Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003

 

EPER BATEK ERAILDAKO MAITALEAK

 

        —Biek nahi izan dute —esan zidan haren amak—. Biek.. .

        —Ezinezkoa da, Andrea, —esan nuen nik—. Zu jenio bizikoegia zara eta zuk duzun adinarekin badakizu zergatik erortzen diren ihintzaren orratzak.

        —Isil zaitez Luciano, isil zaitez...

        Ez, ez, Luciano ez.

        —Izen hori jasateko, nire oroitzapenen minari eutsi beharra daukat. Eta zuk uste duzu horzdura txiki hark eta uhainaren barruan ahaztuta utzi duten haur-esku horrek tristura honetaz kontsola nazaketela?

        —Biek nahi izan dute —esan zidan haren lehengusinak—. Biek.

        Itsasoari begira jarri nintzen eta dena ulertu nuen.

        Ba ote liteke uso elefante-bihoztun oso anker horren mokotik irtetea urruntzen ari den transatlantiko haren zurbiltasun ilargikara?

        —Gogoan dut hainbat bider erabili behar izan nuela nire goilara otsoengandik defenditzeko. Nik ez nuen inongo errurik; zuk badakizu. Ene Jainkoa! Negarrez ari naiz.

        —Biek nahi izan dute —esan nuen nik—. Biek. Sagar bat maitale bat izango da beti, baina maitale bat ezin izango da inoiz sagar bat izan.

        —Horregatik hil dira, horregatik. 20 ibairekin eta negu urratu bakar batekin.

        —Oso sinplea izan zen. Museo guztien gainetik maite zuten elkar.

        Eskuineko eskua,

        ezkerreko eskuarekin.

        Ezkerreko eskua,

        eskuineko eskuarekin.

        Eskuineko oina,

        eskuineko oinarekin.

        Ezkerreko oina,

        hodeiarekin.

        Ilea,

        oin-zolarekin.

        Oin-zola,

        ezkerreko masailarekin.

        Oi, ezkerreko masaila! Oi, txalupen eta merkuriozko

inurrien ipar-mendebaldea!... Emaidazu musuzapia Genoveva; negar egingo dut... Negar egingo dut nire begietatik betibizi multzo handi bat irten arte... Oheratu egiten ziren.

        Ez zen ikuskizun samurragorik...

        Aditu al didazu zuk?

        Oheratu egiten ziren!

        Ezkerreko izterra,

        ezkerreko besagainarekin.

        Begi itxiak,

        azkazal irekiekin.

        Gerria, garondoarekin,

        eta hondartzarekin.

        Eta lau belarritxo txikiak lau aingeru ziren elurraren etxolan. Batak besteari maitasuna zioten. Elkar maite zuten. Grabitatearen Legea arren. Arrosa-arantza baten eta Star baten arteko desberdintasuna oso sinplea da.

        Hori jakin zutenean, landara joan ziren. —Elkar maite zuten.

        Ene jainkoa! Elkar maite zuten kimikarien begien aurrean.

        Bizkarra, lurrarekin,

        lurra, anisarekin.

        Ilargia, sorbalda loak hartuarekin.

        Eta gerriak elkarrekin gurutzatzen ziren beira zurrumurru batez.

        Haien masailak dardar egiten ikusi nituen nik Unibertsitateko irakasleek belaki nimiño batean eztia eta ozpina ekartzen zizkietenean. Ohearen huntz oso zurietan zehar ulu egiten zuten zakurrak uxatu behar izaten zituzten maiz. Baina haiek elkar maite zuten.

        Gizon bat eta emakume bat ziren,

        hots,

        gizon bat

        eta lur zati txiki bat,

        elefante bat

        eta mutil koxkor bat,

        mutil koxkor bat eta ihi bat.

        Mutil gazte zorabiatu bi ziren

        eta nikelezko zango bat.

        Txalupariak ziren!

        Bai.

        Guadianako txalupari ikaragarriak ziren, beren arraunekin munduko arrosa guztiak birrintzen dituztenak.

        Marinel zaharrak tabakoa ttu eginez egotzi zuen ahotik eta oihu handiak egin zituen kaioak uxatzeko. Baina beranduegi zen jada.

        Lutuz jantzitako emakumeak Gobernadorearen etxera heldu zirenean hura almendra berdeak eta arrain hotzak jaten ari zen lasaitasun osoz urrezko plater apain batetik. Hobesgarria zen harekin ez hitz egin izana.

        Azore uharteetan.

        Ia ezin dut negar egin.

        Nik bi telegrama jarri nituen, baina tamalez berandu zen jada.

        Oso berandu.

        Zuei esan diezazuekedan bakarra da basoaren ertzetik iragatean mokotik odol haritxo bat zerion eper bat ikusi zutela bi haurrek.

        Hori da, kapitain maitea, nire malenkonia arraroaren motiboa.

 

Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003