile

euskaratzailea: Koldo Izagirre
«Ahalegina», 2004
KM kulturunea